Gauza bat jolastea da eta beste bat euskaraz jolastea. Urtxintxa Aisialdi eta Susperketa Soziokulturalerako Eskolak horretan laguntzeko asmoz jarriko du martxan Euskal Jolasez Blai egitasmoa. Euskaraz jolasteko bitartekoak eta baliabideak eskaintzea du helburu egitasmoa honek, horretarako premia dagoela ikusi baitute.
Atzio Oreja eta Esti Amenabarro Urtxintxako dinamizatzaileak egitasmo honen sortzaile eta bultzatzaileetako bi dira. Horrelako eskaintza egiteko premia zegoela garbi ikusi zuten duela 4 urte, ikastetxe bateko irakasleek beraiengana jo zutenean. "
Haurrek erdaraz jolasten zutela ohartu ziren irakasleak, eta jolas horien euskarazko abestiak eta esamoldeak ez zekizkitela. Horrek kezkatuta jo zuten guregana"
Irakasleek zailtasunak zituzten horri buelta emateko eta ez zeukaten alternatibarik jolas horiek euskaraz burutzeko. Arazoari aurre egiteko irakasleentzat ikastaro praktiko bat egiteko eskatu ziguten, jolasak eta abestiak ikasteko ikastaro bat, alegia. Eta horri ekin genion".
Zaharrek ezagutzen zituzten abestiak eta jolasak helduek ez dituzte jaso, eta beraz, ezin diete gaur egun haurrei erakutsi".
bilketa lana egiten hasi ginen, lozorroan zeuden jolas eta abestiak biltzeko asmoz. Euskal Herriko eskualdeetako jolas lekuetara jo genuen lekuan lekuko materiala eta bibliografia biltzeko. Eta behin informazioa bildu ondoren, sailkatu egin dugu".
Gainera, ez da behin egin eta bukatuta geldituko den zerbait, baizik eta fitxaz osatua egongo dena, eta urtez urte ikerketarekin jarraitzeko asmoa dugunez, fitxak gehituko dizkiogu liburuxkari".
Sailkapen hau ez dugu gure kapritxoz egin, baizik eta bilatu dugun guztia ikusi eta gero, sailkapen hori erabiltzen dela konturatu gara eta guk ere horri jarraitu diogu"
Horrekin batera, aurkitutako materialaren ezaugarriak edo berezitasunak errespetatu dituzte. Esaterako, tokian tokiko tradizioa errespetatu dute, eta jolasak han egiten diren bezala bildu dituzte. Jolas berberak izendatzeko modu askorekin egin dute topo eta izen horiek ere bildu dituzte. "
Adibide garbiena tabak jolasarena dugu"
Alde batetik, gaur egun inor gutxik ezagutzen du jolas hori; eta bestetik, `tabak' izendatzeko nahiz jolasteko moduak oso aldakorrak dira leku batetik bestera. Zumaian eta Arroan `akerko' deitzen zaio, Andoain, Bidegoian eta Goizuetan `kurkuluxak', Hondarribian `malezu', Mutrikun `sakaponak`...". Izendatzeko edo jolasteko moduak aldatzeko aukera zabalik uzten dute Urtxintxakoek, "azken finean, garrantzitsuena norberak bere moldaketak egiteko aukera ikustea baita eta norberaren egoeraren arabera horretarako gai izatea"
Guk jolasak eta abestiak dauden bezala erakusten ditugu, baina gero, hezkuntza ikuspegitik norberak bere proiektuarekin bat ez datorrena molda dezakeela argi uzten dugu. Irakasle eta hezitzaileei bere beharretarako moldaketak egiteko gaitasuna ematea da gure helburua".
Hori gauza jakina da eta horregatik, hori da gure ikastaro eta eskaintza guztien oinarria: parte-hartzea"
Jolasak ikasteko modurik egokiena jolasean aritzea da, eta hori da Euskal Jolasez Blai egitasmoaren oinarria".
Guk nahi duguna da jendeari euskaraz jolasten irakastea, baina jolastuz. Igerian ikasteko ere, igeri egin behar izaten da".
JOLASTEN IKASTEKO LAU AUKERA.
Ez genuen informazio pilaketa horrekin soilik gelditu nahi, argi geneukan zerbait gehiago egin behar zela, informazio hori praktikan jarri behar zela, eta horretarako lau bide jarri ditugu irakasle, guraso eta hezitzaileen aukeran".
48 ordu jolasean, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle eta ikasleei zuzendutako bi egunetako egonaldia da. Aterpetxe batean bildurik, bizpahiru hezitzaile adituk jolasak eta abestiak erakutsiko dizkiete bi egunetan zehar. Haurrez gain, irakasleek ere parte hartuko dute eta horrela hurrengo ikasturtean ikasle berriei erakusteko gai izango dira. Orejaren ustez "
gaur egun ikastetxetik ateratzeko aukerak nahiko esplotatuak daude; natur inguruko ekintza, abenturazko kirolak... Berriz, lekuren batera jolastera joatea berrikuntza bat dela ikusten dugu, interesgarria dela. Eta programari dagokionez, irakasleentzat ez du inolako ardurarik esan nahi, hezitzaileen esku baitago antolaketa guztia".
Ikastaroei dagokienez, irakasle, guraso eta begiraleei zuzendutakoak izango dira, hau da, ikuspegi desberdinetatik haurren heziketaren ardura duten hainbat eragileri bideratutakoak. Lau, zortzi, hamabi edota hamasei orduko ikastaroak aukeratu ahal izango dira.
Hirugarren eskaintza kale dinamizazioa da. Haurrentzat antolatutako jaialdiak izango dira, eta euskal jolasa izango da interesgune nagusia. "Ikastetxean, herriko plazan, kultur etxean, kiroldegian edota beste lekuren batean antolatzen diren jaialdien animazioaz arduratuko gara gu, eta jolasak erakutsiko ditugu"
Azken eskaintza, berriz, eraskusketa ibiltaria da. Euskal jolasei buruzko ibilbide didaktikoa da eta jolasen ezaugarriak ezagutzeko eta gogoratzeko balio du. Erakusketa hau herriko plazan, udaletxean, kultur etxean edota ikastetxean jarri ahal izango da. Bere paneletan euskal jolasen data basea egongo da ikusgai modu grafiko batean.
Ekimen hauekin guztiekin euskal jolasak eta abestiak ezagutarazi nahi dituzte Urtxintxakoek. "
Gure helburua hedapena da. Gaur egungo gizartean jolasak berebiziko garrantzia duela uste dugu. Gero eta informatizatuagoa dagoen gizarte honetan, gero eta konpetitiboagoa den gizarte honetan, indibidualismorako gero eta tendentzia handiagoa dagoen honetan, jolasak horrekin guztiarekin apurtzeko aukera ematen du. Jolasak plazerra dakar berekin eta hori eguneroko bizitzan islatzea lortu behar dugu"
Jolasak hainbat gauzatarako balio du: atseden hartzeko, barne tentsioak eta inpultsoak deskargatzeko, ondo pasatzeko, besteekin erlazionatzeko, fantasiak aireratzeko... Gure kulturaren altxor bat dela esan daiteke eta altxor hori erabilgarri egin eta hezitzaileen eskuetan jarri nahi du Urtxintxa Eskolak
![]() |
|
||||
1754 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa