Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-03-26 -- 1755.zenb

LURRA HOBETO ZAPALTZEKO ZAPATA DISTIRATSUAK

Takoi fina dute emakume zapata hauek. Hasieratik erritmo pausatua du operak. Illarramendiren musika xarmanta eta kolore liluragarriak lagun dituztela, bi protagonistak beren kezkak botatzen hasiko dira; Isabel Alvarez sopranoa eta Ramon Agirre aktorea nor baino nor punky itxurako ileordeekin jantzita. Puristen irudiko, "Emakumezko zapatak" honek ez ditu operaren arauak jarraitzen. Baina, zer da opera bestela antzerki abestua baino? Bestalde, beti esan ohi da errazagoa dela kantari bat aktore bihurtzea, aktore bat kantari bihurtzea baino. Bada, ulertzekoa da Kike de Santiagoren apustua Ramon hautatzeko. Berak eramaten du kontakizunaren haria, eta noski, ezin da miraririk egin, zenbait unetan gozakaiztu egiten baitu. Horren kariaz, batzuek esan dezakete ez dela zilegi aktore bat kantari lanetan murgiltzea, irain bat dela lanbidean dauden profesional petoentzat.
Menturaz, kantari profesional batek egin izan balu, musikalki hobeto entzungo zen, alderdi dramatikoa kaltetuz, baina. Izan ere, ba al da kanta nahiz antzezpenean maila bikaina eman dezakeen supergizonik? Isabel Alvarez bestalde, sinesgarri dago bere rolean, kantarako dituen dohaien erakustaldia dugu berea, etzanda dagoela ere doinu zailenak erdietsiz. Jainko-kantarien teknika ona da, David Azurza kontratenorea mediku zurruteroa, Izaskun Arruabarrena altoa emakume lodia eta erizaina, Josu Lopez baritonoa erizaina eta Peio Mendizabal tenorea politiko gisa. Pertsonaien gogoetak eta lau jainkoen juzkuak ongi uztartzen dira. Pasarte gogoangarriak nabarmentzekotan politikariaren hitzaldia dugu, gehiengo osoaren kontzeptoa aldarrikatuz, edota protagonista birjintasunarekin tematua dagoela ikusita, emakume lodiak leka eta labanaren metafora maltzurki botatzen dionekoa. Dena den, azken txanpan, erresoluzioa zertxobait lausotua geratzen da. Musika pixkanaka ahitzen ari dela, hutsune bat nabaritzen da irudiak sartu aurretik.
Akats tekniko bat izan bazen ere, arraro egiten da bi pertsonaiak oholtzaren zoko batera joatea kupulan agertuko den almendroen loraldia miresteko. Indar gehiago izango zukeen "mugi ditzagun belarriak" publikoari begira esateak.Azkenik, Angel Illarramendi zarauztarraren musika gorestea baino ez zaigu geratzen, pertsonaien aldartearen adierazle jostagarria, harmoniaz betea, musika tresna bakoitzari duen zuku gozoena ateraz.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan