Astekaria

 Erreportajea 

YOYES: BELAUNALDI BATEN ERRETRATOA LAINO ARTEAN

Irudia

Beñat Doxandabaratz


1749. alea
2000-02-13
alde 0    kontra 0

Txikitatik zinemazale porrokatua izan da Helena. Altsasuko Bengoetxea zinematik pasatzean halako irrika sentitzen zuen zein film zegoen jakiteko. Posterrari begira geratzen zen liluratua. Baina ez zuen inoiz pentsatu zinematik noizbait bizi ahal izango zenik.

«Umetan zinema erreferentzia gune bilakatu zen niretzat. Handik ateratzen genituen ereduak, handitzerakoan zer izan nahi genuen jakiteko. Zoritxarrez, ageri ziren ereduak ez ziren erakargarriak. Mutilak astronauta, abenturazale edo `cow boy' izaten ahal ziren. Emakumezkook berriz, bi rol baino ez genituen aukeran: santa edo emagalduarena. Eta ez batak ez besteak ez ninduten batere erakartzen»

diosku Tabernak. Pedagogoa den aldetik Helenak badaki oso ona dela umeek halako ametsak izatea, nahiz eta gero bizitzak hegoak mozten ahal dizkien.

«Nik ez nuen halakorik izan, baina pasioak, benetakoa denean, zerbait ematen dizu bueltan»

. Pedagogia arloan bideo lan didaktikoak egiten hasi zen, bideoaren aplikazioa irakaskuntzan, hain zuzen. Nafarroako Gobernuan haatik, bideo bakarra zuten. Alcala de Henareseko ikastaro batean trebatu eta bete-betean murgildu zen zeregin horretan. Sormen aldetik mugatua zegoenez, bere aisialdian fikzioa lantzeari ekin zion. Halaxe, Bardeetan bideoan egindako «La mujer de Loc» filmak, Emakunderen sari bat lortu zuen. Bibliako gatz estatuaren pasadizoan zegoen oinarritua, emakumeek desobeditzeagatik antzina jasaten zuten zigorra salatzeko. Hortik zinemara pasa eta zenbait labur egin zuen, hala nola, «87 cartas de amor», «Altsasua 1936», «Nerabe» edo «Herrikolore». Altsasukoan, Gerra Zibilaren alderdi ezezagun bat jorratu zuen: elizaren inplikazioa Altsasun 1936an gertatu ziren triskantzetan, gurutzada santua zela argudiatuz. Garai hartan, eliza katolikoan ere bazen ideia aurrerakoiak zituen korronte bat.

«Altsasu adibidez, Nafarroako herri gorri bakarra zen eta Marino Aierra nire osaba, hango apaiz gorria»

. Halaxe, 1936ko uztailaren 17an Aierrak bere sermoian bota zuen: alkatea ez beste, ez zela inor bisitatzera joango, bere etxea zabalik egonen zela. Goikoetxea alkateak alde egin eta handik gutxira hasi ziren gezur eta hilketak.

«Franko-eta terrorista hutsak ziren, legalki ezarria zegoen boterearen aurka matxinatu ziren. Elizak hori egin izan ez balu, agian Gerra Zibila ez zen inoiz hasiko»

. Ekoizle bati erdimetraia gustatu eta telebistarako hiru atal eta drama bat egin zitzan eskatu zion.

«Baina orduan, agintean zen PSOEk horrek elizaren baimenik ba ote zeukan galdegin zuen»

.

Tabernaren aurreko lanei so beraz, badu logikarik Yoyesen bizitzari heldu izana, pertsonaia berezien bizitzak kontatzea gustukoa baitu; Emiliana de Zubeldia edo Aierra bera, kasu.

BAKARKA HEGAN.

Estatubatuar eta irlandarrek Yoyesen tragedia garaikide hau balute, honezkero zenbait film egina zuten. Gidoia mamitzeko dokumentazio bilaketa itzela egin zuen Tabernak, egunkariak miatuz, familiarekin mintzatuz, baita Yoyes ezagutu zutenekin ere, gaur egun politikaren esparru zabalean daudenak.

Alabaina, aurre produkzioa eginda gero, makina bat atzerapen eta luzabide jasan zuen filmak. Azkenean, bost urteren buruan, filmaketari ekin zioten, 400 milioiko aurrekontua zuela.

«Hainbeste buruhauste eta oztopo jarriko zidatela jakin izan banu, ez niokeen inoiz helduko. Eskerrak jendea ni animatzen izan dudan, ETBko Elixabete Garmendia bezala»

. Tabernak Yoyes ezagutu ez bazuen ere, belaunaldi berekoa izanik, oso gertukoa sentitzen du.

«Patua bere iraganaren aurrean nola oldartu eta gailendu zitzaion interesatu zait. Bere garaiari aurre hartu zion emakumea zen Yoyes, ETAren barruan agintaritzara iritsi zen lehenengoetako bat»

. Pertsona orok aldatzeko duen eskubidea azpimarratu nahi izan du; bizitza mugiezina ez delako, prozesu bat baizik.

«Nire ustez, herri heldu batek ausardia izan behar du zaurien gainean hatza sartzeko, beti ere sendatu ahal izateko. Dagoeneko 14 urte pasa dira. Ordaindu beharreko emaitza ez dadila hainbestekoa izan bakarka hegan egin nahi izateagatik. Edozein arlotan gertatzen da, ez ETAn bakarrik, eliza katolikoan, alderdi politikoetan edo koadrila bera uzteagatik. Biografiak zirraragarriagoak izango lirateke jendea benetan nahi duena egitera ausartuko balitz»

.

1970eko hamarkadan hasten da filma, Dolores Gonzalez «Yoyes»ek muga zeharkatzen duenean. Flashback moduan dago kontatua: ETAn nola sartu eta nola atera zen, Pariseko egonaldia, eta bere heriotza Ordizian. GALen atentatuak gordinki irudikatzen dira, Espainiaren interes ilunak, prentsaren jazarpena, Yoyes ETAren ikusmiran jartzeraino. Yoyesek uko egin zion komunikabideetan agertzeari. Hilketa justifikatzeko, bere burua salbatzearren talde kideak salatu izana leporatu zion hainbatek.

«Film politikoa baino Yoyesen barne mundua islatu nahi izan dut, alde emozionala, gizaki eta gizartearen kontraesan sakon horiek»

. Nahiz eta gertaerei atxiki, ez omen dago ezer gezurra denik, ezta ezer zehatzik ere. Esaterako, bikotearen eguneroko bizitzari dagozkion kontuak asmatuak izan dira, Tabernak ez zuen ikusleak filmeko pertsonaiak egiazkoekin identifikatzen hasterik nahi-eta.

INOLAKO PRESIORIK GABE

. Europako gidoi laguntzetarako aurkeztean, istorioa erabat bideragarria zela esan zioten. Finantziazioa lortzea izan zen hurrengo erronka, ez baitzen film merkea. Azkenean, Eurimages, Eusko Jaurlaritza eta Kultura Ministeritzaren babesa lortuta, errazagoa izan da ekoizle baten interesa pizteko. Gai samingarria zela jakinki, jokuaren arauak Helenak markatu ditu. Enrique Cerezo ekoizlearekin kontratu bat sinatu zuen, zeinean filmaren erantzukizuna bere gain osorik hartzen zuen, kanpoko eragingarririk gabe:

«Banekien edozein fasetan gidoia alda ziezadaketela»

.

Filmaketa hainbeste denbora atzeratu izana bestalde, mesedegarri izan zaio bai bi hilabeteko entseguak egiteko bai lokalizazioak ongi hautatzeko: Andoain herria (Ordizia balitz bezala atondua), Iparraldea, Irati, Madril eta Paris.

Zortzi astez luzatu zen filmaketara dena xehe-mehe prestatua eraman bazuen ere, bat-batekotasunari ez zion muzin egin. Kameren kokapena eta alderdi bisuala franko zaindu ziren, akzio sekuentziak adibidez, hiru kamerekin filmatuz. Hala ere, filma, alderdi teknikoan baino antzezpenean oinarritu du.

«Aktorea delako hunki zaitzakeena, berdin dio kamera non dagoen kokatua. Nire iritzirako, Ana Torrentek lan arras ona egin du. Senarraren rolean Ernesto Alterio ere oso sinesgarri dago, 70eko hamarkadan eramaten ziren bizar horietako bat duelako baino, rolean erabat sartu delako. Gora egingo duen aktorea da»

. Banaketa honako hauek osatzen dute: Florence Pernel aktore frantziarra, Yoyesen Iparraldeko lagunaren azalean, Koldo Langa, Iñaki Aierra, Isabel Ordaz eta alabaren azalean, Laura Ballesta.

«Aktoreek euskara klaseak hartu zituzten, bidenabar Ana eta Ernestoren azentuek euskal doinua har zezaten. Jorge Oteizarengana ere eraman nituen, Euskal Herria ulertzen erakuts ziezaien»

.

Soinu bandaz Angel Illarramendi musikari zarauztarra arduratu da, Pragako Orkestra sinfonikoa lagun duela.

«Primeran konpondu ginen hasieratik. Irlandar zinemarekin bezalaxe gertatzea nahi nuen, hau da, esertzen zaren unetik, musikak herrialde horretan kokatzen zaitu. Ba, hori bera nahi nuen gure filmarekin: Euskal Herrian gaudela nabarmentzea, baina ez modu bigun eta folklorikoan, ausarki baizik. Azken sekuentziak oiloipurdia jartzen du, alboka, txalaparta eta gaitak batera sartuz»

. Gai nagusia Amaia Zubiriak abesten du,

«gurean dugun emakume ahotsik politena, belus-antzekoa dirudi»

. Estreinaldia martxo aldera egitea espero dute estatu osoan; Euskal Herrikoa baina, bereziki zainduko dute. Horren harira, euskarazko bertsioa ere izango du, Txemi Arratibel ataundarrak egina.

«Filman ageri diren euskarazko sekuentziak noski, bere horretan utzi ditugu»

. Helena irrikitan dago jendearen erreakzioa ikusteko.

«Nire desio bakarra filma ikustera sartuko den jendea aurreiritziekin ez joatea da. Badakit prentsak galdera makurrak egingo dizkidala, baina ez naiz amarru horretan sartuko, istorioaren funtsa bestelakoa delako. Film samina izan arren, ez dago inondik inora gorrototik egina, adiskidetzea lortze aldera jo dut gehiago. Ez ditut pertsonaien ekintzak epaitzen, ikuslea izan dadila, nahi badu, juzgatuko dituena


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1748
 
azala1747

1749 zenbakia.
2000ko otsailaren 13a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza