Imanol Laspiur eibartarra "Eibarko euskeriaren deklinabidia eta entonaziñua" idazten ari zen, 1998ko Gabon egunez zendu zenean. Euskarari egingo zion ekarpen ugarietako bat gehiago. Serafin Basaurik eman zizkion azken ukituak liburu honi eta orain gutxi argitaratu.
Hogeigarren hamarkadak bereak emanak zituenean jaio zen eibartar hau Bergaran. Ama eskoriatzarra eta aita bergararra zituen mutikoa, ume-umetan joan zen Eibarra eta hangotzat zuen bere burua. Gazte zelarik, Eibarko Klub Deportiboan esperantoa ikasten ari zenean ezagutu zuen gero bere emaztea izango zena, Arrate Ibargutxi. Ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten: Asier, Lore eta Uxue. 1998ko Gabon egunez, gaixotasun zital baten ondorioz, hil zen.
Hona hemen Imanol Laspiurren bizitzaren muina. Hala ere, enbor honen inguruan amets, gogo eta lan askoz osaturiko adarrak izan ziren. Osotasun honek benetan berezi egin zuten eibartarra bere lagun eta herrikideentzat. Maitasun eta errespetu honen erakusgarri izan ziren, besteak beste, Eibarrek bere heriotzaren ondorenean eskaini zizkion bi omenaldiak: lehenengoa Orbea frontoian, Natibidade egunez, eta bigarrena abenduaren 26an, «Bai euskarari»ko ekitaldien barruan.
Bera umea zelarik, garaile ateratako frankismoaren aurrean jarrera tinkoa agertu zuen arlo guztietan, euskaltzale amorratua izan zen, garaiak horretarako ez zeudenean, politikan inplikatua, kartzela eta deportazioa jasandakoa...
1952-53an hasi zen Eibar euskal mugimendura iratzartzen. Sorrera honetan Juan San Martin, Bittor Kapanaga, Jabier Zubiaurre, Jose Luis Ugarteburu, Jose Antonio Eizagirre eta beste askorekin batera Imanol ere protagonistetariko bat izan zen. Euskararen eta euskal kulturgintzan lan egiteak arrisku bat baino gehiago esan nahi zuen garai hartan, euskararekin eta euskal herriarekin zerikusia zuen guztia ezkutuan egin beharra zegoen; horren erakusgarri, esate baterako, Yon Etxaidek 1955ean euskal literaturaz emandako hitzaldia Egotxiagako pagadian izatea.
1961EAN KARTZELARAKO BIDEA.
Beste hainbat gazterekin batera, Imanol EKINekoekin harremanetan jarri zen euskal kultura eta historiaren zenbait ikastaro tarteko zirela. Ordurako EKIN EGIrekin bat eginda zegoen eta hori dela eta Imanol talde honetako partaide izatera pasa zen. Horrela hasi zen eibartarraren ibilera politikoa. Azkenik, 1958-59an ETA erakundea sortu zenean, bertan geratu zen, nazio mailako ardurak hartuz. 1961ean kartzelaratu zuten, tortura ikaragarriak jasan eta hamabost urteko kartzela zigorra jaso zuen. Lau urte eman zituen Soriako espetxean. Ostean, «Zeruko Argia» edota «Egin»eko bere artikuluetan eta bestelako ekintzetan ere argi agertzen denez, bizitzaren aurrean konpromiso handiz eta zapalkuntza eta injustizien aurrean indartsu azaldu zen.
Kartzela ez zen izan eibartarrari frankismoak ezarri zion zigor bakarra, 68an Granadako Zafarraya herrian egon zen deportatuta. Han lagun izan zituen emaztea eta semea, ezarri zioten zigorra eramangarriagoa gerta zedin. Alabaina, hamalau hilabeteko alaba Eibarren utzi behar izan zuten egoera hartan umearentzat bizi baldintza onik ematen ez zelako. Herritxo honetan berak horrenbeste miresten zuen naturarekin gozatu ahal izan zuen bere osotasunean eta egoera gogorrenetan ere alde ona ikusteko gaitasunaren adierazgarri dira Juan San Martini igorritako eskutitz batetik jasotako berbak: «...hor zehar egurasten irtetzen naizenean, garia agurtu eta agurtu joaten nauk».
EUSKAL HARREMAN SAREA.
1975EAN EUSKALTZAIN URGAZLE.
Euskara erakusteko lanez gainera, euskara bera aztertu asmoz lan asko egin zuen. Horren ondorioz, 1975ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, bere sarrera ekitaldian «Azentu diakronikoa Eibarko euskaran» lana irakurri zuelarik. Euskara batuaren lehenengo urteetan honen aldeko apustu garbia egin zuen arren, azken urteetan euskalkiari zor zion begirunea argi azaldu zuen eta Eibarko «...eta kitto!» aldizkarian eibarreraz idatzitako artikuluak horren erakusgarri dira.
Hala ere, Laspiurrek egindako lanak ez dira euskarara bakarrik mugatzen, baditu idazten hasi zeneko zenbait bertso eta itzulpen eta Eibarko ikastolaren historia txikia berak idatzia da. Bestalde, bereziki azpimarragarria da, Imanolek aldizkari eta egunkariekin izandako harreman sendoa. Besteak beste, «Zeruko Argia»n, «Eibar» aldizkarian, «Kezka»-n, «Anaitasuna»-n, «...eta Kitto!»-n, «Egin»en edota «Euskaldunon Egunkaria»n argitaratuak daude berak idatzitakoak.
Imanol Laspiurren bizitza beste euskaltzale eta euskal herritar askoren ispilu izan da eta herri honetan izan diren gizon eta emakume askok jasan eta bizi izandakoaren erakusgarri.
«EIBARKO EUSKERIAREN DEKLINABIDIA ETA ENTONAZIÑUA».
Imanol Laspiurrek artikulu asko idatzi ditu euskal aldizkari, egunkari, eta abarretan. Bere idazkera eta pentsaeraren erakusgarri hiru artikulutako zenbait atal aukeratu da. Lehenengo artikulua eibartarren eta euskararen arteko harremanen ingurukoa da, San Juan egun batez idatzia, Eibarko jaiei buruzko gehigarrian. Bigarrena «Independentzia!» deiturikoa, Santi Brouard-en hilketa zela-eta idatzia da. Lege aurrean arazo bat baino gehiago sortu zizkion. Azkena, presoen ingurukoa da, gabon jaietan idatzia.
EIBARTARRA ETA EUSKARA. 1981-06-24. «EGIN»
«Euskaldun pertsona nagusi bat hil ohi den bakoitzean eta gure euskararen heriotz bidea ikusirik, zera pentsatu dut, pertsona hori hiltzean euskal historia zati bat hil dela, berarekin batean euskara eraman duela beste mundura eta gu geu zerbait hil garela berarekin batean. (...)
Ehundaka eta milaka urtetan zehar euskara bidez moldatu den nortasuna hilaz doakigu. Eta egia da: gazteria ez da euskaraz mintzatzen, ez daki euskararik eta gure herriak ukan duen euskaldun eibartar nortasun berezia galtzen ari zaigu. (...)
Eten bat ari da gertatzen, beraz, gure artean: orain arte euskaraz bizi izan den gizartea eta hemendik aurrera erdaraz bizi denaren arteko etendura. (...)
Hizkuntza, herri baten historia ere da. Gure euskaldun zahar hoietakoren bat hil izan denean euskal historia bat lurperatu da, horien bilobak erdaraz bizi baitira eta euskarak ez dauka jarraipiderik. (...)
Eibartar euskaldunak ikaragarrizko nortasuna ukan du beti eta bere euskara dela medio agertu du eibartar dela. Gaurregun nekez entzun daitezke bi emakume euskal hiketaz mintzatzen. Hiketa utz, zuketa gero eta erdararen bidea hartu da. Gaurregungo gazteriak ez dauka lehengo euskaldunaren nortasun nabarmenik, izan ere erdara batuaren bidez neutro bat bilakatu da eta berdinak dira eibartar eta bilbotar bat, esaterako. (...)
Eibartarrak eutsiko ote dio euskarari? Hori da nahi nukeena, baina beldur naiz. Erantzuna geure eskuetan dago.»
INDEPENDENTZIA!. 1984-11-28. «EGIN»
Santi Brouard abertzale gotor eta fina hil dute, asasinatu egin digute eta, berri triste hori jakinaz batera, garrasi ozen zoli hau beste darie gure eztarri laztu eta afonikoei: INDEPENDENTZIA! (...)
«Ez gara espainolak ezta ere frantsesak, euskaldunak baizik, eta gure aberria Euskal Herria, Euskadi da, eta ez urte luzeetan zehar zapaldurik gauzkaten Espainia eta Frantzia. (...)
Lehenago agian bai, baina gaurregun ez dut jadanik sinisten erdal estatu zapaltzaile hauekin bat eginiko federakuntza edo konfederakuntza batean. Estatu zapaltzaile horietako, bai frantses bai espainol horietako gobernu guztiek erakusten digute ez dutela ulertzen, eta ez dutela ulertu ere nahi, dialogoaren eta elkarrizketa zintzoaren giroa eta bere arrazoi bakarra indarkeria, gorrotoa, engainua, maltzurkeria, gezurra eta zanpaketa direla; historia osoan bezalatsu gaurregun ere. (...)
Santi, zure heriotzeaz min, baina harro da hain maite izan duzun zeure herria. Heriotze heroikoa zeurea. (...)
Gure nazioari eusten diogun bitartean begiak aterako dizkigute, mihia ebakiko digute, bihotza urratu, kanporatu, aterako digute, baina ez dizkigute askatasun bidean daramatzagun gure sineste sendi eta egiak kenduko.»
GURE PRESOAK, AI ENE!. 1994-12-24. «EGIN»
«Gauza lotsagarriak, jasangaitzak gertatzen ari dira Euskal Herri zapaldu, zigortu eta odoldu honetan. Huts egiteko okerrik gabe esango nuke gure Herriak politikari txarrak dituela, politikari horiek ez direla kapaz hainbeste urtetan espainiar Estatuarekin irekia dugun gatazka bukarazteko, euskal eskubideak nagusiarazteko, behin eta betiko bake ondradua lortzeko. (...)
Bien bitartean, txarrena, lazgarriena, negargarriena, espainiar eta frantziar Estatuek Euskal Herriarekiko duten borrokaldia geu euskaldunon artera, anai-arrebon artera iraultzen ari zaigula eta hori nolabait moztu beharra dago. (...)
Akordio egoki eta orekatu bidez bakea lortu behar denean, alde biek eman behar izaten diote zerbaiti amor. Beraz, ETAk borroka armatua utzi behar badu, utz dezala, zerbaitetan amor eman beharko baitu, baina besteok ere amor eman dezatela, gainera ez digute ezer erregalatuko, euskaldunon eskura ditzakeguna eskubidez zor zaiguna baita. (...)
Gauza bat argi dago: kristorenak eta bost egin dituzte euskal preso politikoek burua makur dezaten eta ez dute deus lortu. Aterabidea bakarra da beraz: elkarrizketa eta negoziaketa zintzo, zabal eta aberatsa ireki beharra dago eta hori bidera ahal dezanak, eta horren bidez duintasunezko bakea badakarkigu, a zer nolako ohorea lortuko duen gure historia berrirako, gaurgeroko hain bake eta zorion egarri den Euskal Herri zauritu honentzat! (...)
Datorkigun 1995. urte berri honetan lor dezagun hain merezia dugun bakea»
![]() |
|
||||
1752 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa