Hausteskundeak eta demokrazia mende berriaren atarian
Batzuk baserriko oilaskoa, besteek madrildar erarako lapikokoa eta azkenek abstentzioaren bitartez aurreko biak irensteko prestatzen ari diren bitartean, mende honen azken hauteskundeak datozela eta abagune aproposa da Demokrazia eta Hauteskunde prozesuari buruz hausnartzeko.
Era formal batean esan daiteke Hauteskundeak direla Demokraziaren mami nominala, prozesu horren ondorioz erabaki politikoak hartzeko herri-ordezkariak hautatzen baitira. XX. mende honek, aldaketa politiko erraldoia eta aurretigabea ikusi izan du. Hain zuzen ere demokraziarekin lehiatzen ziren beste sistema politikoen desagerpena edo iluntzea, alegia, monarkiak, aristokrazia, kolonialismoa, nazismoa, frankismoa, herri-demokraziak etab. Mende honen hasieran, munduan ziren 55 estatuetatik 25ek zuten hauteskunde-prozesurik, eta horietatik inork ez zuen boto-eskubide unibertsalik (genero, arraza, erlijio, etab). Gainera, munduan egun diren 192 estatuetatik, mende hasieran, 33 beste estatuetako parte ziren eta 112 estatu kolonialen pean. Gaur egun, ikuspegia zeharo aldatu da, munduan dauden estatu gehienek (119) boto-eskubide unibertsala dute eta gutxienek (16) dute boto-eskubide hertsia. Hala ere, oraindik munduko populazioaren% 32 boto-eskubide gabeko herritan bizi da.
Mende honen amaieran, hala ere, ez da aldatu bakarrik ordezkariak hautatzeko forma: hautatzailea ere aldatu egin da. Hain zuzen ere, gure gizartetan beste hiritar mota bat daukagu, (populazio osoak irakurtzen badaki eta mende hasieran gutxiengoak, BPGaren zati handi bat gehiengotik dator eta mende hasieran oso gutxiengo bakanetik, osasun politiken ondorioz bizitza itxaropen altua dago gizartean eta baxua mende haseran, etab). Gainera hauteskundez aparte, beste partaidetza politiko mota batzuk ere erabiltzen ditu (zenbaitetan boto-portaera baino eraginkorragoak): manifestaldia, greba, boikota, borroka armatua, etab. Hau da, mende hasieran baino areago mugimendu sozialetan parte hartzen du eta hauen funtzioa ez da hartzen sistema politikoen orokorren gaisotasun gisa jada, erabaki-hartzaile politiko eta hiritargoaren arteko zubi osasuntsu gisa baizik.
Hauteskunde izateak ez du esan nahi herri bat demokrazian bizi denik. Demokraziaren irispide formal hau, ondoko hiru irispideekin gutxienez, lagundurik agertu behar da. Batetik, partaidetza efektiboa: aurkezten diren ikuspuntu guztiek aukera berdinak izan ditzaten hiritargoarengana heltzeko. Bestetik, hiritargoaren ulerpena: hiritar gehienengana ikuspuntu guztiak hel daitezen berdintasunean. Eta azkenik, agenda-kontrola: ordezkari politikoen erabaki hartzearen agendan hiritargoak eragina izan dezan. Azken hiru irizpide hauek lehenengoari gehitzen badizkiogu prozesu demokratikoaren zirkulua ez baita ixten inoiz.
Mende berriaren atarian gaudela eta, forma demokratiko honi eduki pragmatikoa jarri behar diogu daukagun hiritargo berri honekin: hau izango da datorren mendearen erronka. Azken finean, bazkariak, bere funtzio biologikoaz aparte, erritualak diren bezala, partaidetza politikoaren zenbait forma ere erritualak dira, eta hauen artean boto-portaera. Honela uler daiteke, bada, Moscovici psikologo sozialaren esaldia boto-portaera baita gizarte laiko honetan gelditzen den azkenetariko portaera erlijiosoa
Jose Valencia Garate
Psikologia politikoaren irakaslea
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.