IRAKASKUNTZA
Nagore Irazustabarrena
Nola eskatu haur txiki bati amaren ondoan eser dadin esnea edateko? Joseba Aurkenerena, Covadonga Garcia eta Jon Zelaia irakasleek "Haur Hizkera" izeneko liburuxkan jasotako adibidearen arabera, "Apatx eizu amatxon onduan, mama erateko". Irain eta trufarako euskarak hitz ugari badu, haurren munduak ere badu bere euskarazko hiztegia, belaunaldiz belaunaldi transmititu dena.
Badirudi, ordea, azken belaunaldietan haur hizkera horrek ere behera egin duela. Gazte askok guraso erdaldunak izan ditu eta orain, guraso izateko euren txanda iritsi zaienean, ez dakite nola egin haurrari. Horregatik, oinarri teoriko baten beharra ikusi zuten hiru irakasleek, euskaldunak izanik ere haur hizkera ezagutzen ez duten gurasoek erabil dezaten, batetik, eta euskaltegietako transmisio ikastaroetan jarduten duten gurasoek nondik ikasia izan zezaten, bestetik.
"Argotaren bideetan" euren lanerako osatu zuten zerrenda hau, iragan astean jorratu genuen irain zerrendarekin batera. Gero argitaletxeko Mari Eli Ituarteren aholkuari jarraiki, bi esparruak bereizi eta horrela gorpuztu zen liburuxka hau. Orotara 350 hitz eta esamolde desberdin jaso dituzte bertan, hainbat hiztegi eta bildumatatik jasotakoak batzuk eta kaleko galdeketen bidez bildutakoak besteak. Horregatik, orokorrak dira hitz batzuk, euskararen esparru osoan erabiltzen direnak. Beste batzuk, aldiz, euskalki edo zonalde jakin batetik jasoak izan dira.
Haurrek erabiltzen duten hiztegia (eta haurrekin erabiltzen dena) mugatua da, euren ingurunea eta interesa ere mugatua den neurrian. Garbi ikusten da hau zerrenda honi erreparatuta, hitz gehienak, janaria, edaria, zenbait animalia eta mugimendu ekintzak adierazteko erabil-tzen direnak baitira.
ÑAN-ÑAN.
Txokolatea izendatzeko modu desberdinak erabiltzen ditu haur euskaldunak: koko, kokolo eta kokole. Arrautzari ere antzeko esaten zaio: kokoro. Esneari mama, nene edo enene esaten diote, sagarrari xaxa, okelari txitxi eta ogiari papa.
Ekintzak adierazteko ere bide desberdinak dituzte haurrek. Kalera joan nahi dutenean aiaian joan edo apapan egin nahi dutela esango dute. Jesartzeko orduan, aldiz, apatx edo takatx egingo dute eta erortzean peun. Jotzeko orduan tale, tete, tas-tas edo tata erabiliko dute haur zein gurasoek. Tatan egiteak, berriz, laztan egitea esan nahi du eta tatok jauzia adierazten du. Batzuetan trapa-trapa, tipi-tapa edo txiri-txiri, oinez, ibiliko da haurra, besteetan, hanka baten gainean ibiliko da zankarrenkan eta tarteka, haserretu ere egingo da eta tunturruntaia hartu duela esango diote orduan.
TXAKURRA ETA KATUA NAGUSI.
Animaliak izendatzeko hitz berezi ugari du haurrak: ahateari bili-bili esaten zaio, oiloari kurra-kurra edo txutxua, hegaztiei pipi, txerriei kurrin-kurrin edo kutto-kutto eta behiari, aldiz, txolu edo nono. Baina, animalien artean haurrek txakur eta katuak dituzte gustukoen, bi hauek duten izen mordoa ikusita, bederen. Katuaren ordez bis-bis, mix-mix, pi-txitxi edo pitxitxu erabiltzen dituzte eta txakurra esateko, aldiz, ababau, au-au, toto, totonoxo, txatxur, ttotto, ttauttau...
Autoak ere deigarri egiten zaizkie nonbait. Ikusi bestela zenbat hitz dauden haren inguruan: burrun-burrun, popo, popot, tar-tar-tar. Eta ez da motorrarena haurrak erakartzen dituen soinu bakarra: kanpaiaren soinua, esaterako, dilin-dalan edo talan-talan da eurentzat eta mailuarena kan-kan-kan.
Halaber, haurrari gure haserrea adierazteko, musu emateko edo harekin jolasean aritzeko hitz mordoa jasotzen du hiztegi berezi honek.
Haurrari euskaraz nola egin ez dakienak ez du dagoeneko aitzakiarik. Besteontzat liburuxkak aukera ederra eskain-tzen du haurtzaroan nola jarduten genuen gogora ekartzeko
Katixa Garate
Zer egingo zenuke gau batean zure telebista hondatuko balitz? Irakurri? Lotara joan? Desesperatu? Hitz egin? Pasadizo honek eragiten du Topok aurkeztu berri duen antzezlaneko ezustekoa. Jon Zarata eta bere emaztea, gauero bezala, telebistari begira daude. Telebista da, hain zuzen, beraien arteko lokarri bakarra. Beno, telebista eta egunerokotasuna. Gauzak horrela, bat-batean telebista hondatuko zaie, eta beraien harreman hutsala azaleratuko da. Desesperaturik, ez dute zer egin jakingo. Egongelan, beraien bizitza patetikoen eszenatokian, isiltasuna izango da nagusi. Eta denetarik probatuko dute, mamu beldurgarri hori estaltzeko: dantzatu, abestu... gizakien dohain bereziena praktikan jartzeko arazoak izango dituzte, ordea. Ez baitute beraien artean hitz egiten, ahaztu egin zaie jada. Gauzak esaten dizkiote elkarri, baina hortik komunikaziora kilometro luzeak daude. Azkenean, leihotik begira jarriko dira, eta halako batean, gertakari izugarri baten lekuko izango dira.
Bikotearen arteko inkomunikazioa da obra honen abiapuntua, baina, era berean, beste hainbat esparru ukitzen ditu Guy Foissy autore senegaldarraren antzezlan honek. Hala nola, gizakion jokamoldea lanean, besteekiko harremanetan eta geure bizitzan. Foissyk egunerokotasunaren baitako tragedia eta bizipen gordinak ditu hizpide, umorea eta ironia zorrotza erabiliz. Izan ere, Foissyren irudiko, umorea da gure larritasun eta etsipenetatik askatuko gaituena. Miguel Galindok, antzezlanaren zuzendariak, idatzi du lanaren adaptazioa okasio honetarako. Obraren egitura originala mantenduz, espazioan hurbildu du, eta hainbat elementu gehitu dizkio, txantxak kasu. Foissyren obra gure artean oso ezaguna ez den arren, bere lanak Alemania eta Belgikan taularatuak izan dira. Japonian halaber, bada antzezle bat, Foissyren lanak bakarrik antzeztu ohi dituena. Senegaleko autorearen izena daraman antzoki bat ere badago.
Jon Zarata gorpuzteaz May Gorostiaga arduratu da, eta Natalia Juanok, berriz, haren emaztearen rola jokatzen du. Concha Garcia eta Fran de Eulogiok Zarata senar-emaztearen barne-pentsamenduak eta beraien irudimeneko pertsonaiak irudikatu dituzte. Jatorrizko antzezlanean, pertsonaia horiek guztiak diapositiba eta bideoen bidez agertzen ziren, aitzitik, Topok gizatasuna eman nahi izan dio, aktoreak erabiliz. Zenbait elementu berri ere sartu dute, txantxak, adibidez.
Topo Antzerki Taldea duela hamalau urte sortu zen eta Pasaian du egoitza. Bere obra ezagunenen artean «Infratonos», «Lur azpiko kaioak», «Zerbitzaria», «El Camerino» eta «Agur, Eire, agur» (Ttanttaka taldearekin elkarlanean) daude. Talde honen helburuetako bat egile ezezagunen obrak antzeztea da. Ezustekoa, esaterako. Guy Foissy gure artean ezezaguna den arren, Belgika, Alemania eta Japonian egile honen lan ugari estreinatu da.
Topok, oso harreman estua du Pasaiako Antzerki Tailerrarekin, hori baitu bere harrobi nagusia. Pasaiako Antzerki Tailerretik ikasle franko igaro dira, eta horietako batzuk aktore profesionalak dira gaur egun. Tailerrean urteetan aritu diren gazteak formazio bat jasotakoan, maila profesionalera jauzi egiteko bultzada ematen die Topok. Horixe da May, Natalia, Fran eta Concharen kasua. Ezustekorik hartu nahiz izanez gero beraz, Bergaran dago aukera. Ondotik, beste emanaldiak lotzen joango dira
Mikel Asurmendi
Hiru urtetan hiru hauteskunde garrantzitsuren lekuko izango gara: 1998ko urrian EAEko autonomikoak, 1999ko ekainean udal eta foru hauteskundeak, eta oraingoan Espainiako Parlamentua erabakiko dutenak. Bakoitzak bere pipermina izan du: su-etena eta Lizarra-Garazi, eta EHren sorrera eta garapenaren hauteskundeak izan ziren lehenbiziko biak. Su-etenaren haustura eta EHren abstentzio eskaeradunak izango dira bigarren hauek objetiboki begiratuta. Emaitzek eta etorkizunak esango dute zein neurritaraino eragiten duten Euskal Herrian 98ko irailean hasitako prozesuan.
EHren abstentzio eskaera da hauteskunde hauetako ezaugarririk nagusiena Euskal Herrian. Franco hil ondorengo lehenengo hauteskundeen aurrean ere, 1977an, abstentzio eskaera egin zuten ezker abertzaleko erakunde eta alderdi desberdinek. Hogeitahiru urte geroago historia errepikatzen da, hori bai, testuinguru eta arrazoi desberdinekin.
Bigarren ezaugarri nagusiena, aurreko hauteskunde bietan legez, euskal indarren eta espainiarren arteko lehia amorratua da, Jorge Diez ertzaina eta Fernando Buesaren hilketen ondoren biziki areagotu dena.
Espainia mailan ezaugarri nagusiena alderdien aliantzetan dago, PSOE eta IU bakoitza bere aldetik aurkeztuko bada ere, gobernua eskuratzeko hitzarmena lotu baitute aldez aurretik, ordura arte erabateko segurtasuna zuen PP artega jarriz.
LEHIA BIZIA GIPUZKOAN.
Ohi legez, abertzale eta ez abertzaleen arteko lehia da Hego Euskal Herrian, baina abertzale eta estatalistek ere badituzte lehia bereziak beren baitan. Abertzaleen artean hor da tira-bira: EHk bere azken botoemaileak abstentziora bideratu gura ditu; EAJ eta EA —lehena nagusiki—, ezker abertzaleko botoemaileak erakarri nahian ari dira. Seguruenik, jeltzaleek EHko botoemailea erakartzeko ahalmenean egongo da Gipuzkoako lehen indarra EAJ edo PSE-EE izatea, inkesten arabera biak daudelako puntu baten gorabeheran. Araban ez da zalantzarik, PP nagusituko da samur, areago joan den astean UAk bere botoa PPri eman dionean; lehen ere hala izango zen seguruenik, baina orain estatalisten arteko hitzezko neutraltasuna apurtu dute foralistek. Bizkaian EAJ izango da alderdi nagusia, ohi legez eta tarte handiz. Eta Nafarroan, PP-UPNk nagusitasuna zer den erakutsiko dute. Juan Cruz Alliren CDN ere aurkeztuko da Madrilgo Legebiltzarrerako, alderdi gisa biziraun gura badu, plaza guztietan lehiatu behar den ziurtasunez. Ez du samurra izango boto kopuru txukuna lortzea, eserlekuetan ez baitu ezer egiterik.
Baina garaipen kontuei beste begiratuko zaio EHren abstentzio deialdiak duen eraginari. Emaitzak ikusi behar, baina leku askotan ez da samurra izango eragin hori zein den ikustea, deialdi aktibo honez gain, abstentzioak gorabehera handiak izaten ditu eta. Edozein modutan ere, azken urteetan, Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeetan izaten da txikien abstentzioa (96koetan % 27, 2), adituen ustez alderdi estatalistek beren hauteslegoa hobeto motibatzen dutelako. Hauteskunde motagatik, EHren abstentzio deiaren eragina neurtzeko erreferentzia garrantzitsuenetako bat bezala hartuko da azken hori.
Iazko udal eta foru hauteskundeen ondorena eta oraingoaren aurrekanpaina eskutik joan dira ia. Jaurlaritzan eta Diputazioetan azken unera arte aritu dira negoziatzen EAJ, EA eta EH, eta tartean alderdi estatalistek nabarmen aprobetxatu dute EAJren aurka egiteko, bereziki PPk. Popularrek aspaldi ekin zioten aurrekanpainari, ETAren su-etenaren haustura ondo baliatuz, besteak beste.
Popularrek edozer izan dute aitzaki EAJren aurka egiteko. Miguel Sanzen Gobernuak Akitania-Euskadi-Nafarroa Lankidetza Hitzarmena apurtu zuten Madrilgo ETAren atentatuaren ondoren, eta Iturgaitzek Ibarretxeren Gobernuarekiko harremanak hautsi zituen, Ibarretxek EHrekiko akordioa bertan behera utzi ez zuelako. Dimisio eskaera ere gogortu egin zen popularren aldetik, honetan sozialisten laguntza lortuz. Fernando Buesa eta Jorge Diezen hilketak ere bapo baliatu dituzte EAJ eraso mediatikoen erdigunean jartzeko. Espainiako Elizaren ordezkariak ere, beren neutraltasun itxura gordez baina lerro artean argi aditzera emanez, ez dira eraso honetatik kanpo geratu:
«Katoliko batek ezin dio eman botoa biolentzia, heriotza eta terrorea bultzatzen dituen alderdi bati». Lehen HBrendako zen mezu hau, baina EHk abstentzioa eskatzen badu, norentzat ote mezua?
EAJren orekarako egoera hau luzatzea ere ez da erosoa izango, eta ona ere ez seguruenik, baina hauteskundeei begira polarizazio horrek abertzale askoren botoa eman diezaioke; jeltzaleek badakite hori eta ondo baliatzen ari dira. EA ere ahalegin berdinean ari da, eta Nafarroan bereziki izan dezake bere uzta, EHko botoemaleetako batzuk bozkatzera badoaz behintzat. Sozialistak atera ziren nagusi Hego Euskal Herrian 96ko hauteskundeetan. Oraingoan, lehia hiru alderdiren artean egongo bide da, PSOE, PP eta EAJ.
Edozein modutan, bada aipatu bako beste ezaugarri bat hauteskunde hauetan, hiru urte eta erdiko epean ez dela besterik izango, legealdiak bere osotasunean betetzen badira behinik-behin. Ez da datu makala. Dagoen giroarekin eta etorriko bide denarekin, Ibarretxe lehendakariak ez du erronka makala eskuartean
Beñat Doxandabaratz
Edurne aurkezten hasia dela, kamera mugimenduan dago; bere aurpegira pixkanaka hurbilduz, urrunduz eta aurretik igaroz. Modu arinean, karteldegian gutxi irauten duen zinema mota berezi horretan murgiltzen gaitu. Ekoizpen independenteak ardatz direla, film horiek nola, non eta noiz ikusi daitezkeen azaltzen zaigu. Ez da lehen aldia Euskadi Gazteko zuzendaria kamera aurrean jartzen dena, aurretik ere «Zine oro» aurkeztu baitu.
«Canal +ekoek deitu zidaten `Miradas de cine' saioa aurkezteko proposamenarekin. Orduan nik EITBko zuzendaritzakoei onartzeko asmoa nuela esan nien, baina aldi berean ez nuela EITB utzi nahi. Bi kateak aurretik ere hitz eginda zeudenez, azkenean saio hau elkarlan estuago baten hasiera izan da» azaltzen digu Edurnek. Horren harira, laster emango dira ezagutzera ETB eta Canal+ek lotu duten hitzarmenaren xehetasunak. Psikologian lizentziatua den tolosarrak gogo biziz ekin dio saioa aurkezteari;
«ezingo nuke gustukoa ez dudan zerbait aurkeztu, eta oraingoan, nire saltsan nago erabat, zinezale amorratua naizelako». Astelehenetan Madrila joan eta gidoia prestatzen du Ormazabalek, eta asteartetan berriz, bi saioak grabatzen dira.
«Jendeak uste duenaren kontra, ETB dexente handiagoa da Canal+ baino. Dena den, Canal+en zinemari garrantzi handia ematen zaionez gero, erredakzio talde bakoitzak ez du saio baten ardura bakarrik, hainbatena baizik». Hain zuzen, zinema erredakzio bakarra dago lau zinema saio egiteko, hots, «La noche + corta», «Magazine», «Nuestro cine» eta aipatu «Miradas de cine» (asteartetan, 23:45ean).
TENTAZIOARI EUTSIZ.
Canal+eko filma eman aitzin, aurkezpen txiki bat egiten du Edurnek; ETB-1en ostera, film baten atarian ez joatean, ez dago halakorik. Halaber, asteartetan izanik, Canal+ekoa zenbaitetan ETBkoa baino luzexeagoa izaten da, azken atalean asteari begira ematen den ziklo eta gomendioei buruzko informazioa zaharkitua geratzen baita igandean euskaraz eman orduko. Bestenaz, mamian ez dago inolako alderik, estreinaldiak, talentu berriak, atzerabegirakoak, eta abar, beti ere banatzaileek utzitako irudiak erabiliz. Egitura aldatzen badoa ere, erreportaje nagusia du beti, edozein gairi buruz; esaterako, kamera atzean jardundako idazleei eskainitakoa, Cannes festibaleko prestaketa, soinu banda egileak, horra hor, David Lynchen filmetan musika jartzen duen Angelo Badalamenti-ren ingurukoa.
Autoretzat hartuak dauden Europako zinegileak ez ezik, Estatu Batuetako autoreen egitasmoen berri ere ematen da «Zine keinuak»en, hala nola: David Lynch, Woody Allen, Robert Altman, John Sayles, Jim Jarmusch edo Martin Scorsese bezalako maisuen azken lanak. Alegia, beren narrazio molde pertsonalari eutsiz, filmaren gainean kontrol osoa dutenak estudioen esanetara makurtu gabe. Eta hori ez da batere egiteko erraza, Estatu Batuetan zinema, guztiaren gainetik, negozioa delako, eta ez artea. Halaxe, estudioen amuei uko eginez, usu, beren filmentzako finantziazioa Europan aurkitu behar izaten dute. Zernahi gisaz, bertan, zinema independentea eta komertzialaren arteko muga meharra izaten da, ekoizpen independente baten mozorropean, maiz, Hollywoodeko erraldoiak egoten dira-eta. Salbuespenak dira beraz, arestian aipatu izenak.
ZINE KLUBEI ESKER.
Gurean, noski, Bartzelona edo Madrilen ez bezala, ez da batere erraza autore zinema ikustea, are gutxiago jatorrizko bertsioan, hori izaten baita zinema mota honen balio erantsia.
«Hemen zorte hori ez badugu ere, herrietako zine kluben lana benetan goraipatzekoa da; nik gehienbat Tolosakoarekin izan dut harremana. Oso programazio duina eskaintzen dute, jatorrizko bertsioan, gainera; hemengo karteldegian ez duguna, hain justu».
Hartara, «Zine keinuak»en ondoren, jatorrizko bertsioa iritsiko al da noizbait ETBra? Edurnek urrun samar ikusten du egun hori,
«euskaratutako filmak ikusteko ohitura falta baldin badago, jatorrizko bertsioan zer esanik ez. Zinemetan ez badu ikusleriarik, telebistan askoz gutxiago; tamalez, publikoa uxatu egiten du». Izan ere, zinezale frankok diote beraiek ez doazela zinemara irakurtzera, film bat ikustera baizik.
«Niregatik balitz ordea, film guztiak jatorrizko bertsioan eta euskaraz azpidatzita emango nituzke; hasteko aktoreen antzezpenaren zati handi bat ahotsean dagoelako. Horren kontura, itzulpenetan zein bikoizketan asko aurreratu den arren, zuzentasuna eta gertutasunaren arteko oreka aurkitzea ez da batere samurra euskaraz; batzuetan erraz ulertzen dena ez da zuzena, eta bestetzuetan, zuzena dena ulergaitza gertatzen da. Hala ere, nire iritziz, hizkuntzaren arazoa baino, jendartean ohitura falta dago, besterik gabe. Euskadi Gaztea duela 10 urte sortu zenean ere gauza bera gertatu zitzaigun. Hori zen maizen entzuten genuen kritika, sinesgaitza zela irrati formula euskaraz. Orain berriz, guztiz normaltzat hartzen da. Nire ustez hortaz, zinemarena ere denbora kontua izango da».
AL PACINOREN PORTAERA.
Aspaldikoa da zine munduarekin Edurnek duen atxikimendua; Donostiako Zinemaldiko jaialdi guztiak aurkezteaz gain, sail ofizialeko prentsaurreetan moderatzaile gisa aritzen da. Gehienetan gertatzen den bezala, kasualitatez hasi zela diosku Edurnek
«Zinemaldiko kudeatzailea zen Koldo Anasagastik deitu egin zidan sail ofizialeko prentsaurreak zuzendu nahi ote nituen galdetzeko. Eta nik, noski, onartu egin nuen. Ondoren, Canal+ babesle bihurtu zenean, duela bost urte, euskal aurkezle izateari ekin nion». Zinemaldian dagoenez geroz, zein den gehien harritu duen zinema izarra galdetuta, onerako eta txarrerako, Edurne zuhur ageri zaigu,
«onerako harritu nautenak baino ez dizkizut aipatuko; Al Pacino adibidez, oso gizon atsegina zen, eta emakumezkoen artean aldiz, Anjelica Huston; egundoko indarra dauka, burutsua da, gainera. Baina ez pentsa, aktoreekin ez dut halako harreman esturik; azafatak dira haien mania eta xelebrekeriak jasan behar dituztenak»
Daniel Udalaitz
2015. urtera bitartean, baldin eta datozen hauteskundeetan PSOE, IUren laguntzarekin, irabazle ateratzen bada eta bere hitza betetzen badu. Hala iragarri dute behinik behin.
guztia irakurri
Aitor Bengoa
Ingurune babestuak, baliabideen erabilerak murrizten diren gunetzat ulertzen baldin baditugu, ez dira atzo goizean asmaturiko ezer. Esate baterako, ezagunak dira, milaka urtetan babesturik egon diren mendiak; bertako kulturek sakratutzat dituzte eta beraz, inor gutxi iritsi da paraje haietara. Edo badira, gizarte ehiztariek errespetaturiko baso magikoak, errege eta printzeek bereganaturiko lurrak; bertako ehiza baliabideez jabetzeko sarrera galerazi duteneko eskualdeak eta abar.
Gaur egun ingurune naturalak babesten direnean beste arrazoi batzuk dira eskuartean. Gure gizartean ezarri den garapen eredu sozio-ekonomikoa, pixkana mundu guztian zabaltzen ari da, ondorioz, giza populazioaren hazkuntza neurrigabea ari gara bizitzen, gero eta baliabide gehiago behar ditugu bizitzeko eta azkenean honek guztiak, ondorio larriak ekartzen dizkigu. Arrazoi desberdinengatik balio handia duen hainbat paisaje natural, hondatzen ari gara. Duela 100 urte baino gehiago zenbait herrialde paisaje jakin batzuen babes-premiaz ohartu zen. Testuinguru horretan sortu zen 1872. urtean lehen parke nazionala Estatu Batuetan (Yellowstone); «Natura preserbatzeko eta oraingo nahiz etorkizuneko belaunaldien gozamenerako». Ingurune babestuaren kontzeptu edo definizio berri bat sortu zen: lur edo ur azalera bat, bertako baliabide naturalak babestu eta kontserbatzeko helburuarekin sortua eta legeen bidez kudeatua.
Naturaren babesa, kontserbazioa, naturaren kudeaketa eta gisa honetako kontzeptuak, subjetibitate eta anbiguotasun handiko hitzak izan dira betidanik, ondorioz, gaizkiulertuak sortu izan dira askotan. Hori izan daiteke agian, gaur egun, hainbeste babes figura desberdin egotearen arrazoia (Parke nazionalak, Natur Parkeak, biotopoak, erreserbak, natur monumentuak, eta abar).
Ikuspuntu horretatik, gaiak konplexua dirudien arren, praktikan gauzak askoz ere sinpleagoak dira. Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak (NKZB-UICN), 5 kategoria besterik ez ditu aholkatzen, bertako giza-presioaren arabera mailakatuak. Ez dago irizpide eta koordinazio bateraturik eta egoera honek kudeaketa arazo larriak sortzen ditu. Babes figuren inguruan dagoen heterogeneitate zabal hau ordea, ez da izaten lurralde edo ingurune bakoitzaren ezaugarri bereizgarri edo izaeraren isla, askotan garai bakoitzeko ohitura edo modek bultzaturiko irizpide subjetiboen ondorio izaten dira.
Babes-figura baten jabe izateko ohorea duten inguruneak izendatzerakoan, historikoki izan duten bilakaera aztertzen badugu, irizpideen eboluzio garbia eman dela ikusiko dugu. Mende honen hasieran ingurune naturalak babesteko arrazoi nagusiak estetikoak ziren (paisaje politak itsusien aurrean), beranduago, 70eko hamarkadaren inguruan irizpideak askoz ere materialistagoak ziren eta, ehiza espezien presentzia eta basoko egur baliabideak ziren eremu naturalak babesteko arrazoi nagusi. 80ko hamarkadatik aurrera, espezie enblematikoen presentzia, iraungipen arriskuan dauden animalien presentzia (ia beti ornodunak), biodibertsitatea eta horrelako irizpideak maneiatzen ziren ingurune naturalak legez babesterakoan. Azken urteotan, pixkanaka bada ere, hau guztia utzi eta ekosistemak babestera jo da, hau da, lurralde jakin batean gertatzen diren prozesu natural nahiz ekologikoak babestera, ez da animalia edo landare bat babesten, natur gertaera edo prozesuak baizik. Izan ere, ekodibertsitatea babestuz, biodibertsitatea ere babesten da, eta ondorioz, ingurune horretako animalia nahiz landare guztiak.
EREDUEN NAHASPILA.
Azter ditzagun, Euskal Herrian ditugun babes-figura ezberdinak. Iparraldean, Hendaia inguruko Abaddia izango dugu legez babesturik aurkituko dugun ingurune erdinatural bakarra, «Itsasertzaren eta aintzira-bazterren kontserbatorioa» da bere babes-figura. Gainontzean, Aturriko inguruneak aipatu beharko ditugu, Natura 2000 sarean sartzeko proposatu baititu Frantziako gobernuak, Europako Batasunaren aurrean.
EAE eta Nafarroan, alde handiak egon izan dira ingurune naturalak kontserbatzeko eginiko politikan. EAEn, Naturaren Kontserbazioko 16/1994 Legeak hiru babes figura ezarri zituen; natur parkeak, biotopo babestuak eta aparteko zuhaitzak. Lan gehien, natur parkeen inguruan egin izan da eta azalera handiko naturguneak babestu ziren lehendabizi, Urkiola, Gorbeia, Aralar edo Aiako Harria. Aipatu legearen arabera, honako irizpideak erabiltzen dira natur parke bat izendatzerakoan; «paisajearen edertasuna, ekosistemen errepresentagarritasuna edo flora, fauna edo formazio geomorfologikoen berezitasuna».
Beranduago etorri ziren biotopo babestuak, azalera txikiko guneak dira, baina, balio biologiko handia izan ohi dute, babes-figura honetan aurkituko ditugu, Biasteriko aintzirak, Leitzaran ibaia, Itxina edo Inurritza. Baliabideen ustiaketa mugatuko da biotopoetan, ustiapen hori eta babestu nahi diren balio ekologikoen kontserbazioa bateragarriak direnean izan ezik. Aparteko zuhaitzaren eredua ere, erabiltzen da eta badira hainbat zuhaitz, eredu honen aginduetara babestuta, edozein modutan, ezin ditugu, hertsiki «ingurune naturaltzat» hartu.
Nafarroan berriz, eta maila orokorrean aztertuta, justu, aurkako politika egin dela esan dezakegu, azalera txikiko guneak babestu ziren lehendabizi eta azken urte hauetan, azalera handiko natur parkeak bultzatu dira administraziotik. Zailtasun eta istilu ugari izan da gainera eremu hauek legez babesteko garaian, administrazioa eta bertako biztanleen artean. Nafarroako naturaren kontserbaziorako legeak, bost babes-figura ezartzen ditu; erreserba integrala, natur erreserba, lekune naturala, natur monumentua eta natur parkea. Nafarroako 8/87 Legeak dioenez, erreserba integralek, babes neurri zorrotzak izan behar dituzte, bertan balio biologiko nahiz ekologiko handiak baitaude, ondorioz, ingurune hauetan ez da inongo giza-jarduerarik baimentzen. Debeku honetatik at leudeke jarduera zientifiko eta dibulgatzaileak, nahiz eta hauek ere murriztuko dituzten. Erreserba naturaletan berriz, neurriak ez dira hain zorrotzak eta bertako ekosistemak izaera berezia duten arren, bertako natur baliabideak ustiatu daitezke neurri mugatzaile batzuen barruan. Lekune naturaletan berriz, giza jarduerak baimentzen dira eta gehienetan oso azalera txikiko inguruneak izaten dira. Azkenik, Natur Parkeak, azalera handiko guneak izaten dira eta bertako ekosistema zabalak babestu nahi izaten dira, baina beti ere, natur baliabideen ustiaketa orekatua eta aisialdirako jarduerak baimenduz.
Lurralde edo ekosistemaren kontserbazioan ezinbestekoa da babes-figura egokia aukeratzea. Askotan ordea, horixe izaten da egiten den guztia eta hori ez da nahikoa. Azkenaldi honetan, «bataiatuta» dauden inguruneek, izugarrizko sona hartu dute hedabide, turismo-gida, nahiz administrazioko publizitatean. Ez da nahikoa ingurune naturalak legez babestea, benetako kontserbazioa, kudeaketarekin hasten baita. Esperientziak erakutsi du legez babestea ez dela behar adina berme.
Natur parkeak turismo erakargarri soilak ez bihurtzearren, giza jarduerak non, noiz eta nola egin behar diren arautu behar da, bi tresna garrantzitsu baliatuz; Natur Baliabideak Antolatzeko Plana, naturgunea babestu aurretik egin behar dena edo egin beharko litzatekeena eta Erabilera eta Kudeaketarako Plan Zuzentzailea, behin naturgune onartu ostean egiten dena. Bi tresna arautzaile hauek, liskar ugariren abiapuntu izaten dira, interes eta erabilera anitzetako jendea arautzen baita berauetan: basogintza, nekazaritza, aisialdia, industria, azpiegiturak eta beste jarduera asko.
Ez dezagun ahaztu ordea, Baba Dioum senegaldar kontserbazionistak esandakoa: «Azkenean, maite duguna baino ez dugu gordeko, ulertzen duguna baino ez dugu maite izango eta irakasten zaiguna baino ez dugu ulertuko»
NATURGUNEEN KONTSERBAZIOA
Aitor Bengoa
aurrean, babestea merezi duten guneak aurkezten ari dira.
guztia irakurri
NATURGUNEEN KONTSERBAZIOA
Aitor Bengoa
oinarrizko informazioa bildu dugu segidako lerroetan.
guztia irakurri