Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-02-27 -- 1751.zenb

MILA URTE PASATA, ZARAUTZEN AZALDU DIRA GURE ARBASOAK

Nagore Irazustabarrena

Behe Erdi Aroan euskal kosta ez omen zegoen populatua. Normando eta vikingoen erasoen beldur izaki, populazioak barnealdean kokatzeko joera omen zuen. Horixe da, bederen, tradizio historiografikoak orain arte esan duena, Erromatarren garaitik —V. mendea— kostaldeko lehen hiribilduen fundazioa bitarteko —XIII-XIV. mendeak— tarte zabalean zegoen hutsuneari nolabait aurre eginez. 1997an Zarautzen aurkitutako nekropolia hutsune hori betetzen hasi da, aurreko usteak bertan behera utziz. Aztarnategiko arrasto zaharrenak IX-X. mendekoak izan daitezkeela diote arduradunek. Zarautzen fundazioa baino lehen ere (1237), zonaldea populatua zegoela, alegia.
Zarauzko hiribildua babes arkeologikodun zonaldea da. Horrek esan nahi du, hiribilduan lanak egiten hasi baino lehen, derrigorrezkoa dela prospekzio arkeologiko bat egitea. Eta hala egin zuten Santa Maria la Real parrokiako kanpandorrearen egokitze lanak abian jarri baino lehen. 1997an Aranzadiko ikerle talde batek giza aztarnak topatu zituen dorrearen azpian eta indusketako lehen kanpainari ekin zioten horrenbestez. Bigarren kanpaina, aztarnategiaren indusketa bera, iragan abenduan burutu dute Alfredo Moraza eta Alex Ibañezen zuzendaritzapean.
Morazaren aburuz, aurkitutakoaren azalpenarekin hasi baino lehen, «

beharrezkoa da edukia eta edukitzailea bereiztea, ez baitute zerikusirik
». Edukitzailea, kanpandorrea alegia, XV. mende bukaeran edo XVI.aren amaieran izan zen eraikia eduki zaharragoaren —nekropoliaren— gainean eta berau mozten. Indusketak dorrearen barruan egin dituzte, 25 metro koadro inguruko azaleran, baina horrek ez du esan nahi hildakoak barruan ehortzi zituztenik, ezta nekropolia azalera horretara mugatzen denik ere. Horren erakusle garbia da zenbait hildako eraikuntzaren zimentuek ebakita agertu izana.


HIRU MAILA.

Nekropoliaren indusketan, zoruan behera egin ahala, hiru maila desberdin bereizi dituzte arkeologoek. Maila bakoitzean garai ezberdineko arrastoak topatu dira eta lurperatzeko sistemak ere aldatu egiten dira batetik bestera.
Lehen mailak, berrienak, XIII-XIV. mendeko emaitza jaso du datazioetan. Gorpuak zangatan sartuta ehortzi zituzten. Estalkien aztarnarik ez da topatu, baina seguruenik izango zituzten. 8-10 gorpu berreskuratu dira, gehienak gizonezkoak eta gazteak.
Bigarren mailan harlauzazko ehorzketak geratu dira agerian. Hareharrizko harlauza landuak bertikalki paratuak daude, gorpuarentzako espazio errektangularrak osatuz. Estalkiak galdu egin dira hemen ere. Beste hamar bat gorpu azaldu dira maila honetan. Berriro ere gizonezkoak dira gehienak, baina emakumezkoren bat eta haurren bat ere badira tartean. XI-XII. mendekoak dira giza aztarna hauek.
Maila zaharrenean horma moduko hilobiak topatu dituzte. Oboide formako hilobiak dira hauek eta formarik gabeko hareharri eta kare-harri blokez pareta moduan eraikiak izan ziren. Kasu honetan estalkiak mantendu egin dira —kare-harrizko bospasei harlauza hilobi bakoitzeko—. Beste sei hildako aurkitu dira azken mailan. Datazioen emaitzak iristeke daudelarik, IX-X. mendeko behin-behineko data ipini diete aztarnei, Araba eta Bizkaian aurkitutako hainbat aztarnategitan tankera horretako hilobiek emaitza hori eman baitute.
«

Gorpuak ehortzi zirenetik mila urte inguru pasa direla kontuan hartuta, kontserbazioa oso-oso ona
» dela dio Morazak. Inguruko buztin eta hare nahasketa oso lagungarri izan omen da horretan. Gainera, aztarna hauek publikoak ikus ditzan agerian geratuko direnez, tratamendu berezi bat emango zaie iraupena ziurtatzearren.
Aranzadiko kideak pozik ageri dira dorrea museo bilakatzeko Zarauzko Udalaren egitasmoarekin. «

Gehienetan, aztarnak berriro lurperatu behar izaten dira edo besterik gabe suntsitu egiten dituzte
».


HILOBI KRISTAUAK

. Aztarnategi honek Behe Erdi Aroan gure kostaldea populatua zegoela erakusten duela esana dugu. Halaber, kristautasunak dagoeneko toki garrantzitsua zuela ondoriozta daiteke. Hilobi hauek ohikoak dira ehorzketa kristauetan eta gorpu guztiak ekialdera begira ipini zituzten. Objektu gutxi topatu da bertan —zeramika puska batzuk, txanponen bat, orratz bat—. Izan ere, horrelako ehorzketetan ez zen ohikoa hildakoak objektuekin hilobiratzea —ohitura hori beranduago zabalduko zen—.
Hildakoak kanpoan ehortzi ohi zituzten, eliza edo ermita baten inguruan. Eliza barruan ehorzteko ohitura beranduago iritsi zen, XVI. mende inguruan eta beranduago, XIX. mendean, higiene kontuak medio, hiribildutik kanpora eraman zituzten hilerriak.
Goiz da oraindik nekropoli honetatik ondorio gehiago ateratzeko. Lau bat hilabete zain egon beharko dela diote Aranzadikoek. Aztarna zaharrenen adina ezagutzeko datazioa Uppsalatik (Suedia) etorriko da. Analisi paleopatologikoaren ardura —hildakoen adina, sexua, gaixotasunak... argituko ditu— Pako Etxeberriak du. Azterketa Odontologikoa Alberto Goienetxea eta Eva Egurenek egingo dute eta hildakoen elikaduraren inguruko informazioa ekar dezake. Azkenik, azterketa numismatikoaz —txanponak— Bartzelonako Unibertsitatea arduratu da.
Nekropoli honen indusketa lanak ez dira, hala ere, horretan amaituko. Orain arte dorretxe barruan jardun badute ere, nekropolia zabalagoa da, eta lanean jarraitzeko egitasmoa hor dago. Zailtasunak ere hor dira, hala ere. Dorrearen albo batean eliza bera dago, bestean etxebizitzak eta parean Meagaserako errepidea. Baina Fernando Llopis Zarauzko Udaleko Kultua zuzendariak aurten bertan atzeko jardinetan lanean hasiko direla esan digu. Bere ustez interesgarria litzateke, «

hilobiez gain, garai hartako biztanleen bizitokia ere topatzea. Haien bizimoduaz informazioa emango liguke horrek
».
Oraingoz, ez dakigu noraino iritsiko den aztarnategi honen azterketa. Baina, orain arte egindakoaren emaitza Aste Santuan ikus ahalko du bertara hurbiltzen denak. Eta bisitariak ez dira, seguruenik, gutxi izango. Indusketan ari zirela ere jakinmin handia piztu zuen inguruan eta zarauztar mordoa hurbildu zen euren arbasoek, hil eta mila urtera, zernolako itxura zuten ikustera

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan