Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2000-01-23 -- 1746.zenb


EUSKALGINTZAREN KONGRESUA

Presoen eskubideen eta prozesu politikoaren alde duela bi aste Iruñean baraualdian egondako euskaltzale taldeak proposamen bat luzatu zuen: Euskalgintzaren Kongresu handi bat antolatzea. Euren ustez, «premia handia sentitzen da euskalgintzan, barne-eztabaida lantzeko eta euskalgintzaren etorkizunaz euskalgintzatik bertatik gogoeta egiteko». Kontseiluaren gidaritza eta kudeaketaz gauzatuko litzateke eta hainbat gai aztertuko lirateke. Euren ustez, urtebeteko epea egokia izan daiteke kongresuaren antolakuntza bideratzeko.


ALEGAZIOAK HILAREN 31 ARTE

«Bai Euskarari» Akordioaren Plan Estrategikoaren diseinua iragan abenduan amaitu zen. Orain fase erabakigarria ireki da partehartzaile guztientzat, hemendik aurrera sinatzaileek finkatutako konpromiso horietatik zeintzuk jarriko dituzten martxan erabaki behar baitute. Hori dela eta, epe bat ireki zen planari alegazioak egiteko. Epea 15era bitartekoa zen, baina hilaren 31 arte luzatzea erabaki dute, hartara eragile guztien ekarpenak jaso eta behin betiko txostena osatzeko.


ERTZAINEN % 24,6
DA EUSKALDUNA

Ertzaintzako 7.224 kideetatik 1.777k euskara maila altua du, hots, % 24,6k. Maila ertaina dutenak ordea % 40ra iristen dira. Hala ere, ertzainen % 20k (1.513) baino ez dezake elkarrizketa bat arazorik gabe jarraitu. Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak jakinarazitako datuak dira hauek. Bestalde, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) EAEko epaile euskaldunen datuak eman ditu ezagutzera. Honen arabera, dauden 180 epaileetatik 12k soilik hitz egin eta idatz dezakete euskaraz (% 6).


ANTON ARTIÑANO ZENDU DA

Anton Artiñano mediku eta euskaltzalea hil zen iragan astean. 1976an Ulibarri euskaltegia sortu zuen Bilbon. Euskal kulturaren mezenas gisa jokatzen ahalegindu zen Artiñano, eta azken urteotan Krutwigen egitasmoen bultzatzaile izan zen.

Kazetaritza amaitu eta berahala hasi zen bermeotarra irratian. Hiru urteren buruan, informatiboetan dihardu, baita zapatuetako «Jirabira» saioan ere.

«Gurea irrati txikia izanik, denok apur bat denetik egin behar izaten dugu»
. Tarteka bere herriko «Akatz» aldizkarian kolaboratu ohi du. Entzuleekin ezartzen den harreman hori egiten zaio zailena eta politena aldi berean,

«alde batetik, errespetua ematen dizulako zuzenean aritzeak; bestetik, hartu eman horrek xarma berezia sortzen duelako»
. Mikro aurrean naturaltasuna ere ikasi egiten delakoan dago Unai

«asko landu dezakezu, ni berez nahiko lotsatia bainaiz»
. Noiz edo noiz gertatu izan zaio

«mikroa itxi barik uztea musika ipintzeko, hemen auto kontrola egiten baitugu. Eskerrak abesten ari nintzen eta ez juramenduka»

EUSKARA PRESENT OPUSEN IRRATIAN
Kalapita ederra sortu zen Nafarroako Gobernu kabernikolak lizentziak Canal 21 eta Opuseko irratiari eman zizkienean, Euskalerria irratiari zegokion lizentzia ukatuz. Orain, Opusekoen emisioak FMko 98.3an finkatu direlarik (liberatu eta ikasleek egina) Sanz presidentea eta bere kobazulo kideak harrotzeko moduko mezu hiper-nafarra agerian geratu da. Bada ordea, zerbait irudipen kontrajarriak pizten dituena: euskarazko eskaintza. Titularrak euskaraz emateaz gain, euskarazko albistegia baitute. Harrigarria Tuteratik beherako informazioa goitik behera euskara neutroan entzutea; egizue proba

ESKAILERAK GORA ETA BEHERA
Victoria Eugenia Antzokia
1912an jaio zen eta egun kultur
ondare gisa dago babestuta.
Beraz, ezin da apenas aldaketarik
egin bere eraikinean eta gainera
Gipuzkoako Diputazioak onartu
behar ditu aldaketa horiek. Orain
hiru urte jarri zuen martxan
Donostiako Udalak Antzokia
eraberritzeko egitasmoa. Baina
berritze bidea mantso doa.
Oraingoan, Gipuzkoako Diputazioak
atzera bota du Udalaren proiektua,
honek eraikinaren kultur ondareari
eraso egiten baitio. Proiektuak
eskailera nagusia kendu eta jende guztiarentzako sarrera bakarra
eta zabala egitea proposatzen du.
Diputazioaren ezetzak zehaztu
gabeko atzerapena ekarri du.

Bortzirietako Txapelketako finala 28an da.

Donostian ikasiko dute 55 urtetik gorakoek.


ERAIKITZEN HASI DIRA IRUÑEAN

IRUÑEKO Kongresu Jauregia eta Kultur Auditoriuma eraikitzeko lanei hilaren 10ean eman zitzaien hasiera. Auditoriuma, Gotorlekuaren aurrean eraikiko dute, Udal Aurrezki Kutxaren, Gobernu Militarraren eta Nafarroako Entzutegiaren egoitza zaharraren artean zegoen aparkalekuan. Lehenengo fasean, indusketa arkeologikoak egingo dituzte orubean bi hilabetetan zehar. Bitarte horretan, obren bigarren fasea adjudikatzeko lehiaketa publikoa antolatuko da. Proiektua Patxi Mangado, Alfonso Alzugarai eta Juan Miguel Otxotorena arkiteko nafarrek prestatu dute. Guztira 11.000 milioi pezeta ( 440 milioi libera inguru) inbertituko dira bertan. Honen arabera, Kongresu Jauregiak eta Kultur Auditoriumak L itxura izango du.


BERTSO TXAPELKETA BORTZIRIAN

BOST taldek hartzen dute parte hilaren 8an Beran hasi zen Bortzirietako bigarren Bertso Txapelketan. Hamabost bertsolari ari dira guztira, talde bakoitzeko hiru, beraz. Beste batzuren artean, Estitxu Arozena, Xabier Silveira eta Manolo Arozenak hartzen dute parte bertan. Eta Bortzirietako beste hiru bertsolari lehenengo aldiz ari dira: Jose Juan Zubieta «Etxabe», Oskar Goñi eta Saioa Mitxelena. Txapelketa zonaldeko bertsolariei jendaurrean eta txapelketetan kantatzeko aukera emateko helburuarekin sortu zen iaz.


DEBA GARAIKO MEDIO BERRIAK

AED, Jardun, Pagedar, Laixan, Axtroki, Loramendi eta Idolaz Debagoieneko talde euskaltzaleek Goiena izeneko kooperatiba sortu dute. Kooperatiba honek, Euskaltelek laster ipiniko duen zuntz optikoa erabiliz, eskualde mailako euskara hutsezko telebista bat sortu nahi du. Horrez gain, astekari bat eta zerbitzu telematikoetarako sare bat sortzeko asmoa du.


UNIBERTSITATE NAZIONALA

DAGOENEKO Euskal Herriko 300 bat lagunek sinatu dute «Euskal Unibertsitate Nazionalari Buruzko Proposamena» agiria. Idazleak, Bertsolariak, itzultzaileak, filologoak, kazetariak, irakasleak, kultur taldeak eta politikariak daude sinatzaileen artean. Agiria kaleratu ondoren, honen bultzatzaileak alderdi politiko eta sindikatuekin jarriko dira harremanetan.


MUSIKA IRAKASLEEN BULETINA

IAZ egin zen musika irakasle euskaldunen lehen topaketa Donostian. Han zehaztutako helburuetako bat bete da dagoeneko: «Musikagintza» buletinaren lehen zenbakia kaleratu berri dute. Itziar Irigoienen zuzendaritzapean, bihilabetekariak musika irakasle euskaldunentzako formazio eta informazio tresna izateko xedea du.


55 URTETIK GORA UNIBERTSITATERA

EHUk eta Kutxak Giza Zientzietako karrera berri bat sortu dute adineko pertsonentzat. Hiru urteko ikasketa hauek Donostiako Campusean egin ahal izango dira. Urtarrilaren 31n hasiko da ikasturtea eta aurrematrikula garaia urtarrilaren 19an amaitzen da. Guztira 135 kreditu dituzte ikasketa hauek, 1.350 ordu, alegia. Honen ondorioz, Giza Zientzietako titulu ofiziala eskuratu ahal izango dute 55 urtetik gorako etxekoandre, langabetu eta erretiratuek.

Josu Jon Imazek zera esan zuen «Zabalik»en: « (...) Nobelak edo filmak itzul daitezke, are gehiago, kanpoko literatura itzuli beharra dago euskara arnasberrituko bada eta euskal irakurlegoak non hautatu izan dezan. Baina ez da inoren buruan sartzen Internet euskaratzeari ekin behar diogunik. Guk geuk sortu behar ditugu geure edukiak (...)».

Pello Irazu honela mintzo zen «Euskaldunon Egunkaria»n Guggenheimi buruz: « (...) Guggenheim ikuskizuna da, eta horregatik joaten da horrenbeste jende. Baina galerietara inor ez da biltzen. Ez da bideratu artea orokorrean interesgune bilakatzeko modurik».

Miren Azkarate euskaltzainak honela zioen «Euskaldunon Egunkaria»n: « Hizkuntza kontuak garrantzitsuak izanik ere, unibertsitate izaera dela gauza guztien gainetik gorde beharrekoa (...) ».

J. Iñaki Etxezarretaren hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n esanak: « (...) Euskarak hezkuntza euskalduna behar du, ikastetxe euskaldunak behar ditu eta honek euskaldun gizartearen bilakaera esplikatzen lagundu behar du gaur, bihar eta etzi».

Egunotako hotzak direla kausa, pasa den asteazkenean Bilboko Zubi Zurin irrist egiteko zegoen arriskuaz ohartarazten zuen seinalea paratu zuen udalak. «Atención. Suelo deslizante. Lurrak irrizten du. Kontuz» zioen. Kasu honetan itzulpen literala egitea besterik ez zuten —zoru labainkorra—, baina esaldia egiten saiatu eta bertan tronpatu. Beste hainbatetan bezala.

EUSKAL MEDIOEN
HIPERTROFIA
Xabier Mendiguren Elizegik honela zioen «Zabalik» aldizkariaren inguruan «Gara»n:
«
(...) Irakurle gehienok badakizue, (...) agerkari euskaldun berri bat daukagula, «Zabalik» izenekoa eta Correo taldeak egina. Talde horrek euskal nazioari eta hizkuntzari amodio berezirik erakutsi ez diela eta, errezeloz sumatu dut hainbat lagun, (...). Nire ustez, ordea, pozik egoteko arrazoi gehiago daukagu: geure txikian euskaltzaleok indar pixka bat badugula erakusten du, bizkar emanda egon direnak ere geure plazara erakartzeko lain; bestalde, euskararen normalizaziorako ere aberasgarri da kolore guztietako iritziak azaltzea (...). Euskarazko prentsa arretaz aztertzen jarriz gero, edonor ohar liteke politika eta kulturazko gaien hipertrofia antzeko bat dugula (...). Zintzo izatera aitortu beharra daukagu, hala ere, euskal prentsak interes gutxi sortzen diela euskaldun gehienei (...). Alde horretatik apustu polita izan liteke, dudarik gabe, bestelako edukiak azpimarratzea, eta esan liteke zulo hori estaltzeko asmoa duela «Zabalik»ek; izan ere, gizarteko erreportajeak, kirolak eta aisialdia dira, (...), bertan gehien zaintzen diren arloak, euskara txukunean gainera. Hala ere, zalantza bat daukat: arlo horiexek askoz zabalago eta oparoago lantzen dituzte inguruko erdal ,medio guztiek, bai abertzaleek, bai espainolistek (...)».

Karmen Balentziaga
aktore zumaiarra urtarrilaren 8an zendu zen 77 urte zituela. 65 urte bete ondoren hasi zen antzerki munduan. Bere ibilbidea Zumaiako Zahar Etxeko «Itzurungo uhinak» antzerki taldean hasi zuen. Baina azken urteetan egin zen ezaguna, «64», «Jaun ta Jabe» eta «Benta-Berri» bezalako telesailetan parte hartzeagatik.

Joseba Lakarra
izango da aurrerantzean Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia Fakultateko dekanoa. Dekano berria fakultate horretan doktoratu zen, Koldo Mitxelenak eta Joakin Gorrotxategik zuzendutako tesiarekin.

Juan Carlos Irizar
rek «Doinuak denboran» izeneko liburuan hainbat euskal kantu ezagunen eta berak sortutako doinuen partiturak jaso ditu.


TELEBISTA ZALE PORROKATUAK GU ERE
Iaz, espainiar Estatuan herritar bakoitzak 213 minutu igaro zituen batez beste kutxa ergelari so egunero. Aurreko urtetan baino hiru minutu gehiago. Hego- aldeko euskaldunok ez atzera ez aurrera gabiltza 207 minutuetan. Katalunian berriz, 208 minututik 216ra pasa dira. Gutxien ikusten den tokia Galizia dugu, 198 minututik 196ra pasa baitira

PLATOEN HANDITZEA BIDEAN
2.007an burutu beharko du digitalizazioa ETBk. Aurreikusi egitasmoen artean Miramongo Programen Produkziorako Zentroa handitzea dago, fikziozko saioak ekoizteko azpiegitura arina duen 1.000 metro karratuko plato berria eraikiz. Erraz igarri daiteke beraz, telesail berrien aldeko apustua egingo dutela

K2000K ZINE SAILA ABIARAZI DU
Industriarik ez badugu ere, zinema profesionalik onenak omen dauzkagu Euskal Herrian. Beraz, onena opa diogu Galdakaoko ekoiztetxeari, zinema munduan zirrikitu bat atzemateko egin duen ahaleginean. Olentzaro ardatz duen marrazki film bat prestatzeari ekin diote, dena ongi badoa datozen gabonetarako prest egon dadin

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan