eta liburu irudigilea ezagutzen; gizon ttipi hura, euskaldunen eszenak begiztatu eta marraztu zituena. Orain, 30 urte zendu zela bete direlarik, merezi zuen ospea aitortzen zaio liburu batean.
Begi berezia zuen Tillac-ek jendearen ezaugarriak jasotzeko. Beti elebiziz eta keinu malguz. Bere lana hobeto saltzeko trebezia falta zuela esatea beraz, ez da nahikoa aitzaki Tillac horrela ahazteko. Berriki, «Irudi Ehizatzailea» izenpean liburu fina egin du Claude Dendaletche kanbotarrak, Elkarlaneanek argitaratua. Hau ez da ordea, Tillac-i buruz karrikaratu den lehena. Ahanzturatik berreskuratu zuena Jose Maria Unsain, gaur egungo Untzi Museoko zuzendaria izan zen 1991n. Tamalez, liburu honek oztopo eta traba anitz nozitu zituen argia ikusi ahal izateko, Napoleon Olaso argitalpen arduraduna eta Artemis Olaizola San Telmo Museoko zuzendari ohiaren eskuhartze negatiboak eraginda. Trabak traba, 1990ean Tillac-i buruzko erakusketa egin zen Donostiako San Telmo Museoan.
Elkarlaneanen edizioa biziki zaindua dago, bai maketazioa, bai irudien kalitateari dagokionez. Erostea merezi du zinez. Bada zerbait haatik, Unsainenean hobeki islatua agertzen dena: marrazkiak aukeratzeko irizpidea, hain zuzen. Dena den, Dendalecheren hautuan, badira zenbait lan, Tillac-en lan txukunak izatetik urrun daudenak. Halaber, liburu berriaren «Irudi ehizatzailea» izenburuak zer pentsatua ematen du, Unsainek «Irudi ehiztaria» jarri baitzion bereari. Nolanahi ere, bi lanek datu argigarriak dakarzkite Tillac-en bizitzaz. Bere bizian nola bere obran kontrasanez oratua zegoen Tillac. 1880an Angoulęmen jaioa , 17 urterekin beka bat erdietsi zuen Pariseko Arte Eder Eskolan trebatzeko. Bertan zegoela, maiz egin zituen Urrutia eta Txikito pilotarien marrazkiak. Segur aski, han piztuko zitzaion Euskal Herriarekiko grina.
«Frontoiak, lagunen arteko lekuak dira, kolore mugimendu, sustenguzko edo ustegabeko oihu lekuak, alderdi bat hartzeko lekuak, irudi ehizin dabilenarentzat toki ezin hobeak»
«Milaka urteren buruan, nahasten joan ziren arrazak, eta euskaldunek ez zioten ihes egin ahal izan berezko lege honi»
NAZIEI TRUFA EGINEZ.
Dendaletchek hitzaurrean esaten duenez
«1911tik 1968ra bitartean egin zituen marrazki nasaiak, euskal bizitza tradizionalaren estudio eta zirriborroak (5.000 bat orotara) ezagutzen dituztenek, maiz batere ez dituzte ezagutzen Madrilez, Toledoz, Elx-ez, Espainiako gerlaz edo Frantziako okupazio armada naziaz egin zituen marrazkiak (2.000 inguru)»
GIRO BUKOLIKOTIK IHES.
«Modetatik at zegoen gizona zen, berezko estiloa sortu zuena, alderdi plastikoa nahiz etnografikoak uztartuz. Arras originala baitzen enkuadreak lantzerakoan. Bere lanetan, gizakia bere bizigiroan edo kultur gertakari baten aurrean nabarmentzeko, «ikuspegiaren sakongunea» erabiltzen zuen; hau da, pertsonak angelu batetik lehenbiziko mailan, erdigunean edo urrutira ageri zirela. Zubiaurre anaien antzera nolabait»
«nahiz eta bere obran denetik atzematen ahal den, halamoduzko lanak eta oso onak tartekatzen dira. Errealitateari atxikitzen zitzaion, bere marrazki azkar bezain adierazgarrien bidez. Nekazal munduaren erreportaria ere bazen, apunteak ere hartzen zituelako. Garaiko beste artistek ez bezala, Arteta edo Arrue kasu, ez zuen euskal giro ergel bukolikoa idealizatzen»
«Euskaldun bilakatu ziren zenbait jende argi bezala, euskaldunen baserri eta itsasoko bizikeraren usaina egiaz eta benetan ulertzen jakin zuten artista bakanen artean kokatua dago Tillac»
![]() |
|
||||
1748 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa