![]() | Daniel Udalaitz2000-01-09 |
Hasi berria dugun 2000. urtea ez da samurra izango euskal arrantza sektorearentzat, Hego Euskal Herrikoarentzat batez ere. Okerrago izan zitekeen Europako Batasunak (EB) legatz eta antxoa harrapaketak hasieran pentsatu bezain zorrotz murriztu izan balitu; erabaki horren ondorioak gain-gainean dugun antxoa kanpainan ikusi ahal izango genituzkeen. Hala ere, antxoa harrapaketak murriztearen gaineko azken erabakia urteko bigarren seihilekoa arte atzeratu da, Kantauri itsasoko antxoaren egoera aztertzen ari den ikerketa berriaren emaitza jakin arte.
Harrapaketak murrizteak ez du soilik antxoan, eta neurri txikiagoan, legatzean eraginik izango, atun zuriaren harrapaketak ere murriztuko omen baitira aurtengo bigarren kanpainatik hasita. Jakina da atun kanpaina oso garrantzitsua dela gure arrantzaleentzat. Dena den, eta geroxeago aipatuko dugun bezala, agintariak ondorengo hiru hilabeteetan zehar bilduko dira, norberari dagozkion harrapaketa kuotak zenbatean murriztuko dituzten erabakitzeko.
ANTXOAREN ARRANTZAREN GAINEKO ERABAKIA ATZERATURIK.
Eusko Jaurlaritzak datozen sei urteetan 200 untzi berri eraikitzeko aurreikuspena egin du berriki. Honek 20.000 milioi pezetako (800 milioi inguru libera) inbertsioa esan nahiko luke, zeinak Hego Euskal Herriko flotaren erdia berritzeko balioko lukeen. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak urtarril honetan Bruselara igorriko duen agiri batean ageri diren datuak dira honakoak.
Euskal flota berritzeko apustu hau garrantzitsua da oso euskal untzigintzarentzat eta iragan ekitaldian sektore honek izandako gorakada datozen urteetan ere mantentzen lagunduko duena.
Hego Euskal Herriko flota Espainiako bigarrena da eta Gasteizko Arrantza eta Nekazaritza Sailaren arabera, ia 5.000 lanpostu zuzen eta zeharkako beste 25.000 eskaintzen dituzten 474 untzik osatzen dute. Baxurako untziak (366 untzi) dira lanpostu gehien (2.733 behargin) eskaintzen dutenak. Alturako untziak datoz bigarren, 63 untzi eta 864 langilerekin. Hirugarren, izozkailudun atun-untziak (27), 621 langilerekin, eta gero bakailao-untziak (10) dauzkagu, 254 langilerekin. Izozkailudun arraste-flota da untzi eta behargin gutxien dauzkana, 8 untzi eta 135 behargin hain zuzen.
Antxoa eta atun harrapaketen murrizketak nolakoak izan, halakoa izango da Hego Euskal Herriko flotaren etorkizuna. Ondorioz, bere arrantzaleena berdintsua izango da, okerragoa ere izan litekeelarik. Eragin handia izango luke horrek guztiak euskal ekonomian, zeharka 25.000 pertsonari ematen baitio ogibidea arrantzak.
Hego Euskal Herriko arrantza sektoreak birmoldaketa gogorra jasan behar izan du azken urteotan, untzi kopurua erdira jaitsi delarik. 1997an ehun untzi baztertu eta 8.000 milioi pezetako (320 milioi libera) diru-laguntzak eskaini ziren. Agintarien esanetan ordea, beste untzi askoren modernizazioa beharrezkoa da, asko eta asko 20 urtetik gorakoak baitira; eta ezinbestekoa da arrantzaleen segurtasuna, untzien bizigarritasuna eta arraina erabiltzeko arauak hobetzea
Urte berri honen lehen hiru hilabeteetan erabaki liteke atun zuriaren harrapaketen murrizketaren gainean. Atun Atlantiarra Zaintzeko Nazioarteko Batzordeak bilera egingo du lehen hiruhileko honetan, kuotak zehazteko hartu nahi diren irizpide berrien egokitasunaren inguruan eztabaidatu ahal izateko. Bilera horretan erabakiko omen da hain zuzen, atun zuriaren harrapaketen murrizketa, eta EAEko ordezkariak murrizketaren alde agertu dira arrantza mota hori desagertzea nahi ez bada.
Aipatu batzordeak azaroan Rio de Janeiron egindako 16. bileran Gasteizko Arrantza eta Nekazaritza Saileko ordezkariak izan ziren. Atun zuriaren harrapaketak murriztearen alde neurri are eraginkorragoak hartzearen alde agertu ziren orduan, Harrapaketa Kuota Onargarriaren alde, alegia. Arrantza eta Nekazaritza Saila aspalditik dabil atun zuriaren harrapaketak murriztu nahian, Gasteizko zerbitzu zientifikoek, AZTI institutuaren bitartez, hala aholkatzen dute-eta.
Batzorde honetako herrialdeek atun eta ezpatarrain harrapaketa-kuotak zehazteko irizpideak bere horretan uztea erabaki zuten Rio de Janeiroko bilera hartan. Zentzu horretan, badirudi kuotak herrialdeen eskubide historikoen arabera zehaztuko direla (aurreko urteetan izandako arrantza gaitasuna eta harrapaketa kopurua aintzat harturik) eta ez herrialde bakoitzaren ahalmenaren arabera. Herrialde horiek ezin izan zuten azaroan akordiorik adostu baina momentuz behintzat, uko egin diote kuotak zehazteko irizpide berriak erabiltzeari. Ikusteko dago oraindik erabaki hori batzordeak aurten egingo duen bileran mantentzerik izango duten.
Testuinguru honetan aipatu beharra dago Felix Garziandia pasaitarraren «Análisis estratégico y económico aplicado a la pesca» (Arrantzaren gaineko azterketa estrategiko eta ekonomikoa) liburuaren agerpena. 200 milien kontzeptuak, flota murrizketak, bolantek, lizentziek... arrantza sektorean izan duten eragina du liburuak aztergai. Era berean, Espainiako atunaren % 80 harrapatzen duen euskal flotari datorkion etorkizun iluna argitzeko irtenbideak ere plazaratzen ditu.
Idazlearen esanetan, ezinbestekoa da iparreko atuna arrantzatzeko kuotak ezartzea eta bere erregulazioaren alde egitea. Arrantza desagertzerik nahi ez badugu, harrapaketak mugatu, espezien egoera biologikoa onartu eta arrantzan egiteko euskal arrantzaleen eskubide historikoak errespetatuko dituen legeria egin beharra dago. Espainia osoko atun harrapaketen % 80 euskaldunek egiten dutela aipatu ondoren, merkatuaren bidez harrapaketa motak ezberdintzea proposatzen du egileak, prezioen gorabeherak jasango dituen harrapaketa kopuruari atxikiz. Atunaren erregulazioak gutxienez antxoarena bezalakoa izan behar duela dio Felix Garziandiak: arrantzan noiz egin daitekeen esango duen egutegia adostea, kuotak ezartzea eta arrain-sarrerak mugatzea. Garziandiaren ustez, onartezina dena zera da: «
Mediterranioan zimarroiarekin amaitu duten untzi frantsesak arrantzan hona etortzea. Edo atuna harrapatzeko inguraketa teknikaz baliatzen diren eskoziarrak. Izozkailudun atun-untziak Kantauri aldera etor ez zitezen debekatu zen teknika hori eta etortzen baziren, inolako muga edo murrizketarik ez zegoelako zen
»