DEKLARAZIOA
Mikel Telleria
Gaztelupeko Hotsak
2.185 pta.
Haritz libreei eskaini die musikaren arnasa Mikel Telleriak. «Deklarazioa» izenburuko disko honekin berragertu da kantautorea, eta hamabi kantu bildu ditu bertan. Erretratu erromantikoak eta sentimentu gazi-gozoak sortzen dituzten kantuak dira.
Diskoari izena ematen dion lehen kantuak maitasun deklarazioa egiten du, piano batez lagundurik. «Desioarena» kantuak aurreko pausoa, alegia arriskatu eta atzetik bila ibiltzea deskribatzen du. Eta «Zazpi ehiztari» lanak berriz, ordainik gabeko amodioa du gaitzat.
Maitasunaz gain beste arlo batzuk ere lantzen ditu Telleriak bere diskoan: «Ameriketan» kantua jazz inspirazioan oinarritua da, eta herrialde maiz desiratu horren monotonia eta desengainua erakusten du. «Itzulan» piezak lur usaina dakarkigu, lan horren giroa deskribatuz. Eta «Egunak» kantu akustikoak denboraren joanari soinua jartzen dio.
Mikel Telleriak idatzi ditu kantu guztien musika eta hitzak, baina bere ondoan musikari talde baten laguntza izan du: Koldo Uriartek jotzen du diskoan teklatua, Iosu Izagirre eta Iker Uriartek erritmo-kaxa —azken hau baterian ere aritu da—, eta Juanjo Unzillak gitarra elektrikoa. Gainera, aipaturiko Iosu Izagirre eta Asier Yarza izan ditu baxu elektrikoarekin lagun. Horiekin guztiekin joan den udazkenean grabatu zuen lan hau Telleriak Azkarateko Katarain estudioan