Asier Agirresarobe
Iribas dugu gaurkoan abiapuntu (620 metro). Kare-harri landuzko fatxadak, armarri eta marrazki geometrikoz betetako ateburu eta leihoburuak dituzten baserri itzel eta ederren artetik, hormigoizko kaleetan barrena ekingo diogu ibiltzeari. Etxe multzoa atzean utzi bezain pronto, hegoalderantz dihoan pistatik abiatuko gara Aitzarretako iturburura hurbiltzeko asmoarekin.
Eguraldi aurreikuspenek kontrakoa iragartzen badute ere, goiak oskarbi daude, nahiz eta egunak aurrera egin ahala laino zuri mehe antzeman ezin batek estaliko dituen. Aste osoan zehar euria eta euria ikusi besterik ez dugu egin. Halaber, artean udazkena izan arren hotz egin duenez, elurra ere bota du gure mendi garaienetan. Horren lekuko dugu esaterako, mendebaldean ikusi ditzakegun Malloetako gailur elurtuek eskaintzen diguten ikuspegi zoragarria.
Berehala bidearen eskuinaldean, egin asmo dugun ibilbidea azaltzen duten bi argibide-taula topatuko ditugu. Argibide teknikoak, tokiko landaretza eta faunaren azalpenak eta inguru guztiaren mapa bat uraren ibilbidea ahalik eta hobekien deskribatzen saiatzen dira. Pistan barrena aurrera egin ahala eskuinaldean herriko ur-depositoa utziko dugun moduan, metro batzuk harantza, ezkerraldeko sakonunean oraingoan, itzuleran bisitatuko dugun Lezegalde leizea utziko dugu. Bidebanatzean eskuinekotik gora egin eta adi bagabiltza sasi artean erdi ezkutatuta honakoa dioen karteltxoa ikusiko dugu: «Ikusten duzun ezerk ez du lekuz aldatu behar, utzi ezazu dagoen tokian». Arrasto zuri-horiei jaramonik egin gabe, eskuinekoa utzi eta ezkerreko bidetik beherantz joko dugu, hau baita Erzillako ibaiertzera eramango gaituena lehenik eta Aitzarretara ondoren (630 m).
Betiere ibaiaren ezker aldetik, errota baten aurriak atzean utzi eta begiralekura iritsiko gara. Aurrean izango dugu Aitzarretako iturburua. Paraje aparta. Kare-harrizko pareta itzelaren oinetik ura indar izugarriz irteten da kobatik, zenbait harkaitzekin talka egin eta haitzartean jauzi eginez. Aitzarretako ur-sorgunea, Nafarroako Aralarko zati handi baten isurbidea da, Desaotik Oderitzera hedatzen den kare-harri Urgoniarrarena. Batez beste, segundoko metro kubikoa baino ur emari handiagoa duela esan ohi da. Neurtzeko tresnarik ez badugu ere, gaurkoan, horrela dela baiezta dezakegu. Arestian aipatu modura bertan isurtzen den ur guztia, Erzilla errekaren bidez, kare-harri jurasikoekin topo egiterakoan Larraun iturburuaren emaria izango denari gehituko zaio.
Etorri bidetik, itzulerako bidea hartuko dugu. Eraikuntza baten parean, berriz, maldan gora abiatu beharrean, ur korrontearen norantzan ibaiertzetik doan zidorrari helduko diogu. Zalapartatsu, indartsu doa gure alboan Erzilla ibaia. Beste ertzetik Urgoxo iturburu apalaren urak gehitzen zaizkio gainera. Ezkerretara bihurgunea eman bezain pronto, bat-batean indarra galtzen du. Apenas du korronterik. Zer gertatu da? Gertaera honen zergatia teorikoki erraz esplika badaiteke, errealitatean zaila da konprenitzen. Nola da posible hain ur kantitate handia bat-batean filtratzea. Zulo handi bat egongo bazen sikiera, baina tira, ez dago horrelako ezer. Pagadi trinko baten erdian kasik zirkulu osoa deskribatu ondoren, orbel pilaketa batekin ibaia desagertu egiten da. Harrigarria! Esplikazioa berriz, sinplea, material iragazkorrekin topo egin eta filtratu egin da. Apur bat gora egin eta ibilgu lehorretik aurrera egingo dugu Lezegaldeko leizezuloa inguratzen duen harrizko hesi sendoarekin topo egiteko. Uholde garaietan soilik ikusi ahalko dugu, nola hustubideak emari guztia tragatu ezin duen eta nola ibaiak gainezka eginez leizezulo honetan barrena isurtzen dituen urak. Ikuskizun itzela izango da.
Lezegaldeko laku, edo hobe esan, errekaraino sartu-irtena egin ondoren, ibilgu lehorrean barrena segiz Larraun iturburura helduko gara. Bigarren iturburu honetan, lehenengoaren urak isurtzeaz gain, Gipuzkoako mugetatik, Unaga eta Prantzes erreka inguruetaraino hedatzen diren Aralarko kare-harri jurasikoetan biltzen diren urak ere isurtzen dira. Aitzarretakoa ez bezala, sorgune lasaia da, aurrekoaren emari bikoitza eduki arren, ez baita zalapartatsu lurrazaleratzen, ezerezetik sortzen dela dirudi. Harrigarria da, hori bai. Larraun ibai emaritsuari emango dio sorrera, honek Irurtzun inguruan Arakil ibaian isuri ditzan bere urak. Modu berean, ur hauek, Arga ibaiari gehituko zaizkio, azkenean Ebroren bitartez Mediterranioan amaitzeko.
Zentral elektriko eraiki berriaren paretik igaroz, Iribasera igoko gaituzten maldei ekingo diegu azkenik, uraren ibilbide bitxia ulertu dugula pentsatuz