Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-02-27 -- 1751.zenb

"Ni ez naiz arrazista baina..."

Agustin Unzurrunzaga


Ez dadila etorkin magrebiar bat nire aurrean jarri». Honelako edo antzeko esaldiak maiz entzun ditugu pasa diren egunetan El Ejidoko gertakarien aurrean. Badirudi inork ez duela bere burua arrazistatzat jotzen, edo horrela izendatzea irain handi bat bezala hartzen dela. Hitz batzuk, sozialki estigmatzaileak dira.
El Ejidon gertatutakoa ez da, inolaz ere, arrazakeria kasu bat soilik. Han, eta antzeko gertakariak gertatu diren beste lekuetan, gauza mordoa egoten da pilatuta: aurreiritziak, beldurrak, frustrazioak, espazioaren okupazioa, lan arazoak, etxebizitzarenak, norberaren indarra harreman sozialetan... Baina, nahiz eta hori guztia metatuta egon, nire iritziz behintzat, komunitate oso baten arrazalizazio prozesu bat ere egon da. Magrebiar etorkin populazio osoa neska gazte baten heriotzaren erruduntzat jo da, hiltzailearen jatorri berekoa izateagatik; pertsona batek egindako delitu bat etnifikatu egin da, magrebiar guztiak gorroto eta mendekuaren subjektu eginaz; ekonomikoki, sozialki eta legalki baztertua dagoen gutxiengoa erasotu da, «nagusiak» zeintzuk diren frogatu nahian, burumakur eta zuloan jarraitu behar dutela gogoraraziz.
Arrazakeria polimorfoa da, arrazalizazio prozesuak anitzak diren antzera. Alde batetik, bestearekiko gorrotoz eta mesprezuz osaturiko portaeretan azaltzen da. Bestaldetik ideietan, ideologia edo doktrina bat osatuz, edo biak uztartuz eta politika bat osatuz. Denetarikoak ikusi ditugu azken egunotan.
Arrazakeriaren inguruko gogoetak albo batera utziz, El Ejidon, etorkinekiko Atzerritartasun Legearen ondorio latzak agerian jarri dira. Lege hori indarrean dagoenetik, orain dela hamabost urte, ez dira politika integratzaileak bultzatu. Hori ez da sekula egon Lege horren helburuen artean. Alderantziz, Atzerritartasun Legeak etorkinak baztertu eta prekarizatu egin ditu, beti paperen atzean, beti poliziaren eskuetan, bigarren mailako herritar, eskubide gutxiagorekin eta leku guztietan diskriminatuak: lanean, etxeak alokatzerakoan, taberna eta diskoteketan. Eta orain dela gutxi onartu berri den Lege berriak ez dio horri buelta emango. Atzerritartasun lege bat indarrean egoteak, gure aldamenean bizi diren herritar batzuk (gure aldamenean lan egiten dutenak, euren seme-alabak gure seme-alabekin batera eskolara doazenak...) guk ditugun eskubide berak ez dituztela suposatzen du. Hau da, eskubideen desberdintasuna, estatus bereziak, administrazioarekiko harreman bereziak, eta prozedura bereziak daudela suposatzen du. Jakina, atzerritartasun lege guztiak ez dira berdinak, batetik bestera eskubideen eremua zabalagoa edo murritzagoa izan daiteke. Baina guztietan dago desberdintasun puntu hori, arazo larria izan daitekeena.
El Ejido, izugarrizko hipokresia baten inguruan eraiki den leku bat da. Guztiek onartzen zuten etorkinen lan-esku merkearen derrigortasuna plastiko azpian hazten ziren barazkiak ekoizteko eta komertzializatzeko, baina, gutxienez etorkinen kopuru bat irregulartasunean mantenduz, nekazari hitzarmena ez aplikatuz, soldata txikiagoak ordainduz eta duintasunez bizitzeko baliabideak ukatuz.
Eta guk zer? Akaso bateren batek pentsatuko du hau guztia andaluziarren arazo bat dela, eta gu, hemen, txerto misteriotsu baten eraginaz, honelako portaerataz txertatuta gaudela. Bai hemen eta bai han, txerto bakarra, berdintasunaren alde lanean aritzean datza, etorkinekiko abegi politikak bultzatuz, integrazio sozial eta politikoa errazteko. Politika horiek eskubideen berdintasunean oinarritu behar dira, herritartasunaren onarpenean, atzerritarrentzat lege berezien ukapenean, etorkinen erakarpena gizartearekiko onartuz eta legitimatuz. Aipatutako hori guztia lantzen badugu, benetako pausoak emango ditugu horrelako gertakariak, ez han eta ez hemen, eman ez daitezen

SOS Arrazakeria

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan