Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-11 16:50:33
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2000-01-23 -- 1746.zenb

Carlos Herrera kazetaria, Espainiako Radio Nacionalen: «Atzoko egunean eztabaida gogorra izan zen Rafael Vera Estatu Segurtasunerako Idazkari ohia eta Iñigo Iruin filoterroristaren artean».

Jesus Lezaun apaiza Setienen ordezkatzeari buruz: «Erroma horrelakoa da, beti ematen du amore indarraren aurrean, bera ere indarra delako. Goi mailako interesak (kasu honetan Espainia eta Vatikanokoak), beste edozelako arrazoiri gailentzen zaizkio, nahiz eta, kasu honetan bezala, arrazoi hori euskal herritar askoren fedea izan».

Juan Alberto Belloch, PSOEko diputatua: «Oso berri ona da eta erabaki politiko handia izan da Setienen dimisioa eta Uriarteren izendapena».

Carlos Iturgaitz EAEko PPko buruzagia Uriarte Gotzainari buruz: «Fedearen bideetatik eraman gaitzala, ez politikarenetatik, Setienek bezala».

Josep Carod Rovira, ERCko idazkari nagusia: «Oso ona da Lizarrako alderdiak bakearen alde manifestatzea, horrek eraikuntza nazionala ekarriko duelako».

Jose Antonio Urrutikoetxea
EHko parlamentaria aske utzi zuten iragan ostiralean, aurretik Frantzian zigortutako delitu berberengatik ezin delako Espainian epaitua izan. Urrutikoetxeak hamar urte egin zituen Frantziako espetxeetan, gero Espainiaratua izan zen eta lau urte egin ditu espetxean. 1998ko ekaineko hauteskundeetan Eusko Legebiltzarrerako EHko parlamentari gisa hautatua atera zen. Horrela, bada, EHk ez du jadanik parlamentari presorik.

Ibarretxe
lehendakaria iragan ostiralean bildu zen Nicolas Redondo Terreros buruzagi sozialistarekin. Ondorengo egunetan bilduko da Carlos Iturgaitz eta Pablo Mosquerarekin.

Jakoba Errekondo

Eguberrietan etxeko gozoan Eguberriak igarotako izeia edo pinuarekin zer egin galdetu zidan entzule batek aurreko batean irratian. Lorategian edo mendian landatu, zabor pilaren aldamenean utzi bateren bat berataz ardura dadin... Eguberriak dezente gozatzen lagundua izango zion eta izeiaz beste egiteak bihotzeko hari mehea teinkatzen zion nonbait eta ez zekien zer egin. Azken hamazazpi urte hauetan garaitsu honetan hamaikak emandako erantzun bera eman nion nik. Inongo lotsa izpirik gabe zabor pilan utz zezala, alegia.
Urteroko kontua dugu izeiona. Gabonetako beroaldian edozer gauza etxeratzen dugu eta urtarrileko hotzarekin estrapozo egitean, txoroaldiak hutsegiten duenean, izeiarekin zer egin ez dakienaren mozolo muturraz harrapatzen gaitu urte berriak. 2.000.a sona handikoa izango da baina ez da desberdina izan.
Eguberritakoari zuhaitza beharrean arbola deituko diogu, frutuak oparo banatzen baititu. Bada, arbola hau honetarakoxe, zoko betegarri izan dadin, hazten da Euskal Herriko lursail hotzenak dituzten baserrietan. Gero beretzako izan daitekeen tortura gela okerrenean edukitzen dugu egun horietan: etxe barru beroa, aire lehorra, ureztatzeaz ahaztuta, zintzilikario eta argiz jantzia... Egunerokotasun arrunterako buelta patxadaz hartu eta izeia dela eta kopetik ez ilundu. Tira, tira, okerragoa litzateke lorategian edo basoan, nonahi landatzea, urte gutxi barru Eguberri kondarrak kolonizatua luke gure lurra

Jabier Agirre

Kanarietako Ikerketa Biologiko Aplikatuen Zentroak (CIBA izenekoak) martxan dauka ikerketa bat likopenoa aztertzeko. Eta zer da likopenoa? Barazkiek, esaterako piperrek, azenarioek eta batik bat tomateek duten substantzia bat. Likopenoa zelula karotinoide bat da, kolore gorria duen konposatu kimiko bat, karotenoaren antzekoa, tomatearen pigmentu edo klorofilaren barruan dago eta kolore berezia ematen dio.
Ikerketa-proiektu horren helburu zehatza likopeno kopuru handia produzitzea da, soberan dauden tomateak edota uzta desberdinetan hondatzen direnak aprobetxatuz, eta Kanarietako faktoria edo tomate-plantazioetako hondakin guztiak erabiliz. Etorkizunean likopeno hori Kanarietatik komertzializatu ahal izango dela uste du Miguel Jimenez, CIBAko arduradunak. Industria farmazeutikoak interesa duela dirudi likopenoarekin zerikusia duten ikerketetan. Gainera, Jimenezen ustez Kanariar Irlak oso egoera onean daude horrelako proiektuak aurrera eramateko, tomateen produkzioa garrantzitsuenetakoa baita bertako nekazaritza sektorean.
Likopenoak eragin antikantzerigeno posibleaz gain, baditu beste aukera batzuk ere: janarientzako koloratzaile natural bezala komertzializa daiteke, koloratzaile artifizialek dituzten eragozpenak ezabatu egiten direlako, likopenoa naturala baita


NAHASMENA BILBON

BILBOKO manifestazioa ez da izan Lizarra-Garaziko indarren orain arteko lorpenik esanguratsuena, ezta gutxiago ere. Aitzitik, Akordioak bere baitan duen noraezaren adierazle bikaina izan zen. Manifestazioa zela eta, PP eta PSE-EEk arrazoia, puntu batean behintzat: «nahasmenaren adierazle» zela zioten. Manifestazio bietako leloek euskal gizarteko gehiengo zabala ordezkatzen zuten, zalantza barik, baina gauzak egiteko modua ez da izan jendea erakartzeko amurik goxoena. Malgutasun handiagoa behar da, duela ez asko hainbeste esaten zen moduan, «gerri mugimendu» handiagoa. Hauteskundeak iragan arte gutxienez, tentsioak gora egingo bide du euskal gizartean. Lizarrakoek kontrolatu beharko dute hain ahalegin handiarekin lortu zen akordioa idazkian bakarrik gera ez dadin».


IÑAKI ARIETALEANIZEN GOSE
GREBA MUGA LARRIETAN

AURRERA jarraitzen dute euskal presoen aldeko ekimen desberdin eta ugariek. Horien artean da EHko 28 alkatek Altsasun egindako baraualdia. Presoen gose grebak ere bere horretan dirau eta Martutenen dagoen Iñaki Arietaleaniz bergararraren egoera nabarmentzen da: iragan igandean jadanik 46 egun bete zituen gose greban eta 22 kilo baino gehiago galdu ditu. Josetxo Arizkuren `Kantauri'-ren ondoren, gose greban egun gehien egin dituen presoa da eta gose grebarekin jarraituz gero bere osasun egoera larria bilaka daiteke batetik bestera. Larunbat honetan, hilak 22, bestalde, Iruñean egingo da presoek Euskal Herrian bizi den prozesuan parte hartzeko duten eskubidearen aldeko manifestazioa. Hilaren 27rako, bestalde, EHk greba orokorrerako deialdia egin du.


DATORREN 29AN EAJ-REN EBB BERRIA EZAGUTUKO DA

DATORREN urtarrilaren 29an egingo den EAJren Asanblea Nazionalean izendatuko dira Euskadi Buru Batzarreko (EBB) kide berriak. Estatutuen aldaketa dela eta EBBk hamalau kide izango ditu aurrerantzean eta Ipar Buru Batzarreko (IBB) lehendakaria ere automatikoki sartuko da EBBn. Zortzi kide zuzenean hautatzen ditu militantziak eta beste seiak karguen araberakoak dira. Hegoaldeko lau herrialdeetan batzarrek Xabier Arzalluz aho batez hautatu dute EBBeko lehendakaritzarako. Beste hiru pertsona ere lau herrialdeetan hautatu dituzte: Joseba Egibar, Gorka Agirre eta Josune Aristondo. Beste lau pertsonek hiru herrialderen sostengua lortu dute: Jose Maria Zalbidegoitia, Javier Atutxa eta Xabier Agirre. Hautaketa zuzeneko azken pertsona Jose Antonio Rubalkaba izan daiteke. Horrez gain, lau herrialdeetako lehendakariak izango lirateke eta Fernando Almandoz IBBeko lehendakari gisa.


GATAZKAK BIDERATZEKO ELKARRIREN HEZKUNTZ PROIEKTUA

HIRU Txandatan deitzen da Elkarri mugimenduak pertsona eta giza taldeen arteko gatazkak bideratzeko argitara eman berri duen hezkuntz proiektua. Hiru helburu ditu proiektuak: elkarrizketarena dela gatazkei irtenbidea emateko modurik eraginkorrena; izpiritu kritikoa lantzea; eta talde batean gura dena esateko askatasuna sentiaraztea. Besteak beste, Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Ikastolen Federazioko laguntza eta sostengua izan du Elkarrik proiektua bideratzeko.


IRUÑEKO AKORDIOA

EA eta ERCk iragan astean sinatu zuten Iruñeko Akordioa, itunari izena ematen dion hirian bertan. Honen bitartez alderdi biek, Katalunia eta Euskal Herriari autodeterminazioa ezagut dakien elkarlanean jardungo dute Espainiako Diputatuen Ganbaran eta Senatuan. Horrez gain, bake prozesuan «negoziazioa bultzatzeari uko egiten dion» gobernurik ez dutela sostengatuko jakinarazi zuten. Espainian «bigarren trantsizio baten beharra» eta «bide baketsuen» erabili beharra azpimarratu zituzten.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan