Arturoren kaiera
GARZON-EN MAMUA BERRIZ AEK-NHelduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak (HABE) eta Nafarroako Gobernuak Baltasar Garzonen agindua jaso berri dute AEKri buruz duten dokumentazio guztia eman diezaioten. Irakasleen eta euskaltegien gastuen inguruko informazioa bildu nahi du Garzonek. HABE prest azaldu da dokumentazio guztia epaileari helarazteko. AEKri buruzko ikerketa judiziala 1998an hasi zuen Garzonek sarekada baten ostean, eta AEK-k hasieratik jo ditu eginbide horiek funtsik gabekotzat.
IKASTOLETAN MATRIKULAZIOAK GORA
Ikastolen Elkarteko eta Partaideko ordezkariek jakinarazi dutenez, Hego Euskal Herriko ikastoletan aurten izandako matrikula kopuruak "nabarmen" egin du gora. EAEn aurten hiru urte bete edo beteko dituzten haurren %13,8 matrikulatu dituzte ikastoletan, 16.325etik 2.254. Nafarroari dagokionean, bertako Elkartean bildutako ikastoletan 225 ikasle berri izango dira, iaz baino %7 gehiago.
OSASUNA TALDEA SARITUA
Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteak ematen duen Lamien Urrezko Orrazia saria Osasuna futbol taldeko zuzendaritzak jaso zuen pasa den astean. Elkarte honek urtero banatzen du sari hau Nafarroan euskararen aldeko lanean nabarmendu diren gizon-emakume, talde edo erakundeen artean. Aurtengoan kirol arlora zabaldu dute eta Osasunari egokitu zaio. Ekitaldian futbol taldeko zuzendaritzako kide zenbait izan zen, Javier Miranda presidentea buru zutela.
68 IRAKASGAI EUSKARAZ BAIETZ! Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasle, irakasle eta langile talde batek "hurrengo urtera begira apustu garbia egin dugu 68 irakasgai euskaraz lortzeko". Euren ustez, hori da unibertsitateak egin beharko lukeen eskaintza.
Aurpegia
Ivan Alonso Radio Vitoriako esatariak ia hogei urte daramatza irratigintzan.
guztia irakurri
Bagak
Arrazakeriaren kontrako Nazioarteko eguna zela eta, Bilboko Tas Tas irratiak "Mugarik gabeko irratiarekin" bat egin eta 24 orduz programazio berezia uhineratu zuen joan den astean. Erromatik koordinatuta, aniztasun kulturalaren aldarria Amerika, Asia, Europa eta Afrikan gaindi 70 saio entzun ahal izan ziren Internet eta satelite bidez; 35 hizkuntzetatik gora erabiliz, gainera. Bilbon bizi diren etorkinen kezkak zabaldu eta mahaingurua egin zen Bilboko GKE gehienek osatua. Arabieraz egindako saioa ere burutu zuten El Ejido-ko gertakari lazgarriak jorratuz
EZPALAK
SEASKAK 30 URTE
DONIBANE-LOHIZUNEN festa handia izango da larunbat honetan, Seaskaren 30. urteurrena dela eta. "Karrika alaituz" izenburu duen egitarau oparoa antolatu dute Seaskakoek. Arratseko hiruretan Ziburuko portutik karro ibilaldia abiatuko da Donibane-Lohizuneraino, joaldun, txaranga, tanbor, trikitixa eta gaiteroekin. Bostetan animazioa izango da Louis XIV plazan; Amets Arzallus eta Sustrai Colina ber-tsolari gazteen etorriaz gozatzeko aukera, baloi askatzea, kantuak... eta Itxaro Borda Seaskako lehendakariaren hitzak urtemugaren kariaz. Azkenik, kontzertu erraldoia izango da iluntzeko bederatzietan Jai Alaien: Mikel Laboa, Kepa Junkera eta Niko Etxart. Festa luzatu nahi duenarentzat, ez da erromeriarik faltako.
JOKULARI SARIEN BANAKETA
KANDIDO Uranga ("Dama eta Kardinala") eta Ane Gabarain ("Dama eta Kardinala"), Ramon Ibarra ("Pecata Minuta") eta Elena Irureta ("Flores de otro mundo"), Isidoro Fernandez ("El señorØo de Larrea") eta Carmen Sanesteban ("El señorØo de Larrea"). Horiek izan dira, Euskal Aktoreen Batasunaren ustez, an-tzerki, zinema eta telebistako aktore onenak, hurrenez hurren. Gainera, beste bi sari banatu zituen iragan asteazkenean burututako ekitaldian: Besarkada saria "Hau komeria!" telesaioarentzat eta Jokulari Berria saria Ander Lipus antzerkilariarentzat.
"EGUNKARIA" ON LINE
"EUSKALDUNON Egunkaria"k iazko ale guztiak jarri ditu on line, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak emaniko dirulaguntzari eta Plazagunea enpresak jarritako azpiegitura teknikoari esker. www.egunkaria.com sarbidean dago iragan astetik kontsultagai iazko hemeroteka.
ERROMANIZAZIOAREN ERAGINA
ERROMANIZAZIOAK eragina izan zuen Gipuzkoako kostaldeko biztanleen ohitura eta bizimoduan. Urte askotako ustea hankaz gora jartzen duen baieztapen hori egin dute Aranzadi elkarteko Milagros Esteban, Maite Izquierdo eta Xabier Alberdi ikertzaileek, Zarauzko eta Astigarragako indusketen berri ematean. Alabaina, eragin hori zenbaterainokoa izan zen ez dago zehazterik oraindik. Maite Izquierdoren ustez, Gipuzkoako kostaldeko biztanleen artean aldaketaren bat gertatu zela "ziurta dezakegu, baina argitzeke dago zertan eragin zuen: okupazioan, bizimoduan, kultura materialean".
Ikatza
Bilboko Hotel Nerviónek itsuentzako menu-kartak prestatu ditu: "Gaztelaniaz gain, alemanieraz, frantsesez eta ingelesez ditugu kartak, eta gizalegezko zen gure gizarteko zati batekiko beren beharretara itzultzea ere kartak". Denek dute beren hizkuntzan karta irakurtzeko eskubidea euskaldunok ezik.
IZENAK
Manuel Montero Euskal Herriko Unibertsitateko errektore berriak karguaren zina egin zuen joan zen astean Ajuaria Enean. Ez zuen euskaraz hitzik egin, baina EHUk "euskal kulturarako erakunde giltzarri" gisa duen rol garrantzitsua nabarmendu eta bide hori urratzeko hitza eman zuen.
Gerhard Bähr Legazpin jaiotako euskaltzalle alemaniarra jaio zela ehun urte beteko dira datorren maia-tzaren 6an. Hori dela eta, "Gerhard Bähr 1900-1945" erakusketa ibiltaria jarri dute abian. Orain Donostiako Koldo Mitxelenan dago ikusgai.
Mikel Azpiroz, Alberto Bosch eta Juan Ramon Etxaburuak osatzen duten Lau Behi taldeak "Emakume interesgarriak" izeneko diskoa kaleratuko du maiatzaren 4an.
PRINTZA
Jon Enbeitak, "Gara"k astelehenetan kaleratzen duen "AEK Gara" gehigarrian testularitzaren bertuteez idatzi zuen:"Batak besteari errimatuz erantzuteari deitzen diogu testularitza, eta testularia, hori egiten duenari. Baina errimatzea soilik ez da nahikoa, bertso batean teknika hutsa nahikoa ez den bezala. Gauza normaletan txistea aurkitu, hitz sobranterik gabe arrazoia biribildu, aurrekoak esanari buelta eman eta guzti hori azkar, dotore eta errimatuz egitea da benetako testularitza. Ez da zertan bertsolari izan testulari izateko, ez eta testulari ere bertsolari izateko. Baina elkarrekin lotura handia dute eta normalean bertsolariak izan dira testulari bezala ere nabarmendu direnak (Pernando, Lazkao Txiki...). Testularitza dugu, zalantzarik gabe, bat-batekotasunaren adierazpenik argiena. (...) Adibide gisara ondo datorkigu behin Balendin Enbeitak erdi testulari bati Gernikan erantzundakoa. Lepoan jo eta hala agurtu zuen gure bertsolaria: "Balendin Enbeita, hombre de buena conducta". Eta Balendinek, besteak bukatu orduko: "Baina ez inori kenduta". (...) Gaur egun, zoritxarrez, ohitura hau nahiko galduta dago. Ahalegin berezi bat egin beharko genuke, lehengo bestean ez bada ere, indarberritu dadin. (...) Aproba egizue eta ikusiko duzue zein joko polita den. Gainera, hiztegia ugaritzeko eta erreflexuak azkartzeko, berebizikoa.
Txori Batek Esan Digu
"TELE NAVARRA" UPN ETA PSN-REN ESKUTIK
Sanz jauna tematua dago EITBk zabaltzen dituen kutsadura informatibo eta kulturala galarazteko. Horretarako Retena kable operadorea erabiliko du erregio katea kosta ahala kosta martxan jar dadin. Euskaltelek ordea, bere untxia gordetzen du xistera barnean, EITBko seinalea Canal 21en bitartez hedatuko baita Nafarroan gaindi
FIKZIOAK PUBLIZITATEA ERAKARTZEN DU
Telesail eta filmak jenero kutunena bilakatu dira iragarleentzat haien produktuak kokatzeko, iaz, kate publiko eta pribatuen publizitatearen heren bat fikziozko saioetan eman zen-eta. Tele 5 katean adibidez, "spot"en %56 film eta telesailen artean agertu zen. Lau iragarkietatik hiru gainera, saioa hasita dagoela ematen dira
LINEA LIZUNA "SORGINEN LARATZA"N
Gazteen gustukoa eta helduen sofrikarioa zen "Ez gaude konforme" tartearen lekua "Linea lizuna"ko pasadizoek hartu dute. Amaia Lizarralde, Getari Etxegarai eta Mikel Laskurainek daramate haria. Ideia ona da euskarazko telefono erotikoa jartzean sor daitezkeen komeriak antzeztea; ba omen dago egiazko linea bat, gainera
Urrea
Munduan zehar hain ezaguna den Arthur Andersen aholkularitza enpresak euskara plana garatuko du, bere ustez "lehiatzeko abantaila" delako. Enpresaren ordezkari Pedro Azkaratek esandakoaren arabera, plana abiarazteko arrazoietako bat bezero gehiago lortzeko baliagarria izango zaiela da.