Jon Garmendia
Sagardogintzaren adibide bezala joan den urrian Urnietako Errotaberria baserrian eginikoa hartuko dugu. Bertan, helburua 1.250 litroko upela betetzea zen, etxeko kontsumorako.
Sagar bilketa urriaren 3an eta 4an egin zen (larunbata eta igandea). Hiru sagastitatik guztira 2.000 Kg. sagar bildu ziren. 800 kg. baserrikoa den Hernaniko sagasti batetik eskuratu ziren eta beste 700 kg. Hernaniko Zubillagatarren Errenteriako sagasti batetik. Gainerako 500 kg.-ak Hernaniko beste sagasti batetik hartu ziren.
1998. urtea nahiko txarra izan zen, bai baserrian eta baita inguruko sagastietan ere, sagar gutxi eman baitzuten sagarrondoek. Sagardogile askok (inoiz baino gehiago) kanpoan erosi behar izan zuen sagarra. Sagar bilketan, sagar jotzerakoan, dolarean eta upel betetzerakoan egin zuen eguraldia oso euritsua eta hotza izan zen; guztiz mesedegarria sagardogintzarako. Sagarrak sagastietik erdi-garbiak etorri ziren. Hotz egiten zuenez, ernamuinak eta legami basatiak ez ziren ugaldu.
Bilketa eskuz eta kizkiak erabiltzen egin zen hiru-lau lagunen artean. 50-60 kg.-ko zakuak bete ziren eta zuzenean sagardotegira eramaten ziren 4x4ko auto batean. Bertan zakuak leku lehor eta ilunean bildu ziren.
Sagardogintzarako sagardotegiko bi solairuak erabili ziren. Lehendabizikoan zakuak upelen ondoan jarri ziren eta bigarren solairuan berriz, sagarra garbitu, jo eta prentsatu egiten zen.
ESTUALDI BAKOITZEKO 400 KG.
Baserri honek duen dolarea txikia da, eskuzkoa, mahatsa prentsatzeko erabiltzen den horietakoa. Estualdi bakoitzeko 400 kg. patsa sartzen da eta beraz, 2.000 kg estutzeko bost aldiz bete zen dolarea. Prentsaldi bakoitzeko beheko soilairutik 8 zaku igo ziren (400 Kg. gutxi gorabehera).
Urriaren 5ean (astelehena), goizeko zortzietan lehendabiziko 8 zakuak igotzen hasi eta bigarren solairuan dagoen 4x2 metro karratuko piszina batean hustu ziren. Sagar hautaketa egin zen ondoren, hau da, txarrak baztertu eta ur tutu baten bidez garbitu ziren onak zeudenak. Behin sagarrak garbituta, matxaka erabiliz sagarra jotzen hasi ziren. Lan hau oso motela eta neketsua da matxaka oso motel ibiltzen baita. Zortzi zaku jotzeko bi edo hiru ordu behar ditu. Pertsona batek tobera betetzen zuen bitartean, besteak matxaka azpitik txikitutako patsa jaso eta aldemenean dagoen beste piszina batean pilatu zuen. Beste piszina honetan patsa 5-6 orduz beratzen eduki zen. Piszina hau maldan dago eta horrela, patsak askatzen duen zukua zulora bideratzen da. Zulo honetatik, gero upelarekin bat egiten duen tutu bat abiatzen da.
ZUKUA ATERATZEN 4 ORDU.
Behin prentsa bete ondoren lehendabiziko kolpea eman zitzaion, hau da, lehendabiziko estualdia. Zukuaren jarioa gelditzen denean eta ahal den guztia estutu denean, patsa atera, aireztatu eta berriro dolarean sartu behar da. Patsak duen zukua ateratzeko 3 edo 4 kolpe behar izaten dira eta kasu honetan ere horrela izan zen, lau kolpe eman zitzaion. Prozesu hau burutzeko 4 bat ordu behar izan ziren. Hori egiten zen bitartean, beheko solairutik beste zortzi sagar zaku igo ziren, garbitu eta txikituz, patsa hurrengo egunerako bigarren laukian beratzen utziz. Dolarean zegoen patsari eman beharreko estualdiak eman ondoren, patsa lehorra zakutan sartu zen. Arratsaldeko zortzietan lana amaitutzat eman zen.
Urriaren 6an (asteartea), goizeko zortzietan beste 8 zaku sagar igo ziren, garbitu eta txikitzeko. Aurreko egunean beratzen utzi zen patsarekin berriz, dolarea bete eta eman beharreko hiru edo lau kolpeak eman zitzaizkion, kolpe bakoitzeko patsa atera eta sartuz. Behin hori egin ondoren, patsa lehorra hartu eta zakutan sartu zen eta bitartean garbituta zeuden sagarrak txikitu eta patsa arratsalderako beratzen utzi zen. Arratsaldean beratzen zegoen patsari zegozkion kolpeak eman eta patsa lehorra zakutan sartu zen. Bitartean beste zortzi zaku igo, garbitu eta txikitu ziren, beratzen utziz hurrengo egunera arte. Lana zortzietan eman zen amaitutzat.
Urriaren 7an (asteazkena), goizeko zortzietan, aurreko egunean beratzen utzi zen patsa hartu eta dolarea bete zen, eman beharreko lau kolpeak emanez. Azkeneko zortzi zakuak hartu eta goiko solairura igo ziren, garbitu eta jotzeko. Arratsaldean dolarean zegoen patsa lehorra atera, zakutan gorde eta goizean beratzen utzitakoarekin azkeneko aldiz dolarea bete zen. Lau kolpe eman eta 20:00etan lana amaitu zen.
Egunotako lanaren ondoren 1.250 litroko upela, garagardoa gordetzeko erabili ohi diren 50 litroko 3 upel, (barrikoteak egiteko) eta 60 litroko egurrezko upel txiki bat, (hau ere barrikotea egiteko) bete ziren.
Garagardoa gordetzeko upeletako baten edukia, upel handiak irakiten zuenean, hustutzen zen eran betetzeko erabili zen. Horrela ez zen airerik sartzen, beste upelak, berriz, barrikoteak egiteko erabili ziren. Upel handiko zukua berehala hasi zen irakiten. Behin bi irakinaldiak bukatu zirela ikusi ondoren, prozesua amaitutzat azaroaren 15ean eman zen. Upelari estalkia jarri zitzaion abendura arte.
Upela abenduaren 20an ireki zen, etxekoek dasta zezaten, eta dirudienez, denek beraien oniritzia eman zuten
Daniel Udalaitz
Nazio Batuen Erakundeko Biztanleria Batzordeak egindako azterketa demografikoek etorkizun kezkagarria iragartzen dute Europarentzat. Azkenaldi honetan Europan, eta bereziki azken asteotan Almerian, gertatzen ari diren xenofobia eta arrazakeria gertakariak kontuan izanik, ez dirudi biztanleria oso prest dagoenik etorkinei behar den harrera egin eta integratzen laguntzeko. Hala ere, etorkinak geroz eta beharrezkoak izango dira Europan, eta beraz Euskal Herrian, egungo ongizate estatua mantendu nahi bada. Eta biztanleriaren sektore batek hainbeste gorrotatzen, hain gaizki tratatzen dituen eta gehiengo handi batek guztiz ahazturik dituen horiek dira gure pentsioak eta ongizate estatua ziurtatu eta bermatzeko lan egingo dutenak, eta, gainera, gaizki ordainduta eta baldintza oso kaskarretan.
Hitz gutxitan esanda, oraingo demografia joerarekin jarraituz gero, Espainiako Estatuak 2050. urtean mundu osoko biztanleria zaharrena izango du, eta batez besteko adina 54 urtekoa izango da. 12 milioi etorkin beharko ditu gaur egun biztanleria aktiboaren eta pasiboaren artean dugun proportzioarekin jarraitu ahal izateko. Horrek, inolako apaingarririk jarri gabe, produkzio sistema neurri handi batean etorkinengan oinarrituko dela esan nahi du. Europako Batasunaren kasuan, 2025. urtera begira egindako azterketaren arabera, 159 milioi etorkin beharko dira, hau da, gaur egungo biztanleriaren % 40.
Hori nabarmentzen da berriki egin diren Europako demografia azterketetan. Beti gertatu ohi denez, azterketa horiek egin dituztenentzat Euskal Herria ez da existitzen eta, beraz, bertako datuak Espainiaren eta Frantziaren osotasunean galtzen dira. Nolanahi ere, azterketa horiek baliagarri zaizkigu Euskal Herriko egoera ezagutzeko.
PENTSIOAK KOLOKAN.
Argi gorri guztiak piztu dira. Europako ongizate estatua arrisku larrian dago. Pentsioak arriskuan daude. Gaur egungo demografiaren ondorioz, atzerriko eskulana beharko da, eskulan ugari, europarrak ondo bizi gaitezen. Gaur egungo joerak jarraitzen badu, berrogeita hamar urte barru Espainiako Estatuko 39,6 milioiko biztanleria 30,2 milioitan geratuko da. Hori da NBEk, Biztanleria Batzordearen bidez, berriki helarazi duen mezua.
Bost urte inguruko epean Europako hiritarrek (Espainia, Frantzia eta Euskal Herrikoak ere) ezingo dute oraingo erretiro pentsioak jasotzen jarraitu, demografiaren beherakada zuzentzen ez bada edo etorkinekiko jokabide murriztailea aldatzen ez bada. Herrialde batzuetan, Alemanian edo Italian esaterako, epe hori hiru urtetara muga daiteke. Baieztapen hori ez du lerro hauek sinatzen dituenak egiten. Europako Batzordeak duela gutxi biztanleriaren eta enpleguaren inguruan egindako azterketen ondorio da, eta are indar handiagoa hartzen du NBEk ezagutarazitako datu horien ondoren. Gainera, datuok Eurostatek, estatistikako bulego europarrak, berretsi ditu.
Azterketa honen arabera, Italiarekin batera, Espainiako Estatua da datozen urteotan giza kapital gehien galduko duen herrialdea. 2050ean munduko estaturik zaharrena izango da, eta batez besteko adina 54,3 urtekoa izango da, hau da, munduko batez bestekoa baino 16 urte altuagoa. Zenbait adituk dioenez, hemendik 2025. urtera bitartean Europak 35 milioi biztanle galduko ditu eta 159 milioi langile gehiago beharko ditu egungo lan egiturari eutsi ahal izateko.
Horretarako herrialde garatuen irtenbide bakarra, adituek diotenez, etorkinen uholde handi bati ateak zabaltzea izango da. Espainiako Estatuaren kasuan, epe horretan 8 milioi biztanleren galera izango da, eta neurri handi batean biztanleria aktiboari dagokion galera hori orekatzeko 12 milioi langile berri beharko dira; langile berri horiek etorkinak izango dira.
NBEko Biztanleria Batzordeko zuzendari Chamiek dioenez, arazoa ez da 2050. urtean zenbat europar geratuko den jakitea, baizik eta haien lan gaitasuna zein izango den ezagutzea. Une honetan, Europako batez bestekoa erretiratu bakoitzeko 4 edo 5 langilekoa da; 50 urte barru erretiroa hartu duen bakoitzeko 2 langilekoa izango da, eta Espainiako Estatuan, 1,4koa bakarrik. Honek, ulertzekoa denez, funtsezko aldaketa eragingo du lan merkatuan
INMIGRAZIOA
Daniel Udalaitz
Gauza nabarmena da Europako Batasuneko biztanleria zahartzen ari dela. EBeko herrialdeen biztanleria 295 milioitik 376 milioira igaro da azken 50 urteotan. Hazkunde demografikoa geldotu egin da azken bi edo hiru hamarkadetan. Europako estatistika bulegoaren arabera, 1999an EBk 1945az geroztik izan duen hazkunderik txikiena izan zuen, milioi bat eskasekoa. Baina, gainera, igoera hori ez dagokio bertako hazkunde naturalari, baizik eta, neurri handi batean, inmigrazioari. 717.000 pertsona inguru etorri da kontinentera, batez ere Alemaniara, Italiara eta Erresuma Batura.
1999. urtean lau milioi europar inguru jaio zen, aurreko urtean baino % 0,5 gutxiago, eta 3,7 milioi inguru hil. Jaiotze-tasarik altuena Irlandak du (14,3 jaiotza 1.000 pertsonako), eta txikiena, berriz, Italiak (9,1) eta Alemaniak (9,3). Frantziako eta Espainiako Estatuetan, hurrenez hurren, 12,6koa eta 9,4koa dute. Heriotza-tasarik altuena Danimarkak (11,1) eta Portugalek (10,9) dute, eta txikiena Irlandak (8,4), Luxenburgok (8,9) eta Holandak (8,9). Frantzia eta Espainiako Estatuek, hurrenez hurren, 9,1 eta 9,4ko heriotza-tasa dute.
Horregatik, gaur egungo biztanleria ordezkatzeko besterik ez bada ere, hemendik 2025. urtera bitartean, 1,4 milioi etorkin behar ditu Europak urteko. Estatu Batuek 1998an onartutako atzerritarren kopurua hori baino baxuagoa da —milioi bat langile etorkin—, Nazio Batuetako Biztanleria Batzordeko datuen arabera.
NBEren eta Eurostaten datu hauek guztiak oso larri eta kezkagarritzat jotzen dira, eta biztanleria aktibo eta pasiboaren artean geroz eta desoreka handiagoa dagoela ikusirik, Batzordeak enpleguari eta etorkizuneko pentsioei buruz egindako azterketak berresten dituzte. Zentzu honetan, aurrez esandakoa gogora ekarri beharra dago: oso neurri sakonak hartzen ez badira, bost urte inguruko epean Europako Batasuneko hiritarrek ezingo dute oraingo erretiro pentsioak jasotzen jarraitu, eta, agian, herrialde batzuetan epe hori hiru urtekoa izan daiteke — Alemanian eta Italian esaterako—.
Testuinguru honetan, adituek diote Europak inmigrazioarekiko duen jokabidea aldatu beharra duela, ez hain murriztaile eginez eta eskuzabalago jokatuz. Egia da, Eurostateko datuek adierazten dutenez, EBko herrialdeetan inmigrazio jarioak funtsezko eran egin duela gora azken hiru urteetan. 1999an 717.000 pertsona iritsi ziren Europara, horien % 70 inguru Alemanian (190.000), Italian eta Erresuma Batuan bildu zelarik. Etorkin gutxien izan zuten herrialdeak Finlandia, Frantziako Estatua eta Espainiako Estatua izan ziren.
Egungo Europako Batzordearen helburua Europan, bost urteko epean, askatasun, justizia eta segurtasun eremu bat sortzearen aukera egi bihurtzea da. Beraz, adituek diotenez, Europako Batasuneko lan arloko mugak ireki egin beharko zaizkie gaur egun EBn sartzeko negoziaketan ari diren Ekialdeko herrialdeetako hiritarrei. Eta, gainera, Europatik kanpoko, beste kontinenteetako, langileen etorrerari ere irtenbideren bat aurkitu beharko zaio. Orain arte baino sarrera kopuru askoz zabalagoak ezartzeko aukera aztertu beharko da.
Espainiako Estatuko egoerari dagokionez, eta Europako erakundeetako datuak ezaguturik, Lan ministroak ez du adierazi nahi izan etorkizuneko lan ahalmena ziurtatzeko zenbateko etorkin kopurua beharko litzatekeen. Esan duen gauza bakarra zera izan da, etorkinen eskulana egunetik egunera «
beharrezkoagoa izango dela Espainiarentzat eta Europako Batasuneko herrialdeentzat». Nolanahi ere, NBEko adituek egindako iragarpen ilunak baztertzeko, adierazi du garrantzitsua dela tinko saiatzea langabezia murrizten eta jaiotze-tasa handitzen
INMIGRAZIOA
Daniel Udalaitz
Inmigrazioa ez dago gugandik urrun. El Ejidon, Almerian, Levanten edota Kataluniako zenbait tokitan milaka eta milaka etorkin daude, hainbat herrialdetatik etorriak, eta urte osorako edo sasoikako langile moduan aritzeko. Inmigrazioa Euskal Herrian ere bada. Bai Europatik etorria —gehien bat ekialdetik—, bai Afrikatik —Marokotik bereziki—. Eta bada gurean, gutxi-asko, modu iraunkorrean bizi nahi duenik, Araba eta Nafarroara patata, mahatsa edo beste produktuen uztan lan egitera datozenak kasu. Sasaikako langile bezala ezagutzen ditugu. Hauen artean, hala ere, gehienak Espainiako Estatuko beste herrialdetatik datoz, eta asko buhame arrazakoak dira. Batzuen eta besteen problematika antzekoa da zenbaitzutan, oso bestelakoa bestetan.
ZENBAIT DATU.
Euskal Herriko etorkin kopuruaren inguruan ez dago datu fidagarririk, ez baita gauza bera datu ofiziala eta erreala. Beraz, 40.000 etorkin inguru bizi dela esan dezakegu, 7.000 bat Iparraldean eta gainerakoak Hegoaldean. Espainiako Barne Ministerioaren datuek diote bizileku baimena duten 30.000 atzerritar bizi dela Hego Euskal Herrian. Iparraldean, berriz, bizileku baimena 7.000 etorkinek dute; hauetatik 2.000 Espainiako Estatutik etorriak eta gainerakoak gehien bat magrebtar eta portugesak.
Etorkinek arazo larri batekin egiten dute topo —gero hitz egingo du sasoikako langileez—: burokrazia. Bete beharreko izapide guztiek denbora eta dirua eskatzen dute, bizileku eta lan baimenak (50.000 pezeta, 2000 libera, inguru etorkineko) ordaindu behar dituzte, baimen hauek berritu eta bizileku baimena eman aurretik osasun aseguruak eskuratu (gutxienez 60.000 pezeta). Lan baimenak oso gutxinaka ematen dituzte, eta lan baimenik ez baduzu, bizilekuarena ez dizute emango.
Espainiako Legebiltzarrak onartu berri duen Atzerritartasun Legeak etorkinentzat zenbait hobekuntza ekarri badu ere, oso urrun da oraindik euren nahikarietatik eta hauek duintzat hartzetik. Egia da orain babes ofizialeko etxebizitzak izateko, lan eskaintza publikoetan eskuhartzeko edota hezkuntza bekak eskuratzeko eskubidea dutela, baina hauek guztiak indarrean jartzean traba burokratiko asko izaten dituzte eta azkenerako ez dira aplikatzen.
Etorkinek gure artean izaten duten beste arazoetako bat soldatena da. Sarritan egiten dizkieten behin-behineko lan kontratuei gehitzen zaie soldata hauek ez direla egiten duten lanaren mailakoak.
Nahiz eta Euskal Herrian ez den El Ejidoren gisako arazorik gertatu, eta etorkinak bertakotuagoak dauden, hemen ere egokitze, integratze eta harrera arazo larriak daude oraindik. SOS Arrazakeria, zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE), Gurutze Gorria, udaletako gizarte zerbitzu batzuk... dira pertsona hauen integratzearekin konprometituen daudenak. Euren lan desinteresatua da eskertu beharko litzatekeena.
MILAKA SASOIKAKO LANGILE ARABA ETA NAFARROAN.
Hego Euskal Herrian bada bestelako etorkin mota bat: urte sasoi zehatzetan mahatsa, patata, zainzuria eta beste produktuen uztan lan egitera Araba eta Nafarroara etortzen diren etorkinak. Milaka dira gure herrietara datozenak. Euren lan eta bizi baldintzak orokorrean etsigarri eta ezegonkorrak dira. Esan izan da sasoikako langile hauek asko irabazi dutela hemengo uztetan. Esaten ez dena eta jakin badakiguna da lanegun oso luzeak, 12-15 ordutarainokoak, egin izan dituztela, eta ukuilu, txabola eta barrakoietan bizi izan direla. Lanerako baino ez dute denborarik izan; apenas gastatu duten dirurik eta zerbait aurreztu ahal izan dute.
Egoera hain da larria, ezen Nafarroan, iragan otsailaren 9an ofizialki adierazi zen moduan, Foru Gobernuak herrialde honetan dabiltzan sasoikako langileentzat etxebizitza sare bat eratzea proposatu duen. Ez dakigu Araban antzeko egitasmorik ote dagoen, baina ez balego, hauengandik ikas zezaketen. Aurki Parlamentura igorriko den plan honek etxebizitzen sarea aurten bertan eraikitzea aurreikusten du, eta langile hauek alokairuan hartzeko aukera izango lukete.
Plan honek Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin (FNMC) edo zuzenean udalekin hitzarmenak sinatzeko aukera eskaintzen du. Sare honen kudeaketa, azkartasun eta malgutasunaren mesedetan, nekazari elkarteei emango litzaieke.
Plan honek, gainera, sasoikako langileak talde txikitan —10 eta 20 pertsonen artekoak— biltzea proposatzen du, herrietan eta hirietako puntu sakabanatuetan; era horretan euren gizarteratzea errazteko eta denak batera egoteak sor ditzakeen arazoak ekiditeko.
Arduradunen esanetan, hau da planak epe ertainean duen helburua: nekazari elkarteek zuzenean eskuhartzea ahalbidetuko lukeen eredu integrala, hartara langileen kontratazioa legearen barruan egingo litzateke eta. Era horretan, Nafarroara heltzen diren pertsona hauei segurantza laborala emango zaie, eta lur-sailaren jabeari arlo juridikoan lasaitasuna eta ziurtasuna ekarriko dio egoera berriak
Mikel Asurmendi
egungo euskarri nagusia. Iparraldearen barnealdeko tokian tokiko ikastolek egoitza dute arazo. 30 urte bete ondoren, Amikuzeko Ikastola bere egoitza berria eraiki asmotan ari da.
guztia irakurri
Beñat Doxandabaratz
«Bidez bide» saioaren barruan. Alberto Gorritiberea da aurkezlea.
guztia irakurri
Nagore Irazustabarrena
Behe Erdi Aroan euskal kosta ez omen zegoen populatua. Normando eta vikingoen erasoen beldur izaki, populazioak barnealdean kokatzeko joera omen zuen. Horixe da, bederen, tradizio historiografikoak orain arte esan duena, Erromatarren garaitik —V. mendea— kostaldeko lehen hiribilduen fundazioa bitarteko —XIII-XIV. mendeak— tarte zabalean zegoen hutsuneari nolabait aurre eginez. 1997an Zarautzen aurkitutako nekropolia hutsune hori betetzen hasi da, aurreko usteak bertan behera utziz. Aztarnategiko arrasto zaharrenak IX-X. mendekoak izan daitezkeela diote arduradunek. Zarautzen fundazioa baino lehen ere (1237), zonaldea populatua zegoela, alegia.
Zarauzko hiribildua babes arkeologikodun zonaldea da. Horrek esan nahi du, hiribilduan lanak egiten hasi baino lehen, derrigorrezkoa dela prospekzio arkeologiko bat egitea. Eta hala egin zuten Santa Maria la Real parrokiako kanpandorrearen egokitze lanak abian jarri baino lehen. 1997an Aranzadiko ikerle talde batek giza aztarnak topatu zituen dorrearen azpian eta indusketako lehen kanpainari ekin zioten horrenbestez. Bigarren kanpaina, aztarnategiaren indusketa bera, iragan abenduan burutu dute Alfredo Moraza eta Alex Ibañezen zuzendaritzapean.
Morazaren aburuz, aurkitutakoaren azalpenarekin hasi baino lehen, «
beharrezkoa da edukia eta edukitzailea bereiztea, ez baitute zerikusirik». Edukitzailea, kanpandorrea alegia, XV. mende bukaeran edo XVI.aren amaieran izan zen eraikia eduki zaharragoaren —nekropoliaren— gainean eta berau mozten. Indusketak dorrearen barruan egin dituzte, 25 metro koadro inguruko azaleran, baina horrek ez du esan nahi hildakoak barruan ehortzi zituztenik, ezta nekropolia azalera horretara mugatzen denik ere. Horren erakusle garbia da zenbait hildako eraikuntzaren zimentuek ebakita agertu izana.
HIRU MAILA.
Nekropoliaren indusketan, zoruan behera egin ahala, hiru maila desberdin bereizi dituzte arkeologoek. Maila bakoitzean garai ezberdineko arrastoak topatu dira eta lurperatzeko sistemak ere aldatu egiten dira batetik bestera.
Lehen mailak, berrienak, XIII-XIV. mendeko emaitza jaso du datazioetan. Gorpuak zangatan sartuta ehortzi zituzten. Estalkien aztarnarik ez da topatu, baina seguruenik izango zituzten. 8-10 gorpu berreskuratu dira, gehienak gizonezkoak eta gazteak.
Bigarren mailan harlauzazko ehorzketak geratu dira agerian. Hareharrizko harlauza landuak bertikalki paratuak daude, gorpuarentzako espazio errektangularrak osatuz. Estalkiak galdu egin dira hemen ere. Beste hamar bat gorpu azaldu dira maila honetan. Berriro ere gizonezkoak dira gehienak, baina emakumezkoren bat eta haurren bat ere badira tartean. XI-XII. mendekoak dira giza aztarna hauek.
Maila zaharrenean horma moduko hilobiak topatu dituzte. Oboide formako hilobiak dira hauek eta formarik gabeko hareharri eta kare-harri blokez pareta moduan eraikiak izan ziren. Kasu honetan estalkiak mantendu egin dira —kare-harrizko bospasei harlauza hilobi bakoitzeko—. Beste sei hildako aurkitu dira azken mailan. Datazioen emaitzak iristeke daudelarik, IX-X. mendeko behin-behineko data ipini diete aztarnei, Araba eta Bizkaian aurkitutako hainbat aztarnategitan tankera horretako hilobiek emaitza hori eman baitute.
«
Gorpuak ehortzi zirenetik mila urte inguru pasa direla kontuan hartuta, kontserbazioa oso-oso ona» dela dio Morazak. Inguruko buztin eta hare nahasketa oso lagungarri izan omen da horretan. Gainera, aztarna hauek publikoak ikus ditzan agerian geratuko direnez, tratamendu berezi bat emango zaie iraupena ziurtatzearren.
Aranzadiko kideak pozik ageri dira dorrea museo bilakatzeko Zarauzko Udalaren egitasmoarekin. «
Gehienetan, aztarnak berriro lurperatu behar izaten dira edo besterik gabe suntsitu egiten dituzte».
HILOBI KRISTAUAK
. Aztarnategi honek Behe Erdi Aroan gure kostaldea populatua zegoela erakusten duela esana dugu. Halaber, kristautasunak dagoeneko toki garrantzitsua zuela ondoriozta daiteke. Hilobi hauek ohikoak dira ehorzketa kristauetan eta gorpu guztiak ekialdera begira ipini zituzten. Objektu gutxi topatu da bertan —zeramika puska batzuk, txanponen bat, orratz bat—. Izan ere, horrelako ehorzketetan ez zen ohikoa hildakoak objektuekin hilobiratzea —ohitura hori beranduago zabalduko zen—.
Hildakoak kanpoan ehortzi ohi zituzten, eliza edo ermita baten inguruan. Eliza barruan ehorzteko ohitura beranduago iritsi zen, XVI. mende inguruan eta beranduago, XIX. mendean, higiene kontuak medio, hiribildutik kanpora eraman zituzten hilerriak.
Goiz da oraindik nekropoli honetatik ondorio gehiago ateratzeko. Lau bat hilabete zain egon beharko dela diote Aranzadikoek. Aztarna zaharrenen adina ezagutzeko datazioa Uppsalatik (Suedia) etorriko da. Analisi paleopatologikoaren ardura —hildakoen adina, sexua, gaixotasunak... argituko ditu— Pako Etxeberriak du. Azterketa Odontologikoa Alberto Goienetxea eta Eva Egurenek egingo dute eta hildakoen elikaduraren inguruko informazioa ekar dezake. Azkenik, azterketa numismatikoaz —txanponak— Bartzelonako Unibertsitatea arduratu da.
Nekropoli honen indusketa lanak ez dira, hala ere, horretan amaituko. Orain arte dorretxe barruan jardun badute ere, nekropolia zabalagoa da, eta lanean jarraitzeko egitasmoa hor dago. Zailtasunak ere hor dira, hala ere. Dorrearen albo batean eliza bera dago, bestean etxebizitzak eta parean Meagaserako errepidea. Baina Fernando Llopis Zarauzko Udaleko Kultua zuzendariak aurten bertan atzeko jardinetan lanean hasiko direla esan digu. Bere ustez interesgarria litzateke, «
hilobiez gain, garai hartako biztanleen bizitokia ere topatzea. Haien bizimoduaz informazioa emango liguke horrek».
Oraingoz, ez dakigu noraino iritsiko den aztarnategi honen azterketa. Baina, orain arte egindakoaren emaitza Aste Santuan ikus ahalko du bertara hurbiltzen denak. Eta bisitariak ez dira, seguruenik, gutxi izango. Indusketan ari zirela ere jakinmin handia piztu zuen inguruan eta zarauztar mordoa hurbildu zen euren arbasoek, hil eta mila urtera, zernolako itxura zuten ikustera
Beñat Doxandabaratz
idazleen artean dugu Pantzo Hirigarai baigorritarra. Donostia Hiria Saria irabazi berri du, antzerki arloan «Lamindegiko lamiak»ekin. Lanbidez, Irulegiko Irratian dihardu esatari.
guztia irakurri
Beñat Doxandabaratz
«Zine oro» igande gaueko saioak. Izan ere, Joseba Apaolazaren aurkezpena, filmaren inguruko berriak, itzulpen zainduagoak eta bikoizlarien hobekuntza dira gorakada honen arrazoiak.
guztia irakurri