etxeetako elektrizitatea kontsumitzen dugunok, munduko garestienetakoak diren fakturak ordainduz, kontsumitzaile industrialak finantzatzen ari gara.
Espainiako Estatuko etxeetako elektrizitate kontsumitzaileek, ordaintzen dituzten fakturekin, industrietako kontsumitzaileen gastua finantzatzen dute. Hau da, etxeetako kontsumitzaileak enpresen gastuak ordaintzen ari dira. Baieztapen hau ez du testu honen idazleak egiten, berriki ezagutzera eman den eta duela gutxi arte isilpean egon den Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (OCDE) txosten batek baizik.
Txosten horrek, aldi berean, elektrizitate sorkuntzaren gehiegizko kontzentrazioaz ohartarazten du, Endesak eta Iberdrolak bien artean merkatuaren % 76 kontrolatzen baitute; «duopolio» bat osatzen dute. Horregatik OCDEren txostenak aholku batzuk ematen ditu horien ahalmena mugatzeko eta, batez ere, Estatuak enpresa elektrikoei ematen dizkien laguntzetan gardentasun handiagoa izateko.
Ekonomia, kontsumo eta politikako hainbat arlotan bezalaxe, Euskal Herria oraindik bere prezio eta kontsumoetan Madril eta Parisen menpe dago. Horregatik, gaur egun oraindik ere, Espainiako eta Frantziako datuekin batera nahasturik gauden estatistiketara jo behar dugu, eta horrek, sarritan, desitxuratu egiten du errealitatea.
KILOWATT GARESTIENETAKOAK.
zerga aurretiko etxeetako prezioak altuenen artean daude
kontraesanean
ondo doala dirudien
eskaeraren igoerari, interes moten beherakadari eta enpresen inbertsioei
lehen bi faktoreak ziklo ekonomikoaren ondorio dira eta etorkizunean aldatu egin daitezke
Gure fakturen bidez, 1999 urtean zehar 400.000 milioi pezeta (16.000 milioi libera) oparitu dizkiegu Espainiako Estatuko enpresa elektrikoei. Horrelakoxe argia da errealitatea. Eta zergatik oparitu dugu kopuru hori kontsumitzaileok? Ez, behintzat, elektrizitate gehiago erabili dugulako. Oposizioko talde batzuk aurka agertu arren, Espainiako Gobernuak 1998ko irailean, konpainia elektrikoekin adostuta, enpresa lehiakideari trantsizio kostu bezala (edo kalteordain gisa) 1,3 bilioi pezeta ematea erabaki zuelako baizik. Merkatu librerako jauzia emateko, Espainiako Gobernuak diru kopuru izugarri hori eskaini zien kalteordain gisa. Datu ofizialen arabera, konpainiek kopuru horretatik 387.000 milioi pezeta eskuratuak dituzte dagoeneko.
Espainiako Gobernuak eta presio taldeek konpentsazio horretarako berehalako baimena lortzeko Europako Batzordearen aurrean erabili zuten argudioa hauxe da: enpresa elektrikoak onartua eta abian jarria zutela merkatu elektrikoaren berehalako eta erabateko liberalizazioa. Baina argudio hori guztiz indargabeturik geratzen da, OCDEren txostenak berak eta beste azterketa batzuk agerian uzten dutenez, Espainiako merkatu elektrikoaren zabaltzea Europako Batasuneko batez bestekoaren oso azpitik baitago
OCDEren txostenean ageri denez, Espainiako Gobernuak konpainiekin hitzartutako laguntzek, ondoko herrialdeetatik inportatzen den energia kopuru urriak, gas naturalak oraindik duen hedadura apalak eta prezioen distortsioak ezinezkoa egiten dute Espainiako Estatuan elektrizitatearen benetako merkatu bat garatzea.
Testuinguru honetan, nazioarteko erakundeak hainbat gomendio egin die konpainiei, eta hauek, dagoeneko, gomendio horiekiko aurkako jarrera erakutsi dute. Besteak beste, Iberdrolak eta Endesak elektrizitatea sortzeko dituzten aktiboetako batzuk «askatu» beharra aipatzen du, beste energia hornitzaile batzuei salduz edo lagapen kontratuak eginez. Antzeko zerbait egin zen Erresuma Batuan, Zeelanda Berrian, Estatu Batuetan eta Kanadan.
Beste neurri batean, Iberdrola eta Endesari energia sortzeko instalazio berriak eraikitzeko ahalmena mugatzea aipatzen da. OCDEk, gainera, premiazkotzat jotzen du kontsumitzaileek gas naturala eskura dezaten erraztea, ondoko herrialdeekiko elkarlotura sistemak areagotzea eta Espainiako Sistema Elektrikoaren Batzordearen (CNSE) ahalmen arautzailea indartzea.
OCDEren txostenak Espainiako Gobernuak konpainia elektrikoei emandako eta kontsumitzaileak gure fakturekin ordaintzen ari garen laguntzak eta kalteordainak (1,3 bilioi pezeta) ere aipatzen ditu. Txostenak onartzen du beste herrialde batzutan ere antzeko operazioak egin direla, baina ohartarazten du Espainiako Gobernuak agian hitzartutako neurriren batzuk aldatu beharko dituela, kontuan izanik, une honetan, Europako Batzordea laguntza horiek aztertzen ari dela.
Azkenik, txostenean, gardentasun handiagoa eskatzen zaio Espainiako Gobernuari. Bere ustez, Espainiako Estatuko elektrizitate sektorearen arauketa «
ez da behar bezain independentea edo gardena
». Ministerioa, arautzaile garrantzitsuena, «
ez da egunean eguneko presio politikoekiko behar bezain independentea
». Eta, amaitzeko, Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak zera nabarmentzen du: «
Arautzaile independenteak (CNSE) ahalmen gutxi du. Benetako merkatu lehiakor bat garatu ahal izateko komenigarria litzateke azken erabaki arautzaileetan independentzia eta gardentasun handiagoz jokatzea
»
![]() |
|
||||
1749 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa