Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-02-27 -- 1751.zenb


"EMON BOSTEKOA EUSKERARI"

Bizkaiko euskara elkarteek «Emon bostekoa euskerari» bazkide kanpaina abiatu dute. Bizkaia osora zabaldu nahi da eta gizarteko arlo guztien babesa lortu. Topaguneako lehendakari Fernando Muniozgurenek adierazi du herri hedabideak sortu eta suspertzeko ahaleginak egin dituztela: «Herri aldizkariak oso zabalduta daude, eta eskualdeetako irrati eta telebistak bultzatzeko asmoa aztertzen ari gara».


"BAI EUSKARARI" AKORDIOA GIZARTERATU

Kontseiluak «Bai Euskarari» akordioaren plan estrategikoaren emaitzak jakinaraziko dizkio gizarteari maiatza bitartean. Herriz herri informazio bilerak egingo ditu akordioa sinatu zuten eragileen herrietako ordezkariekin eta euskalgintzako kideekin. Hartutako konpromisoak betetzen dituzten eragileei ziurtagiri bat eman die Kontseiluak.


PLANGINTZARIK "TXARRENA"

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Hizkuntz Normalizaziorako Batzordeak departamentu buruei aurkeztu dien Plangintzaren proposamena gaitzetsi dute unibertsitate honetako hainbat ikasle euskaldunek. Proposamen honek ez dituela euskaldunen eskubideak errespetatzen eta orain arte egin den «txarrena» dela azaldu zuten. NUPeko Euskararako Unitate Teknikoko buru den Koldo Asironen ustez, «plangintza hau onartuko da. Baina ez dezatela esan normalizatuko duenik, plangintza honek ez baitu eginen».


PROPOSAMENEI UKO EGINGO DIE SEASKAK

Ipar Euskal Herriko ikastolek estatus publikoa eskuratzeko Frantziako Estatuak egindako proposamenak ezin onartuzkoak direla adierazi du Seaskako lehendakari Itxaro Bordak. «Proposamen hauetan euskara eta frantsesa ber mailetan irakastea nahi dute. Gure federazioak ezin du horrelakorik onartu».

Kazetaritza ikasketak buruturik, Barakaldoko Radio 90ean hartu zuen eskarmentua gernikarrak. Egun, denetarik egiten du, goizetan kontrola eta arratsaldetan irrati formula 17:00etatik 19:00etara. «

Nik aukeratutako musika ipintzen dut, euskaraz zein erdaraz, kultura agendarekin tartekatuz
». Zailena, beti aldarte onean agertu beharra egiten zaio: «

Bi ordu horietan triste baldin bazaude, alaitasun itxura ematea da zaila. Baina ikasi egiten duzu disimulatzen, nahiz eta naturaltasuna edukitzea beharrezkoa den
». Albisteak lantzea da gehien atsegin duena, «

berriak hartu, taxutu eta zabaltzea. Albistegietan gehiago jardun nahi nuke
». Mikro aurrean keinu mordoa egiten du Laurak: «

Aulkia ere alde batetik bestera mugitzen dut. Jendeak ikusiko banindu...
»

EUSKAL EMIGRAZIOA HIZPIDE RADIO FRANCEN
Iragan astean gaualdi goxo bat igaro zuten Alduden, Ameriketarat joan ziren herrikoei eskainia. Radio France Pays Basquek zuzenean eskaini zuen emanadia. Euskal Kultur Erakundeak bultzatua, Etxeberri ahizpak, Orazaiztarrak, Pierrot Erramuspe, Mixel Xalbador, Magali Zubillaga eta Guy Saldubeherek emigrazioari buruzko kanta ezagunak abestu zituzten. Pantaila handi baten bidez, halaber, gau hartan emanak izan ziren kantuak abesteko parada ukan zuen publikoak. Txalotzekoa da Radio Francekoen ekimena, nahiz eta eguneroko jardunean euskara folkloretzat hartzen duten


KUTXAREN ARETO BERRIA

DONOSTIAKO Boulevardean arte erakusketek txoko berri bat dute joan den astetik. Kutxak beste erakus-areto bat zabaldu berri du bertan, lehendik kudeatzen zituen Garibai eta Arrasate kaleko aretoek eskaini duten aukera zabalago eginez. Inauguraziorako «Kutxaren bildumako Euskal Eskultura» izenburuko erakusketa prestatu dute. Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Mendizabal eta beste hainbat eskultoreren obrak daude egunotan areto berrian ikusgai. Martxoaren 11 bitarte izango da zabalik lehen erakusketa hau.


URTEMUGA ETA BALANTZEA EUSKALDUNAN

URTEBETE joan da dagoeneko Bilboko Euskalduna Jauregiak bere ateak zabaldu zituenetik. Eta lehen urtemuga hau ospatzeko-edo, urteko balantzea aurkeztu dute bertako arduradunek. Balantze baikorra, gainera. Iaz aurreikusitakoa baino % 174 kultur ekitaldi gehiago eta % 200 bestelako ekitaldi gehiago antolatu da jauregian. Diru sarrerei dagokienez, 14 milioi pezetatan (56.000 libera) gainditu da aurreikusitakoa. Jauregian inbertitutakoa bost urtetan berreskuratuko zela adierazi zuten iazkoan eta, azken datua kontuan izanik, aurreikuspen hori bete daitekeela adierazi dute arduradunek urtebete geroago.


ARTE ESKOLAREN ZERBITZU BERRIAK

IRUŃEKO Arte Eskolak areto berri bat zabaldu du, modu horretan bere zerbitzuak ere zabalduz. Areto berrian erakusketez gain hitzaldiak ere eskainiko dira. Estraineko erakusketan eskolako ikasleek burututako 100 bat obra ipini dituzte.


«KULTURARABA»

ORAINDIK hilabate batzuk falta dira Laudion burutuko den Araba Euskaraz jaialdiaren 2000ko ekitaldirako (ekainaren 18an izango da), baina honen inguruan antolatutako «Kulturaraba» programari hasiera eman zaio dagoeneko EHEk antolatutako «Euskararen tunela»rekin.


GEU SARIA

GEU (Gasteiz Euskalduna) elkartea notizia izan da azken aldi honetan, besteak beste, ez duelako Arabako Aldundiaren dirulaguntzarik jasoko. Hala ere, oztopoak oztopo, ekimen berriak ez ditu bertan behera utzi eta «Geu saria» sortu berri du. Euskararen alde lan egin duten pertsona, elkarte edo ekimenei emango die sari berri hau Gasteizko euskararen aldeko elkarteak.


BIDEGILE GEHIAGO

EUSKO Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetzak osatu eta argitaratzen duen «Bidegileak» bildumak ale berriak eman ditu argitara berriki —14, 15, 16 eta 17. aleak, hain zuzen—. Euskal Herriko pertsonaia esanguratsuen biografiak jasotzen dira bilduman eta oraingoan hamasei biografia berri kaleratu dira. Antzerkigileak, euskara ikertzaile eta suspertzaileak, argitaratzaileak eta politikariak topa daitezke zerrenda berrian. Toribio Alzaga, Antonio Maria Labayen, Piarres Lartzabal, Agustin Zubikarai, Federiko Krutwig, Alfonso Irigoien, Errose Bustintza, Aingeru Irigarai, Ixaka Lopez Mendizabal, Patxi Unzurrunzaga, Bernardo Estornes, Bittor Gaubeka, Mixel Labeguerie, Toribio Etxebarria, Telesforo Monzon eta Gorgonio Renteria dira

bidegile
berriak.

Natxo de Felipek esana: «Edozein herri kultok bere kantuak, bere erromantzeak, bere errepertorioa (...) estimatu eta zaindu egiten du, eta hemen, aldiz, horrelako lanak egitean badirudi folklorekerian erortzen garela, eta esplikazioak eman behar ditugula».

EHUko errektoretzak zer esanik eman du azken egunetan. Miren Zabaleta errektoregaiaren hitzak dira hauek: «Errektoretza taldeak berez antidemokratikoa den marko batean aukeratzen dira, klaustroan». Eta M. F. Aizpuruk, F. Mijangos eta D. Larrabeitiren hitzetan, «zilegizko deritzogu gure UPV-EHUko hautagaiek Nafarroako nahiz Iparraldeko unibertsitateekin harreman sendoak bideratzeari eta gauzatzeari».

Unibertsitatetik literaturara salto eginez, Gorka Arrese editoreak «Gara»n zera esan zuen: «Arriskutsua da argitaletxeok gure politika datu ekonomikoen bitartez egitea».

«Euskaldunon Egunkaria»n Xabier Garagorrik esana da honakoa: «Euskaldunok, eleaniztunak garen neurrian, euskarari eusteko aukera handiagoa dugu, baina nekez egingo genuke elebakarrak izanik».

Arabako Foru Aldundiak euskararekiko duen jarreraren beste adibide bat dakargu aste honetan txoko honetara. Geu euskara elkarteak kaleratzen duen izen bereko aldizkariak ez du Foru Aldundiaren dirulaguntzarik jasoko aurten, aurrekontuak ez onartzearen aitzakiapean. Aldizkariak, erabaki honi aurre egiteko, harpidetza kanpaina berria abiarazi du.

ESKUBIDEAREN BERMEA
Xabier Kintana
EHUko irakasle eta euskaltzainak «Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu beharra» izeneko artikulua idatzi zuen otsailaren 17an «Euskaldunon Egunkaria»n. Honela zioen pasarte batean:
«Zer arrazoi dago, Bilboko zapategi dotore batean, aldamenekoa ingelesez tratatzen zuten artean, bertokoei euskaraz ez dakitela erantzun diezaguten? Edo zer zerbitzu eta kortesia da jatetxeetako kartak, maiz gaztelaniaz gainera ingelesez edota frantsesez ere daudenak, euskaraz egon ez daitezen? Artikulu honen egilea asperturik dago, begien bistako kontsiderazio hauek merkatariei banan-banan azaltzeaz, predikari zoro baten antzera. Ez baita hori, izan ere, gure egitekoa. Euskaldunok ez ditugu geure eskubideak tokian-tokian errespetatzeko eskatu behar. Zor zaizkigula sentitzen dugu baina `euskaraz bizitzera' animatzen gaituen administrazioak ez du deus egiten eskubide horiek bermatzeko, eta euskaldun herritar bezala, umezurtz sentitzen gara, eta haserre, guri ez dagokigun hizkuntz polizi lana maiz egin behar izaten dugulako. Euskal Administrazioak euskaldunok abandonaturik gauzkalako».

Joxe Ripiau
taldeak, hots, Ińigo Muguruza, Jabier Muguruza, Sergio Ordońez eta Asier Ituartek, euren laugarren diskoa izango dute kalean udaberri honetan, maiatza aldean seguruenik. «Bizitza ederra eta tristea» izenburua izango du, Azkarateko Katarain estudioetan grabatuko dute eta Esan Ozenki diskoetxearen eskutik argitaratuko da.

Gaizka Amondarain
izan da Abadińoko I. San Blas Lehiaketaren irabazlea. Lehiaketako bi sariak eraman ditu gainera Amondarainek, olerki saileko zein kopla atalekoa.

Oskorri
taldeak kantu herrikoiak zabaltzeko ahaleginetan jarraitzen du eta «The Pub Ibiltaria»ren ale berri bat kaleratu du, laugarrena, Elkarlanean etxearen eskutik. Aurrekoetan bezala, kantu tradizionalak bildu ditu.

GOIENA TELEBISTAREN ERRONKA
Giro onean eta ilusioz gainezka ari dira Debagoien bailarako 9 herriak elkarlanean Goiena udaberrian abiarazteko. Hasieran, Arrasate Telebistaren azpiegitura erabiliko badute ere, ondo legoke beste herrietako egiturez baliatuko balira zenbait ekoizpen egiteko. Bergaran eraikitzen ari diren auditorioa esaterako, gune aproposa izan liteke

ARGIŃANOREN ITZULERA GUTIZITUA
Agidanez, Karlos Argińano irrikitan dago bere eguneko menua euskaraz ematen hasteko. Bere tiradizoari esker, gatza eta piperra hartuko du ETB-1ek. Martxoan hasita, eguerdi eta gaueko «Gaur egun» albistegiaren aurretik emango da. Espero dezagun bere hitz jarioa gazteleraz duenaren adinakoa izatea. Neurria hartuko ahal dio!

«LA NOCHE DE...» SAIOKO KINIELA OSCARRETARAKO
Aurtengo Oscarren izendapenak ezagutarazi direlarik, abian da «La noche de...»ko lehiaketa, ikusleek bost izendapen nagusiak asma ditzaten, hala nola, aktore, aktoresa, zuzendari, filma eta atzerriko filmik onena. Asmatzaileak bi lagunentzako Los Angeleserako bidaiaren zozketan sartuko dira. Prentsan agertuko da kiniela

Beasaingo Udalak herriko jatetxeetan kartak euskaraz egon daitezen nahi izan du, eta horretarako sukaldaritzako hiztegi garrantzitsua osatu du. Jatetxeen aldetik harrera ona jaso du ekimenak eta kartak bertara doazenen eskura daude. Gaztelerazko bertsioak hartu, euskaratu, eta diseinu txukun batekin eta «On dagizuela janak eta kalterik ez edanak» leloarekin itzuli dizkiete.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan