Azken hilabeteotan gure herrietako kaleetan perretxiko mota berri bat agertu da. Ohiko edukiontzi berde eta urdinaren ondoan edukiontzi horia ugaldu da, etxean erabiltzen diren ontziak biltzeko jarri dena. Eta hau guztia helburu batekin: etxean erabilitako ontziak birziklatzea.
Birziklapena asmo izatetik errealitate bihurtzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Gero eta edukiontzi gehiago ditugu gure herrietan. Bide bazterrean dauden perretxiko erraldoi hauek espaloi grisak alaitu eta aparkalekuen eremua txikitzeaz gain, badute bere funtzioa: zaborren gaikako bilketa ahalbidetzea. Lehendik ere beira eta papera jasotzen ziren, baina ontziak biltzeko edukiontzi horiena kontu berria da.
Zertarako ote da, ordea, kontenedore horia? Etxeetan erabiltzen ditugun ontziak berreskuratzeko helburua du, baina edukiontzi honek ez ditu edozein materialeko ontziak onartzen. Oro har, hiru material desberdineko ontziak bota behar dira: plastikozkoak, metalezkoak eta brik ontziak. Plastikozko ontzien artean jogurt-poteak, detergente-botilak, olio-botilak, ur-botilak, leungarri-botilak, xanpu-poteak, kakao-poteak... dira sartu beharrekoak. Baina ez edonola, taparik gabe, hutsik eta ondo garbitu ostean baizik. Kontserba-latak eta edari-poteak aurkitzen ditugu metalezko ontziei dagokienean. Eta azkenik, denok ezagutzen ditugun brik ontziak: zuku-brikak, esne-brikak... Azken hauek tolestea komeni da, edukiontzian leku gutxiago har dezaten.
EAEko probintzi bakoitzean, modu desberdinean garatu da ontzien bilketa. Gipuzkoa izan da afera honetan lehena. Gipuzkoako lurralde historikoan mankomunitateek kudeatzen dute etxean erabilitako ontzien bilketa eta honetarako, 1.018 iglu moduko edukiontzi ezarri dituzte. Zortzi mankomunitateetatik lauk bakarrik ezarri dituzte edukiontzi horiak: Sasieta, San Markos, Urola Erdia eta Txingudik. Sasieta Mankomunitatea izan zen lehena ontziak biltzen. 1994an Goierriko lau herritan jarri zituzten kontenedore horiak proba moduan eta iazko maiatzean Urola Garaia eta Goierri eskualdetako beste herrietara zabaldu zituzten. Honela, 1998ko uztailerako 230 kontenedore zeuden. San Markoseko Mankomunitateak ere esperientzi pilotu bat jarri zuen martxan duela bi urte eta egun 500 edukiontzi daude Donostialdean. Urola Erdian 78 kontenedore daude martxotik eta Txingudin 210 joan den uztailetik. Debabarrenako Mankomunitateak 140 edukiontzi (kontenedore bat 500 biztanleko) jarri zituen azaroaren 8an eta abenduaren erdialdera bitartean 1.340 kilo zabor jaso zuten. Abenduaren erdialdean Deba Garaian ere agertu ziren perretxiko horiak; 127 kontenedore, hain zuzen. Debabarrenako Mankomunitatean bezala, edukiontzi bat dago 500 biztanleko. Urola Kosta eta Tolosaldean edukiontziak aurki ezartzeko asmoa dute.
185.306 KILO 98 UDALERRITAN.
Abenduaren hasiera aldera argitaratu diren datuen arabera, azaroan, Bizkaiko Diputazioak Garbiker enpresaren bidez, 185.306 kilo ontzi bildu ditu 98 udalerritan. Bizkaian iraila izan zen bilketan errekorra jarri zuen hilabetea, baina azaroko bilketak errekor hori % 4an gainditu zuen. Beraz, batez beste biztanle bakoitzeko 500 gramo jaso dira. Iazko (1999ko) lehenengo hamaika hilabeteetan pertsonako 4,3 kilo ontzi bildu zituen Garbiker enpresak.
Araban motelago ari dira lanean. Momentuz Gasteizko gune batean bakarrik aurki ditzakegu edukiontzi hauek. Ekainean ipini zituzten 40 lehenak. 600 biztanleko edukiontzi bana izatera iritsi nahi dute. Laster Aialako Koadrilan beste 125 jarriko dira eta aurtengo urrirako probintzia osoan egongo direla espero da.
Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek aktiboki parte hartzen dute hiriko hondakinen gaikako bilketan. Gipuzkoan 681 tona ontzi jaso ziren iazko urtarrila eta abuztua bitartean. Bilbon 470 tona jasotzen dira hilero. Gaikako bilketak gora egin du; alabaina, ezin daiteke esan zabor gutxiago iristen denik zabortegietara, geroz eta zabor kantitate gehiago iristen baita. Kontsultatutako iturrien arabera, ontzi bilketak ez du eragin handirik izan zabortegira heltzen den zabor pisua kontuan hartzen badugu. Bolumen aldetik, ordea, beherakada nabari da. Edukiontzi horietan jasotzen den guztia ez dira ontziak izaten. Batez beste % 25 erreusa izaten da, jendeak edukiontzietara bota behar ez dena ere botatzen baitu. Aerosol, jostailu, tresna elektriko, gomazko eskularru, orrazi, kazola, zartagin eta halakoei ez dagokie kontenedore hau.
Ontziak bildu ostean, sailkapen-planta batera eramaten dira, materialak banatzeko. Gipuzkoan Legazpin dago planta bat eta Bizkaikoa Zornotzan. Arabakoak Zornotzara eramaten dira. Planta hauetan plastikoa, metala eta brika sailkatzen dira eta material bakoitza leku desberdinetara bidaltzen da birziklatzeko. Plastikoa garbitu, txikitu eta urtu egiten da eta plastikozko gauzak egiteko erabiltzen da, berriz ere. Metalak txatartegietara bidaltzen dira eta metalurgiarako balio izaten dute. Brikaren kasuan Valentzian dagoen enpresa birziklatzaile batera bidaltzen da. Bertan, aluminioarekin paperezko aluminioa egiten dute, kartoiarekin «craft» papera fabrikatzen dute eta plastikoarekin energia.
2001. URTERAKO BETEBEHARRAK.
Iparraldean ontzi hondakinen bilketa bestela egiten da. Leku gehienetan etxez-etxe biltzen dira plastikozko ontzi eta brikak, bilketa honi 1998an eman zitzaion hasiera. Ontzi hauek plastikozko poltsa gardenetan jasotzen dituzte hiritarrek eta ondoren, kamioi bat pasatzen da hauek jasotzera astean behin. Poltsa hauetan ere aurrerantzean aluminiozko ontziak jasotzeko asmoa dago, momentu honetan metalezko ontziak zaborrarekin batera biltzen baitira. Dena den, metala sailkapen-plantetan banatu eta berreskuratzen da eta aluminiozko latak erre egiten dira, berriz ere erabili ahal izateko. Donibane-Lohizune inguruan, aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoan bezalatsu, kontenedore batzuetara botatzen dira ontzi hondakinak
Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Sailak, EAEko Foru Aldundi, Eudel eta Ecoembes-ekin (Ecoembalajes España S.A.) batera, edukiontzi horien erabilera sustatzeko kanpaina bat jarri du martxan. Euskal Autonomia Erkidegoan urteko sortzen diren 200.000 tona ontzi hondakinetik 3.000 tona birziklatzen dira, % 1,5. Dena den, urtebeteko epean metalezko, plastikozko eta brik ontzien bilketak gorakada handia izan du. 1998ko irailan 17 tona jaso ziren EAEn, iazko abuztuan 600 jaso ziren eta kopuru hau gorantz doa.
Era berean, gaikako bilketa sustatzeko, jokoz eta material didaktikoz osatutako set batzuk banatuko dira EAEko 600 zentrotan. Honen helburua, ikasleak etxeko hondakinak banatu eta birziklatzeak duen garrantziaz jabetzea da
![]() |
|
||||
1744 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa