GAROŅAREN ITXIERA HITZ EMAN DUTE PSOE ETA IU-K
Daniel Udalaitz
2015. urtera bitartean, baldin eta datozen hauteskundeetan PSOE, IUren laguntzarekin, irabazle ateratzen bada eta bere hitza betetzen badu. Hala iragarri dute behinik behin.
Duela hilabete batzuk, ez zegoen inolako itxaropenik Euskal Herritik hain hurbil dagoen Garoņako zentral nuklearra eta Espainiako Estatuan dauden beste zortzi zentral nuklear itxiarazteko. Esan beharra dago zentral nuklear horietan partaidetza garrantzitsua duela Iņigo de Oriolek zuzentzen duen Iberdrola euskal enpresak. Baina, Espainiako Gobernuko Lehendakaritzarako hautagai den Joaquin Almuniak orain dela bi hilabete adierazi zuenez, bera Moncloara iritsiko balitz, zentral horiek, pixkanaka, 2015. urterako ixteko prest legoke. Horrek itxaropenari leiho bat zabaltzen dio energia nuklearra baztertu eta energia berriztagarriaren alde egin nahi dutenentzat. Itxaropen hori, gainera, indartzen joan da azken asteotan, IUrekin egindako Gobernurako programa-itunean azpimarratu egiten baita erronka eta agindu horren aldeko jarrera. Orain, hurrengo gobernua Almuniaren esku egotea eta hauteskunde garaian agindutakoa betetzen hastea geratzen da. Beraz, itxaron egin beharko da.
Hauteskundeetako promesa horiek entzute hutsarekin zentralen jabe diren enpresa elektrikoen eta banketxeen argi gorriak piztu dira. Eta, beti bezala, hasiak dira energia kontsumitzaileak ikaratzeko kalkulu ekonomikoak egiten, hau da, hiritar guztiok ikaratzeko kalkuluak egiten. Konpainia elektrikoek dagoeneko gizarteari jakinarazi diote zentral nuklearrak itxiz gero argiaren ordaina urtean 120.000 milioi pezeta (4.800 milioi libera) igoko dela. Halaber, konpentsazioak eskatzen dituzte. Garoņako zentraleko zuzendariak ohartarazia du zentrala ixteak milaka milioiko kostua eragingo liokeela altxortegi publikoari.
GAROŅA ETA ZORITA AURTEN ITXIKO LIRATEKE.
Almuniaren proposamenaren arabera neurri batean Alemaniako esperientzian oinarriturik, martxoaren 12ko hauteskundeen ondoren boterea eskuratzen badute, bi zentralik zaharrenak, Garoņa eta Zorita, aurten bertan itxiko lirateke. Garoņa Burgosen dago, Euskal Herritik hurbil 1971az geroztik dago jardunean, eta haren jabetza Iberdrola eta Endesaren artean banatzen da, bakoitzak % 50 izanik. Gaur egun duen potentzia elektriko gordina 466 megawattekoa da. Zoritakoa Guadalajaran dago eta Fenosarena da % 100. 1969az geroztik dago jardunean eta duen potentzia elektrikoa 160 megawattekoa da.
Espainiako Estatuan zehar dauden gainerako zentral nuklearrak, beste zazpi 7.000 megawattetik gora dituzte, hau da, Espainiako Estatuko kontsumoaren heren bat, hemendik 2015. urtera bitartean itxiko lirateke, pixkanaka. Zazpi zentral nuklear horiek honako hauek dira: Almaraz I eta II (1983an sortua), Caceresen dago eta haren % 52,7 Iberdrolarena da; Trillo I (1988), Guadalajaran, % 48 Iberdrolarena; Cofrentes (1985), Valentzian, % 100 Iberdrolarena; Vandellos (1988), Tarragonan, % 28 Iberdrolarena; Ascó I (1984), Tarragonan, Endesa eta Fenosarena; Ascó II (1986), Tarragonan, % 15 Iberdrolarena.
Energia hori ordezkatzeko, PSOEren programak energia alternatiboak erabiltzea proposatzen du, eta hala berretsi du IUk ere: gas naturala, ziklo konbinatuko zentralen bidez; edo haizea, eguzkia eta ura energia iturri bezala erabiltzetik sor daitezkeenak.
PSOEren programan zentral nuklearrak 25 urte betetzerakoan ixtea aurreikusten da. Hori da instalazio horien amortizazio epea, hasierako inbertsioa berreskuratu ahal izateko. Baina konpainia elektrikoen asmoa 40 urtez iraunaraztea da. Beraz, zentralik zaharrena (Zorita), 2009an itxi beharko litzateke, eta berriena (Trillo) 2028an.
Egitasmo horiek abiarazteko, PSOEren balizko gobernu berriak, ikuspegi juridikotik begiratuta, Lege Elektriko berria egin beharko luke. Gaur indarrean dagoena 1997an onartu zuen PPk eta aldaketa asko egin beharko litzaizkioke. Horri guztiari honelako operazio baten kostu ekonomiko izugarria gehitu behar zaio. Amortizazio epeak aztertu beharko dira eta baita enpresa elektrikoek, planifikazioa eta inbertsioak egin ziren garaian ezarritakoa aldatzeagatik eskatzen dituzten konpentsazio berriak ere.
PPren Gobernuak ez du daturik 15 urteko erabilgarritasuneko zentralei buruz. Aldiz, baditu datuak 40 urteko erabilgarritasuna duten zazpi zentral nuklearrei buruz: ixtearen kostua 327.714 milioi pezetakoa litzateke. Kopuru horri erantsi beharrekoa litzateke gastatutako errekinaren eta intentsitate handiko hondakinen azken kudeaketaren ondorioz sortutako kostua ere: beste 526.751 milioi pezeta. Eta baita aldi baterako metaketarena ere: 114.421 milioi pezeta. Guztira, bilioi bat pezeta inguruko kostua litzateke.
Enpresa elektrikoak ez daude bide horren alde, eta PPk jarraitzea nahi dute. Dirudienez, sektore horretan interesa duten enpresak biltzen dituen Foro Nuklearrak ez du sinetsi nahi PSOE gobernura iristen bada gerta daitekeena. Eta horrela, gogora ekarri dute Europan antzeko proposamenak egin izan direla, esaterako Alemaniako hauteskundeetan, eta gero ezerezean geratu direla. Eta, gainera, dagoen energiarik merkeena dela diote
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.