Astekaria

 Erreportajea 

EUSKAL ENPRESA HANDIAK OPERATZAILE NAGUSIENETAN

Euskal Herrian ere bai. Dagoeneko operatzaile nagusi guztiak bertan daude, eta gehiago ere etorriko dira. Operatzaileen bost talde handien atzean euskal enpresariak daude.

Daniel Udalaitz

Daniel Udalaitz


1747. alea
2000-01-30
alde 0    kontra 0

Telekomunikazioen arloa, gaur egun, munduko negoziorik handien eta errentagarrienetakoa da. Horren froga argia da banku handiak, finantza erakunde handiak eta nazioarteko talde handiak negozio horretan kopuru handiak inbertitzen ari direla ikustea. Adierazi beharra dago kablearen eta zuntz optikoaren gerrak, datozen hamar urteotan, bilioi eta erdi pezeta (80.000 milioi libera) baino gehiagoko inbertsioak eragingo dituela Espainiako Estatuan. Gaur egun, enpresa multzo bat dago operatzaile handien atzean. Eta operatzaile handi horiek Euskal Herrian ere ari dira sartzen. Telefonia finkoa, mugikorra, Internet, telebista eta abarren negozioa da. Egunetik egunera operatzaile berrien izenak ezagutzen ari gara, nahiz eta oso ondo jakin ez zein dagoen izen horien atzean, modu orokor batean horri buruzko irudipen bat izan arren.

Telefónica, Airtel, Euskaltel, Retevisión, Jazztel, Uni2 eta abarren atzean enpresa zehatz batzuk daude; telekomunikazioen pastel handi hori bere eskutan dute eta milaka milioiko etekinak lortzen dituzte. Operatzaile handi horien atzean dauden enpresen artean euskal enpresa batzuk ere badaude: esaterako, BBVA, BBK, Kutxa, Vital, Iberdrola, MCC, Eusko Jaurlaritza, EVE... Ez da erraza inbertsioaren eta sortutako gainbalioen kopuru orokor baten balioztapena egitea. Esan dezagun, adibide gisa, BBK-k eta Kutxak Airtel-en duten partaidetza —honen kapitalaren % 8,7rekin— 350.000 milioi pezetatan balioztatu dutela sektoreko atzerriko enpresa garrantzitsuek, azken aste hauetan.

TELEFONICA, ANTZINAKOENA.

3.300 langiletik gora (2.958 EAEn eta beste 368 Nafarroan, 1999 amaierarako aurreikusitako helburuen arabera), milioi bat bezero finko baino gehiago telefonia finkoan (730.000 EAEn), milioi bat linea baino gehiago kontrataturik eta 380.000 bezero inguru telefonia mugikorrean. Telefónica Hego Euskal Herriko lehenengo operatzailea da. 1924an ekin zion bere jarduerari EAEn.

Egoera horri eutsi ahal izateko Telefónicak 20.000 milioi pezeta baino gehiago inbertitu zuen Hego Euskal Herrian, eta horietako 13.000 milioi pezeta baino gehiago telefonia finkoari dagozkio. Inbertsio horien zati bat (600 milioi pezeta) Artxandan bezeroen arretarako zentro berri bat eratzeko erabili zen, bertan 1004 zenbakira egiten diren deiak bilduz —Hego Euskal Herrikoak ez ezik, Errioxa, Kantabria eta Aragoikoak ere—.

Telefónica kontrolatzen duen enpresa garrantzitsuenetako bat —500.000 milioi pezetako kapital sozialarekin— BBVA euskal finantza-erakundea da. % 8,2ko partaidetza du honek. Caixak, aldiz, % 5 eta Portugal Telecomek % 1. Gainerako kapitala, % 85,8, Burtsan banaturik dago.

Euskaltel, lehenengo euskal operatzaile telefonikoa, 1998ko urtarrilaren 23an hasi zen negozio honetan, eta Euskal Herriko zati batean dago soilik hedaturik, EAEn. Bere helburua EAEko operatzaile telefoniko nagusia izatea da. 1998ko urrian, abian jarri zenetik bederatzi hilabetera, 200.000 linea baino gehiago zituen kontrataturik Retevisiónen kideak. 1999ko urriaren 31n 300.000 zituen. Antzeko zerbait gertatu zen Interneten sartzeko duen Euskalnet zerbitzuarekin ere. 1998ko maiatzean hasi zen jardunean eta bost hilabete zeramatzanean 16.000 bezero inguruk erabiltzen zuen zerbitzua. Urtebete baino lehen 50.000 bezerotik gora zituen. Telefonia mugikorrean, urte amaieran, 45.000 terminal inguru zituen lanean, merkatuaren % 9, eta mugikorraren eta finkoaren zerbitzuak faktura bakar batean sartu zituen lehenengo operatzailea izan zen. Euskal operatzaile honek 11.000 milioi pezeta inguru fakturatu du 1999. urte amaieran.

Euskaltelen atzean —24.000 milioi pezetako kapital sozialarekin—, gaur egun, honako euskal enpresak daude: BBK (% 25), Kutxa (% 18,5), Iberdrola (% 10), EVE (% 2,0), MCC Taldea (% 2,0), Eusko Jaurlaritza (% 3,0), EITB (% 5,0) eta Vital Kutxa (% 5,0). Kanpoko enpresa batzuk ere badaude Euskaltelen sarturik: esaterako, Telecom Italia (% 18), Endesa Taldea (% 10,0) eta Retevisión (% 3,0).

Airtel 1995ean hasi zen EAEn telefonia mugikorreko operatzaile gisa, eta 1999ko uztailaz geroztik telekomunikazioetako operatzaile orokorra da, bere bezeroei telefonia mugikorra, finkoa eta Interneteko sarrera eskainiz. Operatzaile honek, EAEn daramatzan lau urteetan, 20.000 milioi pezetatik gora inbertitu du. Bere inbertsioaren zati nagusia EAE guztian hedatutako antena-sarea, konmutazio zentro batzuk, sare telefoniko propioa eta abar jartzeko izan da. 200.000 abonatu inguru ditu, eta horrek telefonia mugikorreko merkatuaren % 40ko kuota esan nahi du.

Airtelen kapitalen atzean ere enpresa multzo garrantzitsua dago. Besteak beste, bi euskal enpresa: BBK (% 4,76) eta Kutxa (% 4,01). Airtelen atzean dauden gainerako enpresak honako hauek dira: BSCH (% 30,45), Vodafone Airtouch (% 21,7), British Telecom (% 17,81), Acciona (% 10,8), Torreal (% 3,3), Unicaja (% 2,1), Alba (% 2,7), Caja Asturias (% 2,1).

Azkenik, Retevisiónen atzean honako euskal enpresak daude: Bilbao Bizkaia Kutxa (% 43,5), Kutxa (% 3,5), Nafarroako Aurrezki Kutxa (% 2,8) eta Euskaltel (% 3). Operatzaile honen atzean dauden gainerako enpresak honako hauek dira: Endesa (% 28,6), Telecom Italia (% 28,6), Unión Fenosa (% 13,5), National Nederlander (% 5,5) eta Ibercaja (% 1,4), besteak beste.

Badira beste operatzaile batzuk ere Hego Euskal Herrian aritzen direnak. Esate baterako, 1998ko abenduan hasitako Uni2 eta 1999ko maiatzean hasi zen Jazztel. Operatzaile horien atzean, orain arte, ez zegoen euskal enpresarik. Duela bi aste, ordea, Iberdrolak Uni2 operatzailean sartuko dela iragarri du, telefonia mugikorreko laugarren lizentzia eskuratzeko eta kapitalaren % 20rekin bertako bigarren akzioduna bihurtzeko, % 35 duen France Telecomen atzetik. Euskal enpresa elektriko horrek 100.000 milioi pezeta ditu horretarako xedaturik, bestelako finantza eragiketa batzuekin batera

BBK eta Kutxa Airtel-eko akzioak saltzekotan


BBK eta Kutxa bere Airtel-eko akzioak saltzeko aukera aztertzen ari dira, euskal kutxetako iturriek aldizkari honi egiaztatu diotenez. BBKren akzioak (% 4,76) eta Kutxarenak (% 4,01), 1999. urtea amaitzerakoan, 350.000 milioi pezetatan (14.000 milioi libera) balioztaturik zeuden (190.000 BBK-k eta 160.000 Kutxak). Balioztapen hori British Telecomek Airteli buruz egindakoa da, eta horren arabera operatzaile horrek lau bilioi pezetako balioa du. Balio hori are handiagoa izango litzateke Vodafonek egindako balioztapenaren arabera: 4,4 bilioi pezetakoa. Nolanahi ere, kontuan izan beharra dago balio horiek edozein unetan alda daitezkeela, gora nahiz behera.

Negozio honek sortzen dituen gainbalioak ez dira zehazten errazak. Baina badugu erreferentzi bat etekin horiek oso altuak izango direla aurreikusteko. BBK-k, joan den urrian aitortu zuenez, telekomunikazioen negozioan 20.000 milioi pezeta inguru zituen inbertiturik (Euskaltel, Airtel, Retevision...). Airtelen duen % 4,76ko partaidetza, gaur egun, 190.000 milioi pezetatan balioztaturik baldin badago, pentsa genezake, bere akzioak saltzea erabakitzen badu, horrek eragingo lituzkeen etekinak izugarriak izango liratekeela akziodunentzat, baina oraingoz ez du horrelakorik erabaki.

Euskal kutxek Airtelen duten partaidetza saltzearen zergatia honetan datza: British Telecom eta Vodafone-Airtouchek BSCHren Airteleko partaidetza (% 30,45) bereganatzeko eta Espainiako Estatuko telefonia mugikorraren negozioan bete-betean sartzeko taxututako estrategian. Bi erraldoi horiek harantzago ere jo nahi dute, eta BBK-ren eta Kutxaren akzioak ere eskuratu nahi dituzte. Dirudienez, euskal kutxa horiek ez diete muzin egiten, eta egin nahi dizkieten eskaintzak aztertzeko prest daude


Vodafone-k munduko bigarren operatzailea izan nahi du


Datorren hilean ezagutuko da emaitza. Hilabete horretatik aurrera Vodafone munduko bigarren telekomunikazio-operatzaile bihur daiteke, Japoniako NTTren atzetik. Enpresa japoniarrak 76.119 milioi dolarreko diru-sarrerak izan zituen 1998an (12 bilioi pezeta baino gehiago, ia bilioi erdi libera). Urte horretan bertan Vodafone eta Mannesmann taldeek, guztira, 74.500 milioi dolarreko diru-sarrerak izan zituzten.

Telefonia mugikorreko Vodafone-Airtouch enpresa britaniar-iparramerikarrak joan den abenduaren 23an egin zuen bere azken eta behin-betiko eskaintza Mannesmann enpresa alemaniarraz jabetzeko, eta otsailaren 7an emango da bukatutzat. Akzioak erosteko eskaintza publikoa 138.000 milioi dolarreko kopurura iritsiko da, eta akzio-trukaketa bidez egingo da, Mannesmann-en akzio bakoitzeko Vodafoneren 53,7 akzio emanez. Enpresa alemaneko akziodunek otsailaren 7ra arte dute epea eskaintza onartzen duten erabakitzeko. Eragiketa honen xedea telefonia mugikorreko munduko enpresa nagusia eratzea da, munduko 25 herrialdetan arituz (besteak beste, Euskal Herrian), 42 milioi bezero baino gehiagorekin eta etengabe haziz.

Mannesmann, ordea, Vodafonek egindako eskaintza horren aurka agertu da, erasokortzat jotzen duelako. Bere jarrera joan den astean eman zuen jakitera publikoki, eta eskaintza ez onartzeko deia egin die bere akziodunei. Baina arazo bat du Mannesmannek: bere akziodun gehienak Alemaniatik kanpo bizi dira. Eta, gainera, Vodafonek ziurtaturik du Estatu Batuetan bizi diren akziodunen onarpena, eta horiek bakarrik operatzaile alemaniarraren kapitalaren % 30 osatzen dute



Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1746
 
azala1745

1747 zenbakia.
2000ko urtarrilaren 30a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza