Erlantz Urtasun
hartua izan zen eta euskaldunberria zen. II. Errepublika garaian, Tafallako zinegotzi kargua bete zuen eta Lizarrako Euskal Estatutuaren zirriborroa prestatzen lagundu zuen.
guztia irakurri
Ainhoa Azpiroz
EHUko Hezkuntza Zientzietan katedraduna den Felix Etxeberriak «Elebitasuna eta Hezkuntza Euskararen Herrian» liburua argitaratu du. Euskal Herriko herrialde ezberdinetan elebitasunaren eta bikulturalismoaren auziak duen eragina jorratu du bertan, bereziki hezkuntzari dagokion alorrean. «Hik Hasi» aldizkariak liburuaren eduki nagusienak eta ondorioak bildu ditu bere azken zenbakian, eta lerrootan dituzue laburbildurik.
Liburuan azken urte hauetan gertatu diren aldaera demografiko nahiz historikoak aztertu ditu egileak, eta eremu urriko hizkuntza bat eskoletako hezkuntza sisteman ezartzearen ondorioak eztabaidatu. Honi guztiari buruz egindako ikerketak ere azaltzen dira.
Hasteko, Euskal Herriko elebitasuna du aztergai. Gaur egun Euskal Herri osoko biztanleria 2.428.100 da. Hiru lurraldeetan (Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian) burutu zen inkesta soziolinguistiko batek dioenaren arabera (Eusko Jaurlaritza, 1996), % 73 EAEn bizi da, % 18 Nafarroan eta % 9 Iparraldean.
Arrazoi historiko zein politiko, demografiko eta linguistikoak direla medio, biztanleriaren % 36k soilik hitz egiten du euskara (espainiera eta frantsesarekin batera, noski). Eta % 64, berriz, espainol edo frantses elebakarra da. Gaur egun, ez dago euskal hiztun elebakarrik. Beraz, esan daiteke Euskal Herriko benetako elebidunak euskal hiztunak direla.
Lurraldeka, EAEn bizi den biztanleriaren % 41k euskaraz hitz egiten du, eta % 59 espainol elebakarra da. Nafarroan % 19k soilik daki euskaraz, espainieraz ere bai noski, eta % 81 espainol elebakarra da. Iparraldeko Euskal Herrian % 36k hitz egiten du euskara, frantsesaz gain, eta % 64 frantses elebakarra dugu.
Dagoeneko esana da biztanleriaren % 36k dakiela euskaraz. Hala ere, eta iturri berdinera joz gero (Siguan, 1994; CIS, 1999), beren eguneroko bizitzan euskara erabiltzen dutenak, badakitela esaten dutenen erdia omen dira, hots, Euskal Herriko % 15k erabiltzen du euskara bere eguneroko harremanetan.
Honek erakusten du euskarak biztanleengan duen giza-onarpen eta prestigioa handia izanik ere, hizkuntzaren ezagupen maila txikia dela, % 36. Eta erabilera, are txikiagoa, % 15.
Hiztun euskaldunen artean burututako ikerlan bateko emaitzak (Eusko Jaurlaritza, 1996) 1991. urtean egindako beste ikerlan batekoekin konparatuz gero, euskararen erabileraren gehikuntza antzematen da ondoko lau esparru hauetan: helduek erabiltzen dute euskara beren haurrekin, lagunekin, lankideekin eta haurren irakasleekin.
Duela gutxi buruturiko ikerlan batzuetan (EKB, 1998, grabagailua erabiliz kaleko elkarrizketak grabatuz buruturikoa), azken urteotan euskararen presentzia zer-nolakoa izan den aztertu nahi izan da. 1989, 1993 eta 1997an egin ziren azterlan hauek eta honelako ondorioak atera dira: batetik, euskararen presentziarik handiena EAEn ematen dela, % 15,25arekin. Nafarroan, gero, % 6,4arekin, eta Iparraldean % 4,6 soilik. Eta bestetik, EAEn 1997ko kaleko euskararen presentzia 1993ko halako bi izan zela. Nafarroan igoera txiki bat somatu zen, eta Iparraldean, berriz, pittin bat jaitsi egin zen.
Euskal Herriko hiru lurraldeetako administrazio politikoen jarrerak, euskararekiko duten zabaltze eta berpizteko gogoari dagokionean, oso desberdinak dira. Euskarak Euskal Autonomia Erkidegoan du ofizial izaeraren estatusa. Nafarroako kasuan ez da lurralde osora zabaltzen, legez hiru hizkuntz zonaldetan baitago zatiturik. Frantzian, berriz, ez dago euskararekiko inongo errekonozimendu ofizialik.
Euskararen eta espainieraren koofizialtasunak, ordea, ez du estatus berdina esan nahi. Espainierak duen presentzia ahaltsua oztopo izaten da euskaldunentzat administrazio publikoarekin beren jatorrizko hizkuntzan jarduteko orduan, nahiz eta legean hala jasota egon. Euskararen egoera, beste bi hizkuntzokin konparatuz gero, hizkuntz kaltetu eta gutxitu batena da.
HEZKUNTZA ELEBIDUNA.
Orain arte Euskal Herriko elebitasunaz aritu gara, baina hezkuntza arlora mugatuz, hizkuntz eredu ezberdinekin egiten dugu topo.
Ereduak egoera soziokultural ugariei, familia motibazio diferenteei, zonalde soziolinguistiko desberdinei, irakasle formakuntzei eta beste faktore askori erantzuteko sortu ziren. Lau intentsitate mailako hizkuntz eredu ezarri ziren; euskararen erabilera minimoa egiten duenetik, haren erabilera instrumentala ahalbidetzen duenerainokora. A ereduan irakaskuntza guztia espainieraz edo frantsesez burutzen da, euskara gai kurrikular soil bat besterik ez delarik. B ereduan bi hizkuntza erabiltzen dira irakaskuntzaren bitarteko bezala, erdi eta erdi, esan daiteke. D ereduan hezkuntza osoa euskaraz gauzatzen da, espainiera edo frantsesa beste gai bat gehiago besterik ez delarik. Eta X ereduan ikasketa guztiak espainieraz edo frantsesez egiten dira, eta ez da ez euskara ez euskaraz irakasten.
Hizkuntz ereduek EAEn, Nafarroan eta Iparraldean dituzten portzentaiak beste orriko grafikoetan ikus daitezke, eta hainbat ondorio atera. Hasteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Eskoletako haurren artean eredu trinkoenetan (B eta D) % 83 ari da ikasten. A eredua aukeratu dutenak % 16ra jaitsi dira, eta X ereduan, hau da, espainiera hutsean, ari direnen kopurua % 1 besterik ez da. Nafarroan A (% 25) eta D (% 25) ereduetan aritzen da % 50, B eredurik ez dago, eta X ereduan, espainieraz soilik, gelditzen den % 50 aritzen da. Iparraldean eskolaurreko haurren %78 X ereduan aritzen diren eskoletara doa, eta eredu elebidunetan aritzen diren haurrak oso gutxi dira.
Haur Eskoletako irakaskuntzan azken urteotan antzematen den joera ikusirik, esan daiteke benetan elebidun diren ereduak, hau da, B eta D, izan direla gehiengoaren aukera Euskal Autonomia Erkidegoan. Joera hau txikiagoa da Nafarroan, eta gutxiengo baten aukera Iparraldekoen artean. Joera berbera antzematen da Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ere.
ELEBITASUNA UNIBERTSITATEAN.
Ezagutzera eman diren datuek diotenez, Euskal Herriko Unibertsitatean irakasten den derrigorrezko gaietatik % 55 ikas daitezke euskaraz. Unibertsitatera doazen 60.000 ikasletatik % 20 baino gehiagok (14.000) euskaraz ikasten du. EHUn baino ez dago euskaraz ikasteko aukera, eta ikasketa guztietan ez, ikusi dugun bezala. Gainerako unibertsitateeetan (Deustu, Nafarroa, Baiona eta abar) euskararen presentzia testigantzazkoa da.
EHUn euskarazko adarretan matrikulatu den ikasle portzentaia % 2 igo da azken bi urteotan. Euskararen normalizaziorako bigarren planak aurreikusten duenez, bost urte barru euskarazko adarretan ariko diren ikasleen portzentaia % 40 izanen da, eta % 50 hamar urteren buruan. Euskaraz irakasten diren gaiak ere egungo % 55,5etik % 80ra zabalduko dira bost urteotan. Fakultate bakoitzak bere plana garatu ahal izango du eta han erabakiko du noiz eta zenbat gai eskainiko diren euskaraz. Planaren jarraipena egiteko ebaluazio batzorde bat eratu da, 1999ko irailean hasi eta 2004/5 ikasturtean amaituko duelarik bere lana (EHU,1998). Nafarroako eta Iparraldeko unibertsitateetan euskararen presentzia azalekoa baino ez da.
IRAKASLERIA EZ UNIBERTSITARIOAREN EUSKALDUNTZEA.
Ez dugu 60ko eta 70eko hamarkadetan gauzatu zen irakasle ez unibertsitarioen euskalduntzeari buruzko datu askorik. Hala eta guztiz, badugu 1976/77 ikasturtean Siadecok eginikoa. Honek azaltzen zuenez, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan irakasleriaren % 4k soilik zekien euskaraz. Beste ikerlan batean, Siadecok berak eginikoa 1979an, 8.284 irakasletatik 384 baino ez zirela euskaldunak (% 4,6) agertzen zen.
Gerora, ordea, irakasleriaren euskalduntzea bizkorragoa izan da. 1985/86 ikasturtean euskaraz irakasteko gaitasuna zuten irakasleen portzentaia % 32 zen. Euskal Autonomia Erkidegoan 1997/98an bildutako datuen arabera, euskaraz irakasteko gaitasuna duten irakasleak % 60ra iritsi dira. 20 urteren buruan % 4,6tik % 60ra aldatu da, eta gaur egun hizkuntz gaitasun profilen bat duten irakasleak % 70 inguru dira, 16.000 izanik sare publikoan aritzen diren irakasleak.
Nola gauzatu da aldaketa hori 20 urtetan? Batik bat bi bide jarraitu dira horretarako; bata, elebidunak ziren irakasleen kontratazioarena, eta bestea, lanean ari ziren irakasleen euskalduntze planarena (Irale programarena, 1998).
Hezkuntza pribatuaren egoera ez da hain ona irakasleen euskalduntzeari dagokionean. Nafarroako eta Iparraldeko egoera penagarria da irakasleen hizkuntz gaitasunari dagokionean.
IKERLANAREN EMAITZAK.
Egoera hauen inguruan egindako ikerketetan oinarriturik, zenbait ondorio atera ditu Felix Etxeberriak euskal hezkuntza elebidunari dagokionean. Euskarari buruzko emaitzak, esaterako, faktore ezberdin askok baldintzatuta azaltzen dira: gizarte mailakoak, metodologikoak, hizkuntz ereduen araberakoak, jarrerakoak eta abar. Badirudi, eragile hauen guztien pisua handiagoa dela euskararen emaitzetan espainieraren emaitzetan baino. Antza denez, baldintza berezi batzuk batera eman behar dira euskaldunek emaitza altuak lortzeko.
Azpimarratu behar da hizkuntz ereduak ikasgelan duen eragina. Ikerketak erakusten du hizkuntzaren ezagupenak erlazio zuzena duela hizkuntz ereduekin, D, B edo A (Etxeberria, F. 1986; Sierra-Olaziregi, 1989, 1990 eta 1991).
Eredua geroz eta intentsiboagoa denean (D eredua), euskararen emaitzak hobeak direla esan dezakegu. Eta ahulena den hizkuntz ereduan (A) emaitzak ere makalak dira.
B ereduaren barruan programa mota anitz dago; batzuk D eredura hurbiltzen dira, eta beste batzuk A eredutik gertuago egoten dira. Badirudi, orokorrean, B ereduan ikasitakoen emaitzak A eta D ereduen arteko maila ematen dutela.
Gaztelaniaren kasuan, euskararekin ez bezala, ez dirudi gorabehera handiegiak ematen direnik espainiera hizkuntzaren inguruan (Etxeberria, F. 1986; Sierra-Olaziregi, 1989, 1990 eta 1991). Espainieraren hizkuntz eredua atzapar luzekoa da oso, eta Hego Euskal Herri osoa hartzen du; edozeinek espainieraz nola hitz egiten duen ikus dezakegu. Euskaldun elebakarrik ez dago.
ONDORIO OROKORRAK.
Liburuan gai bakoitzeko ondorioak jasotzen diren arren, badaude orokorrean azpimarra daitezkeen zenbait ondorio nagusi. Lehenengoa, euskal biztanleriaren %36k dakiela euskaraz, eta biztanle orok dakiela espainieraz edo frantsesez. Bigarren ondorioak dio eskolak eredu elebidun malguak ari direla garatzen beren ikasleak hezitzeko: D (gehiena euskaraz), B (bi hizkuntzetan) eta A (gehiena erdaraz). Hirugarrenik, EAEn 1997/98 ikasturtean % 83k aukeratu zuela Haur Eskolan euskaraz ikasten hastea edota euskaraz eta erdaraz. Eta %17k aukeratu zuela erdara hutsean ikasten hastea. Nafarroan eta Iparraldean eredu trinkoenak gutxiengoa dira. Laugarren ondorioari jarraiki, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako hizkuntz eta kultur politikak euskararen jendeaurreko erabileran eragin ezberdina du. Ez jende aurrean soilik, baita eskoletan eta komunikabideetan ere. Kasu honetan, emaitzarik onenak EAEn ematen dira. Eta azkenik, bosgarren ondorioak dioenez, ikerlanetan ere beste bi fenomeno hauek azaltzen dira: bata, geroz eta euskara gehiago erabiltzen den zentroetako ikasleek beste eredu batzuetako ikasleek baino emaitza hobeak lortzen dituztela euskararen inguruko gaietan. Eta bestea, ez dirudiela hizkuntz ereduak eragindako ezberdintasunik dagoenik Gaztelania, Ingelesa, Matematika edo Zientzietan lortutako emaitzetan. Ezta psikologia arloan, adimenean, pertsonalitatean eta abarrean ere
Nagore Irazustabarrena
Gerra ondorengo urteetan euskarazko publizitateak ez zituen inola ere bere garairik oparoenak ezagutu. Iragan astean ikusi bezala, 1936a baino lehenagoko aurrekariak urriak ziren eta gerrak errotik eten zituen lehen saiakera horiek. Euskarazko iragarkiek ez zuten berehalakoan hasitako bideari berriro eusteko aukerarik izan. Euskarazko edozein testu argitaratzea ez zen xamurra frankismoan, noski, eta iragarkiek ez zuten euskarririk, gainera.
Zeruko ARGIAk ez zituen 50eko hamarkada erdira arte, 1954a arte, berriro bere ateak ireki. Eta hasieratik bertatik eskaini zituen bere orriak publizitaterako, urte hartako maiatzeko alean luzatu zuten eskaintzan ageri den bezala. Urte osoko orrialde osoko publizitatea 1.000 pezetan saltzen zen garai haietan. Orrialde laurdena nahi zuenak 305 pezeta ordaindu beharko zituen urtean eta 36 pezeta zituenak ere bazuen aukera hogeirena urte erdiz hartzeko.
50EKO ARRAI ETA SOÑEKOAK.
Eskaintzari erantzunez laster hasi zen hainbat etxe iragarkiak ipintzen: Arrasate'tar Andonin-ek bere «arrai mota guzikoak» iragarri zituen; Seaska dendak «Soñeko, beroki, eta zuen semealabak jazteko bear dezutena» bertan topatuko zutela esan zien irakurleei; La Perla Vascongadak ere bere oihal eta jantziak iragarri zituen; euskarazko «Kristau-Ikasbidea» salgai non zegoen azaltzen zuen beste iragarki batek —besteak beste, «Villapranka'n» zen eskuragarri—...
1958an eten zen berriro Zeruko ARGIAren argitalpena eta ez zitzaion 63a arte etapa berriari helduko. Aurreko bideari jarraiki erlijioaren inguruko iragarkiak baziren, baita nekazari mundukoak ere. Mokoroak bere haziak iragartzen jarraitu zuen, pentsu eta lanabesak ere ageri ziren... Aseguru etxeren bat ere topa daiteke edo xaboi ezagunen bat —«Etxeko-andre: iraun arazi zure arropei onoko jaboi onekin: Jabon Lagarto»—. Esparru berriak azaldu ziren euskarazko publizitatean —irrati eta telebista tresnak iritsi ziren, adibidez, Inter etxearen eskutik: «Beste edozein markakoa baiño iru aldiz berriago eta gaurkoagoa»— eta neurri handian ugaldu zen publizitatea: altzari etxeak, garraio enpresak, edariak, hotelak, optikak, jatetxeak, garbikariak... eta freskagarriak!
COCA-COLA ETA MIRINDA.
Coca-Cola erraldoiak 1965ean ipini zuen Zeruko ARGIAn bere euskarazko iragarki bakanetako bat: «¨Emen degu... emen! Coca-Cola berria ta Sendikoa. Botella aundian —oso aundian— Coca-Cola onek ba-du lau edontzi betetzeko ta geiagorako ere, ta lenak baño merkeago da. Egizu zure auzokoak eta lagunak egin dutena ¨Erosi gaur bertan Coca-Cola Sendikoa!». Hurrengo urtean Mirinda etxea gehitu zitzaion eta 69an berriro Coca-Cola etorri zen, oraingoan Bizkaia aldeko kutsu nabariarekin: «Coca-Cola'kin dana doia obeto».
70eko hamarkadan euskarazko publizitateak gora egiten jarraitu zuen eta ez kantitateari dagokionean soilik. Kalitateari helduz, esan daiteke normalizazioranzko bidea egin zela urte horietan. Hizkuntzari dagokionez batuaren lehen pausoak beren isla dute iragarkietan. Eta formari dagokionean ere aurrera egin zen nabarmen. Zeruko ARGIAk bere formatua aldatu zuen eta horrek aldaketak ere ekarri zizkion publizitateari. Ordura arte iragarki gehienak testu hutsez osaturik zeuden eta tarteko kalitate txarreko eta txuri-beltzezko irudiren bat ageri zen. Formatu berriak koloretako kontra-azal osoa eskaini zuen iragarkietarako eta irudia testuaren gainetik gailentzen hasi zen modu horretan.
Aurreko urtetan jardundako hainbatek jarraitu zuen euskarazko prentsan euskarazko publizitatea egiten. «Klasiko» bihurtu ziren kasik La Casa del Café edota Zinkunegi optika.
Hala ere, eta aurreko urteetan iragarki franko argitaratu izanik ere, banku eta kutxek hartu zuten protagonismoa, neurri handi batean, 70eko hamarkadan. Eta jauzi esanguratsu bat aipatzekotan, Euskadiko Kutxaren (Lankide Aurrezkia zen orduan) iragarkiak izango ditu oraindik batek baino gehiagok gogoan: Txillida, Uztapide, Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren kalitate handiko argazkiak orrialde osora zabalduak ertz batean esaldi labur txiki bat zutela.
Joan zaigu mendea eta ohituak gara dagoeneko telebistako iragarki batean euskara entzuten. Baina, ibilbide nekeza izan da euskarazko publizitatearena eta etorkizunean ere topatuko du trabarik. Gogora ekar dezagun, bestela, «Atsedenik ez, drogarik gabe» ezaguna
Beñat Doxandabaratz
airez heltzen da etxeetara, euskara hutsean. Hain errotuta dago herrian, non jendeak kazetariak kalean geldiarazi eta berriketan hasten diren kexu nahiz gomendioak egiteko. Seinale ona.
guztia irakurri
Daniel Udalaitz
Azken hilabeteotan Espainiako Estatua droga trafikoarekin harremana duten diru zuritze operazio handienen eszenatokia izan da. Makina bat pertsona izan da atxilotua hainbat hiriburutan, Melillan kasu, non droga trafikotik zetorren dirua zuritzeko banku bulego baten atzealdea zerabilten. Antzeko operazioak ari dira gertatzen Europa eta munduan zehar. Hori kontuan hartuta, nazioarte mailako diru zuritze horren bide eta sistemak ezagutzea garrantzitsua da. Ondorengo lerrootan gaitz honen gakoak eman nahi ditugu ezagutzera.
Urtero 320.000 milioi dolar (51 bilioi pezeta, 2 bilioi libera inguru) zuritzen dira nazioarteko banku sarean. Hori dio Frantzian argitaratutako «Un monde sans loi» lanak. Bertan Europan diru beltzaren atzematean aditu diren zenbait epailek eskuhartu du. Euren ustez, merkatuak, finantzak, paradisu fiskalak dira munduaren jabe berriak. «Diru beltzaren munduko atlas»tzat jo den lan honen egileak, guztiak ere epaileak, hauek dira: De Renaud Van Ruymbeke —90eko hamarkadan afera politiko finantziero garrantzitsuenak aztertzeagatik ezaguna dena—, Eva Joly eta Laurence Vichnievsky frantziarrak, Antonio Gialenella italiarra, Benoit Dejemepe belgiarra eta Bernard Bertrosa suitzarra.
Epaile hauek guztiek inoiz beren ikerkuntzak geldiarazi behar izan dituzte paradisu fiskalekin topo egin dutelako edota ondoko herrialdeetako bankuen ateak itxi dizkietelako. Honek, beste ehundaka epaile europarrekin batera, 1996an Genevako Manifestua sinatzera bultzatu zituen. Adierazpen honek gai honi lotutako legeak indartzeko aholkatzen die europar gobernuei, nahiz eta orain arte ez den emaitza nabarmenik erdietsi. Horregatik, lan berri honekin, publiko zabalarengana jo nahi izan dute, gaitz sozioekonomiko honen aurkako euren aletxoa jarriz.
FINANTZA MERKATUEI GUZTIA ZAIE ZILEGI.
Stock argitaletxe frantziarrak kaleratutako «Un monde sans loi» liburuaren idazleak, Jean de Maillardek, zera dio: «
Finantza merkatuei dena zaie zilegi, ezer ezin baita debekatu». Hori frogatzeko zenbakiak, datu historikoak eta gaiaren inguruko dokumentazioa ematen ditu. Nola frogatu, egunero eskuz aldatzen diren kapitalen artean, zeintzuk diren ezlegezko jardueratatik datozenak edota, sotiltasun handiagoz, altxor publikoa saihesten dutenak? Legezko eta legez kanpoko jatorri guztiak nahasturik, esku-aldaketa hauek 300.000 milioi dolar esan nahi dute urtean, Frantziako urteroko aurrekontuaren hiru halako. Mundu zabalean, urteroko krimen-produktu gordina 800.000 milioi dolarretakoa da, eta horren erdia droga trafikoaren bitartez sortzen da.
Liburuaren egileak garbi hitz egiten du: «
Finantza modernoak eta krimen antolatuak helburu berak dauzkate. Biek behar dute, euren garapenerako, arauen eta estatu mailako kontrolen deuseztea». Lehenak eraginkortasunagatik, bigarrenak opakotasun beharragatik, urtero 320.000 milioi dolar zurituko dira, hots, banku zentralen erreserben herena.
Batzutan aski da arrasto garbitze bat diru kopuru altu bat arrisku gutxirekin zuritzeko. Egungo finantza tekniken sofistikazioak operazio mota hauek ahalbideratzen ditu. Hurrengo orrialdean munduan dirua zuritzeko dauden modu desberdinak ikus daitezke. Paradisu fiskalak,
offshore kontuak,
swapsak dira hauen oinarri. Ordenadore bat eta trebetasun apur bat nahikoak dira prozesuaren atalak jarraitzeko. Alor honetan, irudimenak, fondo «beltzen» zirkulazioak bezala, ez du mugarik.
Bestalde, kontu-ikuskariek, abokatuek, higiezin-agenteek eta kasinoek egin ditzaketen diru-zuritzeen aurkako neurriak nola indartu aztertu du berriki Europako Batzordeak. Era horretan operazio zalantzagarrien kontrol esparrua zabaldu nahi du, droga ez beste legez kanpoko trafikoetatik eratorritako transakzioak barne hartzeko. Aurreko araudiak finantza eta kreditu establezimenduek —truke bulegoak barne— merkatal operazioaren hasieran bezeroari nortasun agiria exiji ziezaioten derrigortzen zuen. Baita operazioak 2, 5 milioi pezeta gainditzen zituenean edota operazio zalantzagarri bat zela uste zenean ere. Oraingo proposamenak aipatutako kontu-ikuskarien, abokatuen, higiezin-agenteen eta kasinoen jarduerei kontrol zorrotzagoa ezarri nahi die
Daniel Udalaitz
aldakorrak murriztean, iruzurgile profesionalak agertu ohi dira. Iruzurgile hauen atzaparretan ez erortzeko, zer jakin behar den aztertu dugu.
guztia irakurri