Astekaria

 Erreportajea 

EUSKAL MUSIKARI ILEA LUZATU ZITZAIONEKOA

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


1747. alea
2000-01-30
alde 0    kontra 0

Jabetu behar duzute, gaurko gaztedi yeye hoien artetik atera behar dutela, bihar gure herria zuzendu behar dutenak». 1965eko udan idatzi zizkien hitzok Arantxa Gurmendik Zeruko ARGIAren «Gazte naiz» sailean yeyeak kritikatze zituztenei. Baina, batzuk ez ziren berehalakoan horretaz jabetu. 1966ko otsailaren 23an Lehen Euskal Abesti Berrien Jaialdia burutu zen Donostiako Victoria Eugenian. Laboa, Lete, Iriondo, Lertxundi... aritu ziren, baita Biurriak eta Yoloak taldeak ere. Ez Dok Amairuko kideak, finean. «Erritmo berriko» abestiak entzun ahal izan ziren bertan, Beatles, Prestley edo Hollidayren bertsio euskaratuak. Euskal yeyeak azaldu ziren taula gainean. Aurreko urtean Juan Antonio Letamendiak zera idatzi zuen: «Denak nahi dute personalidade berezi bat izatea: ilea luxe, jantzi beltzak, deadar, marru ta arrantzak izugarriak, edo dena dala. Halere ahaztu dute bere jatorrizko ezaugarririk sakonena, bereziena: bertako hizkuntza». Concurso de Artistas Noveles zelakoan parte hartutakoez ari zen. Bada, urte bete pasa ez zela ile luzeko marrulariak euskarazko jardunean ziren. Ez, ordea, denen oneritziz. Jaialdia gogorki kritikatua izan zen hainbat egunkaritan eta antolaketa lanetan jardundako Jarrai antzerki taldekoek anonimo bana jaso zuten. Pekatua omen zen erritmo horiek euskararekin nahastea (irakurri bestela eskuinean jaso dugun artikulua).

Nemesio Etxanizek 69an esan bezala, Ez Dok Amairukoak azaldu artean euskaraz kantatu kantatzen zen, «baina kanta berririk eta modakorik ez batere, Iparragirrenak eta hola». Eta, nonbait, Iparragirrerekin soilik jarraitu nahi zuen batek baino gehiagok.

Hauen zoritxarrerako, Los Bravos-en «Black is black» «Beltz-beltza» bilakatu zen Yoloak-en ahotsetan, «Gazte naiz» sailean euren iritzia ematen zuten yeyeek eta seminarioetara ere iritsi zen haien eragina: 1967an lau apaizgaiek Enarak taldea sortu zuten. Taldekideen esanetan «munduan zear abesten diran abesti yeyeak, gure euskera antzińekoa bańa oraindikan gazte onetan ere berdin-berdin abestu litazkeala adierazi nai genuke».

Baina, etorri bezala, yeyeen moda joan egin zen. Ez Dok Amairun «protesta» kantua eta kantautoreak nagusitu ziren. Ramon Saizarbitoriak «Gazte naiz»en idatzi bezala, «gazteak, izan zaitezte yeye edo nahi dezutena, baina lehenen eta beti euskaldunak»

«Ludiari jira bira osobat eman dion tankera berri bat»


Besteak beste, Beatles taldearen inguruan idatzi zuen Arantxa Gurmendik 1965ean, Zeruko ARGIAko «Gazte naiz» sailean. Artikulu horretako pasarte batzuk ekarri ditugu hona, baita Beatles-en abesti ezagun baten itzulpena ere:

«Lau gaztek sortu zuten oitura berri bat, ińork sinestu zitekean bańo lenago, ludiari jira bira osoa eman dion tankera berri bat (...).

John, George, Paul eta Ringo, lau gazte hauek Beatles izenarekin eta ordurarte ez ezagunak ziran ille luze eta jazkera arrigarri oiekin azaldu ziranean, berealaxe gazteak, gauz berriaren billa zabiltzan aiek, egarria kentzeko edari aukerakua arkitu zuten (...).

Askok bestela uste arren, nik ez det uste iritxi diran lekura jazkera edo melena gaitik izan danik, dudarik gabe musikalari bezela onak dira. Erabiltzen dituzten abesti geienak beaiek sortutakoak dira eta oso lan onak lortu dituztelakoan nago. Aginduta bezela, euskeratutako abesti berri bat azalduko det gaur, eta ain zuzen Beatles'ek sortu eta beren berri azaltzen lagundu zituan bat.

MAITE ZAITU

Maite zaitu bai, bai, bai

maite zaitu bai, bai, bai

maite zaitu bai, bai, bai, bai

Bere maitasuna

galdu dezula usten dezu

atzo ni berekin

atera nintzalako.

Bańa, maite zaitu.

Berak auxe esan zidan

maite zaitu

eta au pozgarri da.

Zuk bera mindu dezu

zugatik burua galdu du

bańa berak badaki

zu etzerala olakoa

maite zaitu

berak auxe esan zidan

maite zaitu

eta au pozgarri da u, u, u (...)»


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1746
 
azala1745

1747 zenbakia.
2000ko urtarrilaren 30a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza