Preso politikoen eskubideak erdiesteko hamarna gose greba eta hamaika borrokaldi eginak. Espainiako Gobernuak Euskal Presoen Kolektiboari ukatzen dion hitza hartu dute eurek.
M
Argi eta garbi daukagu guri tokatzen zaigula transmisio lana egitea. Inportantea da barruan egon garenon ikusmoldea azaltzea. Ez gu barruan izan garelako, baizik eta oraindik haiek, preso kideak, barruan direlako. Ahal dugun guztietan lekukotasunak ematea da gure zeregina. Besterik gabe
PRESO BAILIRAN DARRAITE.
Guk presoen kolektiboko partaide bezala hitz egiten dugu, kolektibo honen erreferentziak oso gertu ditugulako. Gainera, beste arrazoi bat ere badago: presoek ezin dute hitz egin. Ez ETAko militante bezala, ezta Preso Politikoen Kolektiboko kide bezala ere. Haiek gure erreferente dira haien parte izan baikara orain gutxi arte. Gu ETAko militante gisa egon gara kartzelan eta horrela ikusten gaituzte herrian ere. Maila politikoan ere hor kokatzen gara. Presoek beraiek hartzen dituzten erabakietan sartu gabe, errespetu guztiz, haien xedeak eta nahiak transmititzen saiatzen gara. Eta batez ere, presoek, gure kideek, kartzelan jarraitzen dutelako
Nik irten ostean ez nuen txoke handirik izan, nahiz eta denborarekin ikusi dudanez askoz hobeto kokatuta nagoen orain. Geroago ohartzen zarenez, irten berrian `galdu antzean' zabiltza. Harrituta zenbait gauzarekin, normala nolanahi ere
Mungia aldatuta ikusi dut. Etxebizitza eta txalet asko egin da. Eskualdetik haratago ez naiz joan, ordea. Herria aldatu da, eta jendea ere jakina. 20 urtetan fisikoki jendea aldatu egiten da. Buruan zenuen jendearen irudia eraldatua aurkitzen duzu
Guztiz ezberdina da Euskal Herriko espetxe batetik segitzen duzun errealitatea edo Penintsulako beste muturretik jakina. Hemengo espetxeetan familia, lagunak eta komunikabideak ondo-ondoan dituzu
Noski, preso batek hartzen duen informazioa beste ikuspegi batez bizi du, baina kanpoko gehienek baino zehatzago segitzen du errealitate zenbaitetan. Batzutan entzuten da presoek ez dutela informaziorik egoera politikoa segitu eta aztertzeko; ez dutela bitartekorik eta engainatuta daudela, eta ez da horrela. Uste hori presoek dituzten iritziak desitxuratzeko uste ustela da
ESPETXETIK ETXERA.
Egia esateko, bost bat hilabete pasa dira aske utzi nindutenetik eta ez naiz gizartearen erritmoan bizi, ez naiz gizartean sartuta. Baina orduan nituen urteak eta betebeharrak ez dira oraingoak
Niretzako, hogei urte hauetan bolada diferenteak bizi izan dira. Gu kartzelan sartu gintuztenean, gizartea aldatzeko gogoz eta kemenez zegoen. Oso hedatutako jarrera zen. Gero belaunaldi ezberdinak etorri ziren; pasotismo garaiak tarteko. Gaur egun, gizarte ezberdin mota hainbeste jarrera daudela esan daiteke. Erosotasunari begira gehiago besterik baino, noski
Une honetan bizi dugun prozesuan, azken urte eta erdi honetan, gizartean gauzak planteatzeko eta aldatzeko gogoa badago. 20 urteko perspektibatik gorabeherak ikusi izan ditugu. Baina, gorabehera horien ondorioz, ostera ere mugimendua berpiztu da; ez lehenago moduan, hori normala da. Gu ere aldatu egin gara. Gu 24 eta 35 urterekin espetxeratu gintuzten eta 44 eta 56rekin atera ginen. Gure barruko grina ez da bera, baina kanpoan dagoen gure adineko batena ere ez. Gizartea bizirik dago hala ere. Ez dago hilda. Belaunaldi berriak lekuko
BESTELAKO GOSE GREBA.
Borroka hau 1996an hasitako dinamika berri batean kokatu behar da; Espainiako Gobernuak buruturiko sakabanaketaren kontrako ekimena. Zentzu horretan, aurreko greben jarraipena da. Aldi berean, gose greba hau beste koordenada batzuetan kokatu beharra dago. Oraingoa ez da bakarrik kartzela barruko presoen eskubideak bete daitezen, baizik eta, Euskal Herriarentzako irtenbide politiko bat emateko. Presoek argi eta garbi esaten dutenez haien arazoaren soluziobidea kaleko egoera konpontzearekin etorriko da
Euren borroka kaleko borrokaren azterketa politiko batetik dator, eta proposamen politiko bat dakar berarekin. Jendea jabetu egin behar da oraingo egoera politikoan euskal gizarteari eskatzen zaionaz: `Euskal Herriak hitza eta erabakia' hartu behar dituela. Espainiako eta Frantziako Gobernuen erabakien zain egon gabe hiritarrek har dezaten iniziatiba eskatzen dute euskal presoek. Presoak prest daude Lizarra-Garaziko Adierazpenaren arieran prozesuan parte hartzeko. Konpromiso maila izugarria hartu dute jada. Erakusten ari zaizkigun ekimena lekuko. Presoek holako gose greba basatiari ekiten diote prozesu politikoak aurrera egin dezan
Guk horretxetan ikusten dugu arrisku handiena. Alegia, preso bat hil daitekeela, eta euren egoerak eta prozesuak bere horretan segi dezaten beldur gara. Izan ere, preso bati, `Kantauri' edo beste bati, esango bazenio bera hilda egoera aldatuko litzatekeela, seguru hiltzeraino joango zela. Duda barik. Orduan, problema beste bat litzateke. Hots, herri honen aldeko borrokan biktima gehiago jasan behar izatea
Jakina, euren jarrera horren urrun joatearen beste arrazoi inportante bat kartzelan jasaten duten bizimoduaren ondorioa da. Kaletik erraz esaten da `lasai egon'. Baina, presoek zer-nolako baldintzetan jarraitzen duten jabetu beharra dago. Haientzat eta euren familientzat estatuek ez dute inolako tregoarik eman. Beren bizi baldintzak ez dira duinak, beren eskubideak ez dira betetzen; egunero jasotzen dituzte tratu txarrak. Zer edo zer egin behar da».
Gure ustez `Batera' plataformak herri mailako plataforma izatera pasa beharko luke. `Batera' bezalako ekimena, finean, eztabaida eta interes politiko batzuen menpe geratzen baita. Lizarra-Garaziren baitan gorabeherak direla orain, hauteskundeak datozela gero, `Batera' gora eta behera ibiliko da, eta bien bitartean, presoen aldeko mugimendua ez da behar beste garatzen eta azkartzen
Euskal Herritarrok-ek (EH) bultzaturiko borroka eguna da adibide argigarria. `Euskal Presoak Euskal Herrira' aldarrikapena bete dadin eginiko ahalegin guztien ondotik ezinbesteko ekimena da greba egun hori. Hala ere, borroka ekimen hori interes partidisten medio zapuztua geldi daiteke. Presoen gaia ezin da interes partikularren morrontzan erabili. Funtsean, alderdien interesek guztiz mugatzen dituzte presoen aldeko ekimenak. Azken finean, alderdi politikoek presoen amnistia eta askatasuna `Batera' plataformara mugatzea beren inplikazio osoa mugatzeko modua da. Finean, herri dinamika zabalago bat geldiarazi egiten dute. Presoen askapena eta prozesu politiko hau aurrera egiteko beharrezkoa da amnistiaren aldeko herri mugimendu indartsu bat».
Prozesu politiko batez hitz egiten bada, irtenbide politiko batez hitz egin behar da, eta amnistiarik gabe ez dago intenbiderik. Baina, amnistia ez da nahikoa ere arazoari irtenbide politiko emateko. Amnistiaren ondotik beste kontestu politiko batean sartu beharko genuke. Bidegintza horretan nazio modura soberania aldarrikatzen badugu, aipatu beharreko lehen hitza duintasuna da; baita lotsa hitza aipatu ere. Izan ere, herri modura agertu nahi badugu lotsagarria da Euskal Herriko soberania aldarrikatzeagatik herritarrak preso izatea. Onartezina da herri librea izan nahi duen batentzat presoak onartzea
Prozesua bideratzea badago. Lehenbizi, presoak Euskal Herrira ekarriz bertatik bertara prozesuan parte har dezaten. Urrats horrek bidea irekiko zukeen prozesuaren barnean aurrera joateko. Orain arte alderantziz gertatu da ostera. Espainiako Gobernuak presoak instrumentalizatzen ditu, eta hartzen dituen neurri guztiak justu presoen ekimena eta prozesua geldiarazteko izan dira. Hau da, prozesua ez dadin abiatu ere, prozesua lehertzeko. Honez gero, bi estatuko gobernuek prozedura bat ezagutzera eman behar zuten, eta ez dute egin»
Mitxel Sarasketa
Eibartar honek joan den abenduaren 21ean espetxetik kalera libre atera zeneko bere lehen urtebetetzea ospatu zuen. Santo Tomas eguna izan zen. Pentsa daitekeenez, egun hori ez du sekula ahaztuko. 45 urte ditu, eta 20 urte luze eman zituen kartzelan. Baldintzapeko askatasunean dago, ordea. Hilabetero estatuaren bulego sozial batera doa, eta gizarte-laguntzaile baten aurrean bere sinadura botatzen du. Espainiako estatuaren mugetatik atera nahi izatera baimen berezia eskatu behar du bestalde.
Baldintzapeko askatasun murriztu hau sendagileek emaniko grazia medio erdietsi zuen. 1997an Almerian zegoela hemorragia zerebral bat izan zuen. Afaria eramatera joan zitzaizkionean konorte barik aurkitu zuten funtzionarioek bere zeldan. Buruko odoljarioa txikitatik zeukan zain baten malformazioak eraginda izan zela pronostikatu zioten ospitaleko medikuek; buruan angioma bat zuela jaiotzez adierazi zioten ere. Minutu bakar batzuk beranduago aurkitu izan balute gaur egun ez zen bizirik egongo. Espetxeaz lekora, Granadara eraman zuten eta bertako ospitalean egin zioten buru-ebakuntza. Egoera delikatuan zegoenez Basaurira ekarri zuten. Basaurira ekarri, eta urte bat eta erdira, epilepsia-atake bat jasan zuen. Sendagileak muturreko osasun egoera larrian zela ohartu ziren azkenik eta epaileek baldintzapeko askatasuna eman zioten.
Kaleratu zutenean bera zen barruan denbora gehien zeraman presoa. Aspaldiko urtetan espetxetik espetxera penintsulan barrena bere atzetik ibilitako ama kalera atera baino aste bat lehenago hil zitzaion Mitxeli. Hori ez du behehalakoan ahaztuko alajaina. Oraingo askatasun gradua bere osasun egoerarengatik eman zioten arren, legez 1993tik aske behar zuen; zigorraren bi herenak beteak baitzituen ordurako. Zigorra ez zaio 2005. urtera arte bukatzen baina. Getxon bizi da Uxune bikote lagunarekin, eta bigarren haurra izan dute urtarril honen 16an; Ander izena du. Lehenak, Xabier, 6 urte ditu
Manu Legarreta-Etxebarria
Mungiar hau joan den irailaren 17an utzi zuten libre Basauriko espetxean; 21 urteko kartzelaldia betetzeko 4 hilabete eskas falta zituela. 56 urte ditu eta 35 zituen —1979ko otsailaren 21ean— atxilotu zutenean. Kartzelan sartu zutenean bi alaba eta emaztea utzi zituen kanpoan. Egun Ainhoak 31 urte ditu eta Araidak 29. Mirentxu emaztea ostera orain hiru urte zendu zen. Manu irten zenean kartzelan denbora gehien zeraman presoa zen.
Emaztearen heriotzaren berri modu lazgarrian ezagutu zuen. Emazteak telegrama bat bidali zion Castellongo espetxera ebakuntza bat egin behar ziotela esanez. Telegrama hura ez zuen eskuratu, ordea. Emaztearen heriotza Jone Goirizelaia bere abokatuak eman zion telefonoz. Beranduago, Basauriko espetxean zegoela eskuratu zuen emazteak igorritako telegrama. Urte batzuk lehenago telegrama baten medio ezagutu zuen amaren heriotza, beste inolako abisurik gabe.
Askatasuna familiako egoeragatik iritsi zitzaion bestela kartzelan legoke egun bere iritziz. Aspaldi behar zuen aske izan edonola ere, orain sei urte bete baitzuen legeak agintzen duena. Artean, Basaurira ekarri zuten eta bertako espetxetik Mungiaraino korrika egin zuen askatu zuten egunean. «
Aske utziko zuten egunean, Euskal Herriko espetxe batean egonez gero, kartzelatik etxera korrika egingo zuela
» hitzeman zion emazteari behin batez. Basaurin hasi, Soria, Alcala, Puerto, Herrera, Sevilla, Aljeciras, Castellon eta Basaurin bukatu zuen bere presoaldiaren harat-honata.
Kirolari porrokatua da, eta horri esker iraun omen du osorik espetxean. Mitxel Sarasketak bezala, preso ohiei dagokien subsidioa jasotzen du: 51.000 pezeta hilean; urte bat eta erdiz. Biek kadukatua duten gida-baimena berritzeko arazoak dituzte. Jose Antonio Torre Altonaga «Medius» mungiar preso ohi eta lagunari Gipuzkoan besterik gabe berritu diotela aipatu zioten elkarri, eta karneta berritzeko gestioa egiteko asmoz geratu dira
![]() |
|
||||
1747 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa