ETXEKO KONTSUMITZAILEEK INDUSTRIENA ORDAINTZEN DUTE
Daniel Udalaitz
etxeetako elektrizitatea kontsumitzen dugunok, munduko garestienetakoak diren fakturak ordainduz, kontsumitzaile industrialak finantzatzen ari gara.
Espainiako Estatuko etxeetako elektrizitate kontsumitzaileek, ordaintzen dituzten fakturekin, industrietako kontsumitzaileen gastua finantzatzen dute. Hau da, etxeetako kontsumitzaileak enpresen gastuak ordaintzen ari dira. Baieztapen hau ez du testu honen idazleak egiten, berriki ezagutzera eman den eta duela gutxi arte isilpean egon den Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (OCDE) txosten batek baizik.
Txosten horrek, aldi berean, elektrizitate sorkuntzaren gehiegizko kontzentrazioaz ohartarazten du, Endesak eta Iberdrolak bien artean merkatuaren % 76 kontrolatzen baitute; «duopolio» bat osatzen dute. Horregatik OCDEren txostenak aholku batzuk ematen ditu horien ahalmena mugatzeko eta, batez ere, Estatuak enpresa elektrikoei ematen dizkien laguntzetan gardentasun handiagoa izateko.
Ekonomia, kontsumo eta politikako hainbat arlotan bezalaxe, Euskal Herria oraindik bere prezio eta kontsumoetan Madril eta Parisen menpe dago. Horregatik, gaur egun oraindik ere, Espainiako eta Frantziako datuekin batera nahasturik gauden estatistiketara jo behar dugu, eta horrek, sarritan, desitxuratu egiten du errealitatea.
KILOWATT GARESTIENETAKOAK.
Joan den abenduaren erdialdean «El Pais» egunkari madrildarrak ezagutarazi zuen txosten horren arabera, Espainiako Estatuko elektrizitatearen prezioak OCDEko herrialdeen arteko garestienetakoak dira. Joan den urrian egindako txostenean ageri denez, Espainiako Estatuko elektrizitatearen prezio orokorra erakunde horretako herrialdeen batez bestekoaren parekoa da, baina, aldiz, «
zerga aurretiko etxeetako prezioak altuenen artean daude» (ikus goiko taula). Kontuan hartzen diren 20 herrialdeetatik, 3 herrialde soilik dira (Japonia, Danimarka eta Belgika) Espainiako Estatuko hiritarrek baino gehiago ordaintzen dutenak.
Zergatik gertatzen da distortzio hori? Bada, hain zuzen ere, etxeko kontsumitzaileak eta industriako kontsumitzaileak faktura ezberdina ordaintzen duelako, zehazki esateko, etxeetako kontsumitzaileok enpresetako eta industriako kontsumitzaileen faktura ordaintzen ari garelako. Txostenak aipatzen dituen aldeak ikustea besterik ez dago: energia kontsumitzaile handiek, hau da, enpresek, kilowatt bakoitzeko 4 pezeta ordaintzen dute, eta kontsumitzaile txikiek 20 pezeta kilowatt-eko.
Txostenaren arabera prezio altu hori, batetik, «eranskin» ugariren ondorio da, fakturaren % 16 osatuz; eta bestetik, ikatzarentzako dirulaguntzen, luzamendu nuklearrarengatik ordaindu beharreko konpentsazioen eta lehiakortasunerako trantsizio kostuen ondorio —1,3 bilioi pezeta, erabiltzaileok konpainia elektrikoei datozen urteotan ordaindu beharrekoak—.
OCDEren txosten horrek sektorearen liberalizaziorako prozedura ere aztertzen du, eta hainbat itzal ageri da bertan. Itzal horietako bat sektorean dagoen kontzentrazioa da. Elektrizitatearen produkzioan ari ziren hamabi enpresatatik bi merkatuaren % 76 biltzera iritsi dira, aipatu dugun «duopolio» hori eraginez. Kontzentrazio hori gertatzeko arrazoietako bat Espainiako Gobernuak Europako merkatuan enpresa «nazionalak» bultzatzeko izan duen jarrera izan da. OCDEren txostenaren arabera, jarrera hori «
kontraesanean» dago liberalizazio prozesuarekin eta merkatu elektrikoaren lehiakortasuna bultzatzeko Gobernuak daraman politikarekin. Hain zuzen ere, duopolio horrek kostuen gorakada, lehiakortasuna eragoztea eta kontsumitzaileen kaltea eragiten ditu.
OCDEren txostenak Espainiako Estatuan lehiakortasuna bultzatzeko eta merkatua zabaltzeko egiten ari diren ahaleginak aitortzen ditu. Baina, hala ere, azken hiru urteotan lortutakoari buruzko ñabardurak eransten ditu. Lehiakortasun handiago bateranzko bidea «
ondo doala dirudien» arren, prezioak beheratzeko dagoen joera, nagusiki, «
eskaeraren igoerari, interes moten beherakadari eta enpresen inbertsioei» zor zaie. Eta txostenak dioenez, «
lehen bi faktoreak ziklo ekonomikoaren ondorio dira eta etorkizunean aldatu egin daitezke».
«El Pais»ek ezagutarazitako txostenaren edukiak liskarra eragin du egunkari horren eta Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Industria ministro Josep Piquéren artean. Gobernua eduki hori gezurtatzen saiatu zen baina gaizki atera zitzaion: OCDEren bigarren zirriborro bat zabaldu zuen, baina egunkariak ezagutarazitakoen antzeko datuak eskaintzen zituen
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.