tresna egokia izan daitekeen, gaizki erabiltzen ari da. Programatzaileen zaborra eta gurasoen ardura faltari esker, umezainik onena bihurtu da telebista. Merkea eta xarma du, gainera.
Teleumeek ez dute jada irakurtzen. Kirola egin, liburuak irakurri, guraso edo anai-arrebekin mintzatu edo jolasean aritu ordez, nahiago dute denborapasa kutxa ergelan edo bideo kontsolan murgildu. Halaxe, 4 eta 9 urte bitarteko umeek denbora gehiago pasatzen dute telebistari so eskolan baino. Urtean 900 eskola ordu dituzten bitartean, pantaila aurrean aldiz, 937. Batez beste, europar haurrek aisialdiaren herena telebista ikusiz igarotzen dute, egunero bi ordu eta erditik gora, hots, 39 egun urte osoan gaindi. Eta asteburuan, larunbatetan bereziki, 3 ordu pasatxo.
Gehiegizkoa al da hori? Beren heziketarako oinarrizkoagoak diren beste zereginetan eman beharko lukete denbora? Edota telebista ikustea ere heziketaren zati garrantzitsua ote da? Halako galderak erantzutea zaila izanik ere, ezin uka telebistaren eragina umeengan onerako baino txarrerako ez denik.
Espainiako teleikusle eta irratizaleen elkarteak (ATR) ohartu duenez, 1998an, astebeteko epean eta kate guztiak metatuta, 870 borroka, 670 hilketa, 420 tiroketa, 30 bahiketa, 30 tortura eszena, 13 hilketa saio, 8 suizidio eta 25 bortxaketa agertu ziren. Horren harian, Estatu Batuetan egin ikerketa batean ziotenez, hamar urteren buruan haur batek 10.000 hilketa, 7.000 tiroketa eta 25.000 bala zauritu ikusiko ditu telebistan. Errealitatean bezala, hain juxtu. Nerabeen bortxarako joerak beraz, telebistan al du inspirazio iturri nagusi? Estatu Batuetan bederen, garbi dago baietz. Berriki, sei urteko ume batek bere osabaren pistola motxilan ezkutatu, eskolara joan, gelan sartu, eta halako batean, andereñoa alde egina zela baliatuz, pistola atera eta pum! gelan narda gehien sortzen zion neska hil zuen. Egun osoa ematen omen zuen telebista aurrean, milaka hilketa eta triskantza ikusten, zer den erreala eta zer ez ezin bereiziz. Gizarte hipokrita haiena, non bi titi eta ipurdi bat telebistan erakustea hain «arruntak» diren hilketak baino lizunagoa den.
Mexikon, 9 urteko haur batek labankada bat eman zion 7 urteko beste bati, «Chucky, panpin gaiztoa» filma telebistan ikusi ondoren. Beste adibide bat: ongizate estatuaren eredua den Suedian egin den ikerketa batean jende heldua zertaz hiltzen zen galdetu zaie haurrei. Ba, bostetik lauk tiro batek jota hiltzen zela ihardetsi du. Baina ez gaitezen engaina, gurean ere batere urrun ez gabiltza-eta. Egunero, gure etxean inolaz ere nahiko ez genukeen jendaila telebistaren leihotik sartzearen poderioz, helduko da eguna. Bortxa mota horrek gainera, garailea gorestu eta galtzailea lotsagarri uzten du. Boterea eta biolentzia konponbide modura bultzatu, edo makurragoa dena, indarkeria erabili justizia egiteko. Harremanetan orobat, garrasia nagusitu da, hau da, zenbat eta ozenkiago mintzatu orduan eta oihartzun handiagoa izango dute zure hitzek.
PAILAZOENAK EGIN DU.
Gaztetxoen artean, jazarpen, tiroketa eta istripuez makuru betea zegoen «Impacto TV» saio jarraituenen artean egon da, kendu duten arte. Bestenaz, «Club Disney», « The Simpsons», «Teletubbies», edota orain hain modan dauden «Pokemon» marrazki bizidunak dira saio ikusienak. Japonian, 700 ume eritetxera eraman behar izan zituzten epilepsia, arnasa hartzeko arazoak eta begiak lausotuak zituzela, aipatu «Pokemon» ikusi ondotik. Menturaz, gehiegikeria izango da, jakina; aurreko belaunaldikoek biolentziaz josia zegoen «Dragoi bola» egunero ikusten zuten. Eta gure belaunaldikook ere testosteronaz gainezka zegoen «Mazinger Z» ikusiz hazi ginen eta oraindik ez gara «McDonald's» batean sartu sarraskia egitera. Nolanahi ere, «Barrio Sesamo» eta antzeko saioen gainbehera deigarria izan da, tankera horretako heziketa saioek tele biolentzia orekatzen zutelako. ETBn behinik behin, «Ikusgela» bezalako saio estimagarriak bizirik dirau. Kate digitalen etorrerarekin bestalde, eskaintza ugaldu den arren, edukietan ez da deus aldatu. ETB-1eko «Barrebusa» izan ezik, telebistan ez dago pailazo saiorik, ez baitira errentagarriak. Hori gutxi balitz, kateek ondorioztatu dute umeei zuzendutako saioak ez direla aski hauek pantaila aitzinean atxikitzeko, gehiago behar dela, hau da, telesailetan edo «Cronicas marcianas» bezalako saioetan tarteka haurrak txertatzea, inbertsio gisa edo, hobe esanda, ohitura sortu kate hori ikusten jarrai dezaten. Lehen behintzat, bi kate besterik ez zegoenean, telebista bezperan ikustea aski zen haria ez galtzeko. Egun berriz, haurrak eskolan baztertuak sentitzen dira telesaio bakoitzari dagozkion kromo horiek edo bideo jokoak erosi ezean.
AJERIK GABEKO BIDAIA.
![]() |
|
||||
1755 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa