Kirol gehiegi ematen duela leporatzen zaio ETB-1i. Pilota ia egunero eta futbola ere, ostiralean izan ezik. Ez zaie arrazoirik falta hori uste dutenei. Ez baita gaikako kate bat, orokorra eta euskarazko bakarra baizik. Asteburuan kirolak egundoko pisua du, larunbat nahiz igandean, eta astean zehar, programazioan kirol emankizun askotxo sartu izan dute ETB-1ean, gaueko programazioa («Gaur egun», «Bertatik bertara», «Goenkale» eta «Sorginen laratza») aztoratzeraino; futbola, pilota edo saskibaloia dela. Horretaz jabetuta, neurri hau hartu du ETBko zuzendaritzak. Bestetik, irizpide ekonomikoa erabili dute kirola bigarren katean ematen hasteko, futbolarekin egiten den inbertsioa errentagarria izan dadin, bai audientzia, bai publizitateari dagokienez.
«Sakonean aztertu eta gero hartu da erabaki hau, momentuz Errege Kopako sei partidak izango dira. Bestelako zurrumurruak etxeko sukaldekoak dira»
«Telebistan konpetentziari erreparatzen diozu, oso bitarteko aldakorra delako. Gu lehiakorrak izaten saiatzen gara, gure buruari muzin egin gabe baina, hau da, badakigu ETB-1ek duen eta izango duen garrantzia euskararen normalkuntzan»
«Programazio irizpideak beraz, ezin dira epe erdira edo luzera egin, emaitzen arabera baino».
«1983tik hona, harrokeria litzateke sekulako lana egin dugula esatea. Guk behintzat, oso gustura bete dugu kirol esklusibak euskaraz burutzearen erronka»
«Orain erraza da, baina garai batean buruhauste franko izan genituen euskara kirolaren hizkuntza teknikora egokitzeko. Kazetariez gain, kirolari izandakoak ere trebatu dira. Nire irudipena agian ez dator bat Euskaltzaindiako kideek dutenarekin, baina tira, jendeari dagokio gure ekarpena ona, halamoduzkoa edo erdipurdikoa izan den esatea. Guk bitartean, hobetu nahian segituko dugu»
«Emankizunetan euskara jasoa erabiltzeari garrantzia ematen diogu. Guretzat, euskaraz txukun samar moldatzea kirol jakin horretan aditua izatea bezain pisuzkoa da-eta»
Adituak ezaguna eta erakargarria izan behar du, gainera. Aukerak hortaz, askoz murritzagoak dira»
«Hori guztia lapikora bota eta gero dena ongi ateratzea ez da erraza, are gutxiago jakinda zuzenean aritzen direla. Eta ez pentsa, balizko aditu dexente baztertu dugu euren euskara maila nahikoa ez zelako. Nire ustez, gure oraingo adituek ezaugarri horiek bete ez ezik, ikuskizunari ere ekarpen bat egiten diote, euskaldungaiek erraz jarraitzeko moduan»
«Gu saiatzen gara ahal den erdarakada gehien baztertzen; horretarako ETBko euskara sailekoak ditugu lagun, okerrak zuzendu eta esamolde berriak proposa diezazkiguten»
ERRUSIAR ESATARI XELEBREA.
«Narrazioaz arduratzen den kazetariak bera osagarri bat dela pentsatu behar du, nahiz eta saskibaloia edo futbolak atletismoak baino gehiago laguntzen duten tonu bizi batean jarduteko. Futbolean adibidez, plano orokor batean, baloia nork daraman esan behar du; ez ordea ezker edo eskuin hegaletik sartzen ari den, hori bistakoa da-eta»
«Errusiar esatari bat ezagutu eta seko harrituta utzi ninduen. Bera hona etorri zen partida Bielorrusiarako zuzenean ematera, eta guk lagundu genion, eroso sentitu zedin. `Txuleta' moduko batzuk eta guzti egin nizkion. Emanaldia hasia zela, konturatu nintzen ez zuela fitsik ere esaten. Isilune luzeen ondoren, tarteka bi hitz botatzen zituen, eta hori zen dena. Korner bat zegoenean ere juxtu-juxtu esaten zuen. Hamaika ikusteko jaioak gara! Nik ondoezik edo bihotzekoak emanda zegoela uste nuen. Zurbil-zurbil zegoen, gainera. Kezkatuta, ea zerbait gertatzen zitzaion galdegin nion eta berak ezetz, lasai egoteko; hori, errusiar estiloa zela. Lasaitu ederra hartu nuen. Gero, Argentinara zoaz, eta sekulako hitzjarioa dutela ikusten duzu, eta gola denean, zer esanik ez, ordu erdiko oihua. Gu berriz, erdibidean gaudela esango nuke»
![]() |
|
||||
1749 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa