Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-01 16:35:12
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-01-23 -- 1746.zenb

Daniel Udalaitz

Euskal Herrian eta Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (OCDE) herrialdeetan. Zalantzan dago hala ere, gora egingo duen enpleguaren kalitatea nolakoa izango den.
guztia irakurri

Beñat Doxandabaratz

dena. Ume nahiz gurasoei zuzendua, umorea, magia eta «Gurasodromo»a biltzen ditu. Aurkezle lanetan Ixiar Oreja, pailazoez lagunduta, eta kameren atzean, Kike Amonarriz zuzendari.
guztia irakurri

Izaskun Jauregi

Euskara Biziberritzeko Planak lehentasunezkotzat jo du kirol arloa. Baina Debarroko Euskara eta Kirol Zerbitzua 1993 inguruan ohartu zen kirola eta euskararen inguruko premiaz. Bi ziren kezka nagusiak: kirol material gutxi zegoela euskaraz eta monitoreen euskarazko prestakuntza baten beharra zegoela. Hortik abiatuta sortu zen «Kirola Euskaraz» egitasmoa. Deba bailarako udalen diruarekin hasi ziren lanean, euskarazko ikastaroak antolatuz eta kirol liburuen itzulpenak eginez. Lehenengo liburu baten itzulpena egin zen —«Futbol entrenatzailea»—, gero liburu bat argitaratu zen —«Kirol entrenamenduaren oinarriak»— eta, azkenik, liburuak baino fitxa didaktikoak praktikoagoak zirela ohartu ziren. Fitxa didaktikoak kirol hastapenerako oinarrizko materiala biltzen duten eraztundun karpetak dira, bertan, progresio didaktikoak, ariketak eta jokuak jasotzen direlarik. Material guztia urtero egiten den Beka Deialdiaren ondoren argitaratzen da.


DEBARROTIK HARUNTZAGO.

Egitasmoa ordea, Debarroko mugaz gaindi hedatu beharko litzatekela konturatu ziren. Hainbat hartuemanen ondoren, «Kirola Euskaraz»ek egun Eusko Jaurlaritza, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Debarroko Euskara eta Kirol Zerbitzuaren babesa du. Baina Gipuzkoan soilik jartzen da praktikan.
Hiru dira egitasmoaren helburu nagusiak: euskarazko material didaktikoaren sorkuntza eta argitaratzea da horietako bat. Eta hemen kokatzen da «Egin kirola euskaraz» lelopean Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako prestakuntza gaien bilduma. Helburu nagusia kirolaren inguruan sortutako euskarazko materiala bildu (ez bakarrik Debarroan egindakoa, baita beste eragile batzuk burututakoa) eta jendeari ezagutaraztea da. Lelo horren pean iaz egin zen lehenengo bilduma, bertan, euskaraz eginiko kirol materialen izenburu, egile, eta beste hainbat ezaugarri bilduz. Aurtengoan zerrenda hori eguneratzeaz gain, gai horiek non lortu daitezkeen gehitu dute. Gainera, lehenengo aldiz, Durangoko Liburu eta Disko Azokan stand propioa izan dute, bertan kirolaren inguruko euskarazko material guztia bilduz.
Udaberri edo uda aldera Interneten web orri bat jarriko dute. «Egin kirola euskaraz» lelopean bildutako materialaren katalogoa ikusgai izango da bertan. Gainera beka deialdietan eta ikastaroetan izena emateko aukera ere eskainiko du. Euskarazko kirol materiala saltzeko beste gune bat izango da berau, jadanik Debarroan eta Anoetan daudenei gehituz.


GOITIK HASITA.

Baina «Kirola Euskaraz» egitasmo orokorrak, euskarazko material didaktikoaren sorkuntzaz gain, beste bi gai bultzatu nahi ditu. Kirol arloan euskaraz aritzeko nahi eta nahiezkoa da monitoreen prestakuntza euskaraz egitea. Horrela, goitik beherako katean, euskara erabili ahal izateko gero. Horretarako ikastaroak antolatzen dira. Batzuk titulu ofiziala dute, besteek ez, ordea. Ikastaro hauek bailara mailan eskaini ohi dira. Hala ere, badago Euskal Herri osorako antolatzen den Udako Kirol Eskola. Lehenengo bi urtetan, Deba Bailaran antolatu bazen ere, iaz lehengo aldiz, Bidasoa Beheran egin zen. Udako Eskola honetan hiruzpalau kirol mota aukeratzen dira eta iraupen laburreko eta oinarrizko ikastaroak ematen dira. Deialdia irekia da, EAE osoan zabaltzen da, nahiz eta bailarako jendea hurbildu batez ere. Horrez gain, iazko udazkenean hasi eta aurtengo udaberria arte, lehenengoz sentsibilizazio ikastaroak burutzen ari dira Debarroan. Futbola, pilota eta eskubaloiaren inguruko ikastaro espezifikoak eta kirol entrenamentua eta gestioa hobetzeko ikastaro orokorrak eskaintzen dira bertan. Hauekin, kirol arloan dagoen euskararekiko sentsibilizazioa areagotu nahi da.
Bailaretan eman izan diren ikastaro hauek ordea, sarri federazioen oztopoekin aurkitu dira, goitik beherako katea moztuz. Hori dela eta, «Kirola Euskaraz»en hirugarren helburua federazioekin hartuemanak estutzea da. 1998an aurrera pauso bat eman zen ildo honetatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntz zerbitzu bat eskaini baitzien federazioei. Ondorioz, Anoetako Kirol Etxean euskararen inguruan federazio guztiek izan zitzaketen beharrei erantzuteko pertsona bat egokitu zen. Zalantzak erantzun, itzulpenak egin, testuak egokitu... dira pertsona honen zeregin nagusiak. Hortik aurrera federazioekin hitzarmenak egin nahi dira.
Burututako ekintzen ondorioz «Kirola Euskaraz» egitasmoari buruzko informazioa zabaldu egin da. Bidea egokia da beraz, baina Nekane Jauregi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Normalkuntzako Teknikariaren hitzetan, «

bultzada handiagoa eman behar zaio. Hainbeste jende mugitzen du kirolak ezen zaila dela guztietara iristea
». Programa adibidez, erren gelditu da komunikabideen arloan. Aurrerapausoak neurtuz, eskolako kirolean aurreratu da gehien. Kirol federatuarekin alderatuz adibidez, bertako sentsibilizazio maila handiagoa da, «

eskoletan A eredua desagertzeko zorian dagoenean, ez baitu zentzurik erdaraz kirola egitea
»

Nagore Irazustabarrena

Euskarazko umore grafikoaren euskarri izan da mende hasieratik Zeruko ARGIA (eta ARGIA bera ondoren). Olariaga, Zabaleta, Urmeneta, Mattin... komikigintza eta ilustrazioak gurean eman dituen izenik nabarmenenak orriotan arituak dira. Izen hauek topatzeko 70eko hamarkadaraino joan behar dugu eta, hala ere, lehenago hainbatek ipini du bere umorea aldizkarian.
Gerra aurreko komikiak aldizkariaren edukien isla garbia ziren. 20ko hamarkadako zenbait adibideri so egitea besterik ez dago horretaz jabetzeko. «Ikasi! Ikasi!» titulupean, baserri giroko pertsonaiak aurkezten zitzaizkien irakurleei, baita hainbat irakaspen ere. Katoliko zintzoak nolako jarrera izan behar zuen, emazteak senarrarekiko jokabidea nola zuzendu behar zuen (ikus ezkerreko irudia)... arrazakeria puntturen bat ere topa daiteke bateren batean.
Gerraren etenaren ondoren, 50eko hamarkadako etapa berrian ez zen ahalegin berezirik egin komikiei tarte egiteko eta sarritan gerra aurreko berberak izan ziren argitaratuak. Hurrengo hamarkadan ekingo zitzaion berriro lanari eta «Lerro» moduan sinatzen zuen marrazkilariak alero botatzen zuen berea. Baserri giroak, bertso munduak... oraindik pisua bazuten ere, gai berriak etorri ziren bultzaka (twist-a, kasu, beheko irudian ikusten denez).
1976an eman zen jauzia, Antton Olariaga Zeruko ARGIAn hasi zenean, hain zuzen. Sexua, ekologia, politika... ekarri zituen komikietara: hasieran txikitoa alboan zutela ageri ziren langile bizardunekin, geroxeago Hormasprayko izenburuz hormak spray-z betetzen zituen gaztearekin eta Mozorrozko, prekontseilari maskaratuarekin aurrerago. Urte horietan hasi ziren, halaber, Aleman, Artola, Zabaleta... euren irudiak astekarian argitaratzen.
80ko hamarkadan dagoeneko, eta aldizkaria ARGIA bezala birbataiaturik, «Koxka» izeneko atala iritsi zen, denborapasa eta komikiz hornitua. Besteak beste, «Pelix eta Mixerix» komiki-tira topa zitekeen orrialde horietan. Baina, 1986a arte ez zen hurrengo jauzia eman: TXT atala iritsi zen, hainbat orrialde, koloretan gainera, komikiei eskaintzen zien gehigarria. Corto Maltese edota Tintin klasikoez gain, bertakoek ere bazuten lekurik TXT-n. Lopetegi hasi zen azala betetzen eta 88tik aurrera Mattinek beteko zuen haren tokia. Xamarrek ere ekin zion urte berean eta hurrengoan Asisko Urmeneta gehitu zitzaien. Azken biek egun ere astero osatzen dute ARGIAn euren orrialdea «Gora pro nobis» izenburuarekin eta Marko Armaspach-en Errobiko pirañekin batera betezen dute umore grafikoaren txokoa

Ruben Sanchez

bat eskaintzeko elkartu ziren «Kutxi» kaleko lagun hauek. Harrera ona izan eta jarraitzeko saioa egin zuten. Geroztik Kontrairok maketa bat eta bi disko kaleratu ditu.
guztia irakurri

Beñat Doxandabaratz

Betegarri modura eman izan dira beti kultur gaiak; presaka eta korrika, garrantzirik ez balute bezala. Hori konpontzeko, irtenbide originala proposatzen digute «Kultura.com» saioan.

«Goitik etorritako ekimena izan da. Kultura arloak hutsune bat zuela nabarituta, zerbait zehatza egiteko ardura eman zidaten»
azaltzen digu Joseba Martinek. Bere ibilbidea «La jungla sonora» musika saioari atxikia egon den arren, jakin bazekiten kultura oso begikoa duela. Joseba albistegietan hasi zen Bilboko Herri Irratian, Barakaldoko Radio 7n gero

«musutruk, gainera»
, EITBko oposaketa gainditu eta geroztik Radio Euskadin dabil.

«Nortasun propioa duen kultura saioa egiten ahalegintzen gara, nahiz eta albistegi ordutegi baten barruan kokatua egon»
. Hogei minutuko iraupena duelarik, aurkezpenak laburrak izaten dira oso. Bitarte horretan erritmo bizia ezartzen da, 10 bat berri, ikuskizun bati buruzko kritika, antzezlan, kontzertu, film, erakusketa, liburu edo komiki bat dela, ikusi eta gero beti ere. Amaitzeko efemeride gisako bat egiten da, eta horren aitzakian kanta bat jarri, aipuarekin lotura duena.

«Gure kultura zaleen jakinmina asetzen dugulakoan gaude»
. Saioa entzunda, formularekin asmatu dutela iduri du, irudimena landuz ukitu bitxia ematen baitiote saioari.

«Esaterako: gure taldeko kazetaria erakusketa batean ibili da zelatari, eta honako hau jakin du...»
. Oinarrizko lantaldea ere lagungarri da horretan: hiru kazetari, bekadun bat, Mari Jose Villaverde Donostian, Anabel Cabrero Gasteizen, Frank Dolosor Baionan eta Satur Leoz Iruñean.
Halaber, lehiaketa txiki bat dago,

«pertsona baten inguruko pistak ematen ditut, non jendeak ez duen parte hartzen, erantzuna berehala ematen dut-eta. Euskal Herriko zein kanpoko den norbait izaten da, azken batean, kultura unibertsala dela erakusteko» EITB

SAGARRA

Lierni Arrieta / Onintza Irureta / Ainhoa Oiartzabal

Sagardoa bultzatzeko ahaleginean Gipuzkoako Foru Aldundia 1982-83an kanpaina batekin hasi zen. Sagardoaren oinarrira jo zuten hasiera-hasieratik; sagarrera, alegia. Lehen lana Gipuzkoako sagar motak errekuperatzea izan zen, gero mota horiek Hondarribiko Zubieta Etxaldean txertatzeko eta baserritarrei banatzeko. Lau-bost urtez enologo bat aritu zen lanean Hondarribiko zentroan eta sagar motak analizatzen zituzten. Analisiei eskerrak konturatu ziren mota guztiak ez zirela onak sagardotarako. Beraz, batzuk baztertzen joan ziren eta onenekin (hamabiren bat edo) geratu ziren. Hala ere 40 bat mota gordetzen dituzte Hondarribiko zentroan. Gaur egun Gipuzkoako Diputazioak aukeratuta dauzkan sagar motak hauek dira: garratzetan geza miña eta mokoa; mikatz eta gazi-gozoetan; errezila, manttoni, txalaka, urtebi txikia eta urtebi haundia; gozo eta gezen artean; mozoloa eta patzuloa.
Diputazioak sagarrondo jabeei diru laguntzak eta informazioa eskaintzen die. Uneotan zazpi bulego dituzte Zarautz, Azpeitia, Elgoibar, Ordizia, Bergara, Tolosa eta Oiartzunen. Urteroko laguntza hauek jaso ahal izateko baldintzak eta hainbat zehaztapen dituen liburuxka argitaratzen da. Liburuxkaren arabera, jabe bakoitzak gutxienez 100 sagarrondo landatu behar ditu. Derrigorrez, gutxienez bost sagar mota aukeratu behar dira, bakoitzeko portzentajea % 20koa izanik. Errezil sagarraren kasuan sagarrondoen % 25 izatea ere onartzen da, baserritarrek sagar hau baitute gogoko. Portzentaje horretatik gora ordea, ez du uzten Diputazioak, bestela, baserritarrek errezil sagar onenak plazan salduko bailituzke eta kaxkarrenak sagardotarako utzi. Landareak Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Mintegi Landareen Saltzaileen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden edozein mintegitan eros daitezke. Landareko 500 pezeta kobratzen da Fruitel-en (Fruitazainen elkargoa) erosiz gero, bestela 450 pezeta balio du landareak. Landareak erosteko eskaera berriz, Hondarribiko Zubieta Etxaldean egin behar da. Diputazioaren aldetik sagarrondoei jarraipen zehatza egiten zaie; batzuetan sagarrondoak landatu aurretik baserritarrak aukeratutako lursaila ikustera joaten dira teknikoak eta ondoren, sagastiak nola datozen kontrolatzen dute.


Zein dira sagarrik onenak?

Zein da Hondarribiko zentro honen funtzioa? Zentroa 1984an ireki zen. Honen helburua sagar motak ez galtzeko ahalegina egitea da. Hor dago "Album pomologico" izeneko liburuxka, mende hasierakoa (1918koa). Arduradunak hor agertzen diren sagar motak gordetzen ahalegintzen ez badira galtzen joango dira. Aukeraketa bat egin da, onenak hartu dira. Zein dira onenak? Gipuzkoako Diputazioko arduradun Ignacio Javier Larrañagak azaldu digunez bi irizpide jarraitu dira aukeraketa hori egiteko. Batetik, baserritarraren nahia hartu da kontuan eta bestetik, sagardogilearena. Lehenengoak sagar mota oso emailea izatea nahi du, fruitua lehenbailehen heltzea, sagardo garaian etortzea, gaitzak ez harrapatzea, urtero ematea...
Sagardogileak berriz, nahiko zuku edukitzea nahi du, lehor xamarra bada sagar kiloko litro gutxiago aterako baitu, ahal bada gazia, garratza izatea, urriaren erdialdetik abendua bitartean heltzea, azukrea, garraztasuna eta mingostasuna neurrian izatea... Baserritarren eta sagardogileen nahiak kontuan hartu behar dira, eta era berean, sagardotarako sagar onenak aukeratu behar dira eta ez da hain erraza dena ongi egitea. Adibidez, batzuetan sagarrondorik emaritsuena ez da sagardotarako onena, baina baserritarrak hori landatu nahiko du.
Hondarribiko kontserbatorioan motak babesten direnez, urteren batean sagar mota berriren bat errekuperatu nahi bada kontserbatoriotik har daiteke. Eta ez sagar mota osoa errekuperatzeko bakarrik. Larrañagak adibide gisa amerikarrek artoarekin egindakoa aipatzen digu: "Arto mota onenak aukeratu zituzten eta gainerako motak galtzen utzi. Galdu ziren mota haiek ordea, beharbada bazituzten gen interesgarri batzuk gaur egun ere baliagarriak izan zitezkeenak. Egoera hori ikusita baserritarrengana jo behar izan zuten galdutzat emandako arto motak errekuperatzeko". Sagar motekin ez dute hori gertatzerik nahi, hau da, sagar motak babestuko dira ez beti osotasunean erabiltzeko baizik eta geneak aprobetxatzeko.
Azken finean Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahia ahalik eta sagardorik osasuntsuena eta edalearen gustukuena egitea da. Osasun baldintzez eta bezeroez gain, sagarrondo jabeak eta sagardo ekoizleak hartu behar dira kontuan. Guztien interesak hartu behar dira kontuan, eta oinarri-oinarrian edari preziatuaren funtsa babestu eta zaindu behar da: sagarra.

Lierni Arrieta / Onintza Irureta / Ainhoa Oiartzabal

Garai batean Iparraldeko landetxetan ohikoa zen sagarnoaren egitea. Nekazaritza intentsiboarekin etxe inguruko zuhaitzak desagertzen joan ziren eta berauekin sagarnoa egin eta edateko ohitura. Arnoaren industriak ere izan zuen zerikusirik. Gutxika-gutxika gelditzen ziren sagarrondoak zahartu eta mihurak hartu zituen. Zuhaitzak bota egiten ziren baina, ez zen berririk landatzen.
Arazo honetaz oharturik, duela hamar urte Sagartzea elkartekoek lanari ekin zioten. Etxaldez etxalde aitatxi eta amatxiei inkestak eginez 7 sagar mota bereiztu zituzten, bertakoak, Iparraldekoak. 1989. urtean sagarrondo hauek non atzematen ziren ikertzen hasi ziren. Hauetarik bi kasik desagertuak zirela konturatu ziren: eztika eta mamula. Lau edo bost soilik gelditzen ziren Iparralde osoan. Sagar hauek, lasto gainean lehortzen zituzten ia usteldu arte. Nahikoa informazio bildu ondoren, txertoak bildu, txertagaiak lurrean ezarri eta txertatzea izan da beraien lana lau bat urtetan zehar. Lan hau guztia mintegi industrial baten laguntzaz burutu dute. Beraiek, mintegira txertagaiak eraman ondoren bertatik urteko landareak erosi dituzte.
Lortutako 7 sagarrak ezaugarri desberdinak dituzte. Anisa, apez sagarra eta peatxa (udare sagarra Hegoaldean) jateko onak dira eta garraztasun pixka bat ere badute. Baita azukrea eta taninoak ere, sagardoa egiteko aproposak. Eztika eta mamula familia berekoak izanik biziki gozoak dira. Mamula, bietan handiena da, ez da jateko ona. Azal zuria eta taninoak ditu eta hirintsua da. Batez ere, Hazparne aldean agertzen da. Eztika aldiz, barnealdean Oztibarre eta Donibane-Garazi inguruan. Gordin txuria, eri sagarra eta ondo motxa aldiz garratzak dira. Sagar mota hauek, beraien ezaugarrien arabera, proportzio desberdinetan landatuak daude.


Sagarnoa eta sagar zukua

Lapurdi eta Zuberoa artean 16.000 sagarrondo landatu dituzte 30 etxaldetan. Bi eskualde nagusitan aurkitzen dira, alde batetik Hazparne eta Bastida inguruan eta bestetik Oztibarre eta Garazin. Eskualde hauek nagusiak badira ere Lapurdi barruan Saran daude landaketak eta Zuberoan Irurin. Landaketa hauek 1993 eta 1996 urteen bitartean landatuak izan dira eta lehen uzta larrazken honetan eman dute. Guztira, 15 tona sagar bildu dira.
Hasierako proiektuaren helburua sagarnoa egitea zen, baina sagar zukuak zuen eskaeraz oharturik, produktu hau ere merkaturatzea pentsatu zuten. Sagar zukua erabat naturala da, sagar zukua atera eta iragazi ondoren botiletan sartu eta pasteurizaturik saltzen dute. Ez zaio ez ur eta ez azukrerik gehitzen, hala ere, gozo-gozoa da eta sagar zaporea du. Guztira, 500.000 edo 600.000 botila ekoizteko asmoa dago, hauetatik 100.000 sagar zukua eta beste 400.000 sagarno ezti eta idorren artean. Sagarno eztia, lehenxeago datozen apez eta peatxarekin egiten dute eta geroxeago zazpi sagar motak nahasturik idorra. Esan beharra dago Iparraldeko sagarno idorra ez dela Hegoaldekoa bezain idorra. Iparraldean sagarno gozoa nahiago izaten dute.
Hau guztia, elkarteak Oztibarre haraneko Donaixti herrian duen Eztigar kooperatiban ekoizteko asmoa dute. Txertagaiak landatzeagatik jasotako diru laguntzei esker egin dute hau guztia, Iparraldean ez baitago diru laguntza berezirik sagarnoaren egiteko. Beraien nahia denborarekin 3 lanpostu sortzea litzateke kooperatiba mantentzeko. Sagardogintza etxaldeetako jarduera osagarria da, ez oinarrizkoa.Sagartzea elkartearen produktuak Eztigar zigiluarekin merkaturatzen dira. Oraingoz, feria, merkatu eta euskal elkarteetan erraz saltzen da ekoitzitako guztia. Etorkizunean sagarno gehiago egingo dutenez, sormarka bat lortzeko nahia ere badute. Benetan, bertakoa baita edari fresko hau.
Sagartzea elkartekoen lana handia izan arren aipatzekoa da Hendaiako Abadiako kontserbatorioa. 120 sagar mota daude gordeta, hauen artean batzuk Iparraldekoak. Horrela, sagar barietateak galtzeko arriskua saihesten ahalegintzen dira.

SAGARRA

Julian Bereziartua

Behin sagarrarekin abiatuta, sagar zukua, sagardoa eta sagardoz izeneko pattarraz hainbat argibide eman digu sendagileak. Sagar zukua osasun arazoak dituzten "txikiteroei" gomendatzen die eta 14 urtetik beherakoei sagardoa ez edateko aholkua eman digu. Sagar pattarra berriz ez dio inori gomendatzen.
guztia irakurri

SAGARRA

Orra bertso berriak
euskera garbiyan,
zer pasatutzen zaigun
guri Donostiya'n,
Ura saltzen digute
sagardoteriyan,
ez fio... leran ere,
preziyo aundiyan,
eran genezakenak
merke iturriyan.
Donostiya'ko ur gezak
ditut urrikari:
kulparik gabetanik
noiznai preso jarri.
Gero andikan saldu
jende tontuari,
ez gera ibilliko
altza ta erori,
boltsak ezin beterik
or dabiltza larri.


Aurten esperatzen zan
sagarra gogotik,
gutxi dala diyote
loretubagatik.
Ez dirade asiko
preziyo bajutik,
alegiña saiatu
nor bere aldetik,
ardua merke bada
ez diyo inportik.


Karga bat sagarrekiñ
iru karga erari,
baliyatzen dirala
gauzak badiruri.
Preziyua eragiten
diyote urari,
etxera karriatu
diruba ugari,
ez dira urrikitzen
jende pobriari.

Txirritak dirurik gabe zegoela Juan Mari sagardotegiko nagusia topatu zuenean honakoa bota zion:
Eskerrak eman bearko zaizkie
zeru-lurreko Jaunari,
pekatu aundiyan ez gaitezela
beran aurrera erori;
bero aundiya nola baidagon
arkitutzen naiz egarri,
baso bat sardo emaidazu,
Errukal zaitez, Juan Mari!

Udarregik Pello Errotari botatako bertsoan nabari daiteke sagardotegiek "bertso eskola" gisa zuten indarra:
Asiera eman du
Pello Errotariyak
errespuesta orain
Juan Joxe Udarregiyak.
Batek ainbat deretxo
daukagu guk biyak;
gure kolejiyuak
sagardotegiyak.

Gazteluk Txirritari botatakoa:
Kabida ona dago
gure almazenetan,
Jaungoikoak graziya
eman digu ortan;
gizon azkarrak dira
estudiyoetan,
gure kolejiyuak
sagardo-tokietan.

Lazkao Txikik sagardoak bertsotan egiteko laguntzan duela ez du zalantzarik:
Al dan ongien eman nai ditut
sagardoaren berriak,
nik bere baitan uste dedana
jakin dezala erriak.
Beste edari oberik ez du
gizonaren egarriak,
bedeinkatuak sagasti
eta sagardotegiak.

Garai batean sagardoa zan
bertsolarien edari,
lagunartean bildutakoan
edan oi zuten ugari.
Gero ixilik egon ezin da
asitzen ziran kantari,
edari onek berea baitu
alkartasun jator ori. (...)

hemeroteka

1745. zenbakia | 2000-01-16
1744. zenbakia | 2000-01-09

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan