gabeko afrikar bat elkartu etorkinen nahigabeak azaltzeko. Txalo konpainiaren lan berrian, Ramon Bareak S. Mrozek-en obra egokitu du; irria hormatzen duen tragikomedia.
Zer egiten dute beltz musulman batek eta Eslovakiako komunista ohi batek elkarrekin bizitzen? «Los emigrados»en dago erantzuna. Espainiako hiri batean bizi dira analfabetoa eta intelektuala, etxebizitza bateko soto ziztrin batean, hustubide eta tutubide artean, gizaki baten hesteak bailiran; goiko solairuetatik maiz datozen barre algaren enbidiatan, oparotasun harrapaezinaren adierazle. Eslovakiarrak errenta ordaintzen dio, baita kontserbak eskaini ere. Afrikako euliak gogoan dituela, koitaduaren kezka bakarra bizirik irautea da. Oinetakoak dira bere ondasunik preziatuena. Ohe azpian halaber, bada kutunki gordetzen duen trapuzko katu bat, inork uki dezan uzten ez duena. Eslovakiarra berriz, egonean dago beti, ohean etzanda, bere liburuetan buru-belarri murgilduta.
«Dama eta kardinala» egiten hasiak zirela, Slawomir Mrozek antzerkigile poloniarraren lan honi heltzea erabaki zuten Txalo konpainiakoek. «Los emigrados» 1975ean idatzi ondoren, 1977an eman zen lehenaldikotz Espainian, Jose Maria Rodero eta Jose Bodalok antzeztua. Polonian komunismoak iraun zuen bitartean galarazita egon zen arren, Berlingo harresia erortzean, jatorrizko lanak zentzua galdu zuen, garai hartako ideologia eta bizimodu hitsa kritikatzen zen-eta. Orain, hormatzar ideologikoak erori direlarik, kapitalismoaren hormatzarrak eraikitzeko aroan gaude. Barearen iritziz,
«utopia sozialista, kapitalismo demokratikoaren gorakadarekin batera bizi da. Demokrata batzuen ustez, diruarekin gertatzen den bezala, jadanik ez dago mugarik, batzuentzako berriz, bai»
«Mrozek-en berezitasuna absurdoaren antzerkiaren barruan leudekeen egoeretatik abiatzen dela da. Estilo honen ezaugarriak gainditu eta izpiritu kritiko baten bidez, balore mitiko, ideia eta sineskerien aurka jotzen du, beti ere umore groteskoaren ildoa ahaztu gabe; W, Gombrowicz eta S. Witkiewicz-en tradizioaren haritik, hain zuzen»
ZER OSPATUKO DUGU?
«Mrozek-en tragikomedia groteskoa mantendu dugu, bi pertsonaiei ñabardurak jarriz, baina. Zerbaiten ihesean dabiltzan bi deserrotu, eta soto batean elkarrekin bizi direnak, etorkizun beltza aurrean dutela. Beren geroa ordea, gureari lotuta dago»
«Oholtza gainean gertatzen dena errealitatetik gertu dago, jendeak uste baino gehiago, Mulie adibidez, oso afrikarra da, eta obran erakusten duen bezala, musulmana»
EL EJIDON LASTER...KA.
«Duela bi hilabete Almeriako `Xagu tranpa'rekin El Ejidon izan ginela, Diego Ruiz hango programatzaileari esan nion `Dama eta kardinala'z gain beste obra bat ere bagenuela, `Los emigrados'. Zeri buruz zen azaltzean, interesgarria zela erantzun zidan. Baina orain, gertatuak gertatuta, ausardia galanta izango litzateke El Ejidon «Los emigrados» antzeztea; oihala ezingo genuke ezta zabaldu ere egin. Dena erreko ligukete»
«Zenbat eta gehiago aurreztu, orduan eta gehiago ukan nahiko duzu»
«Ez zara inoiz zure herrira itzuliko, dinamika horren esklabu zarelako»
«Zergatik demontre zaude nirekin orduan?»
Bi pertsonaien aldarte aldaketen ondorioz, istorioaren haria korapilatzen joango da, muturreko egoera batera heltzeraino, beti ere tragikomedia kutsuari eutsiz. Dena den, lan gogorra bezain samurra da «Los emigrados». Nahiz eta gertatzen dena lazgarria izan, bien arteko adiskidetasunak pairatzen duten miseria baino gehiago ahal dezake, saminduraren erdian, itxaropen izpi bat sortzeraino. Ordu eta erdi zinez hunkigarria pasarazten digute Mulie Jarju eta Roman Luknar-ek, erakustaldia da beraiena, testua ezin hobeki berenganatu dute-eta. Zaila litzateke sinesgarriagoa izatea. Jose Ibarrolaren eszenografiak ere estuasun giroa areagotzen du, bi ohe, mahai bat eta bi aulki erdian, komun likits bat. Pascal Gaigne eta Hijas del sol bikotearen musika, xuxurlaka bezala entzuten den arren, sotila da oso.
Dena den, umore tarteak drama ukitukoak bezain ugariak dira; esaterako, afrikarrak ezkutuan duen haragi kontserba jateko prest dagoenekoa, negar ez egiteagatik irri egitera bultzatzen gaitu. Azken batean, barre eginarazten duen tragedia dugu, baita barrea izozten duen komedia bat ere, bere burua gizakitzat duen edozeinek ikusi beharko lukeena, eskolumeetatik hasita
![]() |
|
||||
1752 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa