Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-03-26 -- 1755.zenb

GERTAKARI URRUN ETA ILUN BATEN ARGITZEKO ITZAL HANDIKO AUZIA

Leongo auzian inkulpatuak daudenen defentsa Yolanda Molina Ugarte, Alain Larrea, Anne-Marie Mendiburu abokatu euskaldunek eta izen handiko Chouck abokatu frantziarrak daramate. Prozesu honen inguruan itzal handiak daude bere hastapenetik. Gertaera 1983ko abuztuan izan zen arren, frantses justiziak ez zuen afera Asisetako Gorteetara (Auzitegi Nagusia) bideratu 1987ko abuztura arte. Gorteetako presidenteak informazio gehiago bildu bitartean hamar urte igaro zituen, eta 1997ko apirilaren 8ra arte ez zuen prozesua abian jarri.
Abokatuen arabera, prozesua orain bideratzea giza eskubideen konbentzioaren aurka doa. Ez da lehen aldia frantses justiziak legea hausten duela. Gabi Mouesca auziperatuaren kasua dugu adibide esanguratsuena. Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Batzordeak Frantziako Estatua kondenatua du, Gabi Mouesca inplikatua agertzen den auzia hau bera, legeak agintzen duen garaian burutu ez delako. Abokatuen hitzetan, Mouescak aske behar luke, baina preso atxikitzen dute, berriz ere zigortzeko.
Leongo prozesuaren sumarioa bost epaileen eskuetatik pasa da. Antza, zerbaitek traba egin du prozesua aitzinarazteko. Abokatuen ustez, traba hori Larreren desagertzea da. Izan ere, sumarioan zeuden 167 froga-datuetatik 130 desagertu dira. Bestalde, 17 urte iragan ostean zer argitu dezakete lekukoek? Abokatuek prozeduraren baliogabetasuna eskatu zuten arren, Auzitegi Nagusiaren arabera froga datuen desagertzeak ez du prozesuaren garapenerako eragozpenik sortzen.
Orain, berriz, fiskalak auzia bere aldera montatu du. Interesatzen zaizkion frogak eta lekukoak baino ez ditu ekarri epaiketara. Esate baterako, inoiz gertakariaz ardura berezirik ez zuten polizia garrantzitsuak deituak izan dira deklaratzera une honetan. Ordea, hasieratik ikerketak bideratu zituzten jendarmeak ez ditu fiskalak deitu; edo deitu dituztenak oso maila apalekoak dira. Fiskalak osatu duen zerrendak zur eta lur utzi ditu abokatuak. Baionako PJko (Polizia Judiziala) buruak epaiketan deklaratuko du IKren dosierrak segitzen dituelako, eta ez auzipetzen ari den kasua ezagutzen duelako. Berarekin Bordeleko PJko Albert Mouligne polizia funtzionarioa eta Baionako Gerard Fabrieres polizia daude.
Ihes egin zuten militante inkulpatuen arrastoan aritu zen Henri Mazeres koronela -Kortsikako Paillot aferan inplikatua- Leongo aferaren dosierran zegoen. Bera zen orduan Landetako Jendarmeriaren Komandantzia buru. Abokatuek deitu dute epaiketara, baina fiskalak ez. Militanteen arrastoan aritu zen Frederic Denis, Akizeko Jendarmeriaren Komandantzia burua, gertakarien ikerketa eta konstatazioak egin zituena, ez da deitua ere, bere ordezko bat, graduazio apaleko Freire jendarmea, deitua izan da.
Gertakarian partehartzea izan zuten guztiak deitu dituzte abokatuek, baina fiskalak ez ditu ekarri nahi. Denis Rue jendarmeak, zaurituta suertatu zen Plouzeau eta zendu zen Guimmarra jendarmeak bidali zituen. Fiskalak berriz, ez ditu ez Plouzeau jendarmea ez kanpinlekuaren gerente Phillipe Coyola deitu. Prozedura ahozkoa da, eta beraz, froga eta lekuko guztiak ekartzea ezinbestekoa da. Abokatuen aburuz, justiziak poliziaren tesien arabera jujatu nahi ditu euskal militanteak. Fiskalaren asmoa, Guimmarraren hilketa Filipe Bidarteri leporatzea da. Dosierra osatu zenean, lekukoek ez zuten Bidart ezagutu, ezta gerenteak berak ere. Alta, bera zen militante bilatuena orduan, Frantziaren lehenengo etsaia.
Filipe Bidart CRSeko bi polizien hilketengatik kondenatua dago. Molina Ugarte abokatuaren esanetan, epaia lotsagarria izan zen. Gertakaria izan zelarik euria burrustan ari zen; karrikan argirik ez zen ia. Hil-hurren geratu zen poliziak identifikatu zuen Filipe. Tiro egin zutenek aurpegia estalita zeramaten, poliziak, ordea, Bidarten begiak ezagutu omen zituen. Deklarazioa sinatu eta hil egin zen

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan