Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-03-12 -- 1753.zenb

Estitxu Eizagirre

B

ertsotan jendaurrean nahiko berandu hasi zinen, 29 urte ingururekin. Baina betidanik izan duzu zaletasuna. Nondik datorkizu bertsotarako gogo hori?
Nik uste afizioa aitonarengandik etorri zaidala. Ni mutil koxkorra nintzela hura egoten zen sehaska eragiten eta bertsoak kantatzen zizkidan: Udarregirenak edo ikasiak zituen beste norbaiten bertso zaharren batzuk, baina bereak sekula ez. Aitona zena, plazan eta jendaurrean ibili gabea izango zen, baina nik uste bertsotan egingo zuela: artalde koxkor bat bazen gure etxean, eta oso negu txar batek ardi gehienak akabatu zituen. Negu hari bederatzi puntuan hamabi bertso jarri omen zizkion, eta bertso onak omen ziren gainera. Harek gogoan zeramatzan, baina pena da galdu egin direla, ez baitzituen idatzi. Nik hamaika urte nituela-edo hil zen aitona, eta artean ez nuen denborarik eduki bertso haiek ikasteko edo apuntatzeko. Gainera oso lotsatia zen, eta ez zuen nahi izaten haiek kantatzerik.
Baina aitona zena bertsotan ibili izan balitz, ni orain naizena baino hobea izango zen, seguru asko.

Kanta paperak ere izaten ziren zuen etxean...
Bai. Igandero eta feria egunetan ere bai. Azpeitian 2 errealetan saltzen ziren eta erraz ikasten genituen haiek. Horri esker gelditu naiz irakurtzen ahaztu gabe!
Nobioak andregaia uzten zuela, edo andregaiak nobioa uzten zuela, edo elurte bat zela, edo ezkontza bat zela, bertso paperak ateratzen ziren gehienetan.

Uste dut Uztapide zela gustukoen zenuen bertsolaria. Nola gogoratzen duzu harekin egin zenuen lehen saioa?
Duela 40 bat urte, gutxienez, Uztapidek Olabarrira joateko deitu zidan. Horrelaxe, Bixente lagunak bazuen «Hilario» esaten zion motor bat, ez dakit Vespa edo zer zen hura, eta ni harekin joan nintzen Beasaingo geltokira motorrean, eta handik gora Bixentek jaso gintuen Uztapide eta biok, banaka banaka. Bixentek kristoren mesedea egin zigun, egingo ez zigun ba? Orduan ez zegoen orain bezalako aukerarik garraiorako... Beldurrak amorratzen joan nintzen, sekula ez bainuen ordurarte Uztapiderekin traturik izan. Baina ondo moldatu ginen: Uztapide jatorra zen ikaragarri, ondradua ere bai. Eguna han pasa genuen, eta azkenean behintzat kontuak egiteko garaia iritsi zen. Eta han pezetak antolatzen zebilenak «zuena zenbat da?» galdetu zuenean, «gurea? Ehun bana duro eta propina libre!» erantzun zion Uztapidek. Nik lehenengo ehun durokoa orduan kobratu nuen. Lazkano eta biok laurogei duro-eta, besteak baino gutxiago kobratuz ibiltzen ginen... Amari eman nion hurrengo egunean ehun durokoa, eta amak esan zidan «hau atzo irabazia al dek? Ja! Nahiago nikek egunero joango bahitzake!».

Amak egunero bertsotara joateko agindu zizun, baina hori ez zen garai hartan normalena, ezta? Zer fama zuten orduan bertsolariek?
Lehenago beti erriertan egoten ziren etxeratzeko. Oraingo goizeko bostak baino beranduago ziren orduko hamabiak; berandu xamar, ordubatak aldera etxeratzen banintzen «bart berandu etorri haiz!» hasten zitzaizkidan marmarka, «izango huen, bertsoa edo txorakeria!». Gero, bertsotan hasi ginenean etxean giro ona izan genuen, baina hasieran bertsolarien erreferentzia txarra zuten, Zepaiena eta antzerako bertsolari alprojena.

Eta hasiberritako garai haiek nola oroitzen dituzu? Zailtasunak edo izango ziren, beldurra, bertsoa nola bukatu...
Beno, hori hasiberritan eta baita orain ere! Zailtasun horrek ez du behin ere aldegin. Nik asko sufritu dut bertsotan. Egun gutxi izan ditut etxera gustura etorritakoak. Etxera joaten nintzen «dedios! gehiago ez diat bertsotan egingo!» esanez eta hurrena nonbaitetik hots egiten zidaten, eta ezetz esatea ere... «Beno, joan egingo nauk» esan, eta gero agian egun polita tokatzen zitzaidan, eta lehengoa horrekin ahazten nuen. Eta gure burua honelaxe engainatzen pasatu dugu denbora osoa.

Zuk omenaldi bat jaso zenuen gaztea zinela, 49 urterekin...
Gaztea al da hori? Oroitzapen ona daukat nik. Ezertan harro egoteko motiborik badut, nik uste hartantxe daukadala. Karmelo Baldan zen, eta ia tope bete zen jendez. Donostian eginiko omenaldietan jende gehien bildu zena izango zen, seguru asko. Ni gustora egon nintzen, oholtza gainean aulkian eserita, baina gero han zer edo zer kantatu beharra etorri zenean, gaizki pasa nuen, gero! Nik ordurarte pasa nuen une gogorrena izango zen hura. Estimatu egiten duzu, hainbeste jende joan izana, baina bestetik estuasuna ematen du, nola erantzun behar diot nik jende honi?

Puntuari erantzuten abila zara zu, eta zer egin behar da puntuari ondo erantzuteko? Bukaera pentsatzen al duzu?
Ez, hori ez. Lagunak puntua jarri eta hura erantzun egin behar da, puntuari segi, bukaera pentsatu gabe. Azkena pentsatzea zaila da, bestela denbora asko pasa behar duzu erantzuten hasteko. Egunak izaten dira, eta batzutan goitik beherako erantzuna etortzen da, baina zaila izaten da puntua jarri eta da! derrepente bertso osoa akordatzea...

Eta inoiz gelditu al zara erantzunik gabe?
Txarra erantzun, bai. Erantzunik gabe... ez dut uste. Nola hala bertsoa bukatu egin behar da, zeozerekin hasi eta zeozerekin bukatu!

Bertsolaria izateko zer behar da? Berezko dohaia?
Irazu, zerorri bertso eskolara joan ez bazina ere bertsolaria izango zinen! zuk ez duzu bertsotan han ikasi. Zure ateraldi batzuek ez dira eskolan ikasitakoak, e! Bistan da berezkoa behar duela. Praktikatu eta ikasi bai, ikasi egingo da, baina berezkorik ez badu hura ez da bertsolari ona izango.

Baina zuen garaian ere ez al zenuten eskola moduko bat osatu? Tabernaren batean edo biltzen zineten, ezta?
Hori ez zen eskola, hori zen lotsagabekeria galanta! Eskola? Etxerako bidean batekin aritzen ginen bertsotan, edo tabernan, edo neskalaguntzatik etxerakoan ere bai (hau egin banio, edo beste hori... geure buruarekin bertsotan). Hori zen gure eskola, baina gaur egungoena oso ezberdina da.

Lanari behin kantatu zenion: «ez dut esango lana/ denik osasuna/ baina hori da pobreen/ aberastasuna»...
Lanean ibiliak gara beti: udan etxean eta neguan basoan... Dirurik ez zen, gure etxean behintzat, eta nonbaitetik pezeta batzuk irabazi nahi izaten ziren... Orain sinistu ere ez luke egingo askok, guk zer bizimodu eraman genuen!
Gero, 39 urterekin harrobian hasi nintzen lanean. Txarrena da ganadua etxean edukita, harrobira joaterako haiei jaten eman behar izaten niela, eta goiz jeiki. Umeak ere eskolara neuk eramaten nituen goizean, eta ekarri ere bai iluntzean.

Garai hartakoen esana da «lanari ez zaiola beldurrik eduki behar»...
Lanarengandik ihesi ez ginen ibiltzen, eta gehiago esango dizut, urguilua izaten genuen lan asko egiteko: esaterako, nik azken urtetan makinarekin mendia zulatzen jardun nuen, eta egunean 30 metro baino 50 metro zulatzea nahiago izaten genuen!

Apustu kontuak ekarriz... Aizkora apostuan aritua zara, ezta?
Izarraitzen festa jartzeko eta, aizkoran pixka bat ibilia naiz ni. Hor bazen Kostita deitzen zaion lurzulo bat, eta han erromeria egiten genuen. Egun batean bi aizkolarik jardun zuten. Gure lagun batek ikusi zituen ahizkoran, eta esan zien «zuei biei apustu joko lizueken bat bada, Izarraitzpean». Eta apustua jokatu nien bieri, eta irabazi. Orduan 63 kilo bakarrik pisatzen nituen, haria baino iharragoa nintzen. Bakoitzak 60na duro jokatu zituen. Garai hartan asko zen. Handik hamabost egunera jokatu genuen apustua. Orain plazan ez da erabiltzen egur hori: oinbetekoa, egur txiki bat da. 6 oinbetekotara bota genuen erronka, haiek hiruna oinbeteko ebaki behar zituzten, eta nik 6. Nik irabazi nien, eta hortik pentsatu zer bizkorrak izango ziren haiek ere!

Nola entrenatzen zenuten?
Entrenatu? Zer entrenatuko genuen bada, hamabost egunetara jokatu genuen eta apustua! Bat ere ez. Apusturako bakarrik egongo bagina... Baina guk etxean ganadua eta abar gobernatzen lana egin behar izaten genuen. Gainera entrenamentuak akituta bukatzen nituen, batere ohitu gabe nengoen eta aizkoran. Gu basoan aritzen ginen pagoak botatzen eta abar. Eta han egiten nuen aizkoran, lanak eraginda. Apustua jarri genuenean, berriz, bi aldiz etorri zen Urrestilako Keixeta aizkolaria gure etxera, ni entrenatzera.

Garai hartan orain baino apusturako zaletasun gehiago zegoen, ezta?
Beno! Orduan jende mordoa etortzen zen gu ikustera eta orain aizkolari onenak jarrita ere plaza betetzeko komeriak izaten dira... Beste behin Azpeitiko zezen plaza osoa bete zen: dirubiltzeko apustu bat egin zen elbarri zeuden gure osaba eta bere alabaren alde. Eta nik eta beste lagun batek Iurrebaso ezagunari jokatu genion apustua, eta bion artean irabazi.

Korrika apustu bat ere egin omen zenuen...
Bai, baina jokatu gabe geratu ginen. Landetako bailarak Izarraitzpekoari jokatu zion. Eta orduan, ospera! 58 kilotaraino jaitsi nintzen. Goseak eta egarriak amorratzen ibiltzen ginen, korrika arinago egiteagatik. Baina gero besteak atzera egin zuen eta ez genuen elkar probatu.

Garai hartan diru gutxiago izanda, nola jokatzen zen hainbeste?
Guk hiru mila pezeta jokatu genituen aizkora apustuan, eta garai hartan asko zen hiru mila pezeta. Eta Keixetak ere horixe esan zidan: «Jokua berde berde daukazue eginda!». Baina orduan finak ginen horretan. Niri orduan norbaitek aginduko balit hamar mila duro emango zizkidala, gure etxean zentimorik ere ez zen izaten, eta nik ez nuen galduko apustu hura! Tranpak, eta horiek uste dut geroztikoak direla.

Erromeriazalea ere izan zara...
Guk 15-16 urte izango genituen erromeriara joaten hasi ginenerako. Aittolako gainean hemen inguruko erromeriarik onena izaten zen, Elgeta trikitilaria-eta izaten ziren jotzen. Gure etxean soinua erosteko dirurik izan balitz orduan, ni soinujolea izango nintzen: txarra edo ona, baina soinujolea. Dantzan ere ez nuen ikasi. Gustatu bai, baina ni gaztea nintzela amona hil zitzaigun eta orduan lutoak eta horrelakoak izaten ziren, eta horrela geratu nintzen dantzan ikasi gabe.

Neskalaguntzak nolakoak ziren?
Batzuentzat besterentzat baino hobeak... Guk orduan badakizu zer beldur edukitzen genuen? Etxean ere elizaren mende egoten ziren denak, eta gurasoen aldetik egur pixka bat jasotzen genuen, apaizaren aldetik, berriz, kristorena: dena zen pekatua... Garairik onena alperrik galdu genuen, eta hori ez dago orain harrapatzerik.

Nola ikusten da oraingo Euskal Herria 70 urterekin?
Bertakoek elkarrekin konpondu ezin horrek ematen dit pena gehien. Orain dela gutxi arte nahiko itxura ona zuen: EH, EA eta PNVkoak gauza askotan behintzat bat zetozen, eta orain berriz ikusten ditut nahiko sakabanatuta dabiltzala. Nik uste dut Euskal Herria bere tokira eramango baldin bada, horiek denek elkarrekin joan behar dutela. Nahiz gauza batzutan hain ondo etorri ez, uste dut elkarrengandik hurbil ibili behar dutela. Eta horixe daukat beldurra, ez direla hala ibiliko.

Hasi zinenean, uste al zenuen 70 urterekin 80 plaza egiten ibiliko zinenik?
Nola antzemango nuen ba! Ezta pentsatu ere! Gainera gu bertsotan hasi ginen garaian, orain baino gutxiago ibiltzen zen bertsotan. Gogoratzen dut Uztapidek 91 herritan kantatu homen zuela urte batean, eta hura ikaragarria zen ordurako. Eta guk, gure arlotean, izan genituen 120 saiora inguratzen ziren urteak ere! Orain, berriz, Egańak eta Sebastianek ehun saiotik gorako urteak asko izan dituzte.

Bertsolari gazte batek esaten dizunean bere bertsolari gustukoena zarela, zer etortzen zaizu burura?
Nik ez diot sinesten hori

Koldo Mitxelena sariak hamar urte bete ditu. Nolakoa izan zen bere jaiotza?
Eskolarteko lehiaketa Donostiako Euskararen Udal Patronatuak sortu zuen, Xabier Arregiren garaian. Lehenengo deialdia 1990ean egin zitzaien Donostiako eskola guztiei, komikia, olerkia, ipuina eta bertso sariak martxan jarriz. Lehiaketaren helburua neska-mutilen eskuetan sormena, irakurketa eta idazketa txikitatik lantzeko tresna eraginkorra jartzea zen, hauek ezinbestekoak direlako literaturzaletasuna sortzeko. Azkenean, sormen lana eta besteekiko sentipenen adierazpena euskaraz gozatzen hasteko bide egokia zela ikusi genuen. Horretarako eskola da erakunderik eraginkorrena. Lehiaketa eskolekin egiten den programa zabalaren ataletako bat da. Programarekin eskolen barruan zein kanpoan haurrak euskaraz bizi daitezen lortu nahi da. Eskolek oso ondo erantzun diote. Azken xedea, eskolek beren urteroko programan ekimen hauek txertatzea da.

Aurrera begira aldaketarik egongo al da?
Orain arte bi liburusketan argitaratu izan ditugu lanak, adinaren arabera, hauen maila ezberdina delako. Liburu txikian 14tik 18 urte bitarteko gazteen lanak biltzen dira. Handian berriz, 6 urtetik 13-14 urte bitartekoek eginikoak. Hala ere, XI. edizioan hainbat berrikuntza egingo dugu, lehiaketa indarberritzeko. Berrikuntzetako bat lan onenak egunkarietan argitaratzea izango da. Sarien aldetik, ordenadoreak, erlojuak, argazki kamerak... eta horrelakoak banatu nahi ditugu hemendik aurrera. Orain arte, lanak San Sebastian egunerako egin eta sari banaketaren ekitaldia Aste Santu inguruan egin ondoren, irabazleek bidaia egiten zuten Donostiarekin senidetutako hiri batera. Gainera epeak ere aldatu nahi ditugu. XI. edizioko lanak ikasturte honetan bertan jaso nahiko genituzke. Azkenik, ezagutarazi berri diren X. lehiaketako sarietan atal berri bat gehitu dugu: antzerki gidoiena.

Horrelako lehiaketen ondorioz jaiotzen al dira idazle handiak?
Urtero jasotzen diren lanen artean batzuk kalitate onekoak eta beste batzuk oso onekoak dira. Urteetan zehar nolabaiteko izarrak sortzen dira. Bitxia da txiki-txikitatik norbaitek kalitatea baduela ikustea eta aurrera egingo duela iragartzea. Harkaitz Cano etortzen zait burura, adibidez. Hala ere, irakasleen eragina handia da. Irakaslea olerkizalea bada, ikasleengan nabaritu ohi da zaletasun hori

Mikel Asurmendi

E

hunen Deiaren ordezkari seinalatua zara, eta partikularki ANDko (Departamendu berri baten aldeko elkartea) lehendakaria. Azalduko al zeniguke zer den AND elkartea?
1974an, Baionako Merkataritza Ganberaren lehendakaritza hartu nuenean, nire antzinekoek egin zuten gisara, Departamendu berri baten sortzea eskatu nuen nik ere. Merkataritza Ganbera honen helburu historiko bat Departamendu berri baten eratzea izan da. 1836an jada, Departamendu berri bat eskatu zuen Ganbera honek eta XIX. eta XX. mendeetan zehar atxiki zaio eskaera horri. 1963an, berriz, Enbata mugimendu politikoak ere Euskal Herriarentzako Departamendu bat eskatu zuen. Ordurako Departamendu berri bat eskatzen genuen guk, eta haiek Euskal Departamenduaren eskaera egin zuten. 1974an halaber, AND elkartea sortu genuen, gizarte zibila batzea helburu duena.

Zeintzuk dira Baionako Merkataritza Ganbera, AND eta Enbataren arteko ezberdintasunak Departamenduaren eskaera egitean?
AND eratu genuenean, Departamendu berri bat sortzeko xedez, euskal jitea ez zen erreferente bat, gure eskaera ez zen euskalduntasunari atxikia. Euskal lurraldeari atxikitzen bazitzaion ere, gure eskaerak ez zuen inolako identitaterik aldarrikatzen. Eskaera hau testuinguru historiko batean ulertu behar da. Merkataritza Ganberak 1836an, 1885ean, 1910ean edota 1947. urteetan Departamendu berri bat eskatzen zuenean euskal arazoa ez zen planteatzen. Iragan mendetan euskal kultura bizirik zen, eta hartaz, ez zen euskal nortasunaren aldarrikapenik Euskal Herri frantsesean.

Enbata sortu zenean ANDren izpiritua ez zen aldatu nolabait?
Bai, noski. Enbata fenomenoa agertzean, antzina ez zegoen nortasun arazo bat sortzen hasi zela ohartu ginen. Egunik egun handitzen doan arazoa. Horregatik, ANDekoek ere, arazo eta eskaera horri erantzun bat emateko lanean dihardugu.

Departamendu berri bat sortzearen aurka daudenek Departamendu honen egitura oso txikia dela argudiatzen dute. Zer diozu argudio honen aurrean?
Kolektibitate baten izariak edo dimentsioak ez du deus ikusirik bere dinamismoarekin. Konparazione, Luxemburgek 340.000 bizilagun ditu, eta bera da Italia, Alemania, Belgika eta Holandarekin batean Erromako Itunaren sinatzaileetako bat. Itun honen bidez sortu zen Europako Elkartea 1957 urtean. Kolektibitate batean bizilagun kopurua ez da faktore ezinbestekoa, nortasuna, dinamismoa eta aitzina egiteko nahimena dira faktore garrantzitsuenak.

Ehunen Deiaren ordezkari gisa Parisen egon zinen abenduan. Zein da ANDko kide bezala izan zenuen inpresioa?
Barne ministeriora egin genuen bisita erabateko porrota izan zen; tamalgarria. Azkenean, botere zipitzik ez, ez maniobra tarterik, ezta irizpiderik duten funtzionarioek errezibituak izateko. ANDekoak ez ginen joateko ados. Gure nahia ez zen ordezkaritza aurkeztu zen gisan aurkeztea. Nire asmoa ez zen behintzat Barne ministerioko funtzionario horiei erraitea: «

Kortesiaz etorri gara, eta otoi erraiozue Lionel Jospin lehen ministroari errezibitu gaitzala
». Ehunen Deiaren kide gehienek beste erabaki bat hartu zuten eta erabakia errespetatuz joan ginen. Deusetarako ez azken finean.

Mixel Intxauspe iritzi berekoa zen. Berak 3Bren —Biarno, Bigorre eta Euskal Herria — erregioaren barnean Departamendua sortzeko egin proposamena ontzat jotzen duzu?
Departamendu berriaren eratzeko moldea berdin zait, baldin Euskal Herri frantsesa egitura demokratiko batek ordezkatua bada. Garrantzitsuena da Euskal Herria frantsesaren errealitatea ordezkatua izan dadin, demokratikoki eraturiko instituzio batean. Formula berdin zait; Mixel Intxausperen formula ona iruditzen zait. Intxauspe aspaldiko laguna dut; biok finantza mundukoak garen aldetik. 1997an berak eskatu zidan AND elkartea berrabiatzea. Beraz, berak proposatzen duen Aturri arroaren magalera eginiko eskualde berri horretan Euskal Herri frantsesari bere nortasuna eraikitzea posible bazaio, bada, biziki ontsa.

Intxausperen iritziz Kontseilu Nagusiak erabaki behar du Departamenduaren aferan. Euskaldunak ordea, gutxiengoa zarete instituzio horretan.
Ni ez naiz politikoa. Ez dut ezagutzen zein den Pirinio Atlantiarreko kontseilarien jarrera. Hemengo errealitateaz jabetzen naiz ordea. Ipar Euskal Herriko kantonamendu bakoitzeko kontseilari bat dago, hots, 21 kontseilari nagusi guztira. Biarnon berriz, 31 direlarik. Euskal kontseilari artean, heren bat —7 bat inguru— Departamenduaren alde daude, beste herena aurka, eta beste herena nola-hala. Intxauspek dioenez, Biarnokoen artean ere badaude aldekoak. Berak jakinen du, duela 30 urtetik Kontseilu Nagusian baita; berak ezagutzen du mundu hori. Baliteke bidea hori izatea, berak erraiten badu...

ADEko (Departamenduaren aldeko hautetsien elkartea) eta Ehunen Deiaren Renaud Delizagarai gertu omen dago desobedientzia zibilari ekiteko.
Ez naiz inola ere ados ekimen horrekin. Jokamolde irrealista da; ez dator bat Frantziako Euskal Herriaren jitearekin. Etikoki ez dut ontzat jotzen; gainera ez du inolako arrakasta praktikorik izanen. Ez du herritarren atxikimendua erdietsiko.

ABko Xabi Larraldek berriz, esperantza handiak jarriak ditu Iparraldeko populazioan...
Errealistak izan behar dugu. Batetik, Ipar Euskal Herriak Frantziarentzat duen pisuaz kontziente izan behar dugu. Alegia, deus ez. Zer dira 21 kantonamenduak Frantziako 3.600 kantonamenduen artean? Parisetik ikusia ez du deus esan nahi. Ez da % 1era iristen ere. Beraz, ez dira inportanteak nazio mailan. Paris ondo baino hobeto moldatzen da guk nahi dugun Departamendu berri honi ezetza emateko. Aldi batez, ohartu behar gara ere Parisen ardura duten Frantziako Euskal Herriaren hautetsi —diputatuak eta senatoreak— gehienak ofizialki kontra daudela. Alain Lamassoure, Michelle Alliot-Marie, Jean Grenet, Jean Espilondo eta Didier Borotra kontra daude gisa batez edo bestez. Nicole Pery alde zegoen, eta berak ez du deusik erraiten orain; Mixel Intxauspek arrazoi pertsonalak direla medio ere ez.

Azken batean afera estatu afera da. Ez duzu uste?
Bai jakina. Uneon Paris nahiz Madril Departamendu berri batetiko oposizioan daude. Beraz nola itxaron dezakegu aldaketa bat? Espainian eta Frantzian aldizka aldatzen diren Gobernuak, edozein ideologiakoak direla ere, ondo moldatzen badira, Barne ministro biak ados badaude, zein mirakulu mota behar da hemengo egoera aldatzeko?

Ipar Euskal Herriko Antolaketa eta Garapen Eskemaren kontseilu kidea ere bazara. Zein da egitasmo honi buruzko zure iritzia?
«Euskal Herria 2.010» ekimenaren bidez garatzen ari den Antolamendu Eskema nahimen izugarri baten eredu da. Euskal Herrian bizi diren pertsonen aldetiko ekimen berebizikoa. Etorkizuna bere gain hartzeko prest dagoen kolektibitate baten berealdiko adibidea.

Sektore abertzale batzuren ustez motelki garatzen ari da Garapen Eskema.
Alta, nire ustez, komenigarria da hemengo errealitatea ezagutzea. Ipar Euskal Herriko 260.000 bizilagunetatik 60.000 inguru euskaradunak dira. Beste 70.000 bertakoak izanik ere, ez dira euskaradunak; 130.000 guztira. Beste erdiak ez du bere burua euskalduntzat jotzen. Batez besteko soziologiko horrekin gehiengoa Euskal Herria Departamenduaren alde dago, ordea. Hau da, Ipar Euskal Herriaren interesei atxikitzeko prest daude herritar gehienak. Euskalduna izan edo izan gabe. Garapen Eskema lurralde honetan bizi diren herritarren nahimenaren ondorioa da. Etorkizuna bere esku hartzeko prest dagoen gizarte baten nahia dago hemen. Izan ere, Euskal Herria Departamenduaren eskaeran aldarrikapen ezberdinak daude. Hori ez da ondo ulertua nonbait. Euskal nortasunaren aldeko aldarrikapena ez da herritar gehienek egiten duten eskaera. Lurralde honetan euskaldunak eta ez euskaldunak daude. Garapen Eskema berezko ezaugarri hauek biltzen dituen Ipar Euskal Herriari atxikia dago.

Garapen Eskemak hainbat arlotan goia jo duela dirudi. Euskararen auzian, kasu. Bidegurutze batean dago Ipar Euskal Herriaren garapena.
Erabat ados nago. ADNk edo Baionako Merkataritza Ganberak Ipar Euskal Herriak arazo espezifikoak dituela erraiten du, eta aldizkatzen diren Frantziako Gobernuek oso ondo dakite hori. Frantziako estatuak horregatik ahalbidetu zuen Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua. Harrez gero «Pays» egitura izendatu dute, edota Ikastolen aferari heldu diote nolazpait. Zergatik? Arazo bat dagoelako. Baina nik nihaurek ez dakit zein den irtenbidea. Hautetsiak Jean Pierre Chevenement Barne ministroarekin bilduko dira hil honetan eta Ehunen Deiaren ordezkariek ukan genuen erantzun bera jasoko dutelakoan nago. Nahi nuke bestelako erantzun bat ukan dezaten baina...

Ipar nahiz Hegoaldeko errealitateen ezagule zara. Zer iritzi duzu azken hogei urteotan garaturiko harremanez?
Kontuan hartu beharreko elementu berri bat dago, hau da, Espainia Europako Batasunean sartu izana. Urtetik urtera, bi estatuen arteko muga txikitzen doa. Hegoaldean garatzen ari den autogobernu mailak eskuduntza finantzario oso garrantzitsuak ekarri ditu. Iparraldetik ezin dugu oharkabez pasatzen utzi hemendik ordu laurden batera dagoen errealitate administratibo eta ekonomiko berria. Alta, maleruski, Hegoaldeko agintariak, politikoak nahiz ekonomikoak zein administrariak ez dira oso interesatuak hemengo errealitateaz, eta alderantziz ere gauza bera. Ni harremanak eraldatzen entseatu nintzen 1974an, Baionako Merkataritza Ganberaren presidentea izendatu nindutenean. Alde batekoei nahiz bestekoei, bi aldeetako errealitateak ezagutarazteko hainbat ekimen burutu izan genuen.
Hegoaldean handiustea zabaldu da azken urteotan. Ez dezaten Hegoldean pentsa Frantziako Euskal Herria miseria dela, aitzitik, prosperoa da ere, ez dago Nerbioiaren magalean eta Goierrin dagoen aberastasuna, jakina. Nolanahi dela ere, nola edo hala, bide bat zabaltzen ari da bi aldeen artean. Nire nahia harremanak garatzea da bi aldeetako Merkataritza Ganberen bidez. Baitezpadakoa da ekonomia arloan bideak elkarrekin garatzea.

Arestian aipatu arazoa agertzen zaigu. Hots, Ipar Euskal Herrian berezko instituziorik ez egotea, alegia.
Bai, halaxe da. Bestaldean Gasteizko Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, eta tokian tokiko Foru Aldundiak egonda, Iparraldean Kontseilu Nagusia balitz, honen bitartez solaskidetza gara liteke erakunde hauekin guztiekin. Eskualdetik eskualdera eta arloz arlo komunean ditugun arazoak bideratzeko harreman zuzenak landu genitzake. Azpiegiturak elkarrekin gauzatzeko, nola hizkuntzako —euskalduntze egitasmoa barne— hala irakaskuntzako plangintzak elkarrekin lantzea askoz errazago litzateke instituzio horrekin. Hori erranik ere, ez dudala Euskal Estatuan sinesten aitortzen dut.

Iparraldean, EAJ, EA edota ABren inguruan garatzen ari diren proiektu politikoez zer iritzi duzu?
EAJren joera hobekiago uztartzen zaio Euskal Herri frantsesaren tradizioari. AB jende gaztearen agerlea da, sozialismo iraultzailearena. Dinamika hau Euskal Herri frantsesaren izpirituari atxikitzen al zaio? Ez dut uste. Alabaina, Iparraldean EAJ, EA eta AB eratzea aurrerapen gisara ikusi behar da, gazteak esparru politikoan antolatzen baitira. Gure gazte garaian genuen abertzale sentimendu hori politikoki antolatzen ari da gaur. Etorkizunak zer ekarriko duen ez dakit. Abertzaleek geure iragana kontuan hartu behar dute aitzina eginen badute.

Euskal presoek bizi duten egoeraz baduzu zer esanik?
Politikoki ez da nire afera. Gizakia naizen aldetik hunkitua naiz euskal presoen egoerarengatik; Espainia nahiz Frantzia aldekoak izanikan ere presoak. Beren familiengandik hurbil beharko lukete

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan