![]() | Nagore Irazustabarrena2000-01-16 |
Gerra ondorengo urteetan euskarazko publizitateak ez zituen inola ere bere garairik oparoenak ezagutu. Iragan astean ikusi bezala, 1936a baino lehenagoko aurrekariak urriak ziren eta gerrak errotik eten zituen lehen saiakera horiek. Euskarazko iragarkiek ez zuten berehalakoan hasitako bideari berriro eusteko aukerarik izan. Euskarazko edozein testu argitaratzea ez zen xamurra frankismoan, noski, eta iragarkiek ez zuten euskarririk, gainera.
Zeruko ARGIAk ez zituen 50eko hamarkada erdira arte, 1954a arte, berriro bere ateak ireki. Eta hasieratik bertatik eskaini zituen bere orriak publizitaterako, urte hartako maiatzeko alean luzatu zuten eskaintzan ageri den bezala. Urte osoko orrialde osoko publizitatea 1.000 pezetan saltzen zen garai haietan. Orrialde laurdena nahi zuenak 305 pezeta ordaindu beharko zituen urtean eta 36 pezeta zituenak ere bazuen aukera hogeirena urte erdiz hartzeko.
50EKO ARRAI ETA SOÑEKOAK.
COCA-COLA ETA MIRINDA.
Azken bost hamarkadatan denetarik iragarri da Zeruko ARGIA zein ARGIAren orrietan. Eta, noski, bere burua ere promozionatu du aldizkariak. Bere ibilbideari berriro heldu zion urte berean, 1955ean, honako gomendio luzatzen zuen:
«Katolikoa al zera? Maite al dituzu euskaldunen oitura on eta garbiak?... Erlijioa sendo eta euskaldunen oitura onak gorde nai badituzu Zeruko ARGIA'n dezu laguntzalle bikaña. Euskaldunen etxe guztietan ezta falta bear Zeruko ARGIA».
1958an eten zen berriro Zeruko ARGIAren argitalpena. Hona ateak itxi baino lehen zabalduriko deia:
«Ala bizi da Zeruko ARGIA. Zor aundiak ditu. Bizkor ta indartsu bizi nai du. Orregatik euskaldun bakoitzaren laguntza eskatzen du».
63an berriro kalean egon arren, Zeruko ARGIAk gehiagotan ere eskatuko zuen irakurleen laguntza. 1980ko iragarki batean (ezkerreko irudian dagoena) nuklearraren aurkako lelo eta irudi ezagunak erabili zituzten:
«Desagertzea? Ez, eskerrikasko. Ekonomi egoera oso larrian aurkitzen garela eta berriro laguntza eskatzera behartuak aurkitu gara...». 100 pezetako bonoak jarri ziren salgai
Badirudi garai batean publizitatea bertsoen bidez egitea modan egon zela. 1969ko ale batean lau bertso-iragarki topatu ditugu orri bakarrean: T. Eizmendi'ren jatetxea, Muebles Inchausti, Fanderia pentsuak eta Insalus. Hona Inchaustiren erreklamoa:
«Lasarte'n dagon etxe on batek
eskeintzen dizu ostatu,
an dauden gauza zoragarriak
bixitatzera prestatu.
Apain dotorez, berdiñik ezta;
iñola ezin puskatu,
mueble bearrez baldin bazera
intxausti'nean eskatu»
«Ez merkenak, bai onenak!» titulupean, bertso honek osatzen zuen Fanderiaren iragarkia:
«Janari bidez izaten dira
ganadu on, indartsuak.
Eta nora jo jakin bear du
baserritar burutsuak.
Berebiziko aragi pillak;
gañera esne putzuak.
Oiek guziak berekin ditu
Fanderiako pentsuak»
Eta badirudi ongarriak saltzeko metodo egokia zela bertsoena Fanderia etxearen bide beretik jo baitzuen Bizkaiko Ongarri etxeak.
Amaitzeko Reineta «karamelu» ezagunen abantailak aipatuko ditugu bertsotan:
«Lakartasunak etortzen dira
tabako asko erreta
Barren kañuak dauzkagulako
sarri zikiñez beteta.
Gaur karamelu arrigarriak
botika ordez daude-ta,
Sendatuzale baldin bazera
eskatu zazu Reineta!»