"IPARRALDEKO BORROKAREN AGERLE IZAN DA GUK TALDEA"


2000ko urtarrilaren 16an
L

apurdin sortua zara (Sokoan). Alta, Ipar Euskal Herriko hiru eskualdeak ontsa ezagutzen dituzu. Zure belaunaldiko euskaldunen soslaia betetzen duzu: irakasle, musikaria eta militante engaiatua. Egin dezagun gibelera. Nola izan zen bilakabide hori?
Eneko Labéguerie-ren aita zen Mixel Labéguerie-ren garaia aipatzea funtsezkoa da bilakabide horretan. Labéguerie-ren lehen diskoa entzutea izugarrizko urratze eta aldi berean irekitze gisako bat izan zen niretzat, eta nire belaunaldikoentzat funtsean. Ene Lizeo garaia zen, eskola pribatuan ikasten nuen, eta ezagutu nuen laborari eta euskalduna izatea zer zen, biziki sofritu nuen izaite hura. Irakasleak mediku edota abokatuen semeen ondoan ibili ohi ziren, jende xumearekin gutxi. Laborari semeak, euskaldunak pixka bat bazter uzten gintuzten. Alabaina, Enbata mugimendua agertu zen, Mixel Labéguerie-ren lehen kantuak entzun, eta erran bezala, hura nire gurasoen kulturaren balorazio izugarria izan zen niretzat; txundituta utzi ninduen. Aldi batez, etxean, aitak kantu asko zekien, eta usu abesten zuen. Musikarako gustua familian hartu nuen gainera.

26 urte inguru zenituela Guk taldea agertu zen. Joanes Borda eta zu izan zineten horretan aitzindari. Nola izan zen hura eta zergatik Guk izena?
Joanes Borda eta biok kantuz aritzen ginen han-hemenka, lagunartean, etxean. Halako batean jende aitzinean kantatzeko urrats tipi hori eman genuen, ausartu ginen nolazpait. Ostatuetan lehenik, eta eszenario baten gainean geroago. Ez ginen aparteko kantariak, ez musikariak. Naski, orduan aiseago zen kantatzea egun baino. Abantaila bat genuen, nola hitzen hala kantuen aireak guk gihaurek konposatzen genituenez, ba, herrietatik gero galde gehiago egiten ziguten. Kantuak gureak izaite horrek bazuen bere garrantzia.
Guk izenak berriz, gure izaitearen funtsa erakusten du. Taula gainera iragaiten ginen, baina herriarekin batera kantatzeko asmoz eta gogoz. Erran nahi baita, herritarren artean abestu izan dugula, eta gure kantuak hortik beretik sortuak izan direla. Guk taldearen xedea kantariak eta entzuleak biltzea izan da funtsean.

Taldea osatuz joan zen. 1970an Panpi Lacarrieu bildu zen, eta 1972an Pierpol Berzaitz.
Bai. Gure kantutegia eta ibilbidea landu ahala sentitzen hasi ginen gure lana pixka bat gehiago aberastu behar genuela, eta gu baino trebeagoa zen norbait ongi zitekeela gurekin biltzea. Pierpol Berzaitzekin topo egin genuen, suertez, ostatu batean kantuz ari ginela. Gure kantuak gustukoak zituela erran zigun, eta zerbait berritan hasteko grinatua zenez, gurekin hasi zen.

Garai hura biziki emankorra izan zen. Laborantza munduan biziki eraginkorrak izan zineten.
Pierpol Berzaitzekin batean, Beñat Davantek ere parte hartzen zuen taldean. Musika mailan berrikuntza handia ekarri ziguten, zernahi tresna mota jotzen baitzekiten: kitarra mota guztiak, akordeoia, xirula, pianoa, saxoa, bateria... Bi disko tipi eta album doble handi bat grabatu genituen. Orduan aldatu genituen gure kantuen gaiak eta moldeak hein batean. Gai politiko soilak aipatzetik kezka sozialak aipatzera iragan ginen. Kantaldiak pixka bat antzerki moldean ematen hasi ginen, eta herri tipietan bereziki kantatzea deliberatu genuen. «Aita-Seme-Laborari» izeneko diskoan herria gaztez hustutzen ari zela, eta gurasoen penak kantatzen genituen. «Laborari-Langile eta Nagusia» delakoan berriz sozial mailan bizi ziren arrankurak kitzikatzen genituen.

Zuzenean ematen zenuten antzerki-kantaldi gisako haietan biziko zenuten hainbat pasadizo, ezta?
Oroitzapen asko. Goxoenetarik bat Game herrian gogoratzen dut. Semea Parisera abiaturik, aita baten pena kantatzen ari ginelarik –Gameko plaza ttipian– hara non ikusten dugun gizon adineko bat negarrez ari. Horrelako batean gogoa emaiten dizu kantaldia gelditu eta ixilik egoteko. Izan ere, guretzat alegiazkoa zena, harentzat egiazkoa baitzen. Kantalditik landa jin zitzaigun erraitera xume-xumea, haur bat bezala, batere ahalkerik gabe, negar egin zuela. Horrelako harreman aberats horiek nola ez goza?

Pierpol Berzaitzek bere aroa bete, eta 1979an taldea utzi zuen. Berzaitzena beste estilo bat izan da, ez duzu uste?
Pierpolek taldea utzi zuen Parisera joan baitzen Crédit Agricole bankuarentzat lanera. Hori izan zen arrazoi nagusia. Gero, erran gabe doa, Pierpolek bazuen guk ez genuen beste filosofia diferente bat musika aldetik. Guk taldean kantuaren militanteak egon nahi genuen, hark berriz, kantuari beste maila bat eman nahi zion, kreazio artistiko bat. Eta egia erran, nik ez diot hark zuela edo guk genuela arrazoi. Bi moldeak ezberdinak dira, eta biak behar eta balio dutela uste dut; biak beharrezkoak dira herri batean nire gustuz. Kalitatezko gauzak egiteko kantura emana bizi behar da, profesionalizatu. Berzaitzek bazuen hori, ez guk ez naski.

Bide luzea burutu izan zenuten geroztik. 1983an Eneko Labéguerie bildu zen taldera: «Geroa», «Herria zain», «Gerlarik ez», «Arrozten» eta «Bidez Bide» diskoak grabatu ere bai. Musika eta kantua baino zerbait gehiago biltzen dute zuen lanek. Iparraldeko abertzaletasunaren ikurra izan da Guk taldea.
Beno... Guk taldean hauxe pentsatu dugu beti: herri batean, nahiz ttipia izan, herriko jendeak ez badu borrokatzen ez dutela besteek eginen. Zentzu honetan, Iparraldean batzuek zabaldu zuten «

Iparraldea geldi egoteko eta Hegoaldean eginen zela lana, eta gero euria bezala etorriko zela honera, eta nik ez dakita
» amets hura. Eta bistan da, hura ez genuen gustuko inola ere. Guk hori ez genuen eta ez dugu sekula sinistu izan. Guk beti sinistu izan dugu tokian tokiko lanean. Eta hori abestu dugu. Afrikan sortuak izan bagina ere, antzean kantatuko genuen.

Garai latzak ere igaro zenituzten Guk taldean. Joanes Borda atxilotua izan zen eta IK erakundearen bozemaleak zineten fama hura ere hor zen...
Guk gauzak bizi izan ditugu osoki. Guk abesten genuen bizi genuen herria, bizi ginen moldean sentitu eta abesten genuen. Herri honetan biziz gero, bakoitzak herrian bertan bere borroka eraman behar zuen. Gero, bat edo beste preso izatea, taldeko izan edo ez, gauza horiek normaltzat hartzen genituen. Badakit batzuek Guk taldea IKren eledun edo bozeramailetzat zutela. Izatekotan, Iparraldeko borrokaren agerlea izan da Guk taldea, besterik ez. Ez genuen harentzat edo bestearentzat abesten edo hitz egiten, Iparraldeko bertako borroka molde bati abesten genion, bakoitza bere bizilekuan borrokatzera deitzen genuen. Ez dakit «normal» hitza zuzena ote den? Guk egin genuena normala da, eta normala borrokatzea zen, eta da.

Utopikotzat hartuak izan zineten orduan. Egun, berriz, beste egoera batean bizi gara, ezta?
Bai. Dena den, ez dut uste gurea utopia izan zenik. Soizu, gure historian eboluzio bat bizi izan dugu, normala denez. Herri honen geroari begira, eta bere historiari so jartzen bagara, une batean komunistak progresistak zirela ohartzen zara. Gero apezak izan ziren aitzindariak –laborantza eta sindikatu munduan lan izugarria egin dute hauek–. Horiek denak isildu egin dira, eta abertzaleek hartu izan dute haien segida. Iparraldean behintzat, gure herri honen historiaz eta geroaz proposamen duin bat egin duen proiektu bakarra abertzalea da. Herrialde batean, % 10ak herri proiektu batean sinesten badu, herri horrek bide eginen du. Eta une honetan egoera horretan garela uste dut.

Bide urratzaileak izan zarete. «Bidez bide» azken diskoaren ondotik, zuen azkenetan zinetela ageri zen, naski. Epiko izatetik lirikoago izatera iragan zineten nolabait.
Guk taldearen funtsa ahotsak izan dira. Disko horretan melodiak leku gehiago hartu zuen, eta denon gustukoa izan zen. Gure entzuleek zera erran ziguten ordea: «

Oi! Zer lastima. Guk taldekoek boz ederrak zenituzten
». Guk gogoratua izanen da geure ahotsengatik.

Nola ikusten duzu Iparraldeko kantagintza?
Badago segidarik ene irudiko. Herri batean kantuak izugarrizko garrantzia du, ez soilik Euskal Herrian. Bai hemen bai Afrikan nahiz Asian zein Ameriketan, herriak borrokan ari badira, beti kantatuko da. Kantuak itsasoaren uhainak bezalakoak dira, ageri dira ur azalean, bere barnean mugimendua dagoelako. Edo beste gisa batez erranik ere: kantuak loreak bezalakoak dira. Kantua landarearen lorea da, lorea ernatzen da landarea eta erroak lantzen eta zaintzen direlako. Kantua herriaren hatsa da.

Hola izanik ere, hainbeste urtez herriz herri eta bidez bide kantuz aritu ondoren, Guk desegitea erabaki zenuten. Edo ez al da desegin Guk taldea?
Talde bezala deliberatu genuen taulen gainean ez agertzea eta hortaz ziur naiz. Duela hilabete bat afari bat egin genuen –Baigorrin–, eta duela 30 urte abestu kantuak eskaini genituen; inon grabatu ez direnak. Afarian zirenek erraten ziguten lastima zitekeela abesti horiek galtzea. Guk biltzea nahi dute berriz, kantu horiek ez galtzeko, oroitzapen bezala atxikitzeko, eta hori da egin dugun gauza bakarra. Baina lagunartean, eta afari giroan.
Guk taldea bukatua ere, guk gihaurek hazia erein genuen antzina, eta gero han-hemenka landatu ditugu landareak. Hazi haiek loratzen ari dira gure ustez. Beste batzuk gure fruituak biltzen eta lantzen ari dira jada. Funtsean, gure nahia hori izan zen, eta hori da egun ere bai. Beraz, zentzu horretan, ez nuke Guk taldea bukatutzat emanen.

Hori gisa batez horrela da. Baina ez zarete berriz plazara itzuli. Eneko Labéguerie ez bada.
Batzuek galdatu zioten Eneko Labéguerie-ri ea bere diskoa Guk-ena izanen zen edo ez; Nazio Berria izeneko diskoa, alegia. Berak arrapostu eman zuen ezetz, eta halaxe da. Guk taldeko kideek ez genuen parte hartu disko horretan. Alta bada, disko horretako kantuak Guk taldeak eginak dira. Nolabait erraiteko, une honetan, Enekok hartu du segida eta ardura. Denon laguntza du bere eginbidean.

Guk taldea bitxia izan da, eta modu bitxi batez eman zuen nolabaiteko agurra...
Bai. Arrazoiak geure izaera, gure herria eta gure bizitza bera ikusteko moldean atzemanen dituzu. «Guk» horrela gara. Ez gara espektakulu eta hedabidetarako jendea izan, ez Baiona edo Donostiako antzoki handi batean kantatzeko arizaleak izan. Gure lekua herrixketan egon da; herri xehe eta apaletik hurbil. Guk taldearen filosofia herriaren baitan aurkitzen da.

Ipar Euskal Herriarentzako geroa argitzen ari da; laborantzak zutik dirau. «Geroa gurea da» abestu zenuten. Abertzale askoren gogoan zarete.
Baigorriko gaualdi horretan ari ginelarik garai hartako giro hura berritu genuen eta giro hori triste bezala hatzeman nuen; arrenkuraz edo. Gure adineko lagun batek erraiten zidan duela 30 urte euskara bukatua zela Iparraldean. Orain bere seme-alabek –bat Bretainian duela bestea Irlandan– euskara ikasi nahi dutela erraiten zidan. Guk taldeari esker ez dela galdu euskara erraiten zidan. Hori erraitea gehiegi dela pentsatzen dut. Guk taldetik kanpo ikusita, nik erranen nuke, bai kulturan bai politikan bai ekonomia mailan, Guk taldekook gure problematika herriko jendeari hurbildu geniola.

Hasieran Enbata garaia aipatu duzu. Mundu haren ezberdinak ote zineten zuek?
Enbata mugimendua eragile nagusia izan zen, baina intelektual mailan gelditzen zen. Ikasleak, irakasleak eta eskoladun jendearengana iritsi zen. Gure nahia, berriz, borroka euskal herri txikietara eramatea izan zen. Euskaldunak han zeuden, baina ez zuten euskaldun izatearen kontzientzia. Orduan kontzientzia eramatea izan zen gure xedea. Abertzaletasuna ez zela euskaltzaletasunaz aparte egiten ahal pentsatzen genuen. Euskal Herria behar zela salbatu euskaldunekin, euskaraz bizitzen zirenekin; Game herrian edo Larrainen. Guk taldearen «politika» abertzaleen mezua euskaldunen etxetaraino eramatea izan zen.

Lapurditik –Nafarroa-Beheretik paseaz– Zuberora etorri zinen eta bertakotu. Nola ikusten duzu Zuberoa?
Zuberoa kultura aldetik euskal probintzietatik antzinatuena ikusten dut. Zuberoan kultura inon ez bezala bizi da. Euskal kultura molde bizienean bizi dute zuberotarrek, baina kontzientziarik ez dute edo beren kultura ez dute hainbatean ikusten euskal kulturaren barnean. Anitzek ez dute bere burua ikusten Euskal Herriaren osoaren barnean. Alta, zuberotarrak euskal kulturaren parte direla ohartzen ari dira. Gero eta elkarte gehiago dago Zuberoan, dantza eta kantu elkarteak, baina egiaz, kontzientzia politikoa eskas dago oraino.

Iparraldeko egungo egoera politiko-sozialaz zer iritzi duzu?
Nire iritziak ez du balio handirik. Orokorki irabazten ari garela uste dut; optimista naiz. Duela hogeita hamar urte abertzaleek erraiten genituen gauzak egun sozialistek eta eskuindarrek asumitzen dituzte nolabait. Ez dute ukatzen euskalduntasuna bederen. Gero, gaurko gazteek –15-25 urtekoek– guk ez genuen kapazitatea dute. Politikan ardura hartzeko gu baino prestatuagoak daude. Aztertzeko eta ekintzarako guk ez genuen gaitasuna erakusten dute. Ekonomia eremuan oraindik ere abertzale gazte hauek ez dute politikan edo kulturan duten eragina. Alta, 15 urte barne, gazte horiek gure herriko auzapezak eta hainbat esparruen kudeatzaileak izanen dira.

Maulen ere sentitzen al duzu gazteen aldetiko aitzinatze hori?
Maulen ere gazte horiek eginen dute herria, frantses nortasuna dutenak ez baitira militante ez aitzindari. Ez dute deusetan sinesten. Abertzale munduan ari direnek irabaziko dute etorkizuna bai Zuberoan nahiz Iparraldean. Mundualizazioa aipatzen da, baina erroak atxikitzen baditugu orain arte bezala, datozen belaunaldiak antzinekoak baino indartsuagoak jinen dira

ROGER IDIART
«Berarekin ikasi nuen Euskal Herria ere bazela Espainia aldean. Hegoaldea erakutsi zidan alegia»

PIERRAS LARZABAL
«Nire aita izpirituala. Lehen giza pentsamoldea eta euskal kontzientzia berak eman zizkidan»

E. MENDIZABAL "TXIKIA"
«Paris-Madril deitzen genuen. Gaur hemen, bihar han, zebilen. Ez zuen gidatzeko baimenik, eta harekin Hego eta Iparreko kilometro anitz egin nituen gau eta egunez»

FILIPE BIDART
«Inolako nahikeriarik gabe, `Guk' taldeak zabaldu zuen mezuaren jarraitzaile eta eredua»

PIERPOL BERZAITZ
«Artista. Ahal eta ezagutza handia du musikan. Euskal kultura goi-mailan ikusten du. Batzuek diote harroputza dela, baina ez dut uste hala denik. Bere estrategia badu euskal kultura biziarazi eta aberasteko»

JOANES BORDA
«Haur denborako ene laguna»

ENEKO LABEGUERIE
«Mutil arrunt langilea, bizi-bizia»

PANPI LACARRIEU
«Lagun goxoa»

JEAN-MIXEL BEDAXAGAR
«Bihotz handiko gizona, baina pixka bat pesimista»

MIXEL ETXEKOPAR
«Euskal kulturaren alde gazteekin lan izugarria egiten ari dena»

Tantoa
Bidaiari handia izanen hintzen, aitamek eskolarat igortzen ez hinduten egunetan Kauttera etxaldetik lerratzen baihintzen Donibane Lohizuneko itsas-porturat. Alta bada, gazte denboran bakan egin hituen bidaiak. Aita Piarres Larzabali esker hasi hintzen, ordea. Halako gidari batekin, nolaz ez, Hegoaldea ezagutu eta maitatu baihuen. Lapurditik Xiberoarat joan hintzen duela aspaldi, lotsarik gabe, lekuko eskualkia ikasi, maiatu, idatzi eta kantatu duk. Hain ongi egin dituk horiek oro, ezen eta Larrañe herriko auzapeza den Marzelek duela gutti ez baitzuen sinetsi nahi Manexa hintzela. Beretzako sortzez baino –gizon tipitto hori, hi heu– ez zian xiberotarra baizik izaiten ahal.
Beharrik, ezagutu bezain fite samurtu hintzela apezpiku frantximent harekin. Bestela nork idatziko zitian «Aita seme laborari», «Laborai langile eta nagusi», «Geroa» eta beste kantu antzerkiak.
Oroit nauk, 15 urte nituelarik, nola egoiten nintzen hiri so kantaldi denboran. Hire lepoko zainak hanturik, egin ahala goratik kantatzen huelarik (erran nezakek, batzuetan goregi) herri honen tripako mina, haundi-maundien erresuma errautsi nahi edo, Eustakio Mendizabal hire lagunaren oroitzapenez gozatzen hintzelarik. Berdin Txomin zena eta Mamarru kantaraziz. Aspaldiko denbora horietan pentsatzen nian egiazko kantari iraultzaile bat hintzela, gure herriak behar zituen bezalakoa.
Urteak joan dituk, hire bidea segitu duk, prefosta, betiko bide zuzena, uhainek trabaturik ere, jakin duk, beti, barkua porturat eramaiten. Iparra ala Hegoa, hik beti ukan dituk pareko.
Hire urratsak direla medio, 30 urtez talde baten gerizatzen eta zaintzen jakin duk, hire lagunak hautatuz. Duela 20 urte, 1980 urtean sartu ninduan Guk taldean, eta denboraren bortxaz ohartu nauk, nolako hautu argia egin huen Joanes eta Panpi bezalako gizonen laguntza desiratuz. Hazi eta agian luzaz haziko gaituen ideala, hik zutik ezartzen jakin duan taldeari esker, bizi ukan diagu alor guztietatik, maitatu diagu eta bizi guzirako hartu gaituk itsaso baten gisa.
Fuina edo lepazuria bezain kuriosoa, izpiritua beti pil-pilean, berritasun guzietaz gose, jendetasunez josia, hona ene ustez, hi bezalako gizon tipito batek behar ukan dituen laguntzak gu biak elgarren anaia bilakatzeko. Ez ahantz etxetik pasatu behar duala, kantaldiak utzi baldin badituk ere, hire lana ez duk horretan gelditzen. Badiagu oraindik kantu andana bat elkarrekin idazteko. Herriak hire beharra dik-eta


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude