Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-06 15:50:05
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-02-13 -- 1749.zenb

Tantoa

Mikel Atxaga

argazkia

Lagun leiala da Jose Ramon Beloki. Aintzakotzat hartzen, errespetatzen eta laguntzen dakiena. Ez da aldartetsua eta gorabeheratsua. Bata, Donostiako Herri Irratian, bestea, Zeruko Argian, doi-doi ginen ezagunak. Felipe Gonzalez, Txiki Benegas eta Enrique Mugica, prentsaurrekoan euskaraz galdetu nielako, estuasun gogorrean jarri nituenean, Belokiri eskatu zioten itzulpena. Jose Ramonek, entzungor. Ez ninduen saldu.
Geroztik, mahaiaren alde banatan lan eginak gara luzaroan. Oraintxe ere larunbatero egiten dugu hitzaspertua. Baina Garaikoetxea, Galdos eta Sudupe bere nagusien sekretuak Josefateko zelaian jakin beharko ditut. Hain da leiala!
Eta langile porrokatua. Ordurik ez duena. Behar denean gau eta egun aritzen dena. Lanari aurrea hartzea gustatzen zaio. Ez zaizkio gustukoak azken orduko presak eta zalapartak. Aldez aurretik dena ongi lotua nahi izaten du. Herri Irratiak antolatu zuen «24 orduak euskaraz» ekitaldiak bakarrik ere ederki adierazten du Jose Ramonen alderdi hori.
Gainera, langile txukuna da. Gehiegizkoa batzutan. Akatsik gabeko lan borobila burutu nahi izaten du denean. Arazoari eta konponbideari alde guztietatik begiratu behar izaten dio, jira eta bira. Eskatu behar duen informazio guztia eskatuko du, eta hitz egin behar duen guztiarekin hitz egingo eta eztabaidatuko. Eta erabakiko. Ez du bertan behera uzten, ustel dadin edo denborak konpon dezan. Euskarazko egunkariaren egitasmoa burutzerakoan nabarmen utzi zuen alde hori.
Ez zaio zabarkeriarik eta erdipurdikeriarik atsegin. Ez du arinkeriarik eta inprobisaziorik onartzen. Eta alferkaria, arinkeria, inprobisazioa eta jokabide aldartetsuak nagusi ohi diren lekuetan aspergarri eta gogaikarri gerta dakioke bati baino gehiagori Jose Ramonen jokabide hori. Bereari azkeneraino eusten dio. Baina beste zerbait erabakitzen bada ere, ez da zapuzten eta haserretzen. Jose Ramonek nekez hautsiko ditu inorekin harremanak

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan