Imajinatu 2050. urtean gaudela. Europan oporretan dabilen turista bikote yanki batek Basque Museum delakoa bisitatzea erabakiko du. Bertako hizkuntza, munduko hainbat mintzaira gutxitu bezalaxe, hizkuntza nagusiak zanpatua desagertu zen. Egun, museo hori da Euskal Herriaz gelditzen den azken aztarna. Baina museo hau ez da nolanahikoa, bertan zenbait ezusteko gertatuko baita. Adibide nagusia, bere alaba galduaren bila dabilen pertsonaia nagusia dugu, Bill eta Maryri nola galdu zitzaion erakutsiko diena.
«Helburu sinbolikoa du horrek, amak Euskal Herria ordezkatzen baitu eta alabak berriz, euskara»
«Gure hizkuntzaren normalkuntzari buruzkoak, hain zuzen ere. `Bai euskarari' kanpainan ikusi ahal izan dugunez, gizarteak kezka handia du euskararen biziraupenaren inguruan. Guk ere gaiari taxuz heldu nahi izan diogu, egiari zor zaion errespetuz, ideiaren alde tragikoa azalduz, etorkizun itxaropentsua iradokiz, baina»
IKUS-JOKOEN INDARRA.
«Horrekin guztiarekin pisuzko historia bat sortu dugu, aldi berean oso ikuspegi irreal eta erreala eman diezagukeena»
sitcom
«Ikuskizun unibertsala da erabat, baina, jakina, ezingo litzateke erdaraz egin»,
«Betiko topikoetan ez erortzen saiatu gara, zerbait errepikatzekotan, beste modu batera izan dadila»
«ikuskizun plastikoa da, esperimentazio lana, bestelako elementuek hitzek bezainbesteko garrantzia baitute»
Ezberdina da «Euskal Off 2050». Bi zentzutan: bai plazaratzen duen gaiarengatik, baita emaitza ikusita ere. Motelaldiak dituen arren, ikusminez jarraitzen da. Eszenaratze desorekatua badu ere, freskura dario. Gisa horretan, ongi hasten da antzezlana, erdialdean moteldu, eta azken txanpan berriro suspertu. Ideia berez, ona da: Basque Museum delakoan «espanglish»en mintzo diren bi turista inozo jarri, mintzaira galdu zuten belarri handi, sudur luze eta kokots nabarmeneko gizaki haien historia ezagutu dezaten. Ikusleengana museoko panpinak bailiran zuzentzen hasiak direla, berehala konturatuko dira irteteko ateak itxita dituztela. Soluzio bakarra ibilbidea zentzunez egitea da, irteera atzeman ahal izateko. Halaxe, laster egingo dute topo alaba galdu duen amarekin, zeina museoan barrena gidari bilakatuko zaien. Hortik aurrera, une atsegin nahiz pattalagoak tartekatuko dira. Horren haritik, fikziozko pasarteetan dago obraren indargunea, turisten jarrera eta erreakzioetan oinarrituta; hala nola, rap moduko kanta bat abesten dutenean, Laboaren aipamena eta guzti; San Ferminen kontura egiten den zezenketa... «Espanglish»a erabiltzearen ondorioz sortzen dira barregura gehien. Nabarmentzekoa da halaber, obraren erdialdera egiten duten keinu ironikoa. Bat-batean, antzokia ilunpetan geratzen delarik, aktoreak antzezteari utzi eta elkarri mokoka hasiko dira gaztelera hutsean, egiten ari diren fartsaren tamaina agerian utziz.
Aktoreen antzezpena duina da oso, Anjel Alkain, Miren Gojenola, Loli Astoreka sinesgarri daude, energiaz blai. Baita Josu Mujika eta Belen Cruz ere. Ez da haien errua beraz, taularatzea herren samar geratzea. Hori konpontzeko, obraren barne tenpoa hobeki taxutu beharko lukete, zenbait gertaldi astuna egiten baita. Gure irudiko, Frankismo garaiko eskola nazionala eta Gernikako bonbardaketa irudikatzen dituzten pasarteak gehiegi azpimarratzen dira. Gogoeta sortzaile eta hunkigarri izan beharrean, errepikakorrak gertatzen zaizkigu, obraren kalterako erabat; beste hainbeste amaren aienearekin. Hain zuzen, berritzaileagoa zatekeen, guztiok ezagutzen ditugun iraganeko triskantzak erakutsi ordez, euskararen galera eragin zuten gertaerak patxada handiagoz irudikatu izan balizkigute. Euskarak ofizialtasuna eskuratu zueneko aipamena egin ondotik, dena ziztu bizian erakusten baitzaigu, hizkuntzen arteko borroka eta ondorengo batzea begi niniak dardarka jartzen dituen ikus-efektu baten bidez. Menturaz, kasu honetan
«iraganetik ikas dezagun geroa eraikitzeko»
esaldiak ez du balio. Geroa erakustea mamitsuagoa izango zen-eta, esaterako, Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutua indargabetuko duenekoa, Europako mintzaira ofiziala bilakatu den ingelesari aurre egin ahal izateko.
Alderdi poetikoari dagokionez, zenbait unetan argazki eta ikus-jokoen menpe egon beharrean, aberatsago izango zen hasierako giza izararen (euskararen jaiotza iradokiz) tankerako konposizio gehiago txertatzea. Antzerkiaren indarra antzezpenaren baitan egonik, funtsezkoa da bestelako elementu horiek bigarren plano batean uztea obraren erritmoari kalterik egin ez diezaioten. Iritziak iritzi, eskertzekoa da Hikakoen ahalegina pisuzko gai bati hain ausarki eta ironikoki heltzeko. Azpeitiko publiko adituak txalo sorta luzea eskaini zien aktoreei obraren amaieran. Azken batean, ba al da inor euskara inoiz desagertuko ez dela ziurta dezakeenik? Unamunok behinik behin, garbi zeukan:
«Utz dezagun behingoz euskara pakean hiltzen eta ohorezko ehorzketa bat egin diezaiogun»
![]() |
|
||||
1744 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa