EMAKUME LANGILEAREN EGUNA
Ipar Euskal Herriko «Emazteek diote» elkartea 1980an sortu zen Hazparne eta Bastida kantonamenduetan. Jeanne Kreckelbergh Gillentegi da elkarteko burua eta 40 bazkide biltzen ditu. Emazteen bizi baldintza txarrak salatze aldera, ikastaldi, mintzaldi, erakustaldi eta mintegiak antolatzen ditu elkarte honek; emazteek beren bizitza beren gain hartzea helburu dutelarik.
Hainbat dira Frantziako Estatuan emazteek erdietsiriko lorpenak, Iparraldeko emazteak borroka honen partaideak izaki: 1944an bozkatzeko eskubidea lortu zuten, 1965ean lan profesionala ukan zuten senarraren baimenik gabe, 1967an kontrazepzio legea sortarazi zuten, 1974an kontrazepzio metodoak segurantza-sozialak ordaintzea eta 1975an aborto legea erdietsi ere.
Gaur egun, biharamuneko pilularen erabilerari buruz nahiz aborto gutxiago izan dadin kanpaina zabal bat burutzen ari da Frantzian. «Emazteek diote» elkartekoek kanpainan parte hartzen dute, baita metodo bakoitzaren informazioaren berri eman ere. Beren hitzetan, HIES gaixotasunari buruzko kanpainak preserbatiboen funtzioa desbideratu du. Ordea, kontrazepzio arloan egiten diren ikerketak gizonen inguruan egitea ere komeniko litzateke, antisorgailu guztien erabilpena emazteen gain dagoelako. Abortoari buruzko egoera ere ez da samurra. Legez abortatzea posible izanda ere, 10 aste bitartean egin beharra dago. 1998an 6.000 abortu izan ziren Iparraldean; gehienak 20 urte azpiko emazteek eginak eta biharamuneko pilularen emaitza okerraren ondorioz. Gazteekin lan handia egin beharra aipatzen dute horregatik.
HAINBAT ARLOKO LAN PRAKTIKOA.
Elkarte honek daraman dinamika eguneroko bizitzaren alor askotara zuzendua dago. Haurtzaindegien arazoari heldu izan diote, baita janari biologikoari buruzko heziketaz arduratu ere. Osasuna helburu izaki metodo alternatiboen garapena lantzen ari dira. Multinazionalen plangintzak zalantzan jartzen dituzte eta dokumentazio zentro bat zabaldu dute Hazparneko Eihartzea kultur etxean. Aldi berean, etxeko lanetan trebatzeko talde bat biltzen da bertan; gizonezkoei irekia dena. Emazteen arazoak aztertzen dira eta autoprodukzio lanak ere bultzatzen dituzte. Esate baterako, CLEFE izeneko diru kutxa indarrean jarri dute emazteen lantegi propio bat ahalbidetzeko. Iparraldean etxeko lanen % 80 emazteek egina da. Zentzu honetan, 35 orduko lanastearen ondorioak gizonezkoek gehiago baliatuko ote dituzten beldur dira emakumezkoak. Gizonezkoek bost ordu gutxiago izanda, denbora hori etxeko lanei eskainiko ote diote? Horra emakumeek galdetzen dutena. Aitzitik, etxeko beharretara baino beste zereginetarako —elkarteetarako nahiz aisialdirako— erabiliko dutelakoan daude.
EMAZTE LANGILEEN EGOERA.
MARTXOAREN 8-RA BEGIRA.
![]() |
|
||||
1752 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa