AUTOKRITIKA EGUNAK
Iņaki Esnaola
Zail egiten da bozketaren biharamonean goizeko bederatzietan idaztea,hauteskundeen zapore mikatza kendu ezinean. Zail egiten da idaztea, sinesteko zail egiten baita nola ari diren alderdi abertzaleak errekara eramaten orain urtebete herritarrek markatu zieten bidea.
Baina egia zera da, Hego Euskal Herrian PP (UPN-PP) izan dela irabazle; lau hiriburuetan PP dela irabazle; eta egia da botoetan "espainolismoa" gailendu zaiola abertzaletasunari."Bai, baina EHren abstentzioa falta da kontatzeko" esango zait. Eta nola kontabilizatu behar dugu? Zeren eta alde batera uzten badugu Gipuzkoa, gainerako herrialdeetan edo ez dago edo bestela abstentzioak bere osotasunean kontabilizatua izateko daukan problemaren barruan distortsionaturik gelditu da.
PPk bere arerio guztiak "jan" egin ditu Estatu mailan. Diotenez, orain ikusiko dugu zer den betetako eskuin espainiarra. Mayor Oreja eta bere estrategiak irabazi dute eta, hasiera batean, garai gogorrak datozela pentsatu behar dugu Espainiako Konstituzioa aldatu nahi duten proiektu politikoen alde lan egiteko.
Eta bitartean, guk zer? Egia da EAJk bere burua aurrera atera duela, ikusita gainerako guztiek zein kanpaina gogorra egin duten bere kontra. Erdarazko esaerari buelta emanez: "Mal de muchos... epidemia". Inork ez baitu ikusi proiektu "gran-espaņolari" batetik batasunez eta bestetik helburuen gardentasunez aurre egiteko garaia zela. Batasuna gutxienik Nafarroan elkarrekin aurkezteko, ondoren seriotasunez proiektu abertzaleaz hitz egin ahal izateko; eta gainerako hiru herraildeetan elkarrekin ez izanik ere, gutxienez Lizarra-Garaziko proiektua mamitzen joan dadin. Baina seguru nago hemen inork ez duela autokritika bat egingo eta denok esango dugula irabazi egin dugula, eta Telesforo Monzonen Maltzagak amets bat izaten segiko du. Bitartean, herritarra ikaratzen duten medioak erabiltzen ditugu, arerio politikoak aukera aprobetxatzen du borroka politikoa beste bitarteko horiekin lotzeko... eta horrela datoz gero holako emaitzak. Ez abertzaletasunak kopuruetan behera egiten duelako, arerioa neurri horretan hazten delako baizik.
Ez bada batasunik helburu politiko batzuen alde elkarrekin lan egiteko; ez bada gardentasunez ikusten herrialde bakoitzean bere ezaugarrien arabera egin behar dela lan; eta, hitz bitan, ez badugu behingoz alde batera uzten bakoitzak gure burua munduaren zilbor-tzat ikusteko jokabide hau... horiek horrela ez badira, Lizarra-Garaziko proiektuak sekulako arazoak izango ditu nazionalismo espainiarrari aurre arrakastaz egiteko.
Orain arte bezala jokatuko baldin badugu... jai alai!
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.