ZELULA
Ionan Marigómez
Miren P. Cajaraville
UEU
598 orrialde
5.000 pta.
Grezia klasikoan topatu ziren Zientziaren lehenengo urratsak. Aristoteles metodo deduktiboaren bidez saiatu zen erantzunak aurkitzen. Ordutik hona hainbat gauza aldatu da. Zelula eukariotikoaren azalpenerako testuliburu honek zelularen egungo kontzeptu modernoa azaldu nahi du. Horretarako, testuaz gain, argazkiek, mikrografiek eta eskemek osatzen dute liburua. Bi helburu ditu lan honek: batetik, irakaskuntza ertainean Biologiaren eta Natur Zientziaren irakaskuntzan dihardutenak, biologo profesionalak eta kaleko biologiazaleak Biologia Zelularraren ikuspuntu berrira euskaraz hurbiltzea. Bestetik, liburua Medikuntzako «Biologia Zelularra» eta Biologiako «Zitologia-Histologia» gaietarako dago pentsatuta
ENTRE LA MAGIA Y LA RELIGION: ORACIONES, CONJUROS, ENSALMOS
José Manuel Pedrosa
Sendoa
247 orrialde
1.800 pta.
Magiari eta erlijioari lotuta bizi izan dira liburu honetan aztertutako otoitz, arao eta sorginkeriak. Beti ere, botere erlijiosoak zioenaren arabera. Horien artean, Euskal Herrian eta Nafarroan garrantzi handia izan duen erritoa azaltzen du egileak. «Ritos y ensalmos de curación de la hernia infantil: tradición vasca, hispánica y universal» izeneko atalean, Euskal Herrian San Joan bezperan egin ohi zen erritoa jorratzen du. Hernia zuten haurrak, gauerdian haritz batera igo eta bertan, bi «Joan»ek edo hiruk —tokiaren arabera— elkarri pasatzen zioten haurra, haritz adarren artetik. Kanpaikadak amaitu ondoren, haritzaren adarrak lotzen zituzten. Errito honen antzekoak ere ba omen ziren Alemanian eta Zaragozan
ETXEBELTZ-
KERIAK
Gatuzain
215 orrialde
125 l. (3.125 pta.)
Azken hogeita bost urtetan Etxebeltz umoristak «Enbata» aldizkarian argitaratutako hainbat marrazki bildu da liburu honetan. Euskal Herrian 1975ean Franco hil zenetik hasi eta 1999an ETAk su-etena bertan behera utzi eta presoen gose grebaren hasiera arte jazotako gertakariak ilustratu ditu Etxebeltzek. Bilduman, urtez urte eta gaika banatuak izan dira marrazkiak. Atal bakoitzaren hasieran gainera, urte horretan gertatutakoa nabarmentzen da sarrera baten bitartez. Hauteskundeak, ikastolak, bestak, auziak... guztiak jaso ditu kritika soziala eginez. Marrazki bakoitzean eginiko marra zuzen eta borobilez gain, hitz joko bat gaineratzen du umoristak
KOLDO MITXELENA SARIA. ESKOLARTEKO
IX. LEHIAKETA
Donostiako Udala
69 eta 73 orrialde
Bi liburu argitaratu berri ditu Donostiako Euskararen Udal Patronatuak Koldo Mitxelenaren IX. lehiaketan irabazle suertatu ziren lanak bilduz. Liburu txikian D eta E kategorietako lanak bildu dira, hau da, 14tik 18 urte bitarteko gazteenak. Bestean berriz, B eta C kategorietako haurren — 6 urtetik 13-14 urte bitartekoen— olerkiak, bertsoak, ipuinak eta komikiak jaso dira batetik, eta D eta E kategorietako komikiak bestetik. Bietan, marrazkiak Arantzazu Ruiz Minerrek egin ditu. Hamar urte dira Koldo Mitxelena saria egiten dela. Guztira, 6.000 haurrek hartu dute parte lehiaketan. Urtero, 30 ikastetxetako 600 haur inguruk aurkezten dituzte euren lanak
THE PUB IBILTARIA
Oskorri
Elkarlanean
2.450 pta.
Herri kantuen inguruan garai batean sortu ohi zen giroa galtzen ari da. Baina herri kantu hauek gure iraganaren informazio iturri izateaz gain, gozamenaren iturri ere badira. Horregatik, Oskorrik «Oskorri & The pub ibiltaria» proiektua jarri zuen martxan. Honakoa bildumaren laugarren diskoa da, 1999ko abenduaren 21ean Bilboko Hareatzan zuzenean grabatua. «The pub ibiltaria» Oskorrirekin batera, abestu edo instrumentu bat joz kontzertu bat eskaintzen dutenek osatzen dute. Bilduman guztira 70 kantu herrikoi jaso ditu Oskorrik. Oraingo diskoan 18 bildu ditu. Kantu ezagunak dira batzuk, ezezagunak besteak... Grabaketa lanak Shot! eta Jean Phocasen ardurapean egon dira; azala eta maketazioa berriz Paradoxek eta Javi Martinek egin dute