Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-02-27 -- 1751.zenb

INMIGRAZIOA

40.000 ETORKIN INGURU BIZI DA EUSKAL HERRIAN

Daniel Udalaitz

Inmigrazioa ez dago gugandik urrun. El Ejidon, Almerian, Levanten edota Kataluniako zenbait tokitan milaka eta milaka etorkin daude, hainbat herrialdetatik etorriak, eta urte osorako edo sasoikako langile moduan aritzeko. Inmigrazioa Euskal Herrian ere bada. Bai Europatik etorria —gehien bat ekialdetik—, bai Afrikatik —Marokotik bereziki—. Eta bada gurean, gutxi-asko, modu iraunkorrean bizi nahi duenik, Araba eta Nafarroara patata, mahatsa edo beste produktuen uztan lan egitera datozenak kasu. Sasaikako langile bezala ezagutzen ditugu. Hauen artean, hala ere, gehienak Espainiako Estatuko beste herrialdetatik datoz, eta asko buhame arrazakoak dira. Batzuen eta besteen problematika antzekoa da zenbaitzutan, oso bestelakoa bestetan.


ZENBAIT DATU.

Euskal Herriko etorkin kopuruaren inguruan ez dago datu fidagarririk, ez baita gauza bera datu ofiziala eta erreala. Beraz, 40.000 etorkin inguru bizi dela esan dezakegu, 7.000 bat Iparraldean eta gainerakoak Hegoaldean. Espainiako Barne Ministerioaren datuek diote bizileku baimena duten 30.000 atzerritar bizi dela Hego Euskal Herrian. Iparraldean, berriz, bizileku baimena 7.000 etorkinek dute; hauetatik 2.000 Espainiako Estatutik etorriak eta gainerakoak gehien bat magrebtar eta portugesak.
Etorkinek arazo larri batekin egiten dute topo —gero hitz egingo du sasoikako langileez—: burokrazia. Bete beharreko izapide guztiek denbora eta dirua eskatzen dute, bizileku eta lan baimenak (50.000 pezeta, 2000 libera, inguru etorkineko) ordaindu behar dituzte, baimen hauek berritu eta bizileku baimena eman aurretik osasun aseguruak eskuratu (gutxienez 60.000 pezeta). Lan baimenak oso gutxinaka ematen dituzte, eta lan baimenik ez baduzu, bizilekuarena ez dizute emango.
Espainiako Legebiltzarrak onartu berri duen Atzerritartasun Legeak etorkinentzat zenbait hobekuntza ekarri badu ere, oso urrun da oraindik euren nahikarietatik eta hauek duintzat hartzetik. Egia da orain babes ofizialeko etxebizitzak izateko, lan eskaintza publikoetan eskuhartzeko edota hezkuntza bekak eskuratzeko eskubidea dutela, baina hauek guztiak indarrean jartzean traba burokratiko asko izaten dituzte eta azkenerako ez dira aplikatzen.
Etorkinek gure artean izaten duten beste arazoetako bat soldatena da. Sarritan egiten dizkieten behin-behineko lan kontratuei gehitzen zaie soldata hauek ez direla egiten duten lanaren mailakoak.
Nahiz eta Euskal Herrian ez den El Ejidoren gisako arazorik gertatu, eta etorkinak bertakotuagoak dauden, hemen ere egokitze, integratze eta harrera arazo larriak daude oraindik. SOS Arrazakeria, zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE), Gurutze Gorria, udaletako gizarte zerbitzu batzuk... dira pertsona hauen integratzearekin konprometituen daudenak. Euren lan desinteresatua da eskertu beharko litzatekeena.


MILAKA SASOIKAKO LANGILE ARABA ETA NAFARROAN.

Hego Euskal Herrian bada bestelako etorkin mota bat: urte sasoi zehatzetan mahatsa, patata, zainzuria eta beste produktuen uztan lan egitera Araba eta Nafarroara etortzen diren etorkinak. Milaka dira gure herrietara datozenak. Euren lan eta bizi baldintzak orokorrean etsigarri eta ezegonkorrak dira. Esan izan da sasoikako langile hauek asko irabazi dutela hemengo uztetan. Esaten ez dena eta jakin badakiguna da lanegun oso luzeak, 12-15 ordutarainokoak, egin izan dituztela, eta ukuilu, txabola eta barrakoietan bizi izan direla. Lanerako baino ez dute denborarik izan; apenas gastatu duten dirurik eta zerbait aurreztu ahal izan dute.
Egoera hain da larria, ezen Nafarroan, iragan otsailaren 9an ofizialki adierazi zen moduan, Foru Gobernuak herrialde honetan dabiltzan sasoikako langileentzat etxebizitza sare bat eratzea proposatu duen. Ez dakigu Araban antzeko egitasmorik ote dagoen, baina ez balego, hauengandik ikas zezaketen. Aurki Parlamentura igorriko den plan honek etxebizitzen sarea aurten bertan eraikitzea aurreikusten du, eta langile hauek alokairuan hartzeko aukera izango lukete.
Plan honek Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin (FNMC) edo zuzenean udalekin hitzarmenak sinatzeko aukera eskaintzen du. Sare honen kudeaketa, azkartasun eta malgutasunaren mesedetan, nekazari elkarteei emango litzaieke.
Plan honek, gainera, sasoikako langileak talde txikitan —10 eta 20 pertsonen artekoak— biltzea proposatzen du, herrietan eta hirietako puntu sakabanatuetan; era horretan euren gizarteratzea errazteko eta denak batera egoteak sor ditzakeen arazoak ekiditeko.
Arduradunen esanetan, hau da planak epe ertainean duen helburua: nekazari elkarteek zuzenean eskuhartzea ahalbidetuko lukeen eredu integrala, hartara langileen kontratazioa legearen barruan egingo litzateke eta. Era horretan, Nafarroara heltzen diren pertsona hauei segurantza laborala emango zaie, eta lur-sailaren jabeari arlo juridikoan lasaitasuna eta ziurtasuna ekarriko dio egoera berriak

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan