ZAZPI KOMUNIKATZAILE SARITU DITU ARGIAK


2000ko otsailaren 06an
Txipiroi frijituak, onttoak tartaletan eta txistor hojaldratuak apartekoak izan ziren ARGIA Sariak 2000 ospakizunari hasiera emateko. Ehundik gora lagun bildu ziren Lasarteko Txitxardin Beltxa jatetxeko atarian. Erakunde publikoetako ordezkariak, hedabideetakoak, batzuk lanera etorriak eta besteak sari banaketa eta bazkari-berriketa atseginerako animatuak, sindikatu, irakaskuntza, bertsolaritza eta kultur alorreko makina bat ordezkari, sarituak zein ziren bertatik bertara ezagutu eta bazkaritarako irrikitan zebilen. Joan den aste hasierako hotzak eta izotzak ahaztuta, zeru garbiaren pean eta giro epelean, lehen berriketaldiak hasteaz gain, ARGIAko teknikariak 1999ko urtarrilaz geroztiko aldizkarietako aleetan bilaketak egiteko sistemaren azalpenak eskaini zituen. Gonbidatuak jakiz eta informazioz, neurri batean bederen, ase zirenean mahairako ordua heldu zen.
Bazkaltzeko prest ginela Joxe Mari Irazusta Komunikazio Biziagoa elkarteko zuzendariaren txanda iritsi zen. ARGIA Sarien 11. edizioa iritsita, azkeneko sarietatik igarotako urtebetean Komunikazio Biziagoa bera ere ez zela egonean egon gogorarazi zuen Irazustak. Paperezko ARGIA astekaria zortzi orrialde gehiagorekin kaleratzen da duela hilabete batzuetatik. Beste aldizkari bat ere biziberritu da; LARRUN hain zuzen ere. 1985. urtean abiatu zen pentsamendu aldizkari gisa eta larrialdi ekonomikoak medio itzali zen. Urrian kaleratu zen 26. alea eta dagoenekoz lau alek ikusi dute argia. Bazkal aurretik erakutsitako bilatzailea ere hizpide izan zuen Irazustak. Euskal Kulturaren Haria berriz goizero-goizero ia bi mila lagunengana iristen da. Urteko ahaleginak gogorarazi eta gero, itsaski entsalada dastatzeko garaia heldu zen. Menua goitik behera irakurri eta dieta kontuak gogoan izanda ere, ez zegoen ezer alde batera uzterik: izkira eta porruak hostorean, bakailaoa ranero eran, azpizun errea piper eta patatekin. Hostorezko tarta izozkiarekin jateko ordua iritsi zenean sarituen ordua: «Aizu!», Euskaltel, Bilbo Hiria Irratia, Eibar.org elkartea, «Gara» eta «Zabalik»eko ordezkariak eta Eneko Olasagasti, –Joxe Ramon Soroizen saria jaso zuen berau Argentinan baita–. Sari banaketa, sarituen hitzalditxoa, kazetari eta kameren jazarpena eta berriketaldiaren segida


Prentsa idatzia

Azaroan kaleratu zen aldizkari eraberritua; A4 formatoan, marrazki eta irudiz hornituta eta koloretan. AEK-k euskara ikasleentzat argitaratzen duen aldizkariak ez ditu ordea itxura aldaketak soilik egin. Lan taldeak ere moldaketak ezagutu ditu. Lehen, egoitza Bilbon zegoen eta orain sakabanatuagoa dago. Kazetari lanetan Bilbon Iñigo Gago ari da, Franck Dolosor Baionan eta Ana Unanuek berriz Iruñetik kazetari eta koordinazio lanak betetzen ditu. Hizkuntza arduraduna Mikel Barrios da eta diseinu eta maketazio lanen arduraduna Joseba Beramendi da. Edukiari dagokionez, atal nagusiak honakoak dira: «Zokomiran», erreportajea, elkarrizketa nagusia eta euskarari eskainitako «Ez da hain fazila». Lagun talde batek 1981ean Durangoko Azokan aurkeztu zuen «Aizu!» aldizkaria, geroago AEK-k bere esku hartu zuen eta gaur egun hilero 15.000 ale kaleratzen ditu.


Irratia

Bilbo Hiria Irratiak 2000. urte honetako maiatzean hiru urte beteko ditu. 1997ko maiatzean Zenbat Gara kultur elkartearen eskutik uhineratu zen. Gaur egun Bilboko San Vicente kalean du egoitza irratiak, elkarte berak kudeatzen duen Kafe Antzokiaren gainean.
Bost lagun ari dira egun osoz lanean uneotan lau esatari eta teknikoa. Egun erdiz, berriz, bi ari dira. Kolaboratzaile sarea 40 bat lagunek osatzen dute. Batzuk estudiora etortzen dira eta gainerakoek telefonoz egiten dute, baita Ameriketatik ere. Lan talde honi eskerrak 10:00etatik 13:00era bitarteko eta 16:00retatik 20:00ak bitarteko tarteak betetzen dituzte, eta asteburuetan ere bada zer entzuna. Goizean «Ibaizabal» izeneko irratsaioan gaurkotasuneko gaiak eta arratsaldean berriz, edukiak kulturalagoak dira.


Publizitatea

Iazko urriaren 22tik abenduaren 9a bitartean behin eta berriz entzun eta ikusi ahal izan genuen «Bizitza ez da horrela» publizitate kanpaina. Euskaltelen propaganda zen publizitate tarte hau eta komunikabide ugaritan agertu da. Antena 3, TVE1, La2, ETB1 eta ETB2 telebistetan izan zuen oihartzuna. Makina bat egunkaritan ere irakurri dugu: «El Correo», «El Diario Vasco», «Deia», «El Mundo», «El País», «Marca», «Euskaldunon Egunkaria», «Gara» eta «El Periódico de Alava».
Telebistako tarteak izan dira ezagunenak eta gustukoenak. Zinema aretotik aldatu nahi zuten bi ikusleak aretozainarekin eztabaidan jo eta su. Hurrengo batean, udaltzainak pazientzia galtzeko moduan, kotxe gidaria ibilgailuaren luzera neurtzen hasten da isunaren zenbatekoa gaizki aparkatutako metroen arabera izan dadin. Irribarrea eragin zuten telebistako tarte hauek. Baina, irribarre handiagoa eta poz handiagoa eragin zuten ETB1eko tarteek. Nahi baino gutxiagotan gertatzen den moduan euskarazko bertsioak gaztelerazkoak bezain duinak ziren.


Internet

Eibarko Internet erabiltzaile batzuek «Eibartarrak» sortu zuten 1998ko apirilean, Interneten dagoen Eibarren gaineko eztabaida foroa. «Eibartarrak» posta elektronikoz funtzionatzen duen posta-zerrenda bat da. Mezuak libreki elkartrukatzeko sortu da eta euskaraz funtzionatzen du. Zerrendako partaideen arteko harremanak indartu ahala, –60 partaide dira eta mila mezu inguru trukatu dira. Eztabaidaguneko bi moderatzaileak Garikoitz Araolaza eta Luistxo Fernandez dira–, horietako batzuen artean Eibar.org sortu zuten, Internet eta Teknologia Berrien Erabiltzaileen Elkartea. Iazko urrian jarri zen abian elkartea eta gaur egun elkarte honen zerbitzu bat gehiago da «Eibartarrak» posta zerrenda. Beste zerbitzu aipagarriak dira Eibarri buruzko informazioa eta notizia eguneratuak eta Aurki izeneko bilatzailea.


Telebista

Telebista-ezizen ugari badu ere, berezko izena Joxe Ramon Soroiz du. Legorretarrak aktore lanetan ibilbide luzea izan du, bai antzerkigintzan eta baita telebistan ere. Ikastoletan haurrei antzerkia irakasten hasi zen eta era berean antzezlanak burutzen zituen. Urte luze hauetako lan batzuk gogoratuko ditugu: «Ama begira zazu», «Agur Eire», «El florido pensil» eta «Umekeriak» bakarrizketa dira antzezlan ezagunenetakoak. Telebistan berriz, «Bi eta bat», «Jaun eta jabe», «Maité», «Goenkale» eta «Ertzainak» egin ditu. Orain «Sorginen Laratza»n Goierri Airlines izeneko tartean parte hartzen du. Zineman berriz bi filmetan hartu du parte: «Maité»n eta iaz «Sí quiero»n.


Ongietorri saria

Zabalik» eta «Gara» dira bi jaioberriak. Correo Taldearen eskutik sortu zen «Zabalik» asteburuetako euskarazko aldizkaria. 1999ko azaroaren 27an ikusi ahal izan genuen lehen aldiz kioskoetan. «El Diario Vasco» egunkariak –Correo Taldekoa baita ere–, irakurleei euskarazko eduki gehiago behar zituen galdetu zien eta erdiak baietz erantzun zuen, beste erdiak ezetz. Iritzi aniztasun horri aurre egiteko egunkari berria sortzea erabaki zuten, oso-osorik euskaraz.
Astelehenik ostegunera bitartean kazetari taldeak 64 orrialdeak lantzen ditu, Donostiako Ibaeta auzoko egoitza batean. Ostiralean «El Diario Vasco» egunkaria egiten den errotatiba berean inprimatzen dute eta larunbatetan kioskotan dago. Nerea Azurmendiren zuzendaritzapean, jada hamar ale burutu dituzte.
1998ko uztailaren 15ean «Egin» egunkariari eta irratiari ateak itxiarazi zizkion Baltasar Garzón epaileak. Egunkaririk gabeko tarterik ez zen izan. Hurrengo egunetik aurrera «Euskadi Información» egunkariak hartu zuen lekukoa. Iazko urtarrilaren 2an berriz «Gara» egunkariaren 0. zenbakia aurkeztu zen Iruñean. Egunkari berriaren zuzendaria Mertxe Aizpurua izango zen. «Egin» egunkariaren lekua hartu zuen «Gara»k lehen alea iazko urtarrilaren 30ean kaleratu zuen. Beraz, joan den asteburuan lehen urtea bete du


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude