Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-01-16 -- 1745.zenb

BOTA ZAHAR BATZUEI
Luis Pedro Peña Santiago
Elkarlanean
230 orrialde

Luis Pedro Peña idazle eta etnografo zenaren omenez argitaratutako liburua da hau. Elkarlanean etxearekin argitaratu zituen bost liburuetatik 31 ibilbide aukeratu eta bildu ditu lan honetan Juanma Sotillos mendizale, kazetari eta Luis Pedro Peña Santiagoren lagun minak. Berezia da Peña Santiagoren idazkera, ibilbideen xehetasunak emateaz gain ingurumari horretako antzinako bizilagunen aztarnak, kultur adierazpenak, ondare historikoak, jendearen kontakizunak eta abar jasotzen baititu. 31 ibilbide hauek Miguel Anguloren mapek osatzen dituzte. Eta hauez gain, liburuak Peña Santiagoren lan zein fruituen berri ere ematen du Juan Garmendia eta Fermin Leizaola etnografoek eta beste hainatek idatzirikoaren bidez

NAPARTHEID
54 orrialde
300 pta.

Aldizkari nafarraren 27. aleak komunikazioa du gai nagusi. Lehen orrian komunikazioaren ikuspegitik aztertzen du suetenaren amaiera. Editorialak berriz, komunikabide ezberdinen beharra aldarrikatzen du: hasi komun zein karriketako grafittietatik, eta laztanekin bukatuz. Eta aldizkari barruko komiki zein idazkiek, komunikazioaren arlo ezberdinak eta teoria osoa isladatzen dizkigute beti ere ironia eta «katxondeo» punttu batekin: bertsio ofiziala karikaturizatzen du Mattinek marrazkitan, Mass Mediek sortzen duten inkomunikazioa aztertzen du Angel Luis Lara «Hechos Contra el Decoro» musika taldeko partaideak eta kontrakomunikazioa igortzen duten aldizkari zerrenda ere badator, besteak beste

HELENA ETA ARRASTIRIA
Juan Kruz Igerabide
Elkarlanean
142 orrialde
pta.

Lehio batetik ezkutatzen ari den eguzkiari so dago gazte bat. Ikusten ditu haurtzaro eta nerabezaroa eguzki hori bezala joaten zaizkiola. Eta lehenagoko garai zein sentimenduak gogoratzen ditu. Ilunabarrari begira dagoen neska ilehoria, Helena, bera da bizitza eta eguzkiaren beraren sinbolo. Honen parean parkeko neska beltzarana dago, arrastiria eta patu beltzaren irudi. Nobelak kontrastea azpimarratzen du: bizitzeko gogo eta indarra batetik, eta heriotzaren bildur eta tristura bestetik. Narrazioak ez ditu leku eta denborak zehazten, ilunabarrak denentzat diren bezala, haurtzaro eta nerabezaroa oso etapa konkretuak baitira gizaki guztiengan

EUSKAL HERRIKO ESKOLARTEKO XI. BERTSOLARI TXAPELKETA
Ikastolen Elkartea
64 orrialde

Iazko ekainean Mungian jokatu zen Eskolarteko Txapelketako finaleko saio osoa dakar liburuska honek. Beñat Gaztelumendi añorgarrak irabazi zuen txikien mailan, eta Aitzol Munduate ataundarra izan zen txapeldunorde. Handien artean, Alfredo Paia algortarrak jantzi zuen txapela eta Urruñako Sustrai Kolina izan zen bigarren. Saritutako lau hauez gain, beste 13 bertsolari gaztetxo ere aritu ziren kantuan. Eskolarteko txapelketetako liburuska hauek bertsolaritzaren haurtzaroa jasotzen dute. Bertsolari gisa heltzen direnean, xamurtasunez begiratuko dituzten irudiak dira, orain Maialen Lujanbiok edo Jon Maiak beraien eskolarteko liburuskak ikusten dituzten bezala

ELGOIBAR DANTZAN
Hainbaten artean
Elgoibarko Udala
287 orrialde
2.000 pta.

Hogeita bost urte bete zituela eta (27 baditu jada), Haritz euskal dantza taldeak Elgoibarko dantza eta txistuaren historia biltzen duen liburua kaleratu du, Danobat taldea eta Elgoibarko Udalarekin elkarlanean. Argazkiz beterik eta kronologiari jarraiki, XVI. mendetik honainoko gertakizunak kontatzen ditu. Pello Arrietak XVI. mendetik gerra zibila bitarteko garaia aztertu du. Jose Inazio Sarasuak gerra hartatik 1973an «Haritz» taldea sortu bitarteko tartea eta Oier Araolazak azken hogeita bost urteak. Historiaren azterketa hau eginik, liburua Koldo Lizarralderen bi lanek borobiltzen dute: Elgoibarren dantzatu izan diren ezpatadantzen datuek, batetik, eta XVI. mendetik gaur arterainoko Elgoibarko txistularien historiak, bestetik

BESTIARIO BAT
L. Haranburu Altuna
Hiria
127 orrialde

Euskal mitologiako zenbait izaki, eta egungo mito bihurtu diren beste batzuek ere hartuz, bere bestiario propioa osatu du idazle alegiarrak. Batzuetan ironiaz, eta beti ere «kariño»z begiratzen die Euskal Herriko piztia bitxi hauei. Sagarroia edo trikua, barea, herensugea, angula, karakol presoa... Guztira hamar animalia deskribatzen dizkigu, bakoitza kapitulu labur batean. Batzuetan animalia horrekin izandako esperientzia edo gertakizunen bat kontatzen digu. Eta bestetan, berriz, bera sartzen da animalia horren larruan, bizipenak gordintasun handiagoz erakusten dizkigularik

JAINKOEN EGOITZA
Asgarth
IZ

Euskadi Gazteako maketa lehiaketako publikoaren saria irabazi ondoren, lehen konpaktua kaleratu du Añorgako Asgarth heavy taldeak. Zazpi kantu bildu dituzte: lehenak diskoari izenburua ematen dio «Jainkoen egoitza», eta taldearen aurkezpen gisa, «Asgarth» izenaren esanahia azaltzen du. Bigarren abestia da maketa lehiaketan entzuleari gehien gustatu zitzaiona: «ekaitza» kantu bizi baina melodiatsua. Hitzetan kondaira eta garai fantastikoekiko zaletasuna nabari da, «Atxeri» indioaren istorioa edo zaldun batena kontatzen duten abestiek erakusten dutenez. Bestalde, egungo gizarteari egindako kritika ere ageri da: hala nola, indartsuenaren agintea edo inposatutako sinismenak salatzen ditu «Ideia antolatuak» kantuak. Eta «Amaigabeko lurraldea»k, berriz, txirotasunaz eta dardarka ari diren hezur multzoez irudikatzen du egungo gizartea. Baina ez da maitasun hitzik ere falta, eta «Zu gabe» baladak bakarrik ez uzteko erregutzen du goxoki.
Oraintxe eman berri ditu talde gazte honek bere lehen pausuak, eta biderik zailena urratu dute: diskoetxe baten babesa lortu eta lehen maketa ateratzea. Taldea bost lagunek osatzen dute: Iban Fernandez bateria joleak, Joxean Perurena baxu joleak, Ander Cañas eta Unai Zabala kitarra joleek, eta doinuei ahotsa jartzen dien Asier Enbilek. Baina azaleko esker eta agurren zerrenda ikusita, atzetik jende asko dutela nabari da

hemeroteka

1744. zenbakia | 2000-01-09
1743. zenbakia | 1999-12-26
1742. zenbakia | 1999-12-19
1739. zenbakia | 1999-11-28
1738. zenbakia | 1999-11-21

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan