Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-03-12 -- 1753.zenb

TELEZABORRA GURE BIZIA BAINO GARRANTZITSUAGOA DENEAN

Katixa Garate

Zer egingo zenuke gau batean zure telebista hondatuko balitz? Irakurri? Lotara joan? Desesperatu? Hitz egin? Pasadizo honek eragiten du Topok aurkeztu berri duen antzezlaneko ezustekoa. Jon Zarata eta bere emaztea, gauero bezala, telebistari begira daude. Telebista da, hain zuzen, beraien arteko lokarri bakarra. Beno, telebista eta egunerokotasuna. Gauzak horrela, bat-batean telebista hondatuko zaie, eta beraien harreman hutsala azaleratuko da. Desesperaturik, ez dute zer egin jakingo. Egongelan, beraien bizitza patetikoen eszenatokian, isiltasuna izango da nagusi. Eta denetarik probatuko dute, mamu beldurgarri hori estaltzeko: dantzatu, abestu... gizakien dohain bereziena praktikan jartzeko arazoak izango dituzte, ordea. Ez baitute beraien artean hitz egiten, ahaztu egin zaie jada. Gauzak esaten dizkiote elkarri, baina hortik komunikaziora kilometro luzeak daude. Azkenean, leihotik begira jarriko dira, eta halako batean, gertakari izugarri baten lekuko izango dira.
Bikotearen arteko inkomunikazioa da obra honen abiapuntua, baina, era berean, beste hainbat esparru ukitzen ditu Guy Foissy autore senegaldarraren antzezlan honek. Hala nola, gizakion jokamoldea lanean, besteekiko harremanetan eta geure bizitzan. Foissyk egunerokotasunaren baitako tragedia eta bizipen gordinak ditu hizpide, umorea eta ironia zorrotza erabiliz. Izan ere, Foissyren irudiko, umorea da gure larritasun eta etsipenetatik askatuko gaituena. Miguel Galindok, antzezlanaren zuzendariak, idatzi du lanaren adaptazioa okasio honetarako. Obraren egitura originala mantenduz, espazioan hurbildu du, eta hainbat elementu gehitu dizkio, txantxak kasu. Foissyren obra gure artean oso ezaguna ez den arren, bere lanak Alemania eta Belgikan taularatuak izan dira. Japonian halaber, bada antzezle bat, Foissyren lanak bakarrik antzeztu ohi dituena. Senegaleko autorearen izena daraman antzoki bat ere badago.
Jon Zarata gorpuzteaz May Gorostiaga arduratu da, eta Natalia Juanok, berriz, haren emaztearen rola jokatzen du. Concha Garcia eta Fran de Eulogiok Zarata senar-emaztearen barne-pentsamenduak eta beraien irudimeneko pertsonaiak irudikatu dituzte. Jatorrizko antzezlanean, pertsonaia horiek guztiak diapositiba eta bideoen bidez agertzen ziren, aitzitik, Topok gizatasuna eman nahi izan dio, aktoreak erabiliz. Zenbait elementu berri ere sartu dute, txantxak, adibidez.
Topo Antzerki Taldea duela hamalau urte sortu zen eta Pasaian du egoitza. Bere obra ezagunenen artean «Infratonos», «Lur azpiko kaioak», «Zerbitzaria», «El Camerino» eta «Agur, Eire, agur» (Ttanttaka taldearekin elkarlanean) daude. Talde honen helburuetako bat egile ezezagunen obrak antzeztea da. Ezustekoa, esaterako. Guy Foissy gure artean ezezaguna den arren, Belgika, Alemania eta Japonian egile honen lan ugari estreinatu da.
Topok, oso harreman estua du Pasaiako Antzerki Tailerrarekin, hori baitu bere harrobi nagusia. Pasaiako Antzerki Tailerretik ikasle franko igaro dira, eta horietako batzuk aktore profesionalak dira gaur egun. Tailerrean urteetan aritu diren gazteak formazio bat jasotakoan, maila profesionalera jauzi egiteko bultzada ematen die Topok. Horixe da May, Natalia, Fran eta Concharen kasua. Ezustekorik hartu nahiz izanez gero beraz, Bergaran dago aukera. Ondotik, beste emanaldiak lotzen joango dira

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan