Duela zenbait urte Lantz herrian Txatxoak eta gaineratikoak noiz aterako zain ginen. Prestaketan ari ziren etxean sar-atera anitz egiten zuten bertakoek, zerbaiten edo norbaiten bila; oraikoan sardeak ekartzen zituen batek, gerokoan belarra bertze batek, edo sabi-saski zaharrak, ezkilak, erramintak, lastozko txanoak... Kanpoan arrotzak baizik ez, pisi-pasa haiei so. Bazen ere nabarmentzen zen taldea ikusleen artean, adinekoak, bizkaitarrak, elkarrekin etorriak autobus batean. Ez, orain artio deus ez nabarmenik. Baina bakoitzak buru gainean zeraman paperezko txanotxo koloreduna eta ahoan zuten kutxufleta, bai zirela deigarriak. Are deigarriagoa haien jokamoldea, arras egokia baitzen Urtezaharreko kotillon baterako Bilboko hotel batean... Herritarrak aise ohartu zitzaizkieten, bistan da, eta liskar txiki bat sortu ere.
Mozorro festa eta herri ihauterien artean bereizten ez dakigunean gertatzen dira halakoak. Ez baitira gauza bera.
ALAITASUN LEHERKETA?
Erran bezala, herrietan zerbait sakonago soma daiteke: Iturenen eta Zubietan, Lantzen, Altsasun, Unanun, Zalduondon, Lesakan... baina anitzetan hau ez da arras begi bistakoa, ez eta herritarrendako ere. Lesakan bertan Zakuzaharren ibilera harrigarri eta izigarria ikusterakoan herritar batek erraten zigun ez zutela deus berezi, karrozak zirela ederragoak, gurdi apainduak, nonahi ikus daitezkeenak alegia.
Behin Uztaritzen Zirtzilak, Kaskarotak, Kotilun-gorriak... eta gainerakoak ikusteko prest ginelarik Eguzkia, Basajauna, Sorginak... karrikaratu ziren; Xinple, Maska-dantza, Marmutx, Kaskarot martxa... aditu beharrean Lantzeko Zortzikoa eman zuten. Ikastolak antolatuak ziren ihaute berri haiek, eta segur borondate onez, baina...
Bertze batzuetan erritoa eta ikuskizuna nahasten dira, Zuberoako Maskaradetan bezala, antzerkia baitira neurri handian. Hemen orekan datza arazoa. Maskaradek izigarrizko indarra daukate, pertsonai beltzen alde basa ikusi behar da. Ikasitakoa eta bapatekoan asmatuaren artean dago igandeoroko berritasuna, urte berean hamabi-hamasei aldiz ematen baiditu maskaradak antolatzen duen herriak. Baina indarra eta freskotasuna zalantzan agertzen dira oreka ikuskizunaren alde galtzen delarik. Urte batez, hobeki adituak izan zitezen, hari-gabeko mikrofonoak zeramazkiten pertsonaiek, eta basakerietan —kasu handiz— zebiltzalarik galdu, zanpatu edo hautsi egiten zituzten, behar ez ziren etenak sortuz.
Ikusle kamaradunek ere hausten dute haria. Behin batez halako bat ezker-eskuin, irudi ikusgarriagoak hartu beharrez, beltzen joküetan sar-atera zebilen, buhame batek kamara kendu eta kasik txikitu egin zionean bertan, «jaun le photographe klik-klik» trufaka erraten ziolarik. Tamalez buhamia ez zen hasitako lana finitzen ausartu.
Bertzelakoak dira hiri ihauteriak, eta hauetan Tolosakoa eredu. Hauek bai direla mozorro festa; hauetan jendearen irudimena da kontatzen duena janzteko eta aritzeko, jendearena diot, ez mozorro-alokatze dendarena.
Aberastasun honek guziak Herri osoko ihauteriak arras ikusgarriak egiten ditu ezinbertzez, eta jendea du montioka erakartzen. Hirietan nornahik har dezake parte, herrietan berriz ez, eta horixe da gehien kutiziatzen duguna. Nik, bederen, Zakuzahar izan nahi nuke Lesakan, Joaldun Iturenen, Bolant Luzaiden, Zaldiko Lantzen, Hartza Markinan, Kaskarot Uztaritzen, Pitxu Xiberoan... funtsean, olerkariak eskribitu zuena: «Izan nahi nuke/ ihauteri/ izan ez naitekeena izateko» (J.A. Irigarai).
ARGIAko orrialde hauek informazioa eta deia dituzu, irakurle, gure ihauteriak hobeki ezagutzeko eta gozatzeko; lerro hauek, berriz, gogoetarako gonbitea, ikusle zaudelarik ahalik eta oztoporik txikiena izan zaitezen.
Denbora latzak iragan dituzte ihauteriek, ez ditzan orain arrakastak ito
![]() |
|
||||
1747 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa