SAGARRA
Behin sagarrarekin abiatuta, sagar zukua, sagardoa eta sagardoz izeneko pattarraz hainbat argibide eman digu sendagileak. Sagar zukua osasun arazoak dituzten "txikiteroei" gomendatzen die eta 14 urtetik beherakoei sagardoa ez edateko aholkua eman digu. Sagar pattarra berriz ez dio inori gomendatzen.
Argaltzeko metodo guztietan gomendatzen dute sagarra jatea: urdailak zuku dena hartzen du eta oso beteta zauden sentsazioarekin batera gosea gutxitzen du. Sagar ale bakoitzaren % 85 jangarria da; 100 gramok 50 kaloria ematen du, arrautza egosi baten erdiak adinaxe. Eta... gaur egun oso kontuan izateko beste datu bat: ale baten % 1,5, zuntza da eta hesteetako igarotzea errazten du. Gomendagarria litzateke azal eta guzti jatea, baina, pestizidaz tratatu dutela pentsatzen denean, ondo garbitu ondoren jan behar da edo bestela, zurituta edo azala kenduta.
Sagardoa
Produktu honetaz aritu baino lehen, aipa dezagun tabernetan gaur egun saltzen den "sagarra" izeneko edaria: sagarraren muztioa edo zukua da, hartzitu gabea eta usaingozatuta. Beraz, alkoholik ez du eta ondo iruditzen zait "txikiteroek" edatea, osasun arazoagatik, ardoa edo alkoholdun edariak hartzerik ez dutenek kale-giroan lagunekin ibiltzea utzi nahi ez badute. Sagardoa, gure kostaldeko lurraldeetan, alkoholdun edarien artean aitzindaria da. Alkoholdunen eta freskagarrien artean koka dezakegu. Urte asko dira Frantziako Duperron kardinaleak esan zuela: "Frantziak euskaldunei zor die sagardoa prestatzeko trebetasuna".
Edari alaia da, jostaria, gehiegizko asmorik gabea eta gaur egun oso modan dagoena. Hori bai: gazteentzat zaharrentzat baino gehiago. Arabako gure ardoek duten alkoholaren erdia du eta 14 urte baino gutxiagoko gaztetxoek ez lukete edan behar, beren gibela oraindik bere heldutasunera iritsi ez delako. Elikagai bezala, litroko 400 kaloria ditu, hau da, mokadu batez jaten diren lau pasteltxoek adina. Sagardoaren historian, mendebaldeko herrien artean aitzindaria da Euskal Herria.
Sagardoz
Sendagile bezala, ezin diot inori gomendatu pattar honen zalea izatea. Baina bere adierazgarriak aipa ditzaket: usain leuna, sarkorra, fruta gustukoa eta bukaeran sagar usain gozoa. Koņak, whisky, vodka edo tekila batek adina alkohol du pattar honek.
Calvados izenaren jatorria nahiko bitxia da, guk ezagutzen dugun bezala. Esaten dutenez, "Armada Invencible" deitu zitzaioneko eta "Salvador" izena zuen itsasontzi batek, Normandiako itsasertzean hondoa jo zuen. " Salvador" izen hori, urteen poderioz, " Calvados" bilakatu zen eta orduz gero, izen horrekin ezagutzen dugu sagarrarekin egiten den pattar hau. Gure artean, ez da denbora asko lantzen hasi zirela eta sagardoz izenez ari da bere bidea egiten.
![]() |
|
||||
1746 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa