"GOBERNUAK HANDIRA JO DU, ETA HORI DAGO JOKOAN"

ETAren berragertze armatuaren ostean alderdiek izaniko jarrerez, Kontzertu Ekonomikoaz etaEAEn bizi den giroaz oro har mintzatu gara Zenarruzabeitia lehendakariordearekin.

Mikel Asurmendi

Mikel Asurmendi


2000-02-20

E

usko Jaurlaritzak eta Euskal Herritarrok (EH) taldeak legealdirako zuten hitzarmena etenda, zintzilik edo "suspentsoan" utzi du zure Gobernuak ETAren azken atentatuaren ondotik. Zein da arlorik arlo eguneroko politikagintzan erabaki horrek duen eragina?

Lehenengo esan gura dut EHrekiko akordioa bake eta normalizazio prozesurako aktibo garrantzitsua dela. Akordioan arloz arlo garatzen ari diren proiektu inportanteak ziren eta dira. Baina ez bakarrik, esate baterako, Eusko Jaurlaritzak eta EHko talde parlamentarioaren artean aurrekontuak edota aurreproiektuak negoziatzeko orduan. Aldi berean, printzipio politikoak dagoz, eta printzipio politiko horiek bete behar dira gure Gobernuaren eta EHko talde parlamentarioaren aldetik. Izanez ere, arloz arloko proiektu horiek gauzatuko badira, Gobernu honek egin duen apostu politiko ausartari esker izango da. Gobernuak apustua handira jo du, eta hori da jokoan dagoena. Hori behar dugu salbatu, eta horregatik akordioa suspentsoan dago.

Ukaezina da azkenaldi honetan egoera gainditzeko EH burutzen ari den ahalegina.

Hala da, bai. Azken bolada honetan izugarrizko aldaketa eman da. Printzipio nagusia, hau da, indarkeria eta politika biak batera erabiltzea ez direla bateragarriak geroz eta indar gehiago hartzen ari da. Hala ere, guk Gobernu modura postura ofizial bat gura dugu EHren aldetik, baina ez berbaz bakarrik, portaera mailan ere ikusi gura dugu EH taldekoek, indarkeria barik, apustu politiko bat egiten dutela. Orain hamabost egun eginiko deklarazioa —Ibarretxe lehendakariak esan zuen modura pauso bat eman zen— pauso modura oso garrantzitsua izan zen. Orain urte bat ez zen espero halako deklarazio bat EHren aldetik. Gauzak neurtzeko perspektiba bat ere eduki behar dugu. Pausoa oraindino handiago izan behar da; guk pauso gehiago itxaroten dugu EHren aldetik. Ez Gobernu modura bakarrik, gizarte modura ere bai. EHk zelako deklarazio edo zelako postura publikoak mantentzen dituen ikusita egoera esperantzagarria da, baina garrantzitsua da ere gizarteak hori ikustea, gizarteak hori ikusten badu EHren apustu politikoak aurrera egingo du.

Hala ere, testuinguru honetan begi-bistakoa da Eusko Jaurlaritza tentsioan bizi dela; PPk bereziki eragindako tentsioan. Akordioa erabat deseginda ikusi nahi du PPk.

Ez, ez —Gobernukide modura diñotsut— guk ez dugu kontuan hartzen kanpoko presiorik. Lehenengo, esan gura dut guk badaukagula geure apustu politikoa. Egia da, orain arte ez dugu ohitura eduki honelako bide batetik ibiltzeko, eta EHren aldetik ere ez dago ohiturarik. Kultura ezberdinetatik gatoz, eta bidea biok batera egin gura badugu ohitura berdina eduki behar dugu. Hori esanda dago akordioa sinatu baino lehenagotik. Aurreko egoeran geundenean argi eta garbi esan genuen bidea biok batera egingo dugula, baina jakitun izanda bide politikoa ez dela bateragarria indarkeriagaz; zeinu bateko indarkeriagaz zein bestelakoagaz. Hori gauzatzen bada bai posturetan bai jarreretan Gobernua eta EH talde parlamentarioa biok batera joango gara. Bitartean egongo dira unean uneko desakordioak. Borondate onagaz aurrera joan gaitezke edonola ere.

Zu oso ilusionatua zinen egoera berriarekin. ETAren atentatuaren ondoren ez al zenuen erantzun sendoagoa espero gizartearen aldetik?

Une hau oso gaitza da gizartearentzako. Ez dakit ilusioa ez ote den apur bat galdu. Nire herrian eta nire inguruan begiratzen dut eta jendea nahastuta dagoela ikusten dut. Horregatik, gauzak kontuan hartu behar dira, eta garbi utzi behar dugu zein den apustua eta zertarako. Kontestu honetan ere ahaleginik handiena egin behar dugu ilusio hori lehenengora bueltatzeko. Nik gizartea bake eta normalizazio prozesuan bete-betean eta partaide izateko gogoz ikusi dut, gure erronka da ilusio hori berreskuratzea berriro ere. Gobernuak egiten dituen inkesten medio, argi eta garbi daki herri honen sentimendua eta asmoa indarkeriagaz amaitzea dela. Guk gura duguna da bere borondatea bideratzea.

Bestalde, Kontzertu Ekonomikoaren auzian akordio batera iritsi zarete Madrilgo Gobernuarekin orain gutxi. Inpresioa dut «pasteleo» handi samarra izan dela akordio horretan.

Jakin behar da nork egiten dituen kritikak. Ipintzen badituzu izen-abizenak, kritikak bere kontestuan jarriko ditugu. Kritika guztiak legitimoak dira. Arlo politikoan, batzutan, kritikak denok erabiltzen ditugu apurtxo bat arin. Kontestu honetan —ez estatu mailan Europa mailan baizik— oso garrantzitsua izan da Kontzertu Ekonomikoa bideratu izana. Ze, arriskua ez dago estatu mailan Europan baizik. Guk ezin duguna da gure bidea perspektibatik galdu. Non irakurri duzun eta nortzuk esan dituzten horiek jakin behar da. Kritikak bere lekuan jarri behar dira eta; baita Gobernua eta kritiken egileak ere.

Adibidez, EAJko EBBren Xabier Arzalluzek, EAEk ez duela bere sistema propioa garatzeko gaitasunik esan zuen.

Ez, ez. Denek anplifikatu izan dituzte Xabier Arzalluzen hitzak. Gogora dezagun kontestua apur bat. Guk hamabost egunetan lortu genuen aurrekontuaren akordioa EHgaz, eta beste aldetik, Espainiako Gobernuagaz Kontzertuaren akordio fiskala. Alde batekoek, aurrekontuen akordioa kritikatu izan zuten EHren inposaketa bat izan zela esanez. Osterantzean, beste parteak, Kontzertzuaren akordioa lortu genuelako, zuk erabili duzun «pasteleoa» edo antzekoa erabiliko zuten gu kritikatzeko.

Xabier Arzalluzen berbak dagoz bestalde, bi aldeek anplifikatu dituzte bere hitzak. Xabier Arzalluzek gauza bi esan zituen: bat, akordioa ona zela; bi, Espainiako Gobernuari kritika egin zion bere oportunismo politikoagatik, baina ez akordioagatik beragatik. Beraz, gauza bakoitza bere lekuan ipini behar da.

Edozein modutan ere, arau foralen egokitze bat eman izan da azken akordioaren ondoren. Ez duzu uste?

Ikus dezagun arazoa bere testuinguru historikoan. Kontzertu Ekonomikoari buruz orain urte bi lortu zen akordioa oso garrantzitsua izan zen, azkenean kontzertuaren konpetentziak gainditu zirelako. Elkarteen Zergen konpetentzia PFEZera eta Zerga Berezien eremura zabaldu ziren orduan. Alegia, orain dela hamabi urte Espainiako Gobernuak bultzatu zuen dinamikak —helegite edo errekurtsoaren dinamikak— ezegonkortasun juridikoa eta politikoa eragin zituen. Duela bi urtetako akordioagaz eta aurtengo akordioagaz apurtu dugu errekurtsoen dinamika. Kontzertu Ekonomikoa bide onean ipini dugu hemendik urtebete barru berritu ahal izateko. Dinamika hori bukatu da, eta azkenean 2.000. urtean lasaitasun handi bategaz sartu ahal izan gara. Behar genuen segurtasun juridikoa lortu dugu gure harremanen eta neurrien garapenean.

Beraz, ziur zaude soberania fiskalak ez duela porrotik egin?

Ez. Soberania fiskalak ez du porrotik egin, soberania fiskala finkatuta dagoelako. Orain urte biko eta azken akordioan arau bi besterik ez dira kendu. Elkarteen Zergak eta Zerga Bereziak Europa mailan egon dira kuestionatuak eta zalantzan. Kontuan hartu behar da Europa mailan gure Kontzertua hamazazpi begiegaz ikusita dagoela. Europan armonizazio fiskalaren prozesua txarto dagoenez, errudun bat behar dute, eta gu gara horietan lehena. Arau biek ez dizkiete kalterik egiten elkarteen zergei eta soberania fiskalari. Elkarteen zergetan, zerga-arintze edo degradazio tipoa ez da berdina gurean eta estatu mailan. Guk araudi bat daukagu gure ekimenentzako. Gure soberaniaren bitartez gure politika fiskala egiten dugu gure egoera ekonomikoa eta soziala zein den kontuan hartuaz.

Arau bi egon dira orain arte . Kreditu fiskala, inbertsio berezientzako —arau hau kritikatuta izan zen orain aspaldian; neurri kapitalista bat zela esanez—. Arau hori Europa mailan, orokorrean, zalantzan dago. Artikulu bakar bat da. Bestea Koordinazio Zentruena da. Ekimen edo arau hori ez dugu erabili eta arau hori Europako beste estatu guztientzako ere badago. Portaera eta kalteak neurtzeko modura ipinia da. Azken finean, arau horiek ez dira kendu Espainari begira Europari begira baizik. Artikulu bi hauengatik ezin da esan gure soberania gutxitu dela Europan. Gure soberania fiskala guztiz ukitu barik dago Espainiar estatuari begira.

INEMen datuen arabera 4.462 langabe gehiago daude Hegoaldean. Zein da lehehendakariorde gisa datu berri hauei buruzko zure balorazioa?

INEMen datuak dira; datuok koiunturalak izan daitezke: urtarrila txarto otsaila hobetoxeago. Guk gure datuak erabiltzen ditugu; EUSTATen datuak. Guk lau hilabeteko edo urteko perspektiba behar dugu gure Egonkortasun Hitzarmena neurtzeko. Lau urterako proiekzioa egina dugu EAEko instituzio guztien artean. Gure azkeneko datuak iazkoak dira, eta hauek guk egin genituen prebisioko datuak baino hobeagoak agertzen ziren; dezima batzuk, baina hobeagoak dira. Gure apustua langabetu kopurua % 15era jaistea da. Iazko azkenengo lau hilabetean % 14,9ra jaitsi zen. Gutxi da, baina beheranzko joera da; langabezi tasa apurka jaistea perspektiba ona da.

Eusko Jaurlaritzaren xedeetako bat soldata legea ezartzea da. Noiz lortuko da EAE Europaren mailan jartzea?

Soldata legea Eusko Legebiltzarrean dago ponentzia modura, planifikazioan. Bere bidea egingo du ponentzia horrek. Europa mailan badagoz neurri bereziak eta gu geu izan gara Euskadi mailan berauek sartzen lehenengoak. Baina neurriak estatu mailan hartzen dira tresna bi hauek edukita: enpleguko eta seguritate sozialeko konpetentziak. Politika soziala egiteko tresna biak behar dituzu, ze, ez da soldata soziala bakarrik arazoa, baizik enplegua sortzea, enplegua berritzea, pentsioak ikustea edota gutxieneko soldata interprofesionala —zein mailetan eta zeinetan ez— ipintzea. Politika integral bat gauzatzea da kontua. Ez da bakarrik soldata soziala Europari begira jartzea, kontestu osoa hartu behar da kontuan.

Zer moduz uztartzen dira Eusko Jaurlaritzaren programa eta EAJren azken ponentzia? Nahi baino gehiago tiratzen du alderdiak garai honetan?

Filosofia bat dago gauza bietan. Batetik, gu ez gara hutsetik hasiko. Estatuak gauza onak ekarri dizkio herri honi. Hori hola izanda ere, badagoz beste gauza batzuk zalantzan autogobernu mailan. Gobernua erreflexionatzen ari da zer autogobernu mota prestatu behar duen herri honi zerbitzu politika egoki bat emateko. Autogobernuaren Liburu Zurian agertu dugu hori. Izan ere, Gernikako Estatutua egin zenean Europaren errealitatea ez zen gure buruetan, eta gaur egun, Europaren errealitatea gure egunerokoa da, eta hori kontuan hartu behar dugu autogobernuari begira. Azken batez, estatu mailan zer harreman mota garatu gura dugun jakitea garrantzitsua da. Prozesu honetan EAJk eta Eusko Jaurlaritzak bakoitzak bere bidea eta bere papera jokatzen du, baina koordinazioa itzela da bien artean.

Nola irten daiteke hogei urtetan erabilitako egituratik oraingo marko juridikoaz haratago joateko?

Nola? Bada, tresna juridiko batzuk ipintzen badira borondate politiko baten bidean eta borondate politikoa lortzen baduzu gizartean, lortu daiteke. Hori da bidea. Gizartearen nahia maila politikora eramaten baduzu, tresna juridikoak ipiniko dira asmo politiko horien bidean. Formula magikorik ez dago, jakina.

Martxoko hauteskundetarako inkestekek bi diputatu gehiago ematen dizkiote EAJri; EHren estrategiaren `kontura', nolabait esanda. Arerioek berriz ere esango dute zerbait.

Hori inkesta bat besterik ez da. Gu herri txikia gara eta proiektu berezi bat dugu. Beraz, gure proiektua leku guztietan defenditu behar dugu, bai Madrilen bai Parisen bai New Yorken. Datorren martxoaren 12ko hauteskunde orokorretan norberak bere proiektua defenditu behar du. Horretarako botoa ematera joan behar da. EAJk gora egiten badu ongi, eta denek parte hartzen badute askoz hobeto. EAJren apustu politikoak eta proiektuak ez dute dudarik uzten momentu honetan
USANSOLOKO ALABA AUSARTA

USANSOLOKO ALABA AUSARTA

Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordea eta Ogasun sailburua izan aurretik, EAJren EBBn idazkari gisa eta Legebiltzarrean parlamentario lanetan trebatu zen. Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatua da Usansoloko senide jeltzale baten alaba hau. Oso atxikia da bere herriari. Hedabideetan serio antzean agertzen bada ere, pertsona atsegina, adeitsua eta komunikatzailea agertu zaigu. Erretzaile porrokatua da.



Argia.com 2012