Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-03-05 -- 1752.zenb


IPARRALDEKO 180 ERAKUNDE

Ipar Euskal Herriko 180 erakundek bat egin dute Bai Euskarari akordioarekin. Euskal Konfederaziokoek adierazi dutenez, «euskararekiko atxikimendu handia» agertu da Ipar Euskal Herrian. Aurretik izenpetu dutenez gain, hauek dira, besteak beste, akordioarekin bat egin dutenak: «Sud-Ouest» egunkaria, Radio France Pays Basque irratia, «Le Petit Basque» aldizkaria eta Conforrama saltegia. Pasa den ostiralean egin zuten izenpetze ekitaldia.


IRALE-REN POLEMIKA

EAEko Irakasleen Alfabetatze-Euskalduntzea polemikan murgildurik dago. Iazko azterketen emaitzak jakin bezain pronto (% 52,2k baino ez du lortu lehen hizkuntz eskakizuna eta % 45ek bigarrena), sistema aldatu beharra dagoela esan dute sindikatu guztiek. UGTk eta CCOOk Hezkuntza Sailean aldaketa proposamen batzuk egin dituzte, baina Jaurlaritzak ez ditu ontzat eman eta Iralek orain arteko jardunari eutsiko diola adierazi du.


EIBARKO MERKATARIEN
EUSKARA EZAGUTZA

Eibarko merkatarien erdiak daki euskara, baina laurdenak baino ez du hitz egiten. Eibarko Udalak Siadeco enpresarekin batera egin duen azterketatik ateratako datuak dira horiek. Hala ere herritar guztien batez bestekoa (% 49,5ek daki euskaraz) baino altuagoa da merkatarien euskara ezagutza, eta sektore hau da euskara gehien erabiltzen duena. 650 saltoki, lokal eta bulegok eskuhartu dute azterketa lan honetan. 1997an euskararen erabilpena bultzatzeko programa abiarazi zenetik, hobera egin du egoerak.


"SUINKI" EUSKALTEGIA ELIZONDON

Baztango AEK-k badu honez gero euskaltegia. Suinki du izena eta Elizondon zabaldu berri dute. Elizondo, Oronoz Mugaire eta Iruritan urtero osatzen dira euskalduntze eta alfabetatze taldeak; beraz, behar hori asetzera dator euskaltegi berria.

Kalaka atsegina du Maria iruindarrak. Kazetaritza ikasten hasi aitzin, jada Euskalerrian parte hartzen zuen. Orain, larunbat goizeko programazioa bere gain hartu du, «Xingulu mangulu» umeentzako saioa eta eguerdiko «Asteroidea» astearen kronikarekin.

«Lankideek ongi prestatua uzten didate dena. Umeekin ere gustura aritzen naiz; bitxia da nola lotsatzen diren mikro aurrean, nahiz eta itzaltzean ezin isildu dabiltzan. Umeen bat-batekotasun hori ezin da islatu»
. Naturaltasuna berez ukan behar delakoan dago,

«baina ez du zerikusirik isila edo berritsua izatearekin, naturaltasuna, finean, zure burua gehiegi ez behartzea da».
Halaber, astean zehar Herri Irratian Karmele Aranbururen albistegian dihardu.

«Arras ezberdina den arren, larunbatekoa aberasgarriagoa da»

RADIO EUSKADI ETA CATALUNYA RADIO
Irrati guztiak dira dependienteak. Atzean duten enpresaren txotxongilo gisa edo agintean dagoenaren esanetara makurtuta. Batzuek ez dute disimulatzeko ahaleginik ere egiten, horra hor, Herrera, Del Olmo eta konpainiaren tertulia kabernikolak. Radio Euskadik bederen, iritzi aniztasuna eskaintzen die entzuleei. Azkenaldian gainera, Catalunya Radiorekin dituen harremanak estutu egin ditu, informazio trukaketa baino gehiago izan dadin. «Bulevar abierto» eta «Ganbara» saioetan, Baltasar Porcel, Salva Cardus, Ernest Lluch edota Antoni Segura adituen ikuspuntua argigarria izan ohi da


DURANGALDEA EZAGUTARAZTEN

LANKIDETZA hitzarmena sinatu berri dute Gerediaga Elkarteak eta «Eraz» Durangaldeko astekariak. Hitzarmenaren xedea eskualde honetako kultura eta historia zabaltzea da. Horretarako jadanik lehen proiektua martxan da. «Durangaldea Gogoan» liburuxka bildumaren lehen zenbakiak San Blas Feria jorratzen du. 20 orrialdeetan zehar lehen ale honek argazkiak, bitxikeriak eta datu historikoak biltzen ditu. Bildumaren baitan urtean zehar bi edo hiru ale monografiko argitaratuko dira.


TRIKITIXA HURBILDUZ

ETORKIZUNA eta iragana izan ziren otsailaren 23an Azpeitian Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eginiko batzar nagusiaren gai nagusiak. Atzera begira, 1999ko balantzea egin zuten, zazpi eskualdeetan eskainitako jaialdiei erreparatuz. Aurrera begira berriz, erakusketa ibiltaria egingo dute aurten ere, baina bakarrik bizpahiru alditan muntatuko da. Horrez gain, trikitixa irakaskuntzara hurbildu nahi du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Urtean zehar musika eskoletan eta trikitixa eskoletan emanaldiak eta hitzaldiak antolatuko dituzte horretarako. Ekitaldi hauek zortzi lagunek eskainiko dituzte, lau bikoteetan banaturik: Iker Goenaga eta Aitor Furundarena, Alaitz eta Maider, Imuntzo eta Beloki eta Ixiar Orexa eta Joseba Tapia.


HAMABOSTALDI POTOLOA

JOSE Antonio Echenique, Donostiako Musika Hamabostaldiaren zuzendariak 61.edizioaren aurrerapena aurkeztu zuen otsailaren 18an. Aurtengo Hamabostaldiak Luis de Pablo konpositore bilbotarra omenduko du, 70 urte bete baititu. Hamabostaldiak beste hainbat protagonista ere izango du: Johann Sebastian Bachen inguruko maratoia egingo da, Mahler eta Mozartek ere leku berezia izango dute, Carlos V.aren inguruko antzinako musikako ziklo bat eskainiko da eta Ainhoa Arteta eta June Anderson ere bertan izango dira. Euskadiko Orkestraz gain, beste bost orkestra sinfonikok joko dute jaialdian. Gainera, abuztuaren 9tik irailaren 3ra egingo den Hamabostaldiak Donostiatik kanpo ekitaldiak eskainiko ditu. Hondarribiko paradorea, Getaria eta Leireko Santutegia izango dira honen lekuko.


GANBERA OPERA MISTOA

RAMON Agirre eta Isabel Alvarez dira «Emakumezko zapatak» ganbera operaren protagonista nagusiak. Lana martxoaren 4an eta 5ean ikusi ahal izango da Saroben. Sarobeko zuzendari Kike Santiagok idatzi eta zuzendutako lan honetan emakume eta gizonaren rolak agerian geldituko dira ironiaz beterik. Opera tradizionalarekin hautsiz, «Emakumezko zapatak»en antzerkiak, kantuak, musikak eta zinemak bat egingo dute.


AZTERKETA BAT GEHIAGO

NAFARROAKO Hezkuntza Sailak hartutako erabakiaren arabera, hemendik aurrera D ereduko ikasleek eta euskarazko ikasgaia duten A eredukoek, azterketa bat gehiago egin beharko dute selektibitatean. Selektibitateko lehen atalak hiru azterketa izango ditu denentzat: historiako testuaren iruzkina, gaztelaniazkoa eta beste hizkuntza batekoa. D eta A ereduen kasuan ordea, laugarren bat gehituko da: euskarazko iruzkina.

Ińaki Lasa honela mintzo zen «Diario de Noticias»en: «Hizkuntzaren inguruan herri mugimendu sendoa dago Euskal Herrian, gizartearen atxikimendu zabalarekin eta hau ez da hain modu nabarmenean ikusten Irlandan».

Alfonso Alonsok zera esan zuen «Euskaldunon Egunkaria»n: «Ez dugu inola ere planteatzen D ereduak etorkinen integrazioa bermatzen ez duenik. Gurasoek seme-alabentzat nahi duten eredua aukera dezaten babesten dugu (...)».

Alfonso Garcia la Torreren hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n esanak: «Modak agintzen duena da entzuten den bakarra; egun inor ez da arriskatzen ezagunegiak ez diren musikak ezagutzera emateko, zabaltzeko, eta gizarteari gerturatzeko».

Joxe Agirrek honela zioen bertsolaritzaren aldaketei buruz «Azpeitian zer?» aldizkarian: «Uste dut bertsolaritzari lehen aldaketa handia Basarrik eman ziola. Gero Amuriza azaldu zen, beste fenomeno bat, eta horrek ere asko aldatu zuen bertsokera nire iritzirako, gai bakarrean eta bertso luzeak kantatzeko moda hortik sartu zen».

Donostiako Bretxan merkatalgune berria zabaldu dute duela gutxi. Zinema aretoak, supermerkatua, dendak... daude lehen arraindegia zen tokian. baina bertan euskararen bazterketa nabarmena da, 13 lokaletatik bakar batek ditu mezu guztiak elebitan. Arrano Beltza, AEK, EHE, Ilazki eta Bagerak kanpaina jarri dute abian bertako paisajea euskaldundu dezaten.

AUTORITARISMO ERREPRESIBOA
J. R. Etxebarriak eta J. M. Zalakain
ek honakoa zioten EHUren inguruan «Euskaldunon Egunkaria»n:
«Hemendik gutxira errektore berria hautatuko dute UPV-EHU unibertsitatean. (...) Klaustroan hautatuko den errektore-taldeak erronka handiak izango ditu aurrean. Ez soilik arazo tekniko arruntei dagokienez (...) horiek baino are garrantzitsuagoa izango da agintari berrien portaera eta Euskal Herriko unibertsitate-erakunde benetako baten eginbeharraz izango duten jarrera. Hauen aurretik postu horretan egon diren Barberá, Goiriena eta Salabururen errektore-taldeak eskas ibili dira horretan. Horien ezaugarri nagusia autoritarismo errepresiboa izan da, eta jarrera horrekin kutsatu dituzte erakunde unibertsitarioaren partaide eta gestio-organo asko eta asko; gainera, horrekin batera eta aldi berean, izugarrizko sumisioa agertu dute espainiar estatuko botere zentralen aurrean. (...) Aurreko hamar urte horiek lotsagarriak izan baitira, Euskal Herriaren eskari nazionalekin zerikusirik izan duten arazoak elkarrizketa bidez ebazteko inolako ahaleginik egin ez delako —unibertsitatean egin behar litzatekeen modura—. Hemendik aurrera UPV-EHU gobernatu nahi duen taldeak, ez luke ahantzi behar unibertsitate hau Euskal Herrian kokaturik dagoela, eta gure herriaren zerbitzurako izan behar lukeela (...)».

Espido Freire
idazleak Getxoko Emakumeen XI. Jardunaldiari hasiera eman zion literatura laburrean emakumeak duen rolari buruzko hitzaldi batekin. Otsailaren 23an Zabala Ikastetxean eskainitako mintzaldi honetan sorginak, printzesak eta maitagarriak izan zituen hizpide, beste batzuren artean. Espido Freire gaztelerazko literaturako azken Planeta sariaren irabazlea da. Saria «Melocotones helados» lanarengatik jaso zuen.

Julen Gabiria
k «Connemara gure bihotzean: Road movie» bere lehen liburua aurkeztu zuen otsailaren 18an. Liburua 1998an lortu zuen Igartza bekari esker idatzi du.

Zea Mays
taldeak martxoan grabatuko du bere bigarren CDa. Lana Bilboko Tio Pepe estudioetan grabatuko du eta apirilaren erdialdera salgai izango da.

«ROB ROY»REN EUSKARA JANTZIEGIA
Euskarazko bikoizketak gero eta hobeak diren arren, itzulpenetan zer hobetu franko dago oraindik. Lehengoan, «Rob Roy» filma eman zutelarik, Rob eta bere lagunen mintzamolde korapilatsua euskaraz sinestezina egiten zen, are gehiago Eskoziako Highlands-etan girotua egonda. «Zine oro»n dioten gisan, zergatik ez? Ba, ulertzen ez delako

10 LAGUN ETXE BATEAN 90 EGUNEZ GILTZAPETUTA
Tele 5ek «Casting» bat abiarazi du «Gran hermano» saiorako. «Adimen emozionala» duten 20 eta 45 urte bitarteko gizon eta emakumeen bila dabiltza. Hona telefonoa: 902100605. Publikoak erabaki kanporaketen bidez, lehiakideek aldiro etxea utzi beharko dute, harik eta bat geratzen den arte. Saria: 20 milioi pezetakoa (800.000 libera inguru)

ALDAKETAK HELDU DIRA
«SORGINEN LARATZA»RA
Txotxi sukaldea eta iragarki lehiaketak freskura eman diote saioari. Fikziozko tarte bat ere hastekoa da Eneko Olasagastiren eskutik. Saioaren indargunea ordea, ez dago maiz darabilten tonu faltsu horretan, natural aritzen direnean baizik. Luis Elberdin sexologoaren tartean, adibidez, Klaudio Landaren parte hartzea gehiegizkoa da gure ustez

Euskaraz kasu egingo dizute hemendik aurrera Telefonican kexaren bat baldin baduzu. 1004 zenbakiko zerbitzua euskaldundu du enpresa espainiarrak, horretarako 13 laguneko hiru talde osatuz. Lehen aldia da gaztelania ez beste hizkuntza batean jarduteko lantalde berezia antolatzen dena. Horretarako ia 100 milioi pezetako inbertsioa egin du Telefonicak.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan