![]() | Daniel Udalaitz2000-01-16 |
Azken hilabeteotan Espainiako Estatua droga trafikoarekin harremana duten diru zuritze operazio handienen eszenatokia izan da. Makina bat pertsona izan da atxilotua hainbat hiriburutan, Melillan kasu, non droga trafikotik zetorren dirua zuritzeko banku bulego baten atzealdea zerabilten. Antzeko operazioak ari dira gertatzen Europa eta munduan zehar. Hori kontuan hartuta, nazioarte mailako diru zuritze horren bide eta sistemak ezagutzea garrantzitsua da. Ondorengo lerrootan gaitz honen gakoak eman nahi ditugu ezagutzera.
Urtero 320.000 milioi dolar (51 bilioi pezeta, 2 bilioi libera inguru) zuritzen dira nazioarteko banku sarean. Hori dio Frantzian argitaratutako «Un monde sans loi» lanak. Bertan Europan diru beltzaren atzematean aditu diren zenbait epailek eskuhartu du. Euren ustez, merkatuak, finantzak, paradisu fiskalak dira munduaren jabe berriak. «Diru beltzaren munduko atlas»tzat jo den lan honen egileak, guztiak ere epaileak, hauek dira: De Renaud Van Ruymbeke —90eko hamarkadan afera politiko finantziero garrantzitsuenak aztertzeagatik ezaguna dena—, Eva Joly eta Laurence Vichnievsky frantziarrak, Antonio Gialenella italiarra, Benoit Dejemepe belgiarra eta Bernard Bertrosa suitzarra.
Epaile hauek guztiek inoiz beren ikerkuntzak geldiarazi behar izan dituzte paradisu fiskalekin topo egin dutelako edota ondoko herrialdeetako bankuen ateak itxi dizkietelako. Honek, beste ehundaka epaile europarrekin batera, 1996an Genevako Manifestua sinatzera bultzatu zituen. Adierazpen honek gai honi lotutako legeak indartzeko aholkatzen die europar gobernuei, nahiz eta orain arte ez den emaitza nabarmenik erdietsi. Horregatik, lan berri honekin, publiko zabalarengana jo nahi izan dute, gaitz sozioekonomiko honen aurkako euren aletxoa jarriz.
FINANTZA MERKATUEI GUZTIA ZAIE ZILEGI.
Finantza merkatuei dena zaie zilegi, ezer ezin baita debekatu
Finantza modernoak eta krimen antolatuak helburu berak dauzkate. Biek behar dute, euren garapenerako, arauen eta estatu mailako kontrolen deuseztea
offshore
swaps
Zer egin ezkutuko ekonomiak ekonomia ofiziala kutsatzen duenean? Galdera hori egiten dio bere buruari «Un monde sans loi» liburuaren egileak. «
Lehen sintomak agerian dira dagoeneko eta ez zaie garrantzi berezirik eman. Ahaztutako Sizilia batean galduriko epaileek italiar Estatuaren oinarriak ipini dituzte kolokan... 20 urtetan, krimen antolatuaren irudia Coppolak jasotako Aitajaunaren folkloretik, nazioarteko gailurretako egunerokotasunera pasa da... Epaileak eboluzio baten lekuko harrituak izan dira eta euren benetako aurpegia ikusi duten lehenak izan dira eboluzio horretan... Gure erantzukizuna, magistratuena, gure ezintasuna aditzera ematea da, hemen egin dugun moduan
», onartzen du Jean Maillard-ek.
Bere testuan, hala ere, hainbat konponbide azaldu du: «
Banku eta finantza gardentasuna
», «
kooperazio judiziala
», «
herrialde setatien aurkako zigorrak
», «
nazioarteko merkataritzatik baztertzea
». Liburuaren eranskin batean, dagoeneko ezaguna den Ginebrako Manifestuarekin batera, Berdintasuna Legearen Aurrean elkarteak idatzitako «Europako paradisu fiskalen desegitearen aldeko adierazpena» dago. Europa bere eraikuntza amaitzen ari den une honetan, adierazpen honen egileek ez diete deia soilik epaileei luzatzen, hiritar guztiei baizik. Izan ere, euren hitzetan, «
Eurorako jauzia aukera ezin hobea baita diru beltzaren aurka egin eta finantza sistema aldatzeko
»
Europako epaile adituek, hartutako esperientziari esker, diru beltza zuritzeko hainbat oinarrizko modu erabiltzen ari dela ondorioztatu dute: prozesu faltsuak, enkanteetako salmenta faltsuak eta simulazio bidezko zuritzeak. Ondorengo lerroetan formula bakoitzaren garapena azaldu dugu:
PROZESU FALTSUA:
1) Zuritu beharreko dirua Caiman Irletako sozietate baten bankuko kontuan sartuko da ezkutuan. 2) Zuritutako dirua berreskuratu behar duen Bostongo bankuak prozesua egingo dio Caiman Irletako sozietateari eta 10 milioi dolar eskatzen dizkio. Bi aukera eskaintzen zaizkio: amore ematea edo prozesua galtzea. Transakzioa adiskidantzazkoa bada, Caiman Irletako sozietateak zortzi milioi dolar ordaintzea onartzen du, prozesua alde batera uztearen truke. Prozesua edo arbitratzea aurrera eramanez gero, Caimango sozietateak kondena onartu eta auzitegiak edo arbitroak ezarritako kopurua ordaindu behar du.
Teknika hau oso sinplea da bere jatorritik bertatik; prozesu faltsuak lehenik zuritzaile bat behar du, bi enpresa dituen zuritzailea, bata zuritu beharreko fondoak dauden eskualdekoa eta bestea zuritutako fondoen helmuga izango den herrialdekoa. Denbora tarte luzea behar da, justizia mantsoa baita... Baina, prozesua azkartu egin daiteke nazioarteko merkataritzan oso ohikoa den arbitrajearen prozedurara joz gero. Poliziak arazo handiak izango ditu prozesua simulatua izan dela frogatzeko... Azkenean justizia diru beltzaren garbigailu moduan baliatu dute.
ENKANTEETAKO SALMENTA FALTSUA.
1) Salerosle batek hainbat artelan garaikide edo hainbat irudi afrikar ipiniko du enkantean... Zaila da objetu hauek identifikatzea. 2) Salmenta baino lehen, konplize bati diru kopuru jakin bat igorriko dio. 3) Salerosleak bere artelanak enkantean saldu eta konplizeak erosiko ditu. Lehenak, bere artelanen truke, zuritu nahi duen kopurua jasoko du. Kopuru hau enkanteko komisarioak igorriko dio. 4) Enkanteko salmentaren ondoren, konplizeak lehengo jabeari itzuliko dizkio artelanak, komisio bat jasoz.
Artelanen merkataritza kontrolatzen zailenetakoa da, objetuen identifikazioa bera bereziki zaila, batzutan ezinezkoa, izan baitaiteke. Bestalde, artelan baten balioa oso subjektiboa da eta, hortaz, nekez egiazta daiteke. Dirudienez, zuritze operazio ugari egin da arte enkanteen bidez, horrek merkatuaren igoera orokorra ekarri duelarik.
SIMULAZIO BIDEZKO ZURITZEA.
1) Errusiako mafiak Siberiako petrolioa desbideratu eta Rotterdameko merkatu librean salduko du 40 milioi dolarretan. 2) Dirua Londresko banku bateko kontu batean sartuko dute. 3) Errusiako mafiak, kontrolatzen dituen bankuen bidez, bilete berrien eskaera bat luzatuko dio New Yorkeko banku pribatu bati. 4) Londresko bankuak 40 milioiak igorriko dizkio New Yorkeko banku pribatuari. 5) New Yorkeko etxeak Erreserba Federalean 40 milioi erosiko ditu bilete berritan. 6) Erreserba Federalak bilete berriak eman eta hauek mafiaren kontrolpeko Moskuko bankuetara bideratuak izango dira. Bilete horiek, ondoren, likidoan egin beharreko legez kanpoko operazioetan erabiliak izan daitezke.
GAFI Kapital Zuritzearen gaineko Finantza Akzio Taldeak honela zioen 1996ko uztailaren 28ko bere txostenean: «
Azken 18 hilabetetan, egunero, Estatu Batuetako 100 milioi dolar inguru EEBBetatik Errusiara bidaliak izan dira espeziean, bereziki bi banku amerikarren eskutik, banku errusiarren eskaerei erantzunez. Eskatutako espezie kopuru altuak kontuan hartuta, pentsatzekoa da fondo hauen zati bat gutxienez Errusiako krimen antolatuaren beharrei erantzuteko erabiliko dela
». Beharrik ba al dute, bestela, Errusiako bankuek 100 milioi dolar bilete berrietan euren kutxa-gotorretan gorderik izateko?