Nicolas Redondo Terreros, PSE-EEko idazkari nagusia: «EAJ eta PP dira euskal gatazkak irtenbidea aurkitu ez izanaren erantzule errudunak».
Txema Montero, abokatua eta Sabino Arana Fundazioko kidea: «Eusko Jaurlaritzak hauteskundeetarako deia egin beharko luke».
Xabier Arzalluz, EAJko EBBko lehendakaria: «PPk Ibarretxeren dimisioa eskatzeko eta EAJko zuzendaritza deabrutzeko kanpaina bati ekin dio».
Blanca Garcia, Espainiako Kongresurako PSNko zerrendaburua: «Eskuinak oso gutxi ulertzen du Nafarroaren egoera. Su-etenak iraun zuen bitartean lortu genuen askatasun hori galdu dugu».
«Arnaldo Otegi, EHko eleduna: «Legealdi ituna apurtzeak irtenbide politikoa urruntzen du. Bake eta demokraziarako eszenatokia ez da horrelako etendurekin etorriko, ardura politikoak hartuz baizik».
LABeko Rafa Diez: «Proiektu soberanistan abstentzioak balio politiko handia du».
Miguel Sanz UPNko lehendakariak «Nafarroaren identitatea indartzeko» neurriak jakinarazi ditu alderdiaren XX. Asanbladan. Besteak beste, telebista autonomiko baten sorrera aipatu zuen Nafarroa «Euskal Herria izeneko entelekia» horretatik aldentzeko modu bezala.
John Hume SDLPko buruak, Buesaren aurkako atentatua gaitzesteaz gain, printzipio demokratikoetan oinarritutako elkarrizketa multilateralaren beharra adierazi zuen, Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako.
Josep Pique Espainiako Gobernuko bozeramaleak esan duenez, datorren legegintzaldian ETAren aurkako ekinbideak eta, bereziki bere inguruko sare ekonomiko, politiko eta mediatikoaren aurkakoak, lehentasun osoa izango du gobernu berrian.
Jakoba Errekondo
Gaur zuhandor arrak du txanda. Mundu guztian ezagutzeko izena
Cornus mas da.
Cornus landare sendi honen latinezko izena da eta
mas hitzak arra adierazten du. Euskaldunon mentalitatetik oso urrun ez zebilen batek jarria izango du izena zuhandor honek. Landareen artean ezaugarri fisikoak direla-eta batzuk besteengandik bereizi nahi direnean sexua hartzen da aitzakitzat. Harritzekoa! Ederki asko garatua dugu hizkuntza alde horretatik. Milaka urtetan ez dugu alperrik horretara jarri ar harroon adimena! Lore gorria ematen duena arra da, urdina ematen badu, aldiz, emea. Puja indartsuak eta hazkunde azkarra duen landarea ere, arra. Pattal samar hazi eta zura bigun antzekoa sortzen badu, aldiz, emea. Latinez hala izanagatik, egun antolatzen ari den euskarazko botanika izendegi berrietan arrok ur gaineko bitsetako buru-buztangabekeri paleolitikoak alde batera utzi eta sormen moderno eta eguneratuari lehiatilatxoren bat ireki beharko genioke. Zuhandor arra beharrean, zuhandor gotorra deituz adibidez.
Landarearen erretenera bueltatuz betelan, txara eta utzitako sailetan ederki hazten den zuhaiska da zuhandor hau. Udaberrian lore laruak ematen ditu eta udazkenean hostaia galdutakoan, adar gorrizta deigarriak azaltzen ditu. Santio erreka aldeko lagun igeltseru batek dioenez zumandorra bezalakorik ez omen da mailu-kirtenetarako. Arra oso, bai!
Jabier Agirre
Ilargiaren fase desberdinek ez dute eraginik ebakuntza kirurgikoen garapenean edota operazio-osteko konplikazio posibleetan, Austrian egindako ikerketak frogatzen duen bezala. Ikerketaren egileek lanaren garrantzia azpimarratu zuten, gero eta gehiago baitira beren operazio data ilargiaren egutegiari begira jartzeko eskatzen duten pazienteak.
Graz-eko Dermatologiako unibertsitate-klinikako adituek 14.970 pazienteen operazioen atzera-begirako ikerketa egin zuten. Operazioen garapena, konplikazioak eta operatu osteko 30 egunetan pazienteek izandako errekuperazioa aztertu zituzten. Operazioen erdiak ilgora bitartean egin ziren (% 50,7) eta beste erdiak ilbehera bitartean (% 49,3).
Aztertutako kasuetatik (ebakuntza orokorrak, kirurgia plastikoa, koronarioetakoak, bularraldekoak eta bihotzeko operazioak), 189 paziente hil ziren operazio bitartean edo operatu eta hilabete pasa baino lehen (heriotza-tasa % 1,28koa izan zen). Hildakoetatik 91 ilgoran operatutakoak ziren eta 98, ilbeheran. Ilbetean operatutakoen heriotza-tasa % 1,16koa izan zen. Ez dago ilargi-faseen eragina erakusten duen joerarik, Josef Smoller, ikerketaren taldeburuaren hitzetan. Baina, Graz-eko ospitaleko kirurgialari Brigita Bunzel-en ustez, gero eta gehiago dira bizi-erritmoa ilargiaren egutegira egokitzen dutenak, eta operazio kirurgikoak ere beren ustez egokiena den unean egitea eskatzen dutenak. Erotzen hasi ote gara?
LEONGOARI BURUZKO AUZIA
LEONGO aferaren inguruko auziari segimendua egiteko prest daude Iparraldeko hainbat elkarte. Aferan auzipetuak diren militanteei beren elkartasuna adierazi diote, baita —martxoaren 18an— haien alde egingo dituzten sustengu ekintzen berri eman ere: manifestazio bat, hitzaldi bat eta kantaldi bat iragarrita daude. Martxoaren 22an hasiko da auzia Parisen. Jadanik hamazazpi urte pasatu dira gertaera hartatik. Jendarme bat hil eta Popo Larre desagertu zen. Ttotte Etxebeste, Gabi Mouesca eta Filipe Bidart auzipetuen abokatuak justizi baldintzak ez direla beteko diote. Aurkeztuko diren frogak eta lekukotasunak manipulatuak izanen diren beldur dira.
EA-REN «DIETA VASCO-NAVARRA»
BERE hauteskunde egitasmoan Hego Euskal Herrirako egituratze instituzional berria proposatzen du Eusko Alkartasunak. Marko juridiko-politiko berrian, Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko lituzkeen «Dieta Vasco-Navarra» izeneko organoa sortzea proposatzen dute; edo berdin dena, Nafarroako Parlamentuko eta Eusko Legebiltzarreko parlamentarioez modu paritarioan osatutako ganbara bat. Horrez gain, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuko ordezkari kopuru berdinez osatutako Kontseilu exekutibo bat eratuko litzateke. Azkenik, egitura hauen osagarri, Hegoaldeko eta Iparraldeko lankidetza hitzarmen bat kudeatuko lukeen organu bat eratuko litzateke.
EUSKADIKO EZKERRAKO KIDE OHIAK
FERNANDO Buesaren hileta elizkizunetan Ibarretxe lehendakariari dimisio eskaerak —oihuz eta idatziz— Cesideko elementuekin lotu ditu Eusko Alderdi Jeltzaleak. Xabier Arzalluzen esanak gezurtatuz, dimisio eskaera orrixkak Euskadiko Ezkerreko militante ohiek egin zutela zabaldu zuen biharamunean Efe agentziak; antza denez, militante ohi horietako batek —ezaguna omen dena Gasteizen, hala jakinarazi zion agentziari. Fotokopiak, halaber, Gasteizko denda batean egin zituzten eta gero manifestarien artean banatu. Egia izan daiteke, zalantza barik, baina, inongo izenik ageri ez denez, Arzalluzena ere bai.
EH PUBLIZITATE OFIZIALETIK KANPO UTZI DUTE KANPAINARAKO
ESPAINIAKO Kongresu eta Senatua aukeratzeko, hauteskunde kanpainako doaneko publizitate espazioetatik kanpo utzi dute Euskal Herritarrok. Erabakia Madrilgo hauteskunde Batzordeak hartu zuen, eta EAEko hiriburuetako hauteskunde batzordeetakoek bat egin dute erabaki horrekin. Aurretikoak ikusita, Nafarroa hauteskunde batzordeak ere bide bertsutik joko duela antzeman daiteke.
DANIEL DERGI BURURAINO
DANIEL Dergiren 60. gose greba eguna betetzean, Bicetrengo ospital zibilera eraman izan zen. Ospitale honetan beharrezko analisiak egitea eta bitamina batzuk hartzea onartu zituen. Alta, gose grebari tinko eustea erabaki zuenez, berriz ere, Justizia Ministerioak Fresnesko espetxe-ospitalera itzularazteko agindu dezakeen posibilitatea piztu da. Koldo Gorostiaga EHko eurodiputatua eta Leon Swarzenberg mediku eta ministro ohia Bicetrengo eritetxe zibileko Ledraf zuzendariarekin elkarrizketatu ziren. Ordezkaritzak grebalaria Baionako ospitalera ekartzeko nahia azaldu zion kartzelako zuzendariari.