![]() | Daniel Udalaitz2000-02-27 |
Nazio Batuen Erakundeko Biztanleria Batzordeak egindako azterketa demografikoek etorkizun kezkagarria iragartzen dute Europarentzat. Azkenaldi honetan Europan, eta bereziki azken asteotan Almerian, gertatzen ari diren xenofobia eta arrazakeria gertakariak kontuan izanik, ez dirudi biztanleria oso prest dagoenik etorkinei behar den harrera egin eta integratzen laguntzeko. Hala ere, etorkinak geroz eta beharrezkoak izango dira Europan, eta beraz Euskal Herrian, egungo ongizate estatua mantendu nahi bada. Eta biztanleriaren sektore batek hainbeste gorrotatzen, hain gaizki tratatzen dituen eta gehiengo handi batek guztiz ahazturik dituen horiek dira gure pentsioak eta ongizate estatua ziurtatu eta bermatzeko lan egingo dutenak, eta, gainera, gaizki ordainduta eta baldintza oso kaskarretan.
Hitz gutxitan esanda, oraingo demografia joerarekin jarraituz gero, Espainiako Estatuak 2050. urtean mundu osoko biztanleria zaharrena izango du, eta batez besteko adina 54 urtekoa izango da. 12 milioi etorkin beharko ditu gaur egun biztanleria aktiboaren eta pasiboaren artean dugun proportzioarekin jarraitu ahal izateko. Horrek, inolako apaingarririk jarri gabe, produkzio sistema neurri handi batean etorkinengan oinarrituko dela esan nahi du. Europako Batasunaren kasuan, 2025. urtera begira egindako azterketaren arabera, 159 milioi etorkin beharko dira, hau da, gaur egungo biztanleriaren % 40.
Hori nabarmentzen da berriki egin diren Europako demografia azterketetan. Beti gertatu ohi denez, azterketa horiek egin dituztenentzat Euskal Herria ez da existitzen eta, beraz, bertako datuak Espainiaren eta Frantziaren osotasunean galtzen dira. Nolanahi ere, azterketa horiek baliagarri zaizkigu Euskal Herriko egoera ezagutzeko.
PENTSIOAK KOLOKAN.
Nahiz eta Espainiako Estatuan geroz eta eskulan premia handiagoa izan, Madrileko Gobernuak Europako Batasunaz kanpoko 30.000 etorkin soilik onartzen ditu urtean. Hori izan zen 1999ko kopurua eta ez dirudi 2000koa ezberdina izango denik. Kupoaz gainera, Administrazioa hainbat egitura egokitzen saiatzen da etorkin horiek sasoikako langileak izan daitezen soilik, hori baita enpresarien eskakizuna.
Lan baimena eskuratzeko eskariak 94.819 izan zirela kontuan hartuta, oso mugatua da 30.000ko kopuru hori. Beraz, egoera alegalean lan egin nahi zutenak Espainiako Gobernuak premiazkotzat jotzen zituenen hiru halako ziren. Izandako eskari kopuruak bikoiztu egin zuen 1998koa. Nolanahi ere, aditu batzuek diotenez, lan baimena eskatzen duen askok bere herrialdetik eskatzen du; beraz, Espainiako Estatuan lanean ari diren Europako Batasunaz kanpoko langileak 100.000 inguru direla uste da.
Duela gutxi onartu da Atzerritartasun Lege berria, PPk aurkako botoa eman arren. Lege honek ez du sistema hau baztertzen, nahiz eta neurri batean eskuragarriak diren bide alternatiboak ezartzen dituen Espainiako Estatuan lan egitea lortu ahal izateko. Baina legea aplikatu behar duena Espainiako Gobernua da eta PPk, dagoeneko, iragarria du legea aldatu egingo duela, datozen hauteskundeak irabazten baldin baditu