SUSTRAIETATIK AMETSETARAT


2000ko martxoaren 26an
Lapurdik bizi duen loraldia ez da kasualitatea. Aitzitik, 1998an hasitako estrategiaren ondorioa da. Erreusitu lehen emaitzak ez dira gudroiko lore, baratzeko lili baizik.
Hastapenean, haurren bertsozaletasun apalak lurraren lantzea eta amoroski ongarritzea galdetzen zuen. Damurik, egoera soziolinguistikoak ez zigun batere laguntzen horretan. Egun ere, euskararen biluziak eta frantsesaren hegemoniak arras zailtzen dute bertsolaritzaren transmisioa. Ardura, euskara haurren bigarren hizkuntza da, ikastolan baizik baliatzen ez dutena gainera. Halaber, kostaldeko herrietan ez da bertsozaletasunik nabari. Eta ez dira guti, bertsolaritza zaharren gauza aspergarritzat jotzen dutenak, eta beraz, futitzen direnak. Miarritze ez da Hernani, BAM eskualdea ez da Goierri. Hots, Bidasoaren alde honetan, bertsolari eta zale berriak ez dira inertziaz sortzen. Eta sortzen direlarik, bertsolaritza arrotz den gizartea kausitzen dute bertso eskolatik landa. Alta, emeki-emeki, hori guzia irauliz doa.
Duela urte t'erdi, mendian beheiti ur-jauzi andana bat abiarazi genuen: I. Bertso Udalekua Hazparnen, kostaldeko 4 ikastoletan bertsolaritza kurtsoak, material didaktikoaren apailatzea, Hendaia eta Baionako bertso eskolen berrindartzea, BertsoZirika irratsaioa Gure Irratian, bat-bateko saioen antolatzea, Bertsulari Ttipi Eguna, Iparraldeko Bertsulari Gazteen Txapelketa...
SUPITUKI, iturri zaharra ur berria ematen hasi zen. Batetik, 3 bertso eskola berri sortu ziren: Hendaia-ttiki, Donibane-Lohizune eta Baiona-ttiki. Aipatu bertso eskoletara 10 eta 11 urteko 35 haur hurbildu zitzaizkigun, Lapurdiko ikastoletan egin lanaren ordain pozgarria zen. Bertzetik, lehendabiziko sariak heldu ziren, nola izkiriatu bertsoetan hala bat-batekoetan (Xalto sariketan 1. eta 2.a). Uztailean, uholdea Mungiaraino heldu zen, Euskal Herriko Gazteen Txapelketaraino. Oholtzatik lekore eta oholtzan berean lapurtarrak nabarmendu ziren. Baionatik haurrez lepo abiatu zen autobusa. Itzuli berriz, biziki kontent itzuli ginen, Sustrai Kolina batik bat, erdietsi bigarren sariaren karietarat.
Ordudanik urak egin du bide: 99ko uztailean II. Bertso Udalekua Duzunaritzen, bazkide kopuruak %30ean egin du goiti, material didaktiko gehiago prestatua, azken urtetako bertso saio kopururik handiena, 99ko urrian Kanboko bertso eskolaren berpiztea, aurtengo urtarrilean Iparraldeko Bertsolari Gazteen I. Topaketa Makean, otsaila eta martxoan gaindi "Bertsulariak ikastolarat" kanpainaren baitan 14 ikastoletan eskainitako bertso saioak...
Herenegungo ur jauzia lats zen atzo, eta ibaso gazte egun. Bihar hegiko eiherak abiaraziko ditu: Lapurdiko ikastolak eta bertso eskolak ureztatzen jarraitzeaz gain, apirilean Seaskako irakasleendako bertsolaritza transmititzeko kurtsoak emanen dira eta Euskal Herri osoko 16 bertsolari gazteekin Mattin saria jokatuko. Ekainean, Iparraldeko Bertsolari Gazteen Txapelketa izanen da: bertso eskoletatik jalgitako 21 bertsolari gazte (iaz 5 baizik ez ziren) lehiatuko dira. Abantzu 300 haur elkarretaratzen dituen Bertsulari Ttipi Eguna ere ekainean ospatuko dugu. Eta uztailaren hondarrean, Arbonan eginen den III. Bertso Udalekuarekin bururatuko dugu ikasturtea. Hauxe da uraren emana! Beharrik, agorrileko meandroan arnasa hartzen ahalko dugu, ordurako erreka jo ez badugu bederen.
BISTAN da proiektuaren izaera integrala eta dinamikoa. Ontsalaz, Iparraldeko bertsolaritzaren etenaren etena jinen da; sortuko baitira bertsolari berriak, bertsozale berriak, gai emaile berriak, antolatzaile berriak, bertso irakasle berriak, epaimahaiko berriak... berriak eta garaikideak. Iparraldeko bertsolaritza biziberrituko da, osoki gainera. Erran nahi baita, bertsoaren unibertsoa sortzear diren izar eta zulo beltzekin berrosatuko da. Horrela balitz, bertsolaritza euskalgintzaren muin zurrun eta eragile bizi bilakatzen ahalko da; euskararen herria azkartuko lukeena Iparraldeko zurrunbilo frantsesean. Dena den, proiektu hau ekonomikoki herbala da, diru iturri berriak lortu ezean, bertan behera gelditzen ahal delakotz.
Iparraldea ez da alkimiazkoa, ez da eguraldiaren mapakoa edo Herri Urratseko egun pasa. "heRRIA", "iluSIOA", "XalbadOR" eta "sorkUNTZA" oinek Lapurdin errimatu egiten dute. Bertsozale Elkarteak Iparraldearen alde egin du pario, ez ederrarengaitik bakarrik bainan gurea delakotz. Horretan ere eredugarria da bertsozaleen elkartea.
Nafarroako Bertsolari Txapelketan ikusiko dira, menturaz, izokin kumeen burbutzi bizienak. Alabaina, bizia arestian errun arrautzetan da segurtatua. Erreka oro itsatsorat ari dio erranairuak. Itsasoa, haatik, urrunxko da oraino. Ametsetatik sustraietarat


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude